Jaurlaritzak 5.000 eurorekin finantzatuko ditu balkoien eta terrazen berriztatzeak

Jaurlaritzak 5.000 eurorekin finantzatuko ditu balkoi eta terrazen berriztatzeak. Etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko laguntzen deialdia % 37,5 igo da.



Munduan, sei gaztetik batek galdu du lana COVID-19aren ondorioz, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera; haren txostenak dio pandemiak gazteengan «eragin hirukoitza» izan duela: «Ez du enplegua soilik galarazi, baita gazteen hezkuntza eta formakuntza ere. Lan munduan sartu nahi duten edo lanez aldatu nahi dutenentzat oztopo handiak eragin ditu».
Hego Euskal Herrian 25 urtetik beherako 17.959 langabe daude, enplegu zerbitzuek aste honetan emandako datuen arabera; joan den otsailean baino 6.147 gehiago. Langabeziaren hazkundea %52 izan da azken lau hilabeteetan. Urte osoko datua are eta kezkagarriagoa da: 2019ko ekainean baino %58 gehiago dira langabezian dauden gazteak. Lurraldeka, Bizkaian daude gazte langabe gehien (7.136), baina hazkunderik handiena Gipuzkoakoa izan da: 2.473 gazte langabe zeuden otsailean; orain, 4.078.
Komunikazio sektoreko langabea
Zerrenda horretara gehitu den gazteetako bat da Miren Osa (Azpeitia, Gipuzkoa, 1995). Komunikazio enpresa batean zebilen beharrean, eta, apirilaren 8an kontratua amaitzen zitzaion arren, gutxienez ekaina amaitu arte lanean jarraituko zuela hitzeman zioten. Ustez, «onak» ziren enpresaren datu ekonomikoak.
Konfinamenduan etxetik jardun zen lanean, apirilaren erdialdean enpresak iritzia aldatu zuen arte: esan zioten berriz egin zituztela kontuak, eta maiatzaren 18an kaleratuko zutela. Langabezian dago ordutik: «Hasieran, shock bat izan zen, eta galdera asko sortu zitzaizkidan: orain zer egingo dut? Zer dator?».
COVID-19a zuzenean lotu du gertatutakoarekin: «Ez dakit pandemia etorri ez balitz nola egongo nintzatekeen, baina behar baino lehen kaleratu naute egoeraren ondorioz». Hein batean, uste du enpresak egoera baliatu duela kaleratzea egiteko «aitzakiatzat»; izan ere, lan edo zerbitzu jakineko kontratua zuen.
Osa gehien kezkatzen duena egoera da: «Urte normal batean, maiatzean kaleratuta, aurkituko nuen udarako lanen bat; udalekuetan, edo taberna batean. Ez dut horretarako arazorik. Orain, ordea, ez dago lanik, ez dago aukera askorik, eta horrek larritu nau momenturen batean».
Ez da gurasoekin bizi, eta, oraingoz, langabezia sariak «lasaitasun apur bat» ematen diola aitortu du. «Egoera txarrean beste aukera batzuei heltzeko garai egokia» dela dio, eta horregatik berrekingo die ikasketei; lanen batekin uztartu beharko ditu, alokairua ordaintzeko.
Hezkuntza sektoreko langabea
Emantzipatzeko pausoa eman berri du Ane Uriak ere (Bilbo, 1996). Haur Hezkuntzako graduduna da, eta urtarrilean irten zen gurasoen etxetik. Urritik zebilen aterpetxe bateko monitore lanetan, GKE batek kudeatzen zuen hezkuntza proiektu batean, baina jasotzen zituzten ikastetxeek joateari utzi zioten martxoan pandemiaren ondorioz.
Epe labur batez bulegoko lanetan jardun zuen, baina, GKEak, Uriaren eta beste hiru lankideren soldatak ordaintzeko erabiltzen zituen laguntzak iristen ez zirela-eta, laurak kaleratu zituen. Berez, ekainera arte lan egitekoak ziren.
Uda bitartean eskuratuko zuen diruarekin kontatzen zuen alokairua ordaintzeko: «Abendura arte dut etxeko kontratua, eta hilero ordaindu behar ditut alokairua eta gastuak. Etxejabeak eman zidan geroago ordaintzeko aukera, baina ez dut zorrekin hasi nahi… Oraingoz, ditudan aurrezkiak erabiltzen ari naiz».
«Zorionez», Espainiako Gobernua ari zaio diru laguntza bat ematen, eta hori «babes handia» izaten ari da etxea ordaintzeko: «Ez nituen kotizatuak langabezia saria jasotzeko behar diren adina egun, eta langabezia saririk jaso ezin dugunontzako laguntza ari naiz jasotzen».
Udan lan egiteko aukera bila dabil orain; curriculumak «leku guztietara» bidali ditu, baina egoera «latza» dela dio. Etorkizunera begiratuta ziurgabetasuna sentitzen duela dio.
Euren kaleratzean aldagai batek zuzenean eragin duela uste du Uriak: «Gazteenak ginen. Helduagoak bagina, agian, ezberdina izango zen kontua». Ondo bidean, datorren urtean master bat eta lana uztartuko ditu, egoerak behartuta.
EHUko ingeniaritza ikaslea
Milaka gazte, berriz, Osak eta Uriak egingo dutenaren alderantzizko bidean harrapatu ditu COVID-19ak: ikasketetatik lan mundurako jauzian. Unai Elustondok (Zarautz, Gipuzkoa, 1997), adibidez, uda honetan unibertsitateko titulua esku artean izatea espero zuen: «Urtarrilean egin nituen azken azterketak, dena gainditu nuen, eta Gradu Amaierako Lana egitea soilik falta zitzaidan». Industria Elektronikoaren eta Automatikaren Ingeniaritza ikasten du EHUn, Donostian.
GrALa enpresa batean egin nahi zuen, praktikekin uztartuz, proiektu bat «errealitatean aplikatzeko eta enpresa bateko nondik norakoak ikusteko». Otsailaren 10ean hasi zen lanean. Proiektua makina berri bat enpresan instalatzea zen, eta horretan jardun zuen martxoaren 16ra arte, EHUk praktikak bertan behera utzi zituen arte. Ordutik ez da lanera itzuli: «Etxean jarraitu nuen ahal nuena egiten».
Elustondok ere «zalantza asko» izan zituen. Jada prest zuen hogei orri inguruko txosten bat, baina, azaldu duenez, «oso ahula zen nire GrALa, makina instalatzeke baitzegoen oraindik». EHUk maiatzaren 26an baimendu zuen praktikekin jarraitzea, baina enpresa aldi baterako erregulazioekin zebilen, eta egoera ez zen onena: «Esan zidaten irailetik aurrera saiatuko zirela praktikei berrekiten, baina une hartan lehentasuna langileak itzultzea zela —itzuli dira jada—. Ulertzen dut, baina ni ezin naiz ordura arte ezer egin gabe egon».
Egoera ikusita, Elustondok unibertsitateko tutorearekin hitz egin zuen, lantzeko gai berri bat proposatu zion, eta joan den astean hasi zen horrekin: «Putakeria bat da niretzat; hutsetik hasi naiz, eta izugarrizko lana egin beharko dut; baina, behintzat, ez dut itxaroten egon behar, eta etxetik egin dezaket». Beraz, ez nahi bezalakoa, baina ikasleak berak jarri dio konponbidea egoerari.
Basque Culinary Centerreko ikaslea
Irtenbide bat bilatu behar izan du Ane Galardik ere (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1997). Egin behar zituen praktikak bertan behera geratu ziren, eta berak aurkitu du lan egiteko beste leku bat: «Unibertsitateak esan zigun praktikak nahi eta nahi ez egin behar genituela, eta, lagundu diguten arren, zerbait bilatzea buruhauste bat izan da ikasleontzat».
Izan ere, Galardi apirilaren 10ean joatekoa zen Galapago uharteetara, Ekuadorrera, hango fundazio batek sortu nahi duen zentro batean laguntzera. Han egingo zituen Basque Culinary Centerreko hirugarren maila bukatzeko behar dituen praktikak: «Ilusio handia nuen Galapagoetara joateko. Lehen mailatik nuen buruan, oraintxe nuen aukera… logikoa da hartutako erabakia, baina kristoren pena eman dit».
Orain, Lasarte-Oriako Ttakun Kultur Elkartean dabil lanean, txokoetako jangela zerbitzua modu seguruan eman ahal izateko protokolo bat sortzen. Ekainaren erdialdean hasi zen, eta abuztuaren 28an amaituko du, datorren ikasturtea hasi baino lehentxeago. Aurreikusia zuen oporraldirik gabe geratuko da: «Aurtengoa anekdota bat balitz bezala hartuko dut. Gutxienez, lortu dut galera handirik ez izatea».
1 Batek behin esan zuen bezala, «merkatua da, adiskide». Bai; birus gaiztoen merkatua, adiskide.
2 Beharbada, okerragoa izan zitekeen; gogoratu C hepatitisa sendatzen zuen botika izugarri garesti hura. Nola zen? Sovaldi du izena. Konpainia honek berak saltzen du, Gileadek. Europako herrialde askotan, Sovaldiren oinarrizko hamabi asteko tratamenduak 40.000 eurotik gora balio zuen duela hiru urte.
3 Gilead zen hura ere? Demontre. Dena den, nola ezartzen zaio prezioa bizitza bat balio dezakeen sendagai bati? Gileadeko lehendakariak berak, Daniel O’Dayk, gaiak aurretik piztu dituen kezka guztiak jakinda, gutun publiko batean azaldu du zein irizpiderekin ezarri dioten prezioa bere erremdesibir botikari; zehatzago, zergatik jarri duten «balioaren azpiko prezioa».
4 Oraindik esango du merke jarri duela. O’Dayk zenbakiak eman ditu: «Egoera normalean sendagai bati prezioa hark ematen duen balioaren arabera jarriko genioke». Bere botikak batez beste lau egunetan murrizten omen du koronabirusak gaixotutako pertsona baten suspertzea. Lau egun horiekin AEBetako ospitale batek 12.000 dolar aurreztuko lituzke gaixoko. Eta Gileadek erabaki du prezioa «balio horren oso azpitik jartzea».
5 Eskertuta egon behar, gainera. Hala ere, sendagaiak aurkitu eta garatu egin behar dira; dirutza beharko da. Ez da argitaratu Gileadi zehazki zenbat kostatu zitzaion erremdesibir aurkitzea. C hepatitisarentzat asmatu zuten, duela hamar urte inguru, baina baztertu egin zuten. Beste birus batzuetarako balio zuen probatzen hasi ziren gero, AEBetako gobernuaren ekimenez. Diru publikotik 70 milioi dolar jarri dira erremdesibir garatzeko, baina patente osoa Gileadena da; mozkinak Gileadentzat.
6 Ai ene. Eta zenbat balio du sendagaia bera ekoizteak? Gileadek dio botikarekin 1.000 milioi dolar gastatuko dituela 2020 amaierarako. ICER erakunde independenteak dioenez, Erremdesibir dosiak 100 dolar balioko balu, Gileadek 2020ko bere kostu guztiak estaliko lituzke. Botika egiteko lehengaiek, berriz, hamar dolar balio dute, guztira, dosiko.
7 Agian, gobernuek negoziatzen badute, jaitsiko da prezioa. O’Dayk dio prezioak negoziazio horiek eragozteko ezarri dituztela, «egoera berezian». Soilik garabidean diren herrialdeekin negoziatuko du. Dena den, AEBetako gobernuak erosi dio uztaileko, abuztuko eta iraileko ia produkzio guztia, milioi erdi tratamendu.
8 Eta beste herrialdeentzat, ezer ez? Europako Batzordea erreserba bat negoziatzen ari omen da. Dena den, erremdesibirren eraginkortasuna ez dago batere argi, ezta hura baino sendagai merkeago eta eraginkorragorik iritsiko den ere. Erremdesibirren merkaturatze bizkorra oso berezia da, pandemia egoerak behartua. Osakidetzak berak erabili ditu Gileadek orain arte «emandako» dosi batzuk, baina soilik ez dagoenean beste aukera terapeutikorik gaixoarentzat.
Siemens Gamesa Renewable Energyk (SGRE) lortutako azken enkarguei begiratu besterik ez dago ikusteko offshore (itsasoko) haize erroten negozioak gero eta pisu gehiago duela taldean. Hain zuzen, offshore negozio horretan jardutekoak dira taldeak Europan zabaldu dituen lantegi berriak. Alemanian, Danimarkan eta Frantzian daude, sorgailu eolikoentzako ur sakonera abegikorreko itsasoei, Mantxako kanalari eta Ipar Itsasoari, begira.
Fabrika batzuk ireki, besteak itxi. Onshore (lurreko) erroten negozioan, berriz, badirudi SGREk palak ekoizteko fabrika bakarra nahikoa duela Iberiar penintsulan. Urrian iragarri zuen SGREk Senvionen Vagosko (Portugal) Rias Blades pala fabrika erosi zuela, Agoizko, As Somozasko (Galizia) eta Cuencako (Espainia) langileen atsekaberako. Esportaziorako eta penintsulako eskariei erantzuteko kokapen egokiagoarekin, Siemens Gamesak Rias Bladeserako iragarri ditu inbertsioak eta molde berriak. Aldiz, Agoitz itxi egin du. Eta As Somozasen eta Cuencan, oraingoz salbatu egin badira ere, ez daukate baikortasunerako arrazoi handirik.
Agoizko pala lantegiak azken hiru urteetan galerak izan dituela dio SGREk, onshore negozioa gaizki dabilela. Baina berriztagarriak nagusi bihurtzeko trantsizio energetiko betean ez al zegoen, bada, Europa? Hala da, eta ez dago zalantzarik, oraindik ere haize errotak beharko dira lurrean, penintsulan, eta ez gutxi.
Enkanteak
Baina horrek ez du esan nahi negozioak bere horretan dirauenik. SGREko buru kargugabetu berriak —hura ere birrindu du haize errota honek—, Markus Tackek berak, aipatu zuen akziodunen azken biltzarrean nola enkanteen sistemak estualdian zeuzkan sorgailu eolikoen ekoizle handi guztiak.
Europako eta munduko gobernu askok aldatu dituzte energia iturri berriztagarriak bultzatzeko politikak. Oraintsu arte, teknologiak, parke eoliko eta fotovoltaikoak garatzeko modu nagusia laguntzak ziren; instalaziorako laguntza zuzenak eta argindar merkatukoak baino prezio handiagoko kontratuak. Baina, orain, behin teknologiak garatuta daudela, ia gobernu guztiek enkanteen tresna hautatu dute berriztagarrien hedapena eta kostu txikiagoen onura ziurtatzeko. Iturri jakin bateko hainbesteko ekoizpen ahalmena nahi dela? Enkantean jarri, eta argindar preziorik txikiena eskaintzen duen garatzaileak (beste hainbat baldintzaren artean, jakina) lortuko du kontratua (egingo du parkea). Argi dago, garatzaileentzat marjinak estutu badira, zer esanik ez, erroten egileentzako errentagarritasunak ere ez dira garai batekoak.
Deskarbonizazioak aurpegi anitz ditu. Iberdrolaren partea erosi ostean, Siemens Gamesaren %67aren jabea Siemens Energy da, eta guztien nagusi, Siemens AG. Alemaniako konpainiatzarrak jada iragarri du, Siemens Energy bereizi egingo duela taldetik. Hiruko karanbola lortu nahi du horrela Siemens AG-k: batetik, kontuetatik SGREren zenbaki gorriak urruntzea; bestetik, industriarako digitalizazioan eta halako negozioetan jartzea arreta; eta azkenik, 2030. urterako konpainia karbonoan neutral izatea.
Zikin, garbi, fosil, berriztagarri, Siemens AGek energiarekin lotutako negozio nagusiak Siemens Energyn bilduko ditu, eta 2020 honen bukaerarako burtsaratuko da talde berria (%55 hasieran).
Mugimendu horietan guztietan non geldituko da Siemens Gamesaren euskal erabakigunea? Birrinduta. Hori izan zen errotarriak txikitutako lehendabiziko gauza.
Kooperatiben ezaugarriengatik, COVID-19aren krisi ekonomikoak apalago joko du kooperatibetan beste enpresetan baino, elkarte horien ustez. Etengabe aldatzen ari den mundu honetan kooperatiben balioak «giltzarri» izango direla nabarmendu zuten. Kooperatiben konfederazioaren datuen arabera, egitura juridiko hori duten 3.259 enpresa daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Beste 503 dira Nafarroan. «Munduko erreferentzia gara oraindik ere, kopuruagatik eta ereduak duen presentziagatik». Euskadiko Kooperatiben Goi Kontseiluko presidente Patxi Olarrak iragarri du 2030erako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpleguaren %20 eman nahi dutela kooperatiben eredu juridikoko enpresek. Nafarroako BPGaren %12 inguru kooperatibek sortua da —ANEL elkarteak atzo emandako datuaren arabera—, baita EAEko BPGaren %7 inguru ere.
«Kooperatibismoa indarturik aterako da krisi honetatik, horrelako egoeretan kooperatibismoaren balioek inoiz baino pisu handiagoa hartzen baitute», esan zuen Olarrak. Aldi baterako erregulazioen atalean, adibidez, kooperatibek eragin txikiagoa izan dute beste enpresa eredu batzuek baino, «kooperazio mekanismoei esker».
Bide beretik, Konfekoopeko presidente Rosa Lavinek erantsi zuen balio kooperatiboak «lehiakortasun palanka eta konpromiso sozialaren erakusgarri» direla. Industriaren Nazioarteko Antolakuntza Cicopako presidente Iñigo Albizurik, berriz, berrikuntza izan zuen hizpide. Kooperatibak berrikuntzaren «laborategiak» direla esan zuen, eta COVID-19ari aurre egiteko irtenbideak aurkitu daitezkeela horietan.
Klima aldaketaren aurka
Maria Jesus San Jose Jaurlaritzako Lan sailburua kooperatibisten alboan egon zen, eta klima aldaketaren aurkako borrokan lehen lerroan jartzeko gonbita egin zien enpresa horietako ordezkariei. Gaurko eguna Kooperatibak eta klimaren ekintza lelopean ospatuko dute kooperatibek, izan ere. «Kooperatibismoan daude eredu iraunkorraren oinarriak. Kooperatibek izan behar dute ingurumen programa kolektiboen abangoardia, ekonomia zirkularraren eragile berritzaileak eta Europako Itun Berdeko protagonistak». San Josek esan zuen pandemiaren «kolpe izugarriak» oraina baldintzatu duen arren ez dela ahaztu behar klima aldaketa dela «gizadiaren aurkako mehatxurik handiena».
Madrilek, bestalde, enpresek digitalizazioa eta prozesu jasangarriak bultzatzeko balioko duten 40.000 milioi euroren kredituetarako abalak ere onartu zituen atzo.
Pedro Sanchez Espainiako presidentea atzo bildu zen patronal eta sindikatu nagusietako ordezkariekin, «berpizte ekonomikorako eta enplegurako» ituna sinatzeko. Ez da oso zehatza akordioaren edukia, baina atea zabaltzen du gai gakoetan gobernua, patronalak eta sindikatuak akordioak egiten saiatzeko.
Akordioa Europari bidalitako mezu bat da, eta hala adierazi dute sinatzaileek ere. Bruselan ari dira negoziatzen berpizte funtsaren banaketa, eta Espainiak irudi ona erakutsi nahi du Europako buruzagien aurrean. Aurreikuspenen arabera, 140.000 milioi euro jaso ditzake.
Enpresak erreskatatzeko funtsa jasotzeko, konpainiek bete beharreko lehen baldintza da estatuak haiek estrategikotzat jotzea, duten eragin sozioekonomikoagatik. Sailkapen horretan sar daitezke, besteak beste, osasungintzako enpresak, azpiegituretakoak eta komunikazioaren sektorekoak.
Koronabirusaren ondorioz kaudimen arazoak izaten ari diren enpresentzat da funtsa; Madrilek ez du erreskatatuko COVID-19aren krisia piztu baino lehen arazoak zituen enpresarik. Beraz, estatuak euren kapitala erostea nahi duten enpresek erakutsi egin beharko dute 2019. urtean bideragarriak zirela.
Bete beharreko beste baldintza batzuk dira paradisu fiskaletan negoziorik ez izatea, Espainiako Akordio Klimatikoan ezarritako baldintzak betetzea, eta gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala amaitzea. Behin laguntza jasota, ezingo dute dibidendurik banatu bi urtean.
Estatua enpresen kapitalean sartuko da orain, zati bat nazionalizatuko du, baina helburua da etorkizunean konpainia horiek berriz ere pribatizatzea. 2024ko abenduan enpresaren kapitalaren %15 edo gehiago publikoa bada oraindik, enpresa berregituratu beharko dute.
Ministroen Kontseiluak autoen salmenta sustatzeko Renove plan berri bat ere onartu du; horretara bideratuko ditu 250 milioi euro. Laguntzak zuzenak izango dira, 300 eta 4.000 euro artekoak, eta hogei urte baino gehiago dituzten autoak txatarretara eramateagatik beste 500 euro ere jaso daitezke.
Eusko Jaurlaritzak urtarriletik du martxan bere Renove plana. Orain arte ez dira gehigarriak izan Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak eman izan dituzten laguntzak, baina Industria Ministerioak atzo baieztatu zuenez, oraingoan bai. Hortaz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 3.600 eurorainoko diru laguntzak eskura daitezke gasolina edo diesel auto bat erosteko, eta 8.000 eurorainokoak guztiz elektrikoa bada.
Jaurlaritzak duela gutxi hobetu zuen Renove plana. Hortaz, 3.600 euro horietatik 2.000 jarriko lituzke Gasteizko gobernuak; 800 ordainduko lituzke Madrilek, eta beste 800 fabrikatzaileak.
Turismoaren sektorean hiru laguntza txertatuko ditu gobernuak. Batetik, higiezin turistikoen hipotekak luzatzea onartu dute, eta, beraz, horien jabeek hamabi hilabete gehiago izango dituzte hipoteka kredituak itzultzeko. Luzapen hori baliatu ahalko dute COVID-19aren ondorioz zailtasun ekonomikoak dauzkaten autonomoek eta egoitza soziala Hego Euskal Herrian duten pertsona juridikoek.
Bestalde, sektorean digitalizazio eta berrikuntza proiektuak aurrera eramateko 216 milioi euro jarriko ditu Madrilek, eta barnealdeko turismoa eta nekazaritza turismoa sustatzeko plan bat ere onartu du.
«Ulertzeko erraza den eskaintza lehiakorra, eta bezeroarekiko harrera onena duen enpresa izan nahi dugu». Guuken aurkezpen ekitaldia atzo izan zen, eta horrela deskribatu zuten Jon Ander de las Fuentes zuzendariak, Euskaltelen finantza kontseilaria izandakoak, eta Juanan Goñi kontseilari ordezkariak. Goñi Dominion euskal teknologia enpresako arlo digitaleko burua da, eta etxe hori da, hain zuzen, Guuken bi bazkideetako bat, akzioen %30 dituena. Bestea Masmovil da (%70). Masmovilek Donostian du egoitza, eta Espainian lan egiten duten operadore handienetan laugarrena da. Guuken kapitala 1,7 milioi eurokoa da, eta, hasieran, 100 langile inguru izango ditu, «ia guztiak berriak», Goñik zehaztu zuenez. Alegia, ez dutela Masmovil edo Dominioneko langilerik bideratuko.
Sektorean eskarmentua duen jendea dira buruan, eta badakite lehiakortasun handiko merkatu batean sartuko direla; hala ere, uste dute badagoela non hazi. «Euskal merkatuan saturazioa badago, bezeroak eskatzen ez duen zerbitzua eskaintzen duten enpresengatik dago», azaldu zuen De las Fuentesek. Ez diote merkatu bolumen helburu jakinik jarri bere buruari lehen urterako, eta argi utzi zuten ez direla prezio apaleko enpresa bat.
Masmovilek hainbat akordio ditu telekomunikazio enpresen sarea erabiltzeko, eta azpiegitura hori erabiliko du Guukek bere zerbitzua hedatzeko. «Lurraldeko ia etxe guztietan zuntz optikoa eskaini ahal izan arte itxaron dugu», argitu zuen Goñik. Era berean, nabarmendu zuten Euskal Herritik irtetean ere bezeroak abiadura eta konexio mota bera mantenduko dituela.
Puntu berde bat izango da Guuken ikurra, eta enpresaren euskaltasuna aldarrikatu zuten aurkezpenean, «gure enpresek izan dituzten fidagarritasun balio klasikoak mantenduta». Konpainia aldaketak ohiko bihurtu dira telefonia kontsumitzaileen artean, eta, fideltasuna lortzek,o arreta zuzenak berebiziko garrantzia du. Alde horretatik ahalegin berezia egingo dute. «Hemendik eta hemengo jendearekin artatuko ditugu. Telefonia enpresek gehien hobetu behar dituzten zerbitzuetako bat da», esan zuen De las Fuentesek. Era berean, «ziurtatu» zuen euskaraz jaso ahalko dela telefono bidezko arreta.
Hego Euskal Herrian bakarrik lan eginda, normala da Euskaltelekin alderatzea; De las Fuentesek, baina, argi utzi zuen ez doazela «inoren aurka», eta, haren ustez, merkatuan gero eta enpresa gehiago egon, orduan eta hobe gizartearentzat: «Gu gehitzeko gaude, eta gure lurraldeetan aberastasuna sortzeko. Futbola jarriko dut adibide: egun nork esango luke txarra dela Lehen Mailan bost talde izatea? Lehia ona da». Goñik antzeko mezua bidali zuen: «Masmovil eskarmentu handiko konpainia bat da dagoeneko; guk ez dugu begiratu behar besteek zer egiten duten».
Prezioak betiko
Eskaintzari dagokionez, zuntz optikoa eta telefonia mugikorra kontratatu nahi izanez gero —abuztuan gehituko diote telebista—, bezeroak bi aukera ditu: 42 euro (7 GB mugikorrean) edo 52 euro (40 GB). Mugagabeko deiak dira. Fibra bakarrik kontratatuz gero, zerbitzuak 39 euro balio du. Azkenik, telefonoa bakarrik nahi izanez gero, 15 euroko (7 GB) eta 29 euroko (20 GB) eskaintzak daude. Biek muga gabeko deiak dituzte. «Prezioak horiek dira, ez ditugu aldatuko. Betiko dira», azaldu zuen De las Fuentesek. Dendetan, guuk.eus atarian eta 1490 telefonoan kontratatu daiteke. Zerbitzua abian da, eta ez du iraupen baldintzarik.
