Udalek gehiago gastatu ahal izango dute, Madrilek gastu araua…
2021ean ere gastu araua alde batera uzteko aukera onartu du Maria Jesus Montero Ogasun ministroak, La Sexta telebista katean. Azaldu zuenez, lege dekretu bat landu nahi dute orain, «ustez adostasun handiena jaso zuten» aurreko dekretuaren neurriekin. Ministerioak kalkulatu duenez, atzera botatako dekretuaren %85 joango da dekretu berrian. Kanpoan geratuko da udalek beren kutxetan dituzten soberakinak Espainiako Gobernuari mailegatzeko aukera. PSOEko alkate batzuek baizik ez zuten ontzat hartu aukera hori.
Gastu araua aldi baterako bertan behera uztea jada agertzen zen Kongresuak atzera botatako dekretuan. Zehazki, Aurrekontuen Egonkortasun Legeak ezohiko egoeretarako aurreikusten duen artikulu bat baliatu nahi zuen Madrilek gastuaren araua aldi baterako indargabetzeko.
Egonkortasun Legeak mugatzen du, hain zuzen ere, erakundeen gastu publikoa, lehentasuna ematen baitio kontu publikoak orekatzeari. 2012an jarri zuen indarrean orduko Espainiako Gobernuak, PPrenak, eta, orduz gero, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Hegoaldeko beste erakunde publikoek ezin dute nahi beste gastatu, eta defizit muga batzuk bete behar dituzte. Udalen eta tokiko beste erakundeen kasuan, zero defizita. Oraingo dekretuak ez du debekua kenduko, eta, hortaz, tokiko erakundeek soilik daukaten dirua gastatu ahal izango dute.
Pilatutako superabitak
Espainiako Ogasun Ministerioa k azaldu duenez, 2019. urtean pilatutako superabita gastatzeko aukera izango dute udalek aurten, betiere jasangarritzat jotzen diren inbertsioak egiten badituzte. Gainera, 2018ko superabitarekin finantzatzen ari diren inbertsio horietako batzuk 2021ean bukatu ahal izango dituzte.
Foru aldundiei bereziki eragiten dien puntu bat ere aipatu du Ogasun Ministerioak: 2019ko superabita erabili ahal izango dute aurten zerga bilketan izandako galera konpentsatzeko.






