Ayerdi: “COVID-19aren detekzioan eraginkorra izateak Nafarroari kalte egiten dio”

Manu Ayerdiren ustez, Nafarroak COVID-19aren kasu positiboak hautematean duen eraginkortasunak kalte egiten dio alderdi ekonomikoari eta turismoari dagokienez.


Eusko Jaurlaritzak jarri zituen lehenik indarrean auto berriak erosteko laguntzak, eta ondoren iritsi ziren Espainiako Gobernuarenak. Hasieran esandakoaren aurka, laguntzak bateragarriak dira —ekainaren 15etik aurrera erositakoentzat soilik, orduan jarri baitziren Indarrean Espainiarenak—. Gasolina eta gasolioa erretzen duten motordun autoen kasuan, 4.000 euroraino irits daiteke deskontua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —erdia, gobernuek, eta beste erdia, saltokiek—, eta 8.000raino auto erabat elektrikoen kasuan. Nafarroan txikiagoak dira laguntzak, Iruñeko gobernuak ez baitu sustapen plan berezirik.
Uztaileko datuetan argi ageri da Jaurlaritzaren menpeko lurraldeetan bilakaera hobea izan dela (+%34) Nafarroan (+%21) eta Espainian baino (+%1). Azken datu horretan eragina izan du autoak alokatzen dituzten enpresen eskaria asko jaitsi izanak, atzerriko turista eskasiaren ondorioz. Merkatu horrek garrantzi txikiagoa du Euskal Herrian.
Elektrikoen gorakada
Laguntza handienak motor alternatiboak dituztenek jasotzen dituzte, eta horiexek egin dute saltorik handiena salmentetan. Uztailean, motor hibridoak, elektrikoak eta gas bidezkoak dituzten 1.328 auto matrikulatu dituzte, iaz hilabete horretan baino 849 gehiago. Hau da, salmentak ia-ia iaz halako hiru izan direla (+%177). Horri esker, atal horretako ibilgailuak dira 2020an joera positiboa duten bakarrak, %21,6 gehiago saldu baitira. Horrenbestez, haien merkatu kuota inoizko handiena da: %23 uztailean, eta %20 2020an.
Atal hori xehatuz gero, nabaria da saldutako lau auto berritik hiru hibridoak direla; hau da, motor elektrikoa eta erreketakoa uztartzen dutenak. Baina elektriko hutsen pisua hasi da handitzen, azkenean: 147 saldu dituzte uztailean, iaz baino %188 gehiago. Hau da, joan den uztailean matrikulatutako autoen %2,5 dira elektrikoak.
Gaur egun beren eremuan dauden lantegietan errekuntza motorreko autoak guztiz nagusi direnez, eta sektore horiei bultzada eman nahi dietenez, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak erabaki dute gasolioa eta gasolina erretzen duten autoak ere diruz laguntzea. 800 eta 4.000 euro artean jaso ditzakete. Laguntza hori salmentetan antzeman da: gasolina bidezko autoen matrikulazioa %11,9 handitu da, eta gasolio bidezkoena, berriz, %18,9.
Motor alternatiboen hedapena gasolina bidezko autoen kontura iristen ari da. Iaz, %65,6ko merkatu kuota izan zuen gasolinak Hego Euskal Herrian, eta %57,6 aurtengo lehen zazpi hilabeteetan.
Dieselaren gainbehera ez da eten, baina moteldu dela dirudi: saldutako auto berrien %23,7 izan ziren iaz, eta %22,3 izan dira aurten. XX. mendearen hasierako urteetan erabateko nagusitasuna lortu zuten diesel motorrek, eta 2011n jo zuten goia, hamarretik zazpik motor hori baitzuten. Iaz %32ra jaitsi zuten kuota.
Gertutasun hartan ibili nahian, lau hormetatik ihes egiteko alternatiba gisa aurkeztu dira euskal kanpinak. Hainbat hilabete etxean konfinatuta igaro ostean, itxialdiak efektu argia izan du gizartearengan, eta jendeari hainbeste falta izan zaion askatasuna eskaintzen diote. Gainera, badirudi segurtasuna eta lasaitasuna nahitaezkoak direla aurten oporretako helmuga hautatzean; uda honetan leku ireki eta espazio pertsonal seguruak erakargarriak izateaz gain, lehentasuna dira bisitarientzat.
Uztailean ireki zuten Talai Mendi kanpina, Zarautzen (Gipuzkoa), eta erritmo onarekin hasi zirela adierazi du arduradunetako batek, Haimar Arozenak: «Atzerritik jende gutxiago zetorren, baina tokikoekin bertakoekin konpentsatzen zen. Ikusita nondik gentozen, ondo hasi genuen uda». Hil hasieran ireki eta bi astera, baina, denen begiradapean zegoen Talai Mendi: bi kanpinzale ohik positibo eman zuten. Bezero eta langile guztien artean 250 PCR probetatik gora egin zituzten. Bi positibo agertu ziren, baina fokurik egon ez zela baieztatuta, normaltasunera itzuli ziren hurrengo egunean.
Halere, Arozenak azaldu duenez, egoera ez zen inolaz ere berbera: «Lanean normal jarrai genezakeela esan ziguten. Normal bai, baina kanpina husturik. Jende nahikotxo geneukan, baina jende oso gutxirekin geratu ginen. Ordu gutxian kaltea handia izan zen guretzat; oraindik ere deitzen digute galdetzeko ea konfinaturik gauden». Gertakariaren ondoren, 250 bezero ingurutik herena geratu ziren kanpinean. Gehienak, atzerritarrak; ingurutik etorri ziren kanpinzaleek ospa egin zuten.
«Desastre hutsa» izan da negozio ikuspuntutik, baina jazotakoa guztiz «logikoa» deritzo arduradunak. Kanpin batean horrelakorik gertatzen den lehen aldia izan da, eta denen arreta bereganatu du Talai Mendik: «Zentzu guztietan puztu da gertatutakoa. Hori izan da diskurtsoa, jendeak irentsi duena. Jendea lasai etortzera dator, eta ulergarria da emaitza».
Zailtasun guztien gainetik, atzerritarren etorrera ohi bezala ari da mantentzen Talai Mendin. Datorkiena, aldiz, «ezjakintasunez» ikusten du Arozenak: «Oraintxe bertan, ez dakigu zer esan. Ez da konparagarria izango beste udekin, baina ona izan daiteke. Joan zirenen parte bat itzuliko balitz, gaitz erdi!». Uztailean, behintzat, eguraldiak lagundu die Talai Mendikoei, baita Zarautzeko hondartzak ere.
Izan ere, surf egiteko leku gisa «gero eta ezagunagoa» da Zarautz, eta asko dira kanpinera doazenak surf oholarekin. Zaletasun berbera dute bezero askok, eta, Arozenaren ustetan, leku gutxitan lortu daiteke kanpinetan ohikoa dena: «Kanpinzaleen artean harremanak sortzen dira. Estilo berdineko jendea etortzen da, eta segituan nabaritzen da haien arteko kontaktua. Nire ustez, hemen sortzen diren harremanak ez lirateke sortuko beste inon».
Talai Mendiko kanpinzale errioxar batek uztailaren 10etik darama Zarautzen, eta kanpina leku «segurua» dela adierazi du. Urtero bezala igaroko du hilabete bat euskal kostaldean. «Lasaitasun» osoz gogoratzen du uztail erdialdean gertatutakoa: «Hogeita lau orduko kontua izan zen, eta ez zen izan inongo arriskurik. Guztia zuzen egin zuten, eta segituan baretu zen kanpineko egoera».
Hondartzak Talai Mendira bezala, mendiak erakartzen ditu bezeroak Eko kanpinera, Arbizun (Nafarroa). Ezohiko uda izanda, «nabarmen sumatu» dute atzerriko jendearen falta, eta tokikoak bertakoak izan dira nagusi. Orain, hirietara joan baino gehiago, mendi bueltak eta txangoak egiten dituzte kanpinzaleek. Izan ere, Aralar, Urbasa eta Andia mendien artean dago kanpina.
Urte osoan irekitzen dute kanpina, abendutik urtarrilera bitartean izan ezik. Tamalez, aurten martxoaren 15ean berriro itxi behar izan zuten, eta ondorioen inguruan aritu da arduradunetako bat, Jesus Mari Reparaz: «Kalte ekonomikoa nabarmena izan zen, noski. Ez zen diru sarrerarik izan, eta gastuek bere hartan jarraitu zuten ». Gainera, itxialdian zehar, aukera paregabeak galdu zituzten: San Joseko zubia, Aste Santua, Ehunmiliak eta Tritoiena lasterketak… Abuztuaren 30ean egitekoa dute hori.
Itxialdiko bigarren fasera sartu ostean ireki zuten kanpina, maiatzaren 29an. Ekain amaiera aldera arte «lan oso gutxi» izan zuten —nafarrak soilik joan zitezkeen fase guztiak amaitu arte; erkidegoen arteko mugak itxirik zeuden—. Beraz, normaltasun berrira iristearekin batera, goia hartu zuen kanpinak: «Beste urteetan sanferminak amaitu arte ez da mugitzen jendea, eta, aurten, uztail hasieratik ongi ari gara. Kontentu gaude».
Ez zaizkie falta gustura jarraitzeko arrazoiak. Abuzturako aurreikuspenak onak dituzte Arbizuko kanpinean, alokairu dituzten etxetxoak beterik baitaude, eta asteburuero «mukuru» betetzen baitira lursailak.
Kanpinzale asko itzuli ohi dira berriro, baina lehenengo aldiz kanpinera joatea erabaki dutenak ere badirela azaldu du Reparazek. Hurrengo urteetara begira, kanpineko arduradunaren ustez egonkortu daiteke tokiko bertako jende gero eta gehiago etortzearen joera: «Hedabideen eraginez dei efektua egon dela garbi dago, eta esperientzia ona izanda, jendeak hurrengo urteetan errepikatu egiten du».
Kanpineko bezeroek ere izan dute zer esan aurtengo turismoari buruz. Itziar Gimbert gasteiztarrak Arbizura joatea erabaki du aurten, beste urte dezentetan egin duen bezala. Mendi inguruak eta Sakanako parajeak asko gustatzen zaizkio, eta ontzat jo du inguruko bisitariak aurkitzea: «Euskara gehiago entzuten da aurreko urteetan baino. Bertakoekin topo egitea aukera aproposa da lagun berriak egin ahal izateko».
Bizkaiko kostaldean, Gorlizko hondartzatik oso hurbil, zuhaitzek kanpin bat ezkutatzen dute, Arrien izenekoa. Eguzkiak ez du gogor jotzen, eta lasai dago kanpina; hostoen artetik sartzen diren eguzki izpiek argia ematen diote tokiari. 280 lagun daude orain. «Ez dago gaizki», dio Javier Fernandez kanpineko kudeatzaileak, «baina joan den urtean data hauetan 480 pertsona zeuden». Asteburuetan, Euskal Herriko jende asko egoten da, baina kanpotar gutxi: «90 frantses egon beharko lirateke oraintxe bertan, eta bederatzi daude. 164 euskal herritar daude orain, baina ez dago kanpoko turismorik». Eguraldi onarekin kanpinak beteta egon beharko lirateke, baina pandemiak dena suntsitu duela azaldu du Fernandezek. Abuzturako hainbat erreserba bertan behera geratu diren arren, bungalowak beteta daude. «Etxean egotea bezala da. Ez dira beste pertsonekin batzen».
Charo Gonzalez getxoztarra bere lursaileko landareak ureztatzen ari da. Hamar urte daramatza kanpinera etortzen: «Uda arraroa izaten ari da. Javierrek kartela jarri ohi du data hauetan beteta dagoela esanez; aurten ez dut ikusi». Gonzalezek gorroto du maskara, eta, horregatik, eroso dago bere lursailean, bertan ez duelako jantzita eraman behar. «Nire tokitik kanpineko jendea ikusten dut, eta denek erabiltzen dute maskara».
Gerizpea aprobetxatuz, Christoph Reichelt ere bere lursailean dago, irakurtzen. Alemaniatik etorri da emaztearekin eta bi semeekin. Hemengo neurriak, Alemaniakoekin konparatuz, zorrotzak iruditzen zaizkio Reichelti: «Maskara beti erabiltzea ez da beharrezkoa. Toki itxietan edo distantzia errespetatu ezin denean erabiltzea nahiko». Kanpinean jendea maskara gabe ikusi duela onartu du.
Naia Hernando Bilboko gaztea lagun batekin etorri da, eta kanpin denda prestatzen ari da: «Kanpin honetara etorri gara autorik ez geneukalako, eta hondartza hurbil dagoelako». Uste du kanpinean lasaiago egongo direla, nahiz eta guztion lekuetan maskara erabili behar duten.
Kanpineko kafetegian Izaskun Alkortak egiten du lan. Konfinamendua amaitu zenean, kanpina bizkaitarrez bete zela dio Alkortak; gero, arabarrez eta gipuzkoarrez ere bai. Mugak ireki zituztenean, baina, jendea Kantabriara joan zen, eta kanpina hustu egin zen. «San Ignazio izango da orain, ez luke tokirik egon behar», azaldu du Alkortak, «kanpinak jende gehien izango zituzten guneak izango zirela espero zen, baina Zarauzko kanpineko kasuak min handia egin duela uste dut». Langileen zein turisten ustez, kanpinak lasaitasun guneak dira. Hala ere, nahiz eta uztailean jendea egon den, mesfidantzaz begiratzen diote abuztuari. Alkorta: «Beldurra ari zaizkigu sartzen gorputzean; eta jendeak nahiago du etxean geratu».


Kezkatzeko beste motibo bat badago: BPGaren uzkurtzea nabarmen handiagoa izan da hemen beste herrialde batzuetan baino. Eurogunean ekonomia %12,1 txikitu da, %10,2 Alemanian, %12,4 Italian, %13,8 Frantzian, %9,5 AEBetan … Kontsolamendu eskasa nahi duenak beti du Espainiara begiratzeko aukera, %18,5ekobeherakada izan baitu, orain arte jakinarazitakoetan handiena.
Martxoaren bigarren erdialdean Euskal Herri osoan hasitako konfinamenduak lehen hiruhilekoan ere zenbaki negatiboak eman zituenez, teknikoki atzeraldian gaude, horrela deitzen baitzaio bi hiruhileko segidan hazkunde negatiboa izatea.
Baina agian hobe da atzeraldi teknikoan «geundela» esatea, arau makroekonomikoen paradoxengatik, oso litekeena delako gaur, abuztuaren 2an, jada ez egotea teknikoki atzeraldian, baina bai krisi larri baten erdi-erdian. Ekonomia hazten ari dela pentsatzekoa da; herren, baina hazten. Apirilean ez bezala, fabrikak irekita eta lanean daude, eraikuntza berriro abiatu da, ostalarien kutxetan diru pixka bat sartzen ari da, fisioterapeutek eta dentistek bezeroak dituzte…
Izan ere, azken egunotan jakinarazitako datuek gertatu denaren argazkia ema n dute, gutxi asko espero zena itxialdia erabaki zutenean: shock ekonomiko bat, enplegu galera handi batekin —agian ez kolosala, oraingoz—. Baina benetan garrantzitsuena da zer gertatuko den orain, zer ari den gertatzen, horrek emango baitu krisiaren neurria. Suspertzea handia bada, langile gehienek beren lanpostuei eutsiko diete, enpresa gutxik egingo dute porrot, eta COVID-19ari aurre egiteko gastuen faktura bizpahiru urtean ordaindu ahal izango da. Baina suspertzea txikia bada, panorama gehiago belztuko da:enpresak itoko dira, langileak kalera joango dira, kontsumoa jaitsiko da eta atzeraldiaren sorgin gurpila elikatuko denez, fakturaren zamak hainbat urtez motelduko gaitu.
Ezkortasuna zabaltzen
Zoritxarrez, gaur-gaurkoz bigarren aukera indartzen ari da. Koronabirusaren agerraldiak uxatzen ari dira ekainaren hasieran susma zitekeen baikortasun lotsatia. Debekuek eta mugek kanpoko turisten etorrera eten dute, maskara derrigor jantzi behar izateak tabernetarako eta jatetxeetarako bisitak gutxitu ditu, gaixotasunarekiko beldurra opor planak baliogabetzen ari da, eta, giro ezkorragoak —«noiz dator hurrengo konfinamendua?», askoren ahotan dagoen galdera— kontsumoa uzkurtzen du. Eta, agian tristea izango da, baina gauzen zein zerbitzuen kontsumoa da ekonomiaren motor nagusia, lanpostuen zati handi bati eusten diona.
Egia da mina ez dutela guztiek berdin sentituko. Garai gogorrek jarraituko dute kulturaren langileentzat, ostalarientzat eta jendaurreko beste zerbitzu batzuk ematen dituztenentzat. Industrian gauzek ez dute itxura onik autogintzan eta makina erremintan, baina aeronautikan hondamendia dator gainera. Sektoreak ez du espero 2019ko aire trafikoa berreskuratzerik 2024ra arte, eta, hegaldirik gabe, ez dago hegazkin berrien beharrik. Kaleratzeak iragarri dituzte sektoreko euskal enpresa nagusiek —Aernnovak, ITP eta Sener—, eta, oihartzun txikiagoarekin bada ere, txikiagoetan egoera ez da desberdina izango.
Defizit mugak, hitzartuta
Ekonomiaren bilakaera erakusten duten datu txikiei —autoen salmenta, etxeena, industriaren ekoizpena…— adi egongo dira Elma Saiz bera eta Pedro Azpiazu, iragartzeko ea zenbat diru iritsiko den kutxa publikoetara. Aste honetan lotu dute defizit muga Madrilekin: BPGaren %2,3 lehenengoak eta %2,6 bigarrenak. Funtsean, zenbateko zorra hartzeko baimena izango duten. Lorpen gisa saldu nahi izan dute batak zein besteak, baina datuak erlatibizatu beharrekoak dira. Shockari aurre egiteko, behar beste gastatzea aholkatzen ari dira austeritatearen garai bateko defendatzaileak, eta defizit kontuetan barra librea onartu die Bruselak estatukideei. Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuari muga hamarren edo puntu batzuk handitzea edo txikitzea ez liok easkorik axola beharko; hala erakutsi du hitzartutako kopuruak alda daitezkeela onartuta. Hurrengo urtean baliteke testuingurua beste bat izatea, baina, oraintxe, 2021a urrun dago, oso urrun.
Ezohiko kontseilu bereziaren osteko agerraldian aurkeztu zuen agiria Txibitek, Javier Remirez eta Jose Mari Aierdi presidenteordeak alboan zituela. Ekitaldiari arrandia emateko asmoz, Nafarroako Jauregiko patioan egin zuten, eta ez prentsa aretoan, ohi duten moduan.
211 talderekin bilkura
Aurretik, parlamentuan berreraikuntza aztertzeko batzorde bat osatu zuten, eta 126 proposamen egin zizkioten taldeek gobernuari, planean bil zitzan. Halaber, gobernuak azaldu zuen asteotan 211 elkarterekin eta eragilerekin bildu direla. Aurrera begira, edukia aurkeztuta, irailetik aurrera eztabaida abiatu nahi dute, edukia moldatzeko. «Nafarroarentzat eta Nafarroaren eskutik egindako plana da». Txibiteren irudiko, askok bere burua islatua ikusiko dute. «Gauza ez da nireari erreparatzea, baizik eta norbere interesak orokorrarekin bateratzea».
Pandemiaren ondorioz, bigarren hiruhilekoan barne produktu gordinak %15,6 egin du atzera, eta urtea aspaldian ikusi gabeko atzeraldiarekin amai dezake. Diru sarreretan 818 miloi euroko jaitsiera aurreikusi du gobernuak, eta, finantza publikoetan zuloa erabat nola estaliko den oraindik argitu ez den honetan, egitasmoa etorri da. 2021etik aurrera ekingo zaio berreraikuntzari. Txibiteren hitzetan, aurretik zituzten asmoak eta anbizioak «hauspotu» ditu pandemiak. Ez du uste egungo egoerak baldintzatu dezakeenik: «Ez dugu egin berehalako egoerari begira, luzera begira baizik».
Ez zuten argitu aurrekontu bidezko finantzaketarako zerga erreformarik egingo duten. Aierdik nabarmendu zuen Nafarroako zerga erregimen propioari esker hobeto erabil ditzakeela baliabideak. Haren hitzetan, COVID-19ak osasun eta ekonomia arloetan utzi dituen irakaspenak kontuan hartu dituzte, baita aurreko krisiak utzitakoak ere. Hala, «ez da berehalakoan otu zaien laguntza sorta bat».
Egitasmoan bost gidalerro estrategiko eta 190 neurri proposatu ditu gobernuak, eta horien artean lehentasuna 46k dutela. Dena den, komunikabideei azaldutako agiriak gobernuak legealdi honetarako aurreikusiak zituen egitasmo nagusiak biltzen ditu. Halaber, neurri zehatzak baino egitasmo orokorrak eta asmoak zerrendatzen dira.
Adibidez, ekonomia eraldatzeko prozesuan, COVID-19ak gehien erasandako enpresentzako laguntzak proposatu ditu, «bideragarriak diren enpresen galerak eragozteko eta likidezia bermatzeko». Gainera, aipatzen da sektore estrategikoak bultzatzea, eraldatze digitala bizkortzea lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko, Ikerketaren eta Garapenaren atalean Europan duen posizioa hobetzea, gizarte ekonomia eta ekintzailetza bultzatzea, eta enplegu aukerak hobetzea. Azkenik, azpiegiturak eta garraio sistemak hobetu behar direla aipatzen da, eta hor sartu dute Abiadura Handiko Trena.
Erdia, berriztagarria
Trantsizio digitalari dagokionez, helburuen artean jarri dute energia kontsumo osoaren erdia berriztagarri bidezkoa izatea. Eraginkortasun energetikoa bultzatu nahi dute; besteak beste, ibilgailu elektrikoak sustatuz eta alor horretan administrazio publikoa eredugarri bihurtuz.
Eraikuntzaren atalean ere zaharberritze jarduerak bultzatuko dira. Ekonomia zirkularraren aldeko apustua ere aipatu dute. Jarrera bera azaltzen dute gainerako hiru ildo estrategikoetan, aurretik gobernuak planifikatutako asmoak baitira.

Bankoa 1975ean sortu zuten, Donostian. Industria bankua zen hasieran, nagusiki Gipuzkoako enpresa ertainei eta handiei finantzaketa ematera bideratuta. Beste euskal lurraldeetara ere hedatu da, eta bezero partikularren maileguekin egiten du orain negozioaren erdia.
Gaur egun 30 bulego ditu, horietatik 28 Euskal Herrian: hamazazpi Gipuzkoan, bederatzi Bizkaian, eta bana Araban eta Nafarroan. Banku txikia da —257 langile ditu, 40.000 bezero, eta 4.374 milioi euroren negozio kopurua—, baina errentagarria —zortzi milioi irabazi zituen iaz—, eta kaudimenduna —%13,16ko kapitala du, CET1 ratioaren arabera—. Abancak ziurtatu du oraingo kudeaketa taldeak jarraitu egingo duela. 2017az geroztik Jesus Suarez du kontseilari ordezkari.
Abancak eta Credit Agricolek bazuten aurretik harremana, azken bi urteetan aseguruen negozioa partekatu dutelako.