Trumpek bonbardaketak gelditzeko eskatu dio Israeli, Hamasek Gazarako plana…
Erantzun dio Hamasek Donald Trump AEBetako presidenteari: Palestinako erakunde islamista prest dago AEBetako presidenteak Israelen Gazako erasoaldia gelditzeko proposatu duen plana onartzeko, baina zehaztasunak negoziatzeko eskatu dio. Eta Trumpek ere eman du bere erantzuna: Israeli eskatu dio «berehala» gelditzeko bonbardaketak. «Hamasen adierazpen horretan oinarrituta, uste dut prest daudela behin betiko bakerako», idatzi du Truth Social bere sare sozialean. AEBetako presidenteak adierazi du Israelek berehala gelditu behar dituela Gazako bonbardaketak «bahituak salbu eta bizkor» ateratzeko zerrendatik. «Jada elkarrizketan ari gara xehetasunak moldatzeko». Milizia palestinarrek hogei gatibu israeldar dituzte Gazan, eta gatibualdian hil diren beste 28ren gorpuak ere bai. 2023ko urriaren 7an eraman zituzten Israeldik Gazara, milizia palestinarrek egun hartan egin zuten erasoaldian beste dozenaka gehiagorekin batera. Gertakari horri erantzunez hasi zuen Israelek Gazako erasoaldia, eta, azken buruan, genozidio bihurtu du. Trumpek beste ultimatum bat eman eta ordu gutxira argitaratu du adierazpena Hamasek, gaur gauean. AEBetako presidenteak igandera arteko epea emana zion taldeari. Joan den asteartean proposatu zuen plana, eta orduz geroztik ez dio negoziatzeko eskaintzarik egin Palestinako taldeari: plana onartzeko exijitu dio, edo bestela «infernuari» aurre egiteko. AEBetako presidentearen planeko bi elementu nagusi onartzeko prest agertu da Hamas: bahitu israeldarrak askatzeko eta Gazaren administrazioa Trumpek proposatu duen nazioarteko organo baten esku uzteko. «Testuinguru honetan, mugimenduak adierazten du prest dagoela bitartekarien bidez negoziatzen hasteko akordioaren detaileei buruz», idatzi du Telegram sarean banatu duen oharrean. Gazan ezarri beharko litzatekeen administrazio horri buruz —Trump bera buru izango lukeena—, Hamasek zehaztu du prest dagoela onartzeko «Palestinako kontsentsu nazionalean eta arabiar eta islamiar babespean oinarrituta». Planeko beste puntuei dagokienez, berriz, «posizio nazional bateratu batera eta nazioarteko lege eta ebazpenetara lotuta» daudela esan du. Gauzak horrela, bihar amaitzekoa da epemuga —Washingtonen 18:00ak jo arte; gauerdia Euskal Herrian—. Hamasen erantzuna jakin baino lehen, Ekialde Hurbileko herrialdeek eta «haragokoek», AEBekin eta Israelekin batera, «bakea» sinatu dutela berretsi zuen atzo Trumpek: «Akordio honek bizia barkatuko die Hamasen borrokalariei! […] Indarkeria eta sarraskia amaitu egingo dira». Washingtonen plana «azken aukera» da Hamasentzat, eta, baietza eman ezean, Etxe Zurikoak mehatxu egin zuen Gazan «infernua» aurkituko dutela, «inoiz ikusi gabeko» egoera. «Bakea egongo da Ekialde Hurbilean, modu batera edo bestera», erantsi zuen. Planaren arabera, nazioarteko zenbait agintarik zerrendako «trantsizio» gobernu bat gainbegiratuko dute, eta Trump bera izango da begiraleetako bat. Washingtonek ondutako hogei puntuko proposamenak zenbait hutsune ditu Gazaren etorkizunari dagokionez. Ez du zehazten Israelgo armada noiz erretiratuko den zerrendatik, eta ez du bermatzen Palestinako Estatua sortuko denik. Hemeretzigarren puntuak honela dio: «Gaza berreraikitzeko lanek aurrera egin ahala, eta Palestinako Aginteak bere erreforma programa leialki bete ahala, baliteke, azkenean, Palestinako estatu bat sortzeko eta autodeterminaziorako bide sinesgarri bat hasteko modua izatea». Gauzak horrela, zenbait hedabidek aurreratu dute posible dela talde islamistak plana ez onartzea. %66 AEBen Gazarako plana zenbat israeldarrek babesten duten. Israelgo herritarren %66k begi onez ikusten dute Donald Trump AEBetako presidenteak Gazaren etorkizunerako ondutako plana. Maariv Israelgo egunkariak kaleratu ditu inkestaren emaitzak, eta, haren arabera israeldarren bi herenek proposamena babesten badute ere, soilik %14k uste dute plana martxan jarriko dutela. Bien bitartean, Tel Avivek aurrera jarraitzen du Gazaren aurkako operazio militarrarekin. Gaur, gutxienez 72 palestinar hil ditu zerrendan egindako erasoetan, horietatik 42 Gaza hirian. Hala jakinarazi du Al-Jazeera hedabideak, zerrendako osasun iturriak aipatuz. Datorren asteartean beteko dira bi urte Israelgo armadak Gazaren aurkako azken erasoaldia hasi zuenetik; ordutik, 66.000 palestinar baino gehiago hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Gainera, Netanyahuren gobernuak zerrendara laguntza humanitarioa sartzea oztopatzen du oraindik ere, eta gaur atzeman dute Gazara laguntza eraman asmo zuen Global Sumud Flotillan nabigatzen jarraitzen zuen azken ontzia. Herenegun hasi zuen Israelgo armadak ontzidiaren aurkako operazioa, nazioarteko uretan; atzo eguerdirako berrogei itsasontzi baino gehiago atzeman zituen. Flotillako kideek aurrez ere salatu izan dute Israelek droneekin eraso egin diela. Herenegun, Israelek «itsas eremu debekatu» izendatutakora iritsi ziren lehen ontziak —Gazako kostaldetik 120 itsas miliara hasten da—. Eta hortik aurrera ontzi guztiak geldiarazi dituzte Israelgo soldaduek. Beste saiakera batzuk Gaur goizean atzeman dute Gazara bidean zen azken itsasontzia, Marinette izenekoa. Matxura bat dela medio, gainerako ontziak baino atzerago zihoan; horregatik, ez dute geldiarazi gaur arte. Militarrek itsasontzia abordatu dute, eta hartan zihoazen sei ekintzaileak atxilotu. Flotillari laguntza legala eskaintzen dio Adalah erakundeak, Israelgo Gutxiengo Arabiarren Defentsarako Zentroak, eta, erakunde horretako abokatu batek EFE berri agentziari adierazi dionez, 473 ekintzaile Negev basamortuan dagoen espetxe batera eraman dituzte, Israel hegoaldera. Israelgo Atzerri Ministerioaren arabera, atxilotuak osasunez ondo daude, eta Europara deportatuko dituzte. Halere, bada beste aukera bat: ekintzaileek deportazioari uko egin diezaiokete, eta auzitegien erabakiaren zain geratu. israelgo armadak ERAIKIN BAT BONBARDATU du libano hegoaldean Israelgo armadak eraikin bat bonbardatu du gaur Libano hegoaldean. Hezbollah Libanoko milizia xiitak «armak gordetzeko» erabiltzen zuen instalazio bati egin diote eraso, armadak ohar batean azaldu duenez. Ez dute jakinarazi erasoan norbait hil edo zauritu den. Iazko azaroan sartu zen indarrean Tel Avivek eta Hezbollahk adostutako menia; ordutik, Israelgo armadak ehun herritar baino gehiago hil ditu Libanon egindako erasoetan, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Italiako parlamentariak dira atxilotuetako lau, eta jada «Erromara bidean» dira, Antonio Tajani Italiako Atzerri ministroaren arabera. La Repubblica egunkariak jaso ditu Tajaniren hitzak, eta gehitu du Italiako Atzerri ministroak ez duela Israelen aurkako ekintza diplomatikorik hasteko asmorik, «gutxienez» atxilotutako italiar guztiak bueltan izan arte. Global Sumud Flotillako ontzi guztiak atzeman badituzte ere, beste egitasmo batzuk abian dira Gazako blokeoa hausteko asmoz. Esate baterako, Thousand Madleens to Gaza ontzidiko bederatzi itsasontzi Gazara bidean dira. Catania eta Ostrano hirietatik (Italia) abiatu ziren, eta gaur atzean utzi dute Kreta uhartea (Grezia).