Aeronautikaren putzua handituz doa: Aciturrik 214 kaleratze egingo ditu
Airbus eta Boeing erraldoiek milaka kaleratze iragarri zituzten uda hasieran, sektoreak bizi duen krisi latza tarteko, eta, ondoren, domino efektu bat iritsi da: ITP, Aernnova, Aciturri, Alestis… Sektorea zulo beltz batean dago martxotik, koronabirusak hegazkinak lurrean utzi zituenetik. Aire konpainia ugari amildegiari begira daude, eta beste asko estatu laguntzei esker bizirik irauten, bidaiarien garraio kolektiboa suspertzen den arte. Gaur-gaurkoz, ez du ematen hori berehala gertatuko denik.
Bien bitartean, sektoreak Euskal Herrian duen azpiegitura uzkurtzen ari da astetik astera, eta euskal industriarentzat albiste oso txarra da hori, Hegan klusterreko enpresetako lanpostuak kalitatezkoak direlako, oro har, eta balio erantsi handiko jarduera delako aeronautika; susperraldia iristen denean merkatua txukuntzen lagundu dezakeen horietakoa da. Birus kutsakorrak turismoari lotutako enplegu kaskarra zigortu du aurren-aurrena, baina turismo hori gabe aire konpainientzat ez da samurra aurrera egitea, eta haien inbertsiorik gabe ez dago aeronautika industria sendorik. Ia dena dago lotua egungo ekonomian, baita hotel kate handi bateko gela garbitzaile prekarioaren enplegua eta aeronautika industriako ingeniariarena ere.
Negoziazioa, Madrilen
UGT sindikatuak erabat baztertzen du 214 kaleratze jasotzen dituen enplegua eteteko dosierra. Neurri traumatikoak saihestuko lituzketen alternatibak nahi ditu; hala esan diote zuzendaritzari kontsulta epeko lehen bileran. «Irteera negoziatuak» eskatu ditu Espainiako sindikatu horrek, eta azaldu du «unean uneko arazo bat» bizi duela aeronautikaren sektoreak, eta kualifikazio handiko enpleguei eusteko ahalegina egin behar duela Aciturri enpresak.
Alestisen kasuan gertatu den moduan, Aciturrik Madrilera eraman du erregulazioaren negoziazioa, euskal sindikatuak bazter utzita.


