Hemen dugu Gazako herri guztiak irrikaz espero zuen berria. Datorren astean mamituko da, eta gerra eten egingo da. Ez da odol gehiagorik isuriko, azkenean. Su etena hitzartua dutela jakinarazi dute
Noaingo (Nafarroa) Zabalegiko Kontzejua kaleko eta Lostra hiribideko hainbat eraikin berriro hutsik geratu dira arratsaldean. Bizilagun batek gas usaina aditu duela ohartarazi die larrialdi zerbitzuei, 17:34an. Berriro ere gas ihesa egon zitekeen, eta, beldurrez, bertan bizi diren bizilagunetako batzuek etxetik alde egin dute euren borondatez. Astelehen arratsaldean gas leherketa bat izan zen bertan, eta oraindik familia batzuk etxera itzuli ezinik daude. Bederatzi zauritu izan ziren leherketa hori zela eta. 120 etxebizitza hustu zituzten orduan, eta asteazkenean 120 horietatik 80k etxera itzultzeko baimena jaso zuten. Gaur berriro atera izan behar dute, gas usaina aditu dutelako. Nahiago izan dute etxea utzi, adituek arriskurik ez dagoela egiaztatu arte. Larrialdi zerbitzuak eta gas konpainietako langileak bertara joan dira zehazteko antzeman duten usain hori benetan gasa den edo ez, eta, hala balitz, zergatik gertatu den. Adituek probak egin dituzte, eta guztietan negatibo eman du. Egiaztatu ahal izan dute, beraz, ez zegoela arriskurik. Sebastian Marco Noaingo alkateak baieztatu du ez dagoela gas ihesik. Haren ustez, asteleheneko eztandaren ostean, «erabat normala eta ulergarria da» bizilagunen asaldura.
Operazioak Espainiako Gobernuaren onespena jaso beharko luke, baina garbi esan izan du Sidenorren aldeko apustua egiten duela, eta atzerriko enpresak Talgon sartzekotan, oso zati txikiarekin sartzeari baino ez diola irekitzen atea, erabakimena Espainian mantendu ahal izateko.
Steilasek eta Ehigek positibotzat jo dute unibertsitatez kanpoko ikastetxeen plangintzarekin lotutako epaia. “Juridikoki ziurtasun gabezia sortzen du, dekretu horretan oinarritzen baita hezkuntza sistema osoa”, adierazi dute bi sindikatuek.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gutuna igorri die hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko irakasleei eta ikasleen gurasoei, sindikatuek urtarrilerako eta otsailerako egindako greba deialdiengatik.
Egungo txapeldunak ez du aurrera jarraituko Espainiako Kopan. Iragan sasoian balentria lortu ondoren, denboraldi honetan ez du halakorik errepikatzeko aukerarik izango Athleticek. Besteak beste, Osasunak kanporatu baitu final-zortzirenetan. Partida eroa eta fisikoa jokatu dute bi taldeek, eta erabakigarria izan da ate aurrean azaldutako eraginkortasuna. Lehen zatian 0-2 aurreratu dira nafarrak, baina burua altxatu eta bina berdintzeko adorea erakutsi dute zuri-gorriek. Hortik aurrera makina bat gol aukera izan dute etxekoek hirugarrena egiteko, baina barkatzen duenari garesti atera ohi zaiola dio esaerak, eta halaxe izan da. Unerik zailenean, 2-3koa egin du Vicente Morenoren taldeak, eta merezita sailkatu da final-laurdenetara. Aurrez esperotako gidoia nagusitu da partidaren lehen minutuetan. Intentsitate eta erritmo bizian zelairatu da Athletic, eta presio itogarria egin dio Osasunari. Horren eraginez, baloia luze jo beste erremediorik ez dute izan nafarrek, nahiko lan izan baitute baloia euren areatik urruntzeko. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, pauso bat aurrera eman du nabarmen Morenoren taldeak, eta nortasun handiz, konplexurik gabe jokatzeari ekin dio. Atzean sendo egotea tokatu zaionean serio egin du lan, eta erasoan min egin du kontraerasoan. Baloi geldian ere buruhausteak eragin dituzte gorritxoek. Partidaren garrantziak hala eraginda, tentsio handiz lehiatu dute bi taldeek, eta disputa handian ibili dira jokalariak. Lehia fisikoa izan da. Lehen minutuetan salbu, joko horretan erosoago sentitu da Osasuna, baina Athleticenak izan dira gol aukera bakarrak lehen ordu erdian. Besteak beste, Iñaki Williamsek bi aukera on izan ditu, eta Jauregizarrek ere bai beste bat. Aukera guztietan azti ibili da Sergio Herrera atezaina. Bada, lehen gol aukera garbian egin du Osasunak 0-1ekoa. Bisitariak ongi iritsi dira eskuin hegaletik etxekoen areara, eta Aresoren erdiraketari aparteko errematea jarri dio Aimar Orozek, 40. minutuan. Gol ikusgarria izan da. Kolpe galanta jaso du Athleticek, eta are handiagoa izan da hortik bi minutura jaso duena. Urduritasunak eraginda edo, Paredesek pase txarra eman dio Agirrezabala atezainari, eta, hark, baloiari baino lehenago jo dio Budimirren oinari. Penalti garbia izan da, eta Budimirrek ederki baliatu du oparia 0-2koa egiteko, penalti puntutik. Nicorena, gol psikologikoa Mutu geratu da San Mames Osasunaren bigarren golarekin, une horretan Kopatik kanpo izan baitu hanka eta erdi Athleticek. Bada, unerik kritikoenean egin du 1-2koa Nico Williamsek. Lehen zatiko azken jokaldian, hain zuzen. Amore eman beharrean, burua altxatu eta bihotzarekin jokatzen jarraitu dute zuri-gorriek, eta jaso dute saria. Iñaki Williamsek jokaldi polita josi du eskuin hegaletik, eta haren erdiraketari probetxu ederra atera dio anaia gazteak. Bigarren zatiari begira, gol psikologikoa izan da. Izan ere, atsedenalditik bueltan indartsu eta izpiritu handiz zelairatu da Athletic. Gol aukerak bata bestearen atzetik sortu ditu, eta De Marcosek egin du binakoa, 55. minutuan. Hortik aurrerako minutuetan izugarri sufritu du Osasunak. Athleticen erauntsia ezin gelditurik ibili da, baina gehiegi barkatu dute Valverderen jokalariek. Jauregizarrek, partidako onenak, bi aukera on alferrik galdu ditu. Hirugarren gola egiteko gai izan dena Budimir izan da. Agirrezabalaren aurrean maisuki sareratu du baloia, eta epaileak azken txistua jo bitartean gol bateko aldeari ederki eutsi diote gorritxoek. Meritu handiko garaipena lortu dute, eta mugarri izan daitekeena. Athleticek, berriz, astebetean agur esan die bi lehiaketari: Espainiako Kopari eta Superkopari. ATHLETIC-OSASUNA Athletic. Agirrezabala; De Marcos (Gorosabel, 69. min.), Vivian, Paredes (Yerai, 45. min.), Yuri; Jauregizar, Ruiz de Galarreta (Prados, 69. min.); Iñaki Williams, Berenguer (Nico Serrano, 84. min.), Nico Williams; eta Guruzeta (Djalo, 84. min.). Osasuna. Herrera (Aitor Fernandez, 83. min.); Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Herrando, 76. min.); Ibañez (Abel Bretones, 56. min.), Torro, Moncayola (Iker Muñoz, 76. min.); Ruben Garcia (Nacho Vidal, 76. min.), Budimir eta Aimar. Golak. 0-1: Aimarrek (40 min.). 0-2: Budimirrek, penaltiz (44. min.). 1-2: Nico Williamsek (40. min.). 2-2: De Marcosek (55. min.). 2-3: Budimirrek (70. min.).
Realak Espainiako Kopako final-laurdenak jokatuko ditu laugarren urtez jarraian. Talde txuri-urdinak gaur egin du urratsa hurrengo kanporaketarako. Rayo Vallecano kanporatu du. 3-1 irabazi dio Anoetan, final-zortzirenetako partidan. Rayo kanporatuta, arantza atera dute txuri-urdinek, Espainiako taldeak neurria hartua baitzien. Ligan, ez ziren gai izan hari irabazteko azkeneko hiru partidetan, eta, azkenekoan, galdu egin zuten Anoetan. Mingarriagoa izan zen Kopan elkarren aurka jokatu zuten azkeneko aldian gertatutakoa: 2009an, Rayok Reala kanporatu zuen Donostian. Azkenaldian, Rayo parean zuten aldiro burumakur etxeratu ziren txuri-urdinak. Gaur, ordea, zoriontsu etxeratu dira. Haserre zegoen Realaren ingurua aurkariak hiru atseden egun gehiago izan zituelako: ostiralean jokatu zuen Rayok, eta astelehenean Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak. Abantaila handia zen. Baina, gaur, ez da sumatu, edo, behintzat, Realeko jokalarien gogoak desoreka hori orekatu du, baita gainditu ere. Zaleek lagundu egin diete. Imanolek zaleen babesa eskatu zuen, eta entrenatzaileak eskatutakoa egin dute. Hasteko, astelehenean baino askoz gehiago joan dira Anoetara: 27.816, Vila-realen aurkako partidan baino zazpi mila gehiago. Ordutegia hobea izateak mesede egin du. Baina bertaratu ez ezik, zaleek etengabe animatu dute. Eskutik joan dira zaleak eta taldea, eta, horrela, errazagoa da ondo aritzea. Hala izan da, eta merezita irabazi du Realak. Taldeak hiru egun eskas lehenago jokatu arren, Imanolek ez du ezer gorde, eta Vila-realen aurka hasieratik aritu zen hamaikako oso antzekoa zelairatu du. Hiru aldaketa baino ez ditu egin: Zubeldia, Olasagasti eta Barrenetxea jarri ditu Aritz Elustondoren, Brais Mendezen eta Sergio Gomezen ordez. Kubo, berriro erabakigarri Realak Rayo baino hobeto ekin dio lehiari, eta berehala hasi da arriskua sortzen, nagusiki, Kubori esker. Japoniarra erabakigarria izan da berriro. Pase ederra eman dio Oiartzabali, eta kapitainak lehen gola sartu du. 23. minutua zen. Ezin hobeto hasi zen partida txuri-urdinentzat. Eta egoerak hobera egin du 46. minutuan, Olasagastik gol bikaina sartu baitu, Oiartzabalek baloia aukeran utzi eta gero, zartako ederra emanda. Realak oso bideratuta zuen partida. Baina atsedenaldia iristear zela, Rayok etxekoen poza apaldu du. Zubeldiak penaltia egin dio Trejori, eta hark gola sartu du. 2-1ekoarekin bukatu da lehen zatia. Aurretik ziren etxekoak, baina ezin ziren fidatu. Hori dela eta, hirugarren gola sartzeko asmoz ekin diote bigarren zatiari. Aramburuk lehen aukera izan du, baina ez du asmatu. 61. minutuan, Barrenetxeak gola sartu du, baina epaileak baliogabetu egin du jokaldia telebistan ikusi eta gero, Oiartzabal jokoz kanpo zegoela adierazita. Lasaitasunaren gola nahi zuten etxekoek, eta 68. minutuan, Imanolek hiru aldaketa egin ditu: Sergio Gomez, Brais Mendez eta Turrientes zelairatu ditu Sucicen, Barrenetxearen eta Olasagastiren ordez. 77. minutuan, jokaldi erabakigarria izan da: Espinok sarrera gogorra egin dio Oiartzabali, eta epaileak txartel gorria atera dio. Eta falta jaurtiketan, hirugarren gola sartu du Sergio Gomezek, Rayoren atzealdeak huts egin eta gero. Esku-eskura zuten garaipena eta sailkapena txuri-urdinek, eta ez dute ihes egiten utzi. Festa izan da amaieran Anoetan. REALA-RAYO VALLECANO Reala. Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd, Aihen; Zubimendi, Olasagasti (Turrientes, 68. min.), Sucic (Brais Mendez, 68. min.); Kubo (Becker, 89. min.), Oiartzabal (Oskarsson, 82. min.) eta Barrenetxea (Sergio Gomez, 68. min.). Rayo Vallecano. David Cardenas; Balliu, Aridane, Lejeune, Espino; Pedro Diaz (Embarba, 65. min.)), Oscar Valiente; De Frutos (Unai Lopez, 65. min.), Trejo (Isi, 65. min.), Alvaro Diaz (Chavarria, 82. min.); eta Nteka (Camello, 72. min.). Golak. 1-0. Oiartzabalek (23. min.). 2-0. Olasagastik (46. min.). 2-1. Trejok, penaltiz (52. min.). 3-1. Sergio Gomezek (79. min.).
1980ko hamarkadan AEBetako zinema independenteari haize berriak ekarri zizkion David Lynchen begiradak. Esperimentazioaren bidetik ekin zion zinemagintzari, eta mundu ilunak, surrealismoz bustitako istorioak eta larritasun sentsazio etengabea eragiten duten kontakizunak eraman zituen pantailara. XX. mendeko beste sortzaile askorengan eragin nabarmena izan zuen Lynchek, eta obra berezi eta oparoa utzita hil da, 78 urterekin. Haren familiak eman du heriotzaren berri, sare sozialetan. Lynchek berak iaz jakinarazi zuenez, biriketako enfisema bat zuen, eta, ondorioz, ezin zuen etxetik atera; zinema ez zuela sekula utziko ere adierazi zuen orduan, baina aitortu ere egin zuen etxetik ezin ateratzeak eragotzi egingo ziola filmak errodatzea. Moissoulan (Montana, AEB) sortu zen Lynch, 1946an, baina, aitaren lantoki aldaketek bultzatuta, batetik bestera igaro zuen haurtzaroa. 1960ko hamarkadan Filadelfian kokatu zen, eta han ekin zion irudiekin bere lehen lanak egiteari. Six Men Getting Sick (1966) film laburra izan zuen estreinakoa, eta ordutik aurrera zinemagintzan murgilduko zela erabaki zuen —nahiz eta artean, argazkilaritzan eta musikan ere aritu izan zen gerora—. 1970ko urteetan Los Angelesera jo zuen zinemagintza ikastera, eta ikasle garaian hasi zen lantzen bere lehen film luzea izango zena: Eraserhead (1977). Esperimentazioaren aldeko apustua egina zuela erakutsi zuen zuzendariak lan horrekin, eta kultuzko bilakatu zen urteekin. Surrealismoa eta ezinegona nahastuz, mundu ilun batean bizi den eta desitxuraturiko semea zaindu behar duen gizon baten istorioa kontatzen du filmak. Lanak harridura nabarmena eragin zuen, baina kritikak segituan goraipatu zuen. Edonola ere, hurrengo urteetan iritsiko zitzaion sona handiagoa Lynchi, The Elephant Man (1980) filmari esker. Mel Brooks ekoizleak eskatuta zuzendu zuen lan hura. Joseph Merricken istorioan oinarritua, malformazio fisiko handiak dituen gizon bat du protagonista filmak, eta zuzendariak hari esker eskuratu zuen Oscar sarietarako lehen izendapena. Aurreko filmean bezala, kutsu surrealista emanez eta zuri-beltzean errodatu zuen lana. Dune (1984) onduko zuen ondotik, Frank Herberten zientzia fikziozko nobelaren moldaketa, eta espero baino oihartzun apalagoa izan zuen. Ordea, bi urte geroago bere lanik esanguratsuenetako bat estreinatuko zuen: Blue Velvet (1986). Bertan, hiri baten alde iluna deskubritzen duen ikasle bati segitzen dio kamerak, eta, besteak beste, Isabella Rossellinik eta Dennis Hopperrek egin zuten lan Lynchen esanetara. Halaber, lehen elkarlana izan zuen Angelo Badalamenti konpositorearekin, zeinak ordutik aurrera haren film guztietan parte hartuko zuen. Zinema garaikideko lan nabarmenetakotzat jo izan da film hori, eta Oscar sarietarako beste izendapen bat eskuratu zuen Lynchek hari esker. Wild at Heart (1990) izan zuen hurrengo filma; Urrezko Palma irabazi zuen Cannesko zinema jaialdian. Eta, garai berean, telebistara ere egin zuen jauzi, Twin Peaks (1989-1991) telesailarekin. Ordura arte pantaila txikian erakutsitako lanik abangoardistenetakotzat jo zuten askok, eta milaka ikusle kateatu zituen telebistara, Laura Palmer gazteari zer gertatu ote zitzaion argitu nahiak gosetuta. Beste hainbat telesail zuzendu zituen hurrengo urteetan, baina ez zuen zinema alde batera utzi. Hala, Lost Highway (1997) eta The Straight Story (1999) eman zituen 90eko hamarkadan, eta Mulholland Drive-rekin (2001) eman zion hasiera hurrengoari. Lan harekin Oscar sarietarako hirugarren eta azken izendapena eskuratu zuen zuzendari gisa, baina ordukoan ere ez zuen irabazi —hori bai: ibilbide osoaren ohorezko aitortza emango zion AEBetako Zinema Akademiak 2019an—. Errodatu zuen azken film luzea Inland Empire (2006) izan zen, baina film laburrak eta bideoklipak ontzen segitu zuen ordutik aurrera. Eta, zinemaz gainera, bestelako arte diziplinak ere landu zituen; musikagintzan utzi zuen lanik, baita margolaritzan ere, eta argazkilari gisa nahiz diseinatzaile ere aritu zen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak tramitera onartu du ELAk Eusko Jaurlaritzaren aurka jarritako salaketa, sektore publikoko 100.000 beharginen lan-baldintzak aldez aurretik negoziatu gabe 2025ko aurrekontu proiektua onartzeagatik.
Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Itsarazko parke eolikoaren kontrako txostena ebatzi du, Statkraft enpresa norvegiarrak Aramaion eta Eskoriatzan eraiki asmo zuen proiektuak ingurumenari kalte egingo ziolakoan.