Zamudion 194 langile kaleratuko dituela jakinarazi du ITP Aerok
1.269 langilek dihardute ITP Aerorentzat Zamudion, eta, horrenbestez, lantalde horren %15,3 sartuko lirateke erregulazio espedientean. ELA sindikatuak atzo BERRIAri aurreratu zionez, 194 kaleratze jakinarazi dizkie enpresak sindikatuei, erregulazioa negoziatzeko lehen bileran. Espero zitezkeen aukeren artean «okerrena» helarazi du zuzendaritzak, sindikatuaren arabera.
Kaleratzeen kopuru zehatzak mahai gainean daudela, ELA sindikatuko ordezkariek esan dute «mobilizazioen garaia» dela, eta dagoeneko abiatu den lau eguneko greba sortan sindikatu guztiek parte hartzeko garaia dela. Beste sindikatuek ez dute bat egin lanuzte deialdiekin. Asteartean izan zen lehena; gaur da bigarrena, eta datorren asteko asteartean eta ostegunean izango dira beste biak. Hala ere, ikusteko dago gaurko albisteen harira greba deialdien egutegia aldatuko ote den eta, batez ere, beste sindikatuen erreakzioa zein den.
«Orain badakigu zenbat kaleratze izango diren; espero dugu beste sindikatuek bat egitea ELAk deitutako grebarekin», esan zion egunkari honi ELAko ordezkari Gaizka Aldazabalek. Edonola ere, sindikalistak garbi utzi du ELAk ez duela onartuko erregulazio espedientea eta, beraz, mobilizazioarekin lotutako garaia hasi dela.
Iragarritakoa bete da
Hegazkinentzako motorrak eta osagaiak ekoizten dituen Bizkaiko enpresak uztailaren bukaeran jakinarazi zuen guraizeak aterako zituela sektorearen krisiari erantzuteko: aurreratu zuen lantaldearen %15 murriztuko duela, eta enpleguari eusteko gaur egun indarrean dauden ezohiko neurriak amaitzen direnean egingo zuela hori; udaren ondoren.
Rolls-Royce multinazionalaren jabetzakoa da ITP Aero, eta guztira 4.000 langile inguru ditu Euskal Herrian eta beste sei herrialdetan: neurriak seiehun laguni eragingo lieke. Euskal Herrian lau planta ditu, Bizkaian denak: Zamudion, Derion, Sestaon eta Barakaldon. 1.900 behargin, guztira. Azken asteetan jakin da Rolls & Royce, ITPren akziodun nagusia, harremanetan jarri dela AEBetako Carlyle, Blackstone eta KKR funts handiekin, Bizkaiko aeronautika enpresa saltzeko; Erresuma Batuko prentsak argitaratu du albistea, eta konpainiak berak ez du ukatu informazio hori. Soilik esan du oraingoz ez duela erabakirik hartu ITPren inguruan. «Hainbat aukeraren hasierako zikloan gaude», esan zuen orain aste batzuk Rollseko arduradun batek salmenta posible baten inguruan galdetu ziotenean. «Balantzea sendotu behar dugu, baina ez dugu oraindik erabakirik hartu, gaur egun gure finantza egoera irmoa delako oraindik ere».
Sener euskal ingeniaritza konpainiak Rollsekin batera zabaldu zuen ITP, 1981. urtean, eta, 2016an, Erresuma Batuko taldeak Senerren %53,1 erosi zuen; geroztik, Rolls & Royceren jabetzakoa da ITP.
Pandemiak eragindako krisi ekonomikoa gogor jotzen ari da aeronautika sektorea, hegaldiak erdira baino gehiagora murriztu baitira mundu osoan. Hegazkinak lurrean daudenez, aire konpainiek eten egin dituzte inbertsioak —mordo bati erreskate publikoek ematen diote haizea orain—, eta, hegazkin berriak saltzen ez direnez, sektorea gain behera doa.
Epailea, sindikatuen alde
Bien bitartean, ITP Aerok Sestaon eta Barakaldon ezarritako aldi baterako erregulazioa baliogabetu du epaitegi batek, LABek, CCOOk eta UGTk ezagutarazi zutenez atzo. Epaileak ebatzi du ez dela arrazoi objektiborik aldi baterako erregulazio bat aplikatzeko. Hala, etendako kontratu guztiak indarrean jarri beharko ditu enpresak, eta, gainera, jaso gabe geratu diren soldaten zatiak pagatu beharko ditu.
ITPk udan iragarritako kaleratzeen aurrekoak dira Ezkerraldeko galdarategietan ezarritako aldi baterako erregulazio horiek, baina bertan behera utzi beharko ditu berehala. Dena den, enpresak bere bide orriarekin jarraitzen du, aldi baterako neurriak agortzean kaleratzeekin hasiko zela esan baitzuen.




