Bilboko zamaketariek grebari eutsiko diote, Lehia Agintaritzari aurre eginez
Bi egun falta dira zamaketarien greba has dadin, baina hautsak harrotzen hasiak dira. Greba luzea izango da, hilaren 9tik 25era artekoa, eta lau orduko —bi ordu txandako— eta 24 orduko lanuzteak txandakatuko dituzte. Azken horiek hamabi izango dira. Grebak BilboEstiba osatzen duten lau enpresei eragingo die —Toro y Betolaza, Berge, SLP eta Cosco Txinakoa—, eta Lehia Agintaritzak jokoaren arauak ezarri zituen atzo. Aldarrikapena «langileen lan eskubideen defentsaren barruan sar dadila» eskatu zien deitzaileei. Izan ere, agintaritzaren ustez, grebak «inplikazio garrantzitsuak» izan ditzake portuan, zamaketariez gain «merkataritzako beste zerbitzu batzuei» ere eragin diezaiekeelako. Dena den, oharrean ez du argitzen zer zerbitzuri buruz ari den.
Abuztuko greba saiakeran sindikatuek Lehiaren Agintzaritzaren «mehatxuak» salatu zituzten —sindikatuek azken unean bertan behera utzi zuten negoziatzen hasteko—, eta langile batzordeko kide batzuek agintaritzaren eskutitzak jaso zituzten etxean grebaren legezko ondorioak zeintzuk izan zitezkeen ohartarazteko. Oraingo oharrean, Lehia Agintaritzak deitzaileei gogoratu die duela denbora gutxi Lehiakortasunaren Espainiako Batzordeak portuetan ordezkaritza duten hainbat sindikatu zigortu dituela. Zigorturikoen artean daude ELA, LAB, Coordinadora eta UGT. 1.000 eta 4.000 euro arteko zigor sinbolikoak jaso zituzten.
Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritza ere harremanetan jarri da zamaketariekin gutxieneko zerbitzuak ezartzeko. Deitzaileek helegitea jarri diete, besteak beste Bilboko Portu Agintaritzari dagokiolako haiek ezartzea, eta euren ustez gehiegizkoak direlako. Ordezkaritzak ezarritakoaren arabera, zamaketariek zerbitzuen %100 eskaini beharko dute pertsonen eta merkantzia galkor edo arriskutsuen garraioarekin harremana duten lanetan, baita ontzi baten istripuren bat balego ere. Era berean, zerbitzuen %50 eskaini beharko dituzte populazioaren hornidura eta jarduera ekonomikoen garapenerako «ezinbestekoak» diren gaien garraioan. Zamaketariek hobeto zehazteko eskatu dute. Esaterako, galkorrak diren produktu batzuek hilabeteak daramatzatelako izozkailuetan sartuta.





