Fed-ek interes tasak jaitsi ditu, 2008tik lehen aldiz
Jaitsierak ez du guztiz asebeteko Donald Trump AEBetako lehendakaria. Etxe Zuriko maizterren ohiko politika alde batera utzi eta presio egiten aritu zaio Erreserba Federalari, erakunde independentea dela ozen aldarrikatzea gogoko duen instituzio bati. Trumpek behin eta berriz eskatu du interes tasen «jaitsiera handi bat», uste baitu oraingoekin AEBek desabantaila duela Europako Batasunarekiko eta Txinarekiko.
Fedek, baina, handira baino, nahiago izan du txikira jokatu, nahiz eta atea irekita utzi duen hurrengo hilabeteetan tasak gehiago jaisteko. Baina analisten eta Fed-eko kideen artean badira tasak egokiak direla uste dutenak —bi gobernadorek bozkatu zuten jaitsieraren aurka—. Izan ere, AEBetako datu makroekonomikoak txukunak dira: hazkundea moteltzen ari da, baina oraindik ere %2,1eko erritmoan hazi zen bigarren hiruhilekoan; langabezia tasa azken 50 urteetako txikiena da (%4); eta kontsumo pribatua sendoa da (%4,3).
Horren aurrean, tasak jaisteko arrazoien artean daude industriaren motelaldia —Trumpek berak abiatutako merkataritza gerrek sustatutakoa, bidenabar—, inbertsioaren amiltzea, inflazioa ez dela %2 desiratura iristen, eta, batez ere, ekonomiak okerrera egingo duen uste zabaldu bati aurrea hartzeko borondatea.
Uste baino polikiago moteltzen ari den ekonomia bat jasoko…
Munduko ekonomiaren hazkundea indarra galtzen ari den garai batean Nafarroako datuak azpimarragarriak direla ziurtatu du Manu Aierdi Ekonomiaren Garapenerako jarduneko lehendakariordeak. «Nafarroako ekonomia uste baino hobeto ari zaio aurre egiten ekonomia globalaren geldotzeari, eta irazkortasun txikia erakusten ari da beste lurralde batzuei eragiten dieten gatazka geopolitikoen eta gerra komertzialen aurrean».
Oraingoz Nafarroa moteltzeari ongi eusten ari denez, jarduneko gobernuak ez du aldatu duela hilabete batzuk egindako iragarpena, hots, lurraldeko barne produktu gordina iaz baino %2,7 handiagoa izango dela urtearen amaieran. Eusko Jaurlaritzak, berriz, bere hasierako aurreikuspena hamarren bat igo zuen ekainean, %2,2raino, geldotzea uste baino txikiagoa izaten ari dela egiaztatu ondoren. Edonola ere, ohikoa da aurreikuspen horiek urtean bizpahiru aldiz aldatzea, eta ez da baztertu behar Nafarroak hemendik aste gutxira aldatzea bigarren hiruhilekoko datua, atzo zabaldutakoa aurrerapena baizik ez baitzen. Horregatik, Nafarroako Estatistika Erakundeak ez du sektorekako daturik eman, baina aipatu du industriak hazkundea txikitu duela, eta haren hutsunea eraikuntzaren «portaera onak» bete duela. Esportazioen ekarpena ere «arinki moteldu da». Azken datu hori esperotakoa da, azken urteak oso onak izateaz gain, geldotze prozesuan baitaude Nafarroaren kanpo merkatuetako batzuk, hala nola, Alemania eta Erresuma Batua.
Jarduera tasa, %60tik gertu
BPGaren hazkundeari ez ezik, enpleguari ere erreparatu zion Aierdik, eta analisi positiboa egin zuen. Batetik, INEren azken inkestak dio langabezia tasa %7,6ra jaitsi dela, eta jarduera tasa %60ra hurbildu dela. «Praktikoki, krisiaren aurreko jarduera tasara itzuli gara».
Soldatak, berriz, eurotan 2008koak baino %8,5 handiagoak diren arren, inflazioaren eragina kontuan hartuta beste 1,9 puntu bat igo beharko luketela aitortu zuen Ekonomiaren Garapenerako jarduneko arduradunak, baita igoera horrek ez diela herritar guztiei berdin eragin. «Bada zer hobetua».
EBZren neurrien zain
Oro har, eurogune osoan ari da apaltzen hazkunde erritmoa, Eurostatek atzo iragarri zuenez. Europako estatistika erakundeak dio urtearen bigarren hiruhilekoan %0,2 hazi zela BPGa eurogunean eta Europako Batasun osoan. Datu kaskarra da, kontuan hartuta aurreko hiruhilekoan hazkundea %0,4ra eta %0,5era iritsi zela, hurrenez hurren. Ondorioz, urte arteko hazkunde erritmoa hamarren bat jaitsi da euroaren eremuan (%1,1eraino), eta hiru hamarren, berriz, EB osoan (%1,3).
Atzoko BPGaren datuak eta inflazioarenak —%1,3tik %1,1era jaitsi da ekainetik uztailera— arrazoi gehiago emango dizkiote Europako Banku Zentralari bere iraileko bileran ekonomia sustatzeko neurri gehiago hartzeko. Interes tasak gehiago jaistea espero da, baina baita zor bonu publikoak eta pribatuak berriro erosteko programa abian jartzea ere. 2018 amaieran itxi zuen programa EBZk, 2,6 bilioi eurotik gora erosi ondoren, baina agindu zuen behar izatekotan ez zuela izango aktibatzeko dudarik.
Erreserba Federalak jaitsi egin ditu interes tasak, 11 urtean…
AEBko Erreserba Federalak norabide aldaketa eman dio herrialdeko diru politikari, jaitsi egin baititu interes tasak, 2008 urtetik lehen aldiz.
BBVAk 2.442 milioi euro irabazi ditu ekainera arte, %…
BBVk 2.442 milioi euro irabazi garbi lortu ditu 2019ko ekainera arte, 2018ko datuekin alderatuta baino % 3,7 gutxiago, bankuak uztailaren 31n jakinarazi duenez.
Apoyosko langileak, laguntza eske gobernuari
Ituna duten langileen kopuruak hazten jarraitu du lehen seihilekoan
Denetara, 149 lan hitzarmen gehiago erregistratu dira urtea hasi denetik ekainaren 30era arte. Horietako 129 enpresako itunak izan dira, eta gainontzeko hogeiak sektorekoak. Azken bi hilabeteak emankorragoak izan dira enpresa esparruan (51 itun), sektorekako negoziazio kolektiboan baino (hiru itun).
Sektoreko bi itun nagusiak, langile gehiagori eragiten dietenak, blokeatuta daude aspaldi: Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenak. Bizkaian, maiatzaz geroztik sindikatu denek bat egin dute plataforma komun batean, eta, bost greba egunen ondoren, urrian beste horrenbeste egingo dute. FVEM patronalak dei egin die sindikatuei gatazka alboratu eta negoziazio mahaian esertzeko, baina gatazkak luze iraungo duen itxura dauka. Gipuzkoako metaleko azken ituna 2011koa da; iraungita dago, eta egoera desblokeatzeko saio guztiek huts egin dute.
Arabako metalgintzako ituna ere berritu beharrean dago, eta negoziazioetan ez dute aurrera egiten bi aldeek. LABek atzo bidalitako oharrean SEA patronalaren jarrera salatu zuen, eta mahai gainean «benetako edukiak» jartzeko eskatu zion. Ituna lortu ahal izateko, sindikatua mobilizazioak egiten ari da sektorean.
Gipuzkoako papergintzan ere sei greba egun egin zituzten ekainean, eta horien ondoren akordio batera iritsi ziren uztailean Adegi enpresaburuen elkartea eta LAB eta CCOO sindikatuak. ELAk ez zuen bat egin, akordio «historiko bat» lortzeko aukera galdu zela argudiatuta. Hitzarmen hori Gipuzkoan aurten egindako sektoreko lehenengoa da, eta hurrengo txostenean erregistratuko du LHK-k.
Ekonomia %2tik gora handitzen ari da, ziurgabetasunari izkin eginda
Beraz, Alemaniaren zalantzek, Trumpen ezusteek eta brexit-ak berak ez badute ekonomiaren egoera asko okertzen, %2tik beherako lurreratze aski iragarriak itxaroten jarraitu beharko du. Eta horrek badu isla enpleguan ere, jakina. Atal horri dagokionez, lanaldi osoko lanpostuetan neurtua, %1,7 igo da urte arteko tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2019. urteko bigarren hiruhilekoan; aurreko neurketan baino hamarren bat gutxiago da hori.
Jaurlaritzako Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk esan du «egoera ekonomiko egonkorra» ikusten dutela bere sailean 2019. urteari dagokionez, eta 2020. urteko hazkunde aurreikuspena %2 dela. Hazkunde horrek 2019ko urte osoari begira 16.000 enplegu sortzea eragingo duela jakinarazi du Azpiazuk azken asteetan. Ekonomia sailburuak ez du nahi hazkundea oztopa dezaketen aldagaiak inork hauspotzea, eta politika fiskala aldatzea galgatzat jo du. Zergak bere hartan uzteko dei argia egin berri du, izan ere. «Presio fiskala murrizteko edozein dei ekonomia eta aurrekontu politika txarraren adierazpena litzateke».
Ekonomiaren Termometroa
Eustatek zehaztu du sektore guztietan dutela oinarria hala urte arteko hazkundeak nola azken hiruhilekoarenak, lehen sektorean salbu. Martxotik ekainera bitarte, industria zertxobait suspertu da, eta eraikuntzaren hazkunde sendoa apaldu egin da hein batean. Estatistika institutuak irailean zabalduko du gaur plazaratutako BPG barne produktu gordinari dagokion aurrerapena.
Edonola ere, Jaurlaritzak berak lantzen duen Ekonomiaren Termometroak ere susperraldi txiki bat islatu du ekainean, eta hirugarren hila da jarraian goranzko joera dagoena. 108,1eko puntuazioa izan du ekainak; 103,3 markatu zuen martxoak; 104 apirilak; eta 107 maiatzak. Puntuazio horiek BPGarekin lotutako hamabost aldagai kontuan hartuz ematen dituzte. Besteak beste, industriaren sektorea aztertzen du txostenak, eta ekainean argi ikusi da gora egin duela industria ekoizpenaren indikatzaileak. Lehen hiruhilekoan, negatiboan zegoen erakusle hori; apirilean, 0,2an jarri zen; maiatzean, 0,8an; eta, ekainean, 1,1era igo da.
Baina txanponaren alde bat da ekoizpena, eta industriaren giroaren indizea bestea. Konfiantzari dagokion erakuslea negatiboan dago aspaldian, eta ekainak are kopuru okerragoak erakutsi ditu; merkatuen ziurgabetasunak ez die inolako konfiantzarik ematen industria sektoreei. Txostenak dio «Euskadi hazkunde bizi batean» dagoela, nahiz eta «moteltze testuinguru baten barruan»; txostenaren berritasuna da moteltzeari buruz dioena: «Galgatzen ari dela ematen du».
Familien gastua
Bien bitartean, familien gastua gora doa etengabe. 2008. urtean 34.672 euroko gastua egin zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako familiek, batez beste. Ordutik, gainbehera handia izan zen —2014an, 31.881 euro—, krisiak bere zartadarik handienak ematen zituen bitartean. Susperraldiarekin batera, kontsumoa handitu egin zen, eta, 2018. urtean, familia batek egiten duen urteko gastua, batez beste, krisi aurreko mailara hurbildu da, 34.212 euro izan baita, 2008an baino 460 euro gutxiago. Nafarroan ere, antzera: 34.637 euroko gastua zenbatu du INEk, 2008koaren mailatik (36.403) urrun oraindik, baina 2013ko datutik gero eta urrunago (30.728 euro).
Horiek horrela, aurreko urtean baino %1,5 handiagoa izan da gastua 2018an. Etxebizitzak, urak, argindarrak, gasak eta bestelako erregaiek eragiten diete familiei gasturik handiena; 2017. urtearen aldean, %2,9 igo dira gastu horiek. Gastu handienetan bigarrena dira elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak. Produktu horiek apenas izan duten igoerarik gastu osoan (%0,6). Gastuak igoera handia izan du, ordea, altzariei, etxeko gaiei eta etxearen mantentze arrunterako gaiei dagokienez (%10). Aldiz, etxe bakoitzaren gastua jaitsi egin da produktu hauetan: edari alkoholdunak eta tabakoa (%3,6), jatetxeak eta hotelak (-%6,0) eta aisialdia eta kultura (-%0,6).
Akordio batek 70 eguneko grebari amaiera eman dio Aguraingo…
DHLren zuzendaritzak eta beharginek akordioa lortu dute. Honenbestez, Aguraingo (Araba) lantegian egiten ari ziren greba bertan behera geratu da. 2019ko uztailak 30.
Lan poltsak kudeatzeko akordioa sinatu dute Jaurlaritzak eta sindikatuek,…
Euskadiko Administrazio Orokorraren lan poltsak kudeatzeko irizpideak aldatzen dituen akordioa sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta sindikatu guztiek, ELAk izan ezik.