Gobernuak «zail» ikusten du Trenasaren itxiera eragoztea
Garraiobideen sektoreak bizi duen krisia argudiatu du Trenasaren jabe CAFek fabrika itxi eta 118 langileak kaleratzeko. Trengintzan dagoen konpetentzia handia dela eta, alor horretan gero eta urriagoak dira irabaziak, eta CAFek autobus elektrikoen ekoizpenean jarriak ditu esperantzak. Horretan ere hasiak ziren Castejongo plantan —besteak beste, gobernuak enpresari emandako diru laguntza bat tarteko—, baina konpainiak 2018an Polonian egindako inbertsioari etekina atera nahi dio, Solaris enpresa liderra erosi baitzuen.
Castejongo planta ixteko erabakia irmoa da, baina ikusteko dago enpresak kaleratzeak ez diren beste neurri batzuk proposatzen dituen. Aierdik argitu du gaurko espero dutela espedientea, eta hitz eman du zehatz aztertuko dutela. Azaldu du, besteak beste, Espainiako Sustapen Ministerioarekin eta Renferekin hitz egingo dutela, trenbide merkatuaren egoerari buruzko informazioa jasotzeko eta zehazki CAFen eskarien zorroa aztertzeko. «Itxiera gelditzeko» lan egingo dutela esan du, baina iradoki du beste aukera batzuk ere aztertu beharko direla, Gamesaren kasuan egin zuten bezala.
Trenasako langileek, nola edo ahala ekidin nahi dute itxiera, eta greba mugagabea hasi zuten atzo; herenegun, protesta egin zuten CAFen egoitzaren aurrean, Beasainen (Gipuzkoa). Nafarroako Gobernuari ere bidali diote mezua: enpresari emandako diru laguntzak kentzeko aukera aztertzeko eskatu diote, baldin eta azkenean lantegia itxi eta iragarritako kaleratzeak gauzatzen baditu. Horren inguruan, sailburuak argitu du «bi milioitik gorakoak» izan direla laguntzak, baina azpimarratu du horietako «gehienak» duela hamar urte baino gehiagokoak direla. Aierdik uste du ez dagoela tarterik enpresa horretara behartzeko, egun zaila baita argudiatzea orduan adostutako baldintzak ez dituela bete.
ITP, Gestamp eta Alestis
Zamudioko (Bizkaia) ITP Aeroko langileek, berriz, beste greba egun bat egin zuten atzo —194 lanpostu daude kolokan—. Enpresa batzordeak deitu zuen protestara, eta ez ELAk bakarrik, aurrekoetan bezala. %80ko jarraipena izan zen ekoizpen plantan.
Ohar batean,zuzendaritzaren jarrera salatu du ELAk. Jakinarazi du kaleratzeak negoziatzen jarraitu duela ordezkari sindikal guztiak konfinatuta dauden bitartean. Zehaztu duenez, haietako batzuek positibo eman dute, eta gainerakoak etxean daude. Asteazkenean hitz egin zuten azkenekoz, eta, ELAk salatu duenez, zuzendaritzak langile guztiak kaleratzeko erabakia berretsi zuen beste behin. Greba deialdi gehiago proposatzea aurreikusten du sindikatuak.
Gestamp autogintza alorreko multinazionalak, berriz, asteartean jakinarazi zuen Zamudion (Bizkaia) dituen bi lantegi ixteko asmoa duela —Matriceria Deusto eta GTS ingeniaritza—, eta 230 langile kaleratuko dituela. Enpresa batzordeak atzo bildu ziren, eta BERRIAri azaldu diotenez, zuzendaritzaren aldetik ez dute bestelako proposamenik jaso. Hala, protestara deituko dituzte langileak: Bilbon gaur egingo duten agerraldi batean emango dituzte xehetasun gehiago.
Aeronautika alorreko Alestisen, bestalde, atzora arteko epea zuten akordio bat ixteko, baina negoziazioak luzatzea adostu dute, gutxienez beste egun batez. Enpresak 87 kaleratu nahi ditu Gasteizko Miñao Parkean duen lantegian, lantaldearen ia erdia. Espedienteak taldearen lantegi guztiei eragingo die, eta, beraz, Espainia mailakoak izaten ari dira negoziazioak. Sindikatuen arabera, enpresak erretiro aurreratua proposatu du 58 urte baino gehiago dituztenentzat, baina gainerakoan kaleratzaileei eusten die.
ELAren baietzak akordiorako ateak ireki ditu Gipuzkoako metalgintzan
Edonola ere, eragileek kartak mahai gainean jarriko dituzte gaur metalgintzaren bileran. Sindikatuek eta Adegik pandemiaren atarian izan zuten hitzarmena berritzeko lehen batzarra. Negoziazioak hasiko zirela ofizialtzeko baizik ez zen izan lehen kontaktu hura, otsailaren amaieran. Udaz geroztik hasi dira berriro negoziazioak, betiere Bizkaiko metalgintzan iazko hondarrean lortutako akordioaren itzalpean. Bada, gaur oso gertu ikusten da urte askoan itunik gabe egon den sektore horren hitzarmena berritzea. «Akordio historiko bat» egiteko prest dago ELA, eta ituna eragin orokorrekoa izateko beste hiru sindikatuetako baten baietza nahikoa litzateke.
Adosteko bidean dagoen akordioen inguruko hobekuntzak azaldu ditu Unai Martinez ELAko Industria federazioko buruak: «%9,6ko soldata igoerak, kolektibo garrantzitsuentzako subrogazioa eta lan erreformetarako blindatzeak jasotzen ditu, besteak beste. Urte hauetan, lan baldintzak prekarizatu dituzten erreformei erantzun diegu». Adegik joan den astearen bukaeran proposatu eta ELAk onartu duen idatziak «Gipuzkoako metal desberdin baten alde egingo du, ez baitu prekaritatea bilatzen, langileak baloratzea baizik, eskubideak eta egonkortasuna emanez».
Bizkaiko itunaren itzalpean
ELAk ez zuen sinatu iazko abenduan Bizkaiko metalgintzaren lan hitzarmena. LAB, CCOO eta UGT sindikatuen ordezkaritzek eraginkortasun orokorreko kategoria eman zioten Bizkaiko lan itunik handienari, baina lau sindikatuak plataforma berean ibili ondoren, greba eta manifestazio handiak egin ondoren, ELA kanpoan geratu zen, akordioa laburregi geratzen zela argudiatuta.
Orain, berriz, LABek «aurrerapausoak» ikusi ditu Adegiren proposamenean —ordezkaritzaren %30etik gora dauka —, eta azpimarratu du ez dela kasualitatea izan eskaintza hori mobilizazioen ondoren iritsi izana. Baina sindikatu abertzaleak ez du bat egingo proposamen horrekin gaurko bileran, «gabeziak» ikusten baititu oraindik. Gainera, haserre dago ELArekin, bere erabakia jakinarazteko modua dela eta: «LABek komunikabideen bidez jakin du ELA prest dagoela Adegiren azken proposamena sinatzeko. Mahaiko bileraren bezperan egin du hori, eta alde bakarrez, gainontzeko sindikatuekin kontatu gabe, eta gehiengoaren akordioa bilatu gabe. Bilera baino 24 ordu lehenago uko egin dio proposamena hobetzeari. Zer interes du ELAk negoziazioa gelditzeko?».
Beste bi sindikatuei dagokienez, ikusteko dago CCOOren eta UGTren jarrerak zein diren datozen egunetan; batak zein besteak esan dute proposamena ez dela nahikoa, eta negoziatzen jarraituko dutela. Ez bada aldaketaren bat Adegiren idatzian, zaila izango da gaur bertan egia bihurtzea Gipuzkoako metalgintzaren itun berria. CCOOk eta UGTk patronalaren azken mugimendu bat espero dute jarrera aldaketa ahalbidetuko liekeena. Izan ere, zaila da pentsatzea metalgintzako itun handiaren aukerari ihes egiten utziko diotela. Bietako baten baietza nahikoa da gaur-gaurkoz. Izan ere, baztertuta dago ELAk eragin mugatuko itun bat egitea.
Proposamenaren edukiak
Hitzarmenak jasoko lituzkeen hobekuntzak zerrendatu ditu ELAk. Hasteko, %8,8ko soldata igoerak jaso dira 2019ra arte —atzerako eraginez—, baita dietetan, bidaietan eta abarretan ere; eta %0,8koa 2020. urterako. 2021rako eta 2022rako, berriz, KPIa bermatzen du sektoreko enpresa guztientzat. Ez litzateke dirurik itzuliko KPIa negatiboa balitz. Horrez gain, lan erreformaren aurkako blindatze klausulak daude, baita ultraktibitate mugagabea ere. Azken aldagai horrek ibilbide oso luzeko akordio bihurtuko luke itun hori.
Bestalde, Adegik azpikontratatuentzako subrogazioa onartu du, mantentze lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono instalazioetan. «Enpresa nagusitik kanpoko milaka langileri lan egonkortasuna emango die horrek», azaldu du ELAk. Eta finkatu dute gehienez ere urtebetekoa izango dela aldi baterako lanerako enpresen bidezko kontratazioa. Berdintasunari dagokionez, enpresek legez nahitaezkoa den baino informazio gehiago eman beharko dute, nahitaezko epeekin.
Hiru egunetik bostera pasatuko da aurreabisuen epea, eta soldata aldaketa kolektiboak akordio bidez bakarrik aplikatu ahal izango dira. Gainera, espresuki jaso dute Gipuzkoako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna ere, Espainiakoaren gainetik.
ELAren ustez, «garaia da» gainerako patronalek, pribatuek zein publikoek, «beren langileen lana baloratzearen alde egin dezaten». Sindikatuak esan du lan eskubideak direla «aurrean dugun egoera zailetik ateratzeko errezetarik onena». Erantsi du «frogatuta» geratu dela «negoziatzeko borondatea eta langileentzako eduki onuragarriak badaude», ELA ere akordioan egoteko gai dela.
Epaileak hirugarren gradua eman dio Rodrigo Ratori

Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegiak hirugarren gradua eman dio Rodrigo Rato Bankiako presidente ohiari, 2020ko urriaren 1ean.
Bizkaiko enpresek eta autonomoek fakturak jaulki ditzakete jada Batuz…

Bizkaiko enpresek eta profesionalek Batuz jarduera ekonomikoen etekinak kontrolatzeko sistema erabiltzen has daitezke 2020ko urriaren 1etik.
Gipuzkoako metalgintzako lan-hitzarmena berritzeko proposamena onartu du ELAk

Gipuzkoako metalgintza sektoreko lan-hitzarmena berritzetik gertuago egon daiteke, 10 urteren ostean. ELAk Adegi patronalak egindako azken proposamena onartu du.
Hotelek diote ixteko zorian daudela, eta laguntza fiskalak eskatu…
Uztailean, hoteletako okupazioen jaitsiera izugarria arindu zen nolabait, batik bat Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako turismoari esker. Frantziako turistek ere ekarpen txiki bat egin zuten. Baina diru sarrerek behea jo zuten, «besteak beste tarifen murrizketa handiak bultzatuta». Abuztuan, berriz, Frantziako turismoak eta gertuko turismoak are jaitsiera handiagoa saihestu zuen, baina okupazioa %60tik beherakoa izan da; beste modu batera esanda: 1992tik izandako abuzturik okerra izan da. Gauza bera gertatu da prezioekin: diru sarrerak erdira gutxitu dira.
Aurtengo porrotari neurria hartzeko beste datu bat ere badago: 2015. eta 2018. urteen artean, hotelen batez besteko fakturazio osoaren %68 egina zuten urteko lehen zortzi hilabeteetan. Bada, aurten, Gipuzkoan erregistratutako ostatu zerbitzuen batez besteko fakturazioa iazkoa baino %52 txikiagoa izan da, eta aurreko bost urteetakoa baino %45 apalagoa.
Hotelen ekarpena eta nahia
Gipuzkoako Hotelen Elkarteak gogorarazi du sektoreak ekarpen handia egiten diola enplegu egonkorrari. Langileen batez besteko antzinatasuna hamar urtekoa dela dio. Gainera, «beste jarduera batzuk erakartzeko duten gaitasuna» oso handia dela adierazi du: ostalaritza, merkataritza, baliabide turistikoak, garraioa… Era berean, elkarteak egindako kalkuluen arabera, Gipuzkoan egiten duten zerga ekarpena 75 milioi euro baino gehiagokoa da urtero.
Hori dela eta, administrazioei neurri jakin batzuk hartzeko eskatu die hotelen elkarteak: COVID-19a aintzat hartuz programa daitezkeen ekitaldien egutegiari eustea nahi du, «eta bisitariak erakartzeko elementu berriak zehaztea»; horiek horrela, laguntza dei argia egin dute hotelek: «Enpresek iraun ahal izateko, zerga, lan eta finantza arloko neurri zehatzak eskatzen dizkiegu administrazioei, bere eskumenen barruan».
Alegia, «plan espezifiko bat» nahi dute, epe batez —2021eko apirilera arte—, ordainketa eta zerga mota guztien salbuespenerako, hobariak emateko eta atzeratzeko neurriak har daitezen. Espainiako, EAEko eta tokiko zerga guztiak jaso beharko lituzke plan horrek: «Zaborraren tasa, ondasun higiezinen gaineko zerga eta jarduera ekonomikoen gainekoa». Planaren barruan dago sozietateen gaineko zergaren ordainketa atzeratzea ere.
Jaurlaritzak esan du Gestampen kaleratzeak aztertuko dituela
Jaurlaritzak azaldu duenez, bazekien sektorea eta bi lantegi horiek «egoera zailean» zeudela, baina aitortu du ez zuela espero multinazionalak Matricerias Deusto eta GTS ingeniaritza itxiko zituenik —160 eta 70 behargin, hurrenez hurren—. Hala ziurtatu zuten atzo Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak.
Sindikatuek mesfidantzaz hartu dituzte Jaurlaritzaren azalpenak, eta enpresaren erabakia eta azken urteotako jokamoldea arretaz aztertzeko eskatu diote, baita hari emandako diru laguntza publikoak kentzeko ere, baldin eta azkenean bi lantegiak ixten baditu. Izan ere, sindikatuek gogoratu dutenez, multinazionalak Iberiar penintsulan dituen lantegi guztietatik bi baino ez ditu itxiko: Zamudioko biak.
Hain justu, konpainiari emandako laguntzez mintzatu zen lehendakaria atzo, Euskadi Irratian. Adierazi zuen ez duela «zilegi» ikusten ikerketarako diru publikoa jasotzen duen enpresa batek «besterik gabe» kaleratzeak iragartzea. «Beti esan dugu, diru laguntza bat ematen denean, enpresa horiek leialak izan behar dutela Jaurlaritzarekin, eta Gestampekin gertatu dena aztertu nahi dugu. Galerak izan dituztela irakurri dugu, baina beste batzuek ere izan dituzte, eta gure dirua baldintzatuta dagoen ala ez jakin nahi dugu».
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuarentzat, dena den, ez dira gaiak nahastu behar. Jaurlaritzak multinazionalari emandako dirua defendatu du. «Bi gauza ezberdin dira. Aipatzen dugunean enpresa batek, zailtasunetan egon arren, jarraitu behar duela inbertsioak egiten eta apustua egiten etorkizunera begira, hau da eredua», adierazi zuen. Arabako Errioxan eginiko ekitaldi batean. Kaleratzeen inguruan, berriz, enpresetako zuzendaritzei eta langileen ordezkariei mintzatu zitzaien, eta «malgutasun formulak» adosteko eskatu zien, erabakiak «ahalik eta traumatikoenak» izan ez daitezen.
«Diru xahutzea»
Har daitezkeen neurrien inguruan, sindikatuek gogoratu dute bi lantegi horietan maiatzetik daudela aldi baterako enplegu erregulazioan. Langileen ordezkarien arabera, kaleratzeak egin beharrean horri heldu ahal zion enpresak, baina ez du nahi. Uste dute argi duela bi plantak ixteko erabakia. «Estrategia bati erantzuten dio». GTSko langile batzordeko presidente Izaskun Olanok uste du arduradunen «kudeaketa txarra eta gaitasun gabezia ezkutatzen» ari dela multinazionala. «Diru xahutze izugarri bat egin da, zuzendaritzak eraginda. Eta orain guk langileok ordainduko ditugu ondorioak».
Sindikatuek Jaurlaritzari eskatu diote arretaz aztertzeko zer gertatzen ari den Gestampen. «Arazoa bere negozio eredua da, eta ez Matriceria Deusto, GTS edo langileen soldatak. Gestampen pertsona asko sartu dira negoziotik negozioa egiteko». Olanoren arabera, multinazionaleko arduradunek «etekin partikularrak» atera nahi dituzte gobernuen diru laguntzetatik. «Ikerketa eta garapenaren kontu horrekin, kea baino ez du saltzen zuzendaritzak. Ez du lantegien iraupenaren aldeko apustu argirik egiten, eta ez da gai mahai gainean jartzen diren planak kudeatzeko».
Madrilekin akordioa lortuta, zorpetzeko eskubidea izango dute foru aldundiek
«Balio handikoa», «giltzarria», «Kontzertu Ekonomikoari emandako bultzada»… Poza ezkutatu ezinean aritu zen atzo Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren ondorengo agerraldian. Negoziazio «sakonen» ondoren, batzorde horretan lotu zuten aldundien zorpetzeari buruzko akordioa. Nabarmendu zuenez, «lehen aldiz» lortu dute foru aldundiek zorpetzeko eskubidea, eta pandemiak eragindako egoera berezia igarotzen denean ere eutsi ahal izango diote.
Hiru lurraldeetako BPGaren %0,9 adinako defizit batekin estreinatuko dute gaitasun hori. Kopuru zehatzetan, 595 milioiko defizita pilatu ahal izango dute, eta zorpetzearen bidez estali. Hiruren artean banatu beharreko kopuru bat da hori: 300 milioi euro inguru Bizkaiko Aldundiak, 200 milioi Gipuzkoak eta 90 milioitik gora Arabak. Antzeko kopuruak 2021ean ere: %0,8ko defizita, 588 milioi euro. Diru asko da hori aldundientzat, beren aurrekontu propioen %15etik gora: Bizkaiak, 1.283 milioiren aurrekontu proiektua aurkeztu zuen 2020rako, 915 milioirena Gipuzkoak eta 518 milioirena Arabak.
Berez, defizit kopuru horiek ez dira muga zorrotz-zorrotzak izango, erreferentziazko tasak baizik. Izan ere, Europako Batzordeak EBko kideekin egin duen bezala, Espainiako Gobernuak ere gastu publikoaren gaineko mugak lausotzea erabaki du bere menpeko erakundeekin. «Administrazio guztiei gaitasuna eman nahi diegu baliabide guztiak jartzeko herritarren zerbitzura», azaldu zuen Maria Jesus Montero Ogasun ministroak.
%2,6ko erreferentzia
Montero erkidego autonomoekin bilduko da astelehenean, eta orduan aurkeztuko dizkie erreferentzia tasak. Dagoeneko bereak badituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: BPGaren %2,6. Gasteizko gobernuaren kasuan, horrek esan nahi du 1.716 milioiko defizita pilatu ahal izango duela aurten, eta 1.617 milioikoa datorren urtean (%2,2).
Azpiazuk onartu du kopuru hori handitzeko aukera dagoela, baldin eta krisiak okerrera egiten badu eta gobernuaren beharrak ugaritzen badira, baina esan du ere betetzen saiatuko direla:«Erantzukizunez jokatuko dugu». Izan ere, krisiaren okerrena igarotzen denean itzul daitezke kontu publikoak orekatzeko aginduak, eta orain zulo handia egiteak urte gutxi barru ahalegin handiak egitea ekar dezake. «Arrazoizko aurrekontuak» egiteko eskatu die Monterok administrazioei.
%2,6ko defizita buruan dutela egingo ditu Jaurlaritzak bere aurrekontuak. Iazko soberakinekin, Espainiako Gobernuaren COVID Funtsetik jasotakoarekin eta baimendutako zorpetzearekin zerga bilketaren erorikoaren «zati oso garrantzitsu bat» estaltzeko gai izango direla azaldu du sailburuak. Urriaren 15ean bilduko da Finantzen Euskal Kontseilua, aurtengo eta datorren urteko zerga bilketaren aurreikuspenak egiteko.
EAEko defizita % 3,5era iritsi ahalko da, eta aldundiek…

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeek % 3,5erainoko zorra izan ahalko dute aurten. Hala erabaki dute Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak egin duen bileran.