Sozialdemokratek eta kontserbadoreek Alemaniako Gobernua osatzeko akordioa erdietsi dutela zabaldu dute Alemaniako NTV telebista kateak eta Focus agerkariak. Hedabide horien arabera, bihar eguerdian aurkeztuko dute ofizialki akordioa, baina alderdi politikoen baieztapen ofizialik ez da iritsi. Reuters berri agentziak, aldiz, bi iturri aipatuta, oraindik akordioa ixteko dagoela kaleratu du. NTV telebista kateak, negoziazioen ezagutza duten iturriak aipatuz, ziurtatu du CDU-CSU bloke kontserbadoreak (Batasun Kristau-Demokrata eta Batasun Sozial Kristauak) eta SPD Alderdi Sozialdemokratak akordioa adostu dutela gaur iluntzean. Halere, oraindik zenbait xehetasun zehaztu beharrean direla kaleratu du hedabideak, eta horiek biharko prentsaurrekoaren aurretik argituko dituztela. Duela bost aste egin zituzten bozak Alemanian, otsailaren 23an. Friedrich Merz buru duen CDU-CSU taldeak irabazi zituen, botoen %28,5 lortuta. Hala, nahikoa du SPDren babesa gobernua osatzeko. Kontserbadoreen 208 eserlekuei, SPDk lortutako 120 ordezkariak batuta, gehiengo osoaren langa gaindituko lukete: balizko koalizioak 328 eserleku edukiko lituzke Bundestagen, eta gehiengo osoa lortzeko 315 behar dira. Lehen egunetik iragarri zuen Merzek bere asmoa sozialdemokratekin gobernatzea zela, eta bihar iritsi liteke akordio horren baieztapena. CDUko kantzilergaiak esana du Aste Santurako osatu nahi duela gobernu berria. Bihar SPDren eta CDU-CSUren arteko akordioa baieztatzen bada, Merzek kantziler kargua hartu lezake maiatzaren 6an; data hori aipatzen dute Alemaniako hedabideek.
Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleek bi irakasle salatu zituzten iaz, indarkeria matxista leporatuta. Bada, gaur lau hilabeteotan jasan behar izan duten egoera salatzeko kontzentrazioa egin dute, eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatu diote irakasle horien kontrako auzia «arintzeko»: «Ezin gara lasai egon edozein unetan itzuli daitezkeelako ikasgeletara». Hain zuzen, sare sozialen bidez jazartzea eta sexu proposamenak egitea leporatu diote bati; bertzeari, berriz, ikasgelan iruzkin sexista eta desegokiak egitea. Gertatutakoa salatu zutenean Hezkuntza Departamentuko ikuskaritzak diziplina espedientea zabaldu zien biei, eta lehenbizikoa jardunetik kendu zuten, behin-behinean. Orain ikasleak «jazarpena eta mehatxuzko mezuak» pairatzen ari direla salatu dute: «Badakigu hainbat irakasleri ezinegona sorrarazi diela gu mobilizatu izanak, eta gure testigantzei zilegitasuna kendu nahi zaiela. Ez dugu onartuko salaketa publiko bat egiteagatik eta haien ekintzen aurrean isilik ez geratzeagatik gu kriminalizatzea». Eskatu dute gisako egoerei aurre egiteko prozesuak «azkarrak eta eraginkorrak» izan daitezela, eta biktimak ez ditzatela utzi «zer gertatuko den ez jakitearen ziurgabetasunean». «Hemen gauden guztiok edozein erasoren aurrean ez garela besoak gurutzatuta geratuko erakutsi nahi dugu, ezta eraso hauek burutzen dituztenen inpunitatearen aurrean ere», azaldu dute. Horrekin batera, hezkuntza zentroak seguruak izan daitezen lanean jarduteko beharra aldarrikatu dute, eta hori ikasleen antolaketaren bidez egiten dela nabarmendu: «Matxismoa ez dadila geratu zigorgabe». Eserialdia Salaketak publiko egin zirenean, ikasleek eserialdi bat egin zuten kontserbatorioaren aitzinean, ikasgeletan jasaten duten matxismoa eta jazarpena salatzeko. «Eraso egiten digunarekin giltzapetuta gaude ikasgelan», dioen kartel bat itsatsi zuten kontserbatorioko atean. «Hori da errealitatea. Biktima [Espainiako Poliziaren aurrean salaketa jarri duen ikaslea] urtebetez egon da klaseak hartzen indibidualki irakasle horrekin, eta kurtso honetan klase kolektiboa hartu behar izan du. Irakasleak bazekien salaketa bat zegoela, eta egoera oso deserosoa zen», erran zuten ikasleek. Aditzera eman zutenez, ikasle batzuek kontserbatoriora joateari utzi zioten, gizon horren jazarpenaren ondorioz: «Buruko osasunari asko eragiten dio, eta ez zeuden eskolak hartzeko egoeran». Gaineratu zutenez, bertze batzuei balio izan die hitz egiteko, eta, gehienei, elkarren artean batzeko ere bai.
Behinola, tropeleko esprinterrik azkarrenetako bat izan zen Caleb Ewan (Ineos). Pocket rocket deitzen zioten ingelesez, sakelako suziria, alegia, txikia eta bizia izanik. Itzuli handietan 11 garaipen lortu zituen 2015 eta 2021 artean. Aspaldian itzali samar ibili da, baina Lodosan (Nafarroa) txinparta berreskuratu du, eta esprinta irabazi. Bi urte zeraman World Tourrean garaipenik lortu gabe. Arindua hartuko zuen gaur, lehorteak luze iraun duelako, eta taldeak lan handia egin duelako haren mesedetan. Ineosek ia egun osoa pasatu du tropelean tiraka. Ewan bizi abiatu da azken metroetan, bizikleta gainean guztiz makurtuta, eta inork ezin izan du hura aurreratu. Bigarren Luca Boven (Intermarche) helmugaratu da, eta hirugarren Bastien Tronchon (Decathlon). Maximilian Schachmannek (Soudal) arazorik gabe eutsi dio lidergoari. Euskal ziklistarik onena Jon Aberasturi (Euskaltel) izan da, bederatzigarren. Hark baino zeresan handiagoa eman du, ordea, Xabier Isasa taldekideak. Etapa hasi orduko egin du eskapo, beste lau txirrindularirekin batera, eta urretxuarrak iraun du gehien; bi kilometro eskasen faltan harrapatu dute. Tropelak bizi egin ditu azken kilometroak, baina egun lasaia izan du gainontzean. Eguzkipean gozo ibili dira txirrindulariak. Haizearen harira bazen kezka, baina ez da ufada indartsurik izan, eta, hartara, haize babesik ere ez. Oro har, gauzak bere horretan gelditu dira sailkapen nagusian. Mendiko sailkapenean, berriz, Diego Uriartek (Kern Pharma) aurrea hartu dio Schachmanni, ihesaldiari esker. Izatez, 199 kilometro izan behar zituen etapak, eta Oliva mendatea igo behar zuten hasiera partean. Alabaina, igoera hori alde batera utzi dute antolatzaileek, segurtasun arrazoiak tarteko. Gauzak hala, San Martin Unxen topatu dute ziklistek mendate pankarta (4 kilometro eta %3,4ko pendiza). Hortik aurrera jarraitu ordez, Erriberri eta Pitillaserantz jo dute, eta Santakaran egin dute bat aurrez zehaztutako ibilbidearekin. Ondorioz, hamahiru kilometro gutxiago egin behar izan dituzte txirrindulariek. Aldaketak ez du eraginik izan etaparen bilakaeran. Zezenak balira bezala, Iruñeko Santo Domingo aldapa igo dute ziklistek, eta Udaletxe plazatik ekin diote lehiari, ikurrina eta Nafarroako Erresumaren bandera artean. Nafarroa hegoalderantz jo du tropelak, eta agudo sortu da aurtengo Itzuliko lehen ihesaldia. Hiru euskal herritar izan dira tartean: Isasa, Uriarte eta Julen Arriolabengoa (Caja Rural). Tobias Bayer (Alpecin) eta Sinuhe Fernandez (Burgos) izan dituzte bidaide. Boskoteak azkar egin du hanka tropeletik, eta abiada berean hartu du Ineosek lasterketa kontrolatzeko ardura. Ewan hautagai garbia zen amaieran gailentzeko. Hori horrela, abantaila handitu ezinda izan dira aurrekoak; asko jota hiru minutu eman dizkiete. Etapa garaipenak amets utopikoa zirudien haientzat, baina mendiko puntuak eskura zituzten. Uriartek interes berezia zeukan, bezperako erlojupekoan erakutsi bezala. Mendiko maillotarekin burutu du etapa, Schachmannen baimenarekin. Itzuliko liderra sailkapen horren buru ere bazen. Haatik, barañaindarrak eskubide osoz jantzi du puntu gorridun elastikoa etaparen amaieran, San Martin Unxetik lehen postuan igaro eta gero. Lana zintzo egin dute iheslariek, erreleboak txandaka emanez, eta luzaroan bi minutuko errentari eutsi diote. Tarte horrekin sartu dira azken 40 kilometroetan. Hortik aurrera, apurka hurbildu egin zaie tropela. Eguzkiaz gozatu ostean, tentsioa areagotu egin da multzo nagusian. Bertan soka tenkatu du Mauro Schmidek (Jayco), eta aurrean amore eman Arriolabengoak. Beste laurek ekinean jarraitu dute: 30 segundo zituzten hamar kilometroren faltan. Gauzak hala, azken ahalegin bat egin du Isasak, eta oso urrun eraman du ihesaldia. Zenbait kilometrotan ezkutatu egin da Ineos, baina indarrez itzuli da azken txanpan. Eskura eman nahi izan diote garaipena Ewani. Ordea, kopuruz nahiko larri zebiltzan esprinta prestatzeko. Intermarchek aurrea hartu nahi izan die. Haatik, suziria bezala abiatu da Ewan, eta sakelan sartu du garaipena, bere ibilbideko 65.a eta denboraldi honetako bigarrena —Coppi eta Bartali Astean lortu zuen aurrenekoa—. Kendu beharrekoa kendu dio Itzuliari; ez da beste aukerarik izango esprinter petoentzat. Erne ibili behar Gaur Nafarroako lurretan aritu ostean, bihar Gipuzkoan lehiatuko dira txirrindulariak: ibilbide bihurriko etapa osatuko dute Zarautz eta Beasain artean. Ez da sobera luzea —156 kilometro—, baina mendiz josia dago: zazpi igoko dituzte guztira, hirugarren mailako bost, eta bigarren mailako bi. Mendaterik gogorrenetako bat Santa Ageda izango da (9 kilometro eta %6,9ko pendiza), baina gaina helmugatik urrun izango du; 88 kilometrora zehazki. Azken bi igoerak dezente laburragoak dira, baina, era berean, oso malda pikoak dituzte. Lehenik Gaintza gainditu beharko dute (2,2 kilometro eta %12ko pendiza), eta ordekan zenbait kilometro egin ostean, Lazkaomendira igoko dira (1,4 kilometro eta %10eko pendiza). Handik bost kilometrora egongo da helmuga. Bukaera bizia izango du etapak, eta ziklistek, nekeaz landa, urduritasuna ere pilatuko dute. Kokapenak garrantzi handia izango du etapa osoan zehar eta, nagusiki, azken bi mendateen sarreran. Adi ibili beharreko eguna izango da faboritoentzat.
Apirilaren 16tik 22ra izango dira lanuzteak. ELA, LAB eta Aurrera sindikatuek onartu dute Aste Santurako mobilizazioak deitzearen helburua “zarata gehiago” ateratzea dela, euren aldarriak entzun daitezen.
Partida guztiek sari bera dute: irabazteak hiru puntu, berdintzeak bat eta galtzeak batere ez. Osasunak berdindu egin ditu azkeneko bi partidak: hutsean Bilbon, eta bana Leganesen (Espainia), hurrenez hurren. Baina batek eta besteak utzi duen aho zaporea oso bestelakoa da: duela astebete, gorritxoek itxura ona eman zuten San Mamesen; gaur, berriz, hainbestean aritu dira Butarquen. Zaharrak berri. Izan ere, gaurkoa kontuan hartuta, Osasunak zortzi neurketa daramatza irabazi gabe: duela bi hilabete pasatxo irabazi zuen azkeneko aldiz, Sadarren, Realaren aurkako derbian. Bolada txarra eten zuen egun horretan, bederatzi jardunaldi baitzeramatzan garaipena lortu gabe. Hau da, jokatu dituen azken hemezortzi partidetatik bakarra irabazi du, 11 berdindu, eta zazpi galdu. 54 puntutatik hamalau besterik ez ditu bildu. Oso uzta eskasa da. Bolada txar horren ondorioz, behera egin du nabarmen sailkapenean: gaur-gaurkoz, hamalaugarren postuan dago, 35 puntu bilduta. Beste jardunaldi batez, gertuago ditu jaitsiera postuak Europakoak baino. Joera oso txarra darama. Lehenbailehen suspertu beharra du estu eta larri ibili nahi ez badu. Atzetik dituen lehen hiru taldeek, Valentziak, Espanyolek eta Alavesek, irabazi egin dute jardunaldi honetan. Zorionez, jaitsiera postuetan dauden hiru taldeetako bakar bat ere ez da gai izan irabazteko: Leganesek berdindu egin du, eta, Las Palmasek eta Valladolidek galdu. Baina ezin du besteek egiten dutenaren mende egon. Bereari erreparatu behar dio; nahiko lana du hori eginda. Vicente Morenok dauka horren ardura nagusia, baina asmatu ezinda dabil. Jakina zen Jagoba Arrasatek utzitako zuloa handia izango zela, baina taldearen jardun eskasak are handiagoa bilakatu du. Denboraldi bukaeran bukatuko zaio kontratua Vicente Morenori, baina ikusteko dago taldearen ezina luzatzen bada, klubak neurri zorrotzen bat hartuko duen edo ez. Hutsak garesti Osasunak garesti ordaindu ditu berriro hutsak. Lehenbizi, aukera garbi pila huts egin ditu. Budimirrek, adibidez, hiru oso argi huts egin ditu. Hori gutxi ez, eta 39. minutuan, Lucas Torrok sartutako gol bat ere baliogabetu dio epaileak, jokaldia telebistan ikusi eta erdiraketa egin zuen jokalaria, Ruben Garcia jokoz kanpo zegoela adierazita. Enegarren ahaleginean sartu dute gorritxoek gola, Herrandok, buruz, korner batean, 49. minutuan. Gola sartu eta gero, atzera egin du Osasunak. Leganesek, ordea, aurrera egin du, eta gorritxoak estu hartzen hasi da. Arean sartu ditu, eta, saria jaso du azkenean. 86. minutuan, Abel Bretonesek heldu egin du Sergio Gonzalez area barruan, eta lurrera bota du. Epaileak penaltia adierazi du, eta Rabak banakoa lortu du. Halaxe amaitu da partida. Etsita amaitu dute gorritxoek. Suspertu ezinik dabiltza. LEGANES-OSASUNA Leganes. Dmitrovic; Rosier, Sergio Gonzalez, Nastasic (Miguel, 60. min.), Tapia, Javi Hernandez (Yan Diomande, 83. min.); Cisse, Neyu, Raba; Juan Cruz eta Diego Garcia (Munir, 70. min.). Osasuna. Sergio Herrera; Areso, Boyomo, Catena, Herrando, Abel Bretones; Moncayola (Ibañez, 77. min.), Torro, Aimar (Moi Gomez, 77. min.); Ruben Garcia (Arnaiz, 88. min.) eta Budimir (Raul Garcia de Haro, 88. min.). Golak. 0-1. Herrandok (49. min.). 1-1. Rabak, penaltiz (87. min.).