Gobernuaren eta FEMPen arteko akordioa ez da aplikagarria Euskadin,…
Espainiako Gobernuaren eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren arteko akordioak ez die eragiten EAEko toki-erakundeei, ahaldun nagusien arabera.
«Hemendik urte bukaerara, kasik 200 pertsona gutxiago izanen ditugu enpresan. Anitzek badute kreditu bat ordaintzeko, beste hainbestek haurrak hezteko. Ez dute berehala lanik topatuko, hegazkingintza krisi bete-betean delako. Garaia ez da erraza, ez», deitoratu du lehenak. «Gogorra izanen da», trenkatu du besteak.
Koronabirusaren krisiak gogor jo du aeronautika. Munduan %55 egin du behera hegazkinez bidaiatzen duten bidaiarien kopuruak, eta Euskal Herriko industrian kalte nabarmenak eragiten ari da hori. ITP Aero eta Aernnova izan dira kaleratzeak iragarri dituzten sektoreko lehen euskal enpresak, eta orain batu zaie Lauak. Oraingoz ez da iragarpenik sektoreko enpresarik handienean, Angeluko Dassaulten.
Zuzendaritza jomugan
Oraingoz, mobilizaziorik ez dute iragarri langileek. Izan ere, sindikatuek ez dute ordezkaririk Lauak enpresan. «Injustizia bat da. Sindikatuak hor egongo balira hobeki defendituko ginen. Baina zuzendaritzaren jarrera ikusirik, zerbait egin edo erraten badugu badakigu ondorioak pairatuko ditugula goiz ala berant…», salatu du batek. Zuzendaritzaren jarrera gaitzetsi du: «Nor ausartuko zaio nagusiari jazartzen? Nehor ez. Entseatu izan direnak badu aspaldi ez direla gehiago hor».
Bigarrena ez da hain franko mintzatu: «Egoera biziki zaila da. Ez dakigu nor kanporatua izanen den eta nor ez… Baina ez dugu gauza handirik egiteko, ezin dugu deus ere ez egiten segitu», deitoratu du. «Testuinguru berezia da, hegazkingintza berriz abiatu behar da, nahi eta nahi ez».
Frantziako Gobernuak 15.000 milioi euro jarriko ditu industria aeronautikoa salbatzeko. «Estatuak Airbus eta AirFrance hobetsi ditu diru laguntzak emateko, baina enpresa txikiagoak pixka bat aparte utzi ditu. Azkenean, enpresa lodi horiek ere kanporaketak eginen dituzte. Diru laguntza horiek gaizki banatuak dira», beharginetako baten arabera. Bigarrenak: «Prestatzen duen sosa Estatuari itzuli beharko zaionez, enpresarentzat arrisku handia da diru laguntza hartzea».
Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak aitortu du sektoreko 100.000 lanpostu inguru kolokan daudela, hau da, hirutik bat. Lauak enpresaren kasuan bederen, bete da iragarpena. Bi langileek argi dute: Lauak-en gertatuko dena «hasiera baizik ez da».



Tapiaren iritziz, frogatuta dago osasuna babestearen eta jarduera ekonomikoarekin jarraitzearen arteko oreka aurkitu behar dela, nahiz eta horrek «esfortzu ikaragarria» eskatzen dien osasun langileei: «Euskal gizarteak udazkenean izango duen erronkarik handiena da oreka hori aurkitzea».
Azken asteetan hainbat enpresak iragarri dituzten kaleratzeen inguruan, adierazi zuen Jaurlaritzak «dena emango duela» konponbideak aurkitzeko. Tapiak proposatu zituen batzuk. Batetik, ordu poltsak sor daitezkeela esan zuen, eta, bestetik, azken asteetan gehien babesten ari den aukera aipatu zuen, langileei soldatak murriztea: «Egoera txarra delako egin daiteke hori, enpresak une zail honetatik irteteko eta, berriz irabaziak dituztenean, soldatak berreskuratzeko».
Aiaraldeko alkateekin
Tapiak bilera bat ere egin zuen atzo Ander Añibarrorekin eta Josune Irabienekin, Laudioko eta Amurrioko alkateekin. Langabeziak gogorren jo dituen eremuetako bat da Aiarako eskualdea —besteak beste, han daude Tubacexen lantegi nagusiak—.
Ekintza batzuk adostu zituzten. Lehenik, eskualdeko enpresa nagusiekin bilduko dira haien informazio zehatza eskuratzeko, hala, krisiaren eraginak arintzeko ezarri beharreko neurriak zehaztu ahal izateko.
Horrez gain, erabaki zuten berriz ere abiatzea Eusko Legebiltzarrean eratutako Aiaraldeko Sozioekonomia Lantaldea, Jaurlaritzak eta udalek hartzen dituzten erabakiak koordinatzeko eta eztabaidatzeko.
Sektore aeronautikoaren «egoera ekonomiko kritiko» hori bera argudiatu du enpresak erabakia hartzeko. Lan eskaerak %40 jaitsi direla azpimarratu du, eta luze gabe ez dirudi egoera hobetuko denik: urteko azken hilabeteetarako eskariak %50 jaitsiko direla aurreikusi dute. COVID-19aren krisiak guztiz lehortu du hegazkinen eskaria, eta arriskuan jarri du sektore osoa, Airbus erraldoia barne.
Airbus da, hain justu, Lauak taldearen bezero nagusietako bat: hari saldutako piezetatik eskuratzen ditu bere irabazien %60. Berdin Ipar Euskal Herriko beste enpresa batzuentzat: Dassaultek Lapurdiko lantegi handiena du Miarritze eta Angelu artean, 900 langilekoa, eta Zuberoan, berriz, Elkar ingeniaritza enpresaren jarduera nagusia da aeronautika.
Hegazkinentzako piezak ekoizten ditu Lauak-ek. Lapurdin du egoitza nagusia, eta lantegi gehiago ditu Okzitanian, Portugalen, Mexikon, Kanadan eta Indian. Krisia hasi zenetik ez du aldi baterako langilerik kontratatu enpresak, eta, orain, kaleratzeak ez ditu Euskal Herrian soilik egingo: Okzitanian dituen bi lantegietan ere 93 langile kaleratuko ditu, Isle-Jourdanen 33 eta Saint-Germen, 60. Enpresak argi utzi du kaleratutako langileei ezin diela lanposturik eman bere beste lantegietan.
Frantziako Gobernuak 15.000 milioi jarriko ditu industria aeronautikoa salbatzeko. Bruno Le Maire Ekonomia ministroak ekainean aitortu zuen ehun mila lanpostu inguru kolokan daudela. «Estatuak ez badu berehala esku hartzen, sektoreko hiru enplegutik bat desager daiteke», ohartarazi zuen, eta Lauak-en kasuan bederen, bete da aurreikuspena.
Aeronautikaren kolpea
Euskal Herrian funtsezko sektorea bilakatu da aeronautika. Hegoaldean, oraingoz, Arabako Aernnovak eta Bizkaiko ITP Aerok iragarri dituzte kaleratzeak.
Aernnovak Berantevillan (Araba) du egoitza nagusia, eta joan den astean plazaratu zuen langileen %20 kaleratzeko asmoa: Euskal Herrian eta Espainian 650 behargini eragingo die neurriak, eta 350i gainontzeko herrialdeetan.
ITP Aerok, berriz, uda ostean kaleratuko du lantaldearen %15. Hegazkinentzako motorrak eta osagaiak ekoizten dituen enpresak lau planta ditu Bizkaian: Zamudion, Derion, Sestaon eta Barakaldon. 1.900 behargin, guztira.
Ikusi beharko da zer gertatzen den udazkenean aldi baterako erregulazioan dauden langileekin. Uztailean 50.676 zeuden erregulazioan, Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera. Ekainaren amaieran baino 37.000 gutxiago dira, eta erregulazioek goia jo zutenean baino 180.000 gutxiago.
Erregulazioan dauden langileei buruzko kezka handia azaldu du Borja Belandia Lanbideko zuzendariak: «Arazo larria izango da aldi baterako erregulazioak ezin badira irailetik aurrera luzatu». Ez dirudi hori gertatuko denik, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak azken egunotan baieztatu duelako baldintza bereziko erregulazioak luzatuko dituztela irailaren 31n amaitzen badira. «Ez dugu babes sistema bat sortu ondoren alde batera uzteko», argudiatu du. Atzo, berriro ere, aldi baterako erregulazioei eusteko deia egin zuten sindikatuek. «Enpleguaren suntsiketa eragozteko eraginkortasun handia erakutsi duen tresna bat da», azaldu zuen Nafarroako UGTk.
Herrialde eta eskualde turistikoetan ez bezala, Hego Euskal Herrian uztaila ez da beti ona izaten enpleguarentzat. Turismoarekin lotutako negozioek enplegua sortu ohi dute, baina beste atal askotan kalera joan ohi dira ordura arte lanean egondako mila langile; hezkuntzan, esaterako. 2018an eta 2019an, gora egin zuen langabe kopuruak. Baina 2020a, nola ez, ezohiko urtea da lan merkatuarentzat ere, eta behera egin du langabe kopuruak, apal bada ere (-1.504).
Bi faktorek azal dezakete aldaketa hori: batetik, ohikoan udan lana galtzen duten batzuek udaberrian galdu dute aurten; bestetik, ostalaritzari lotutako jarduera batzuetan uztailera arte itxaron dute langileak kontratatzeko, herritarrak alde batetik bestera aske mugitzeko debekuak erabat kendu eta negozioak ireki diren arte.
Langabezia batez ere zerbitzuetan jaitsi da (-1.595), baina industrian ere pixka bat jaitsi izanak (-194) erakuts dezake sektore hori jarduera berreskuratzen ari dela. Hala ere, ohar bat egin du Belandiak: «Industria sektorea enpleguari eragingo dioten erabakien aurreko fase batean dago». Hau da, Lanbideko zuzendaria beldur da uda bukatutakoan ez ote den luzatuko kaleratze masiboak iragarri dituzten enpresen zerrenda.
Edonola ere, zantzu positibo horiek guztiek ez dute ezkutatzen egoera larria dela. Iazko uztailean baino ia 40.000 langabe gehiago daude Lanbiden eta Nafar Lansaren. Hau da, %27 handitu da langabezia azken urtean. Igoera handiago bat soilik 2008tik 2009ra ikusi zen, baina hilabete gehiagotan zehar izan zen. Lau urte egin behar da atzera antzeko langabe kopuru bat aurkitzeko.
Langabeen %55,5 emakumezkoak dira, eta %44,5, gizonezkoak. Alde horretatik, koronabirusaren krisiak ez du okertu andrazkoen egoera kaskarragoa, iazko uztailean langabeen %58,5 baitziren emakumeak.
Langabeak galtzeaz gain, langile batzuk berreskuratu ditu lan merkatuak: batez beste, ekainean baino 1.471 lagun gehiagok kotizatu dute Gizarte Segurantzan. Igoera txikia da, kontuan hartuta martxotik ekainera 38.000tik gora afiliatu galdu zituela sistemak; horietatik bi mila inguru, autonomoak, eta beste hainbat, etxeko langileak.
Aldi baterako erregulazioek guztiz baldintzatu dituzte langabeen babes sistemari buruzko datuak. Izan ere, Espainiako Lan Ministerioak ez ditu bere datuetan bereizten langabezia saria jasotzen dutenen artean zenbat dauden lanik gabe eta zenbat dauden aldi baterako erregulazioan; horiek, sailkapen guztien arabera, ez dira ofizialki langabeak. Horrela, ekainean 153.314 lagunek jaso zuten sari bat; hau da, hilabete horretan lanik gabe zeudenen %87k. Baina horien artean hamarnaka mila dira erregulazioan dauden langileak, Espainiako Gobernuak pandemiaren hasieran onartutako arauek egoera horretan dauden langile guztiei bermatzen baitiete saria.
