Sei pertsonako ekitaldi sindikal estatikoa baimendu dute Iruñean, maiatzaren…

Sei pertsonako ekitaldi sindikal estatikoa baimendu dute Iruñean maiatzaren 1ean. Gobernuko Ordezkaritzaren debekua atzera bota du Justizia Auzitegi Gorenak.
Astearteko bileran onartu zuen Bizkaiko foru gobernuak Bizkaia Aurrera izeneko plana, baina atzo eman zuen haren berri. Maiatzaren 11n jarriko dute indarrean. Abenduaren 31ra arte iraungo du, eta aldundiko sail guztiek hartuko dute parte. Aldundiak ziurtatu du oposizioaren proposamen batzuk jaso dituela bere egitasmoan.
Planaren zatirik handiena zerga pizgarriei dagokie: 53,5 milioi euro. Langileak kontratatzen dituzten enpresentzako zerga kenkaria 5.000 eurotik 7.500 eurora igaroko da, eta hori halako bi emango die laneratzeko zailak diren kolektiboetako pertsonak hartzen dituztenei. Sozietate zergan, ordaindu beharreko %60 baliatu ahal izango dute enpresek 2020ko kuota txikitzeko, enplegua sortzeko, aktibo produktiboetan inbertitzeko, eta I+G egiteko.
Diru sail berezia izango dute autonomoek eta azken asteetan itxi behar izan duten bost langilerainoko enpresa txikiek. Bizkaiko Aldundiak hamabost milioi euroren mikrokredituak emango dizkie. Gehienez 7.500 euroko maileguak izango dira, interesik gabekoak, eta bost urtean itzuli beharrekoak. Aldundiak kalkulatu duenez, 15.343 autonomok itxi behar izan dituzte beren negozioak, eta beste 22.764k jardueraren zati handi bat galdu dute.
Autonomoen jarduerari mesede egingo die etxeak zaharberritzeko Renove Etxea plan bereziak ere. Haren bidez %10eko zerga kenkari bat emango diete ohiko etxebizitza zaharberritzen duten bizkaitarrei. Gutxienez 3.000 euroko eta gehienez 15.000 euroko aurrekontua duten lanak lagunduko dituzte horretan.
Industriari dagokionez, enpresa txikiei eta ertainei, lau milioi euroren zuzeneko laguntzak emango dizkie. Lanpostuei eusten laguntzeko eta langabezian daudenen kontratazioa laguntzeko enplegu plan berezi bat egingo du aldundiak, eta bost milioi euro jarriko ditu horretarako.
Tokiko merkataritzan, kulturan, establezimendu turistikoetan eta ostalaritzan gastatzeko bonuak eskainiko ditu aldundiak. Bost milioi jarriko ditu horretarako.
Telelana ohikoagoa bihurtzen ari denez, banda zabala lurralde osora zabalduko du Bizkaiko Aldundiak, Arratiatik, Mungialdetik eta Enkarterritik hasita.
ELAk nabarmenduko du «zer-nolako injustizia humanitarioa den milaka pertsonaren heriotza, behar bezalako osasun arreta izan ez dutelako eta segurtasun neurririk hartu ez delako». Eguerdian, Mitxel Lakuntzak adierazpen bat egingo du bizi garen muturreko egoera hizpide hartuta. Ekitaldia zuzenean ikusi ahal izango da ELAren webgunean.
CCOO eta UGT, txioen bidez
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, berriz, azaldu du Maiatzaren Lehenean bere sindikatuak osasun zerbitzuetako langileen lana eta oinarrizko zerbitzuetako langile guztiena aldarrikatuko dituela. COVID-19aren proba egiteko eskatu du, haiei lehenik, eta gainontzeko herritarrei ondoren. Zerbitzu publiko indartsu baten beharra aldarrikatuko du sindikatu abertzaleak, eta «kontsumo eta ekoizpen ereduak berraztertzeko» urratsak egiteko eskatuko du.
CCOOk eta UGTk «manifestazio birtual bat» antolatu dute, sare sozialen bidez. «Beste eredu ekonomiko eta sozial bat» posible dela helaraziko dute. Afiliatuei eskatu diete «mezu erreibindikatzaileak» txiokatzeko.
Nola bizi izan dituzue azken asteak?
Antolatu behar izan gara, beste guziak bezala, ezin ginelako sindikatuko kideekin eta langileekin bildu. Telefonoz eta bideokonferentziaz aritu gara, eta langileei posta elektronikoz egin diegu harrera.
Zein da sindikatuen rola?
Ordezkatuak garen enpresetan, langileak informatu eta lagundu ditugu, eta nagusien aurrean egon gara osasun neurriak errespetarazteko, eta negoziatzeko. Frantziako Gobernuaren dekretuekin, oporrak, lanorduak… berrikusi dituzte. Funtsean, sindikatuaren eguneroko lana bete dugu, baina dekretuen ondorioak kudeatu ditugu nagusiki. Oroitarazten dut abenduaren 21a arte direla bali dekretuak. Langileek informazioa eskatu digute haien eskubideak ulertzeko.
Krisia lan kodea malgutzeko erabili dutela salatu dute?
Hala da, arrunt. Eta ikusi dugu enpresarik handienak paradaz baliatu direla oporrak inposatzeko, langabezia partziala %100era ez eramateko… Medef nagusien patronala jadanik hasi da erraten lan gehiago egin beharko dela. Psikologikoki prestatzen gaituzte, erranez krisia izanen dela, kanporatu beharko dutela, langabezia emendatuko dela… konfinamendutik ateratzean sindikatuek hitzik izan ez dezagun. Burua makurtzeko eta batasun nazionalaren izenean indarra egiteko erranen digute. Jadanik ikusten dugu zer etorriko den.
Kasu berezirik izan duzue?
Hemengo kasurik aipagarrienetako bat Baionako Dassault enpresa da; mozkinak izaten dituen enpresa handia da. Ekoizpena berriz hartu nahi izan dute, absolutuki. Zer balio du ezinbestekoak ez diren halako enpresak irekitzeak? Balio ote du hegazkinak ekoizten dituen fabrika bat ireki, eta langileak kutsatzeko arriskua hartzeak? Langileak borrokatu behar izan dira.
Amazon ixtea lortu dute sindikatuek.
Justizia erabaki baten ondotik izan da, hala ere. Gobernuak ez du momentu bakar batean ere erantzukizunik erakutsi. Zerrenda oso bat egin beharko zuten, jarduera atxiki beharreko ezinbesteko arloekin. Zerrendatu beharko zituen, gainerakoak ixteko. Langileak babestu nahi badituzte, baliabideak eman ditzatela. Orain arte ez da egin izan.
Tokiko botere publikoekin harremanik izan duzue?
Departamendu mailan, bai. Prefetari idatzi diogu, enpresa batzuek neurriak errespetatzen ez zituztela abisatzeko, eta estatuari zerrenda bat egin zezala eskatzeko. Orain, COVID-19 laneko gaixotasun gisa onar dezaten borrokan ari gara.
Konfinamendutik ateratzeko plana aurkeztu du Frantziako Gobernuak. Zer iruditu zaizu?
Argi dena da, eta denek ulertu dugu, eskolak irekiak egon behar direla, beste inork zaindu ezin dituen haurren gurasoak lanera joan ahal izan daitezen. Orain, ez dakit nola eginen duten babes neurriak errespetarazteko. Nola egin hamabost ikasleko ikasgelak? Boluntariotza? Dena biziki lauso da. Estatua erantzukizunaz gabetu da, auzapezen esku utzi dute dena antolatzea, eta irakasleen eta hezkuntzako administrazioaren esku babes neurriak aplikaraztea. Ez da biziki seriosa. Prekaritatean bizi diren familietako haurrak laguntzea balitz helburua, hilabete batez gauza anitz egiten ahal zituzten, baina ez dute egin.
Gibel egite baten beldur zara?
Noski. Lana berriz hastean adi egon beharko gara segurtasun neurriak errespetatuak izan daitezen. Horregatik, eskolena ulertezina da: hamar pertsona baino gehiagoko elkarretaratzeak debekatu dituzte, baina ikasleak hamabost izanen dira ikasgelaka. Eta nola eginen dute jantegiarentzat? Bigarren olde batek beldurtzen nau, bai.
Zer gogoeta sortzen dizu azken asteetako krisi honek?
Argi ikusi dugu kapitalismoa ez dela gizarte eredu egokia. Zerbitzu publikoak lehertu dituzte, osasun zerbitzua lehertu dute… eta orain ikusten dugu zinez beharrezkoa dela zerbitzu publikoa; denentzat eskuragarri den osasun zerbitzu bat ukaitea beharrezkoa dela. Ikusi dugu zein diren ezinbesteko jarduerak: gehienetan emakumeek egiten dituzten eta gaizki ordainduak diren lan txikiak. Badu urteak Frantzian desindustrializatzen ari direla; horren ondorioz, ez dugu maskararik, ez dugu gelik. Enpresak deslokalizatzearen ondorio ekonomikoak ikusi ditugu. Industria berreraiki behar da, beste toki batera aldatu eta gure kontsumo ohiturak aldatu behar ditugu.