Espainiako Gobernuak %2 igo ditu bere langileen soldatak
Iaz berdin jokatu zuten Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, eta Madrilek egindakoa egin zuten haiek ere. Soldatak %2,25 handitu zizkieten beren langileei urte hasieran, eta gero beste %0,25 uztailetik aurrera.
Aurten ere gerta liteke urtean zehar beste ordainketa bat jasotzea langile publikoek. Izan ere, Pedro Sanchezen gobernua betetzen ari da Mariano Rajoyren gobernuak Espainiako sindikatu nagusiekin 2019rako eta 2020rako hitzartutakoa. Itun horrek zioen 2019an ekonomia %2,1 haziz gero, soldata 0,20 puntu gehiago handituko zietela funtzionarioei eta igoera gehigarria %1ra irits zitekeela %2,5 handituz gero. Madrilen aurreikuspena da %2,1 haziko dela, baina hortik behera geratuko dela diote beste iragarle batzuek.
Ahal izanez gero, urtarrilean
Madrilgo gobernuaren erabakia Jaurlaritzak hartutakotik bereizi zuen atzo Josu Erkorekak. Jaurlaritzak azaroan esan zien bere administrazioko sindikatuei soldatak %2 handitzeko asmoa zuela, eta kopuru hori jarri zuen 2020rako aurrekontuetan. «Lehenbailehen» jarri nahi dute indarrean: «Aukera izanez gero, urtarrileko soldatarekin; bestela, otsailean, baina prozesua martxan dago». Igoera murritzegia dela ziurtatu dute sindikatuek, ez duelako berreskuratzen galdutako erosahalmena.