Egoeraren irudi lausoa
Horrela uler daitezke atzo jakinarazitako datuak. Martxoaren amaieran ekonomia seko geratu egin zen arren, Hego Euskal Herrian aurreko hiruhilekoan baino 6.700 okupatu gutxiago besterik ez du zenbatu INEk, 1.214.000 hain zuzen ere.
Are ulergaitzagoa dirudi langabeziaren datuak, inkestak 6.400 langabe gutxiago eman dituelako (115.400). SEPEk, bere aldetik, enplegu bulegoetan 14.364 langabe gehiago zenbatu zituzten hilabete horien amaieran; datorren asteartean jakinaraziko ditu apirileko datuak.
Langileen egoerak definitzeko irizpideek ere baldintzatu dute inkestak zer erabilgarritasun duen martxoko azken asteetako errealitatea islatzeko. INEk okupatutzat jotzen ditu aldi baterako enplegu erregulazioan daudenak, egoera horretan hiru hilabetetik gora egin arte bederen. Beraz, nahiz eta martxoaren bukaeran milaka langile enplegu erregulazioan egon, estatistikoki okupatu dira oraindik ere. Berdin gertatzen da lanaldia murrizteko erregulazioan zeuden langileekin. Azken datuek diote 250.000 lagunetik gora daudela edo egon direla egoera horretan.
Enplegua ezin bilatu
Langabe kopurua zenbatzean ere trabak izan ditu INEk. Langabe gisa sailkatzeko, beharginak lan bila aritu behar du, eta martxoko bigarren astean enplegurik gabe gelditu ziren langileek ezinezkoa izan zuten lan bilaketarik egitea, besteak beste, enpresak itxita zeudelako, eta etxean zaintza lanetan ibili behar izan zutelako.
Horren atzean biztanleria aktiboaren murrizketa dago, estatistika institutuak 13.200 aktibo gutxiago zenbatu baititu (1.329.000). Aktiboak ez diren pertsonen kopuruaren hazkundeak, ziurrenez, islatzen du jendea lanik gabe gelditu dela martxoaren amaieran, baina une horretan ez zituztela betetzen langabetzat jotzeko baldintzak.
Egoeraren berezitasunaren ondorioz, INEren inkestari garrantzia kendu diote sindikatuek. «Datuek ez dute inola ere islatzen Hego Euskal Herriko langileria bizitzen ari den errealitatea. Krisi ekonomiko baten aurrean gaude, kaleratze ugari, ABEEak eta diru-sarrerak gelditzeagatik gastuei aurre egin ezin izan dieten pertsonak, ugari dira», azaldu du ELAk.
«Tentuz hartzeko datuak» iruditu zaizkio LABi, baina bat nabarmendu du: langileen %23,5ek dute aldi baterako kontratua, eta emakumeen artean %26,5 dira.
CCOOk, berriz, bere kezka azaldu du, orain kontratua etenda duten langile asko kalean gera daitezkeelako erregulazioa amaitzen denean.
«Langileen bizitza lehenesteko» aldarria egin dute Zaldibarren
ELAko Gernika eta Durango eskualdeetako arduradun Arrate Elkorok esan zuen Zaldibarko hondamendia gertatu zenean enpresak ahaztu egin zuela langileak pertsonak direla; «eta horrela gertatzen ari da koronabirusaren krisian, milaka langile behartu baitituzte beharrera joatera babes neurri egokirik gabe, beren osasuna arriskuan jarrita, eta beren bizitza ere bai».
Elkorok administrazioari eskatu zion Lan Ikuskaritza indartzeko, eta kopuru jakin bat hartu zuen ahotan helburu hori lortzeko: ehun ikuskatzaile gehiago langileen osasuna berma dadin enpresetan. «Horrelako neurri zehatzak hartzen ez diren bitartean, pentsatu beharko dugu gure agintariek enpresaburuen aginduetara jarraitzen dutela».
Lan osasuna bermatu, bizitza defendatu lelopean jarraitu zuen aurrera elkarretaratzeak. 2020an, ELAren eta LABen arabera, Euskal Herrian hildako 29 langileak gogoratu zituzten, eta, horiekin batera, zabortegian galdutako beste biak ere bai. LABeko Lan Osasuneko arduradun Lurdes Erasok azaldu zuen lan osasunak «okerrera» egiten jarraitzen duela, «azken asteotako gertaeren lekuko». Koronabirusarekin kutsatu ondoren lau langile zendu direla gogoratu zuen Erasok. «Horrek argi utzi du patronalak eta erakundeek interes ekonomikoak lehenesten dituztela langileen osasunaren gainetik».
Lan gaixotasunek ere nabarmen gora egin dutela erantsi zuen. «Langileak abandonatuta sentitzen gara; langileak bakarrik utzi gaituzte», esan zuen LABeko kideak, eta gaineratu zuen pandemia egoeran langileak «gaixotzera» bidali dituztela lanera.
Zaldibarren elkartutakoek adierazi zuten egoerak erakutsi duela zerbitzu publikoak indartzeko garaia dela, «pribatizazioak amaitzeko garaia dela», alegia. «Pandemia amaitu egingo da, baina sindikatuok borrokan jarraituko dugu beste eredu bat sortzeko, non langileen bizitza erdigunean egongo baita. Borrokatuko gara erakundeak bide horretan jartzeko».
Erietxeetan ere bai
Zaldibarko ekitaldiaz gain, sindikatuek mobilizazioak egin zituzten hainbat lantokitan eta erietxetan; besteak beste, Donostia ospitalean, Bilboko Basurtuko ospitalean eta Gasteizko San Prudentzio zahar etxeko egoitzan. Salatu zuten funtsezko zerbitzu publiko horien lantaldeak «babes neurri egokirik gabe» aritu direla beharrean, eta horrela jarraitzen dutela. Egoera horri amaiera emateko eskatu zuten protestetan bildutakoek.
Halaber, egun osoan, sare sozialen bidez, bideoak eta argazkiak argitaratu zituzten laneko segurtasunari eta osasunari buruzko salaketak eta aldarrikapenak egiteko, #BizitzaDefendatu traolarekin, eta balkoi eta leiho askotan xingola beltzak jarri zituzten, lanean hil edo gaixotu diren pertsonak gogoratzeko.
Apirila badoa, maiatzaren beldurrez
Horren esplikazioa nahiko sinplea da: herritar gehienen gastua asko jaitsi da konfinamenduarengatik, eta, bestela ere, saltoki gehienak itxita daudelako. Jendea oinarrizko kontsumora ari da mugatzen. Ez bidaiarik, ez jatetxerik, ez ile apaindegirik… Jatekoak, edatekoak, komuneko papera, eta, asko jota, gutiziaren bat.
Egia da kreditu eta ordainketa txartelen erabilera igo egin dela. Baina eragiketa kopuruetan soilik izan da hazkundea, eta ez da antzeman kreditu txartelak gastua geroratzeko erabiltzeko joera garbirik.
Eskudiruaren erabileraren jaitsieraren ondorio dira, gehienbat, txartelekin egindako operazioen hazkundeak. Kutxanbanken bezeroek, esaterako, askoz ere diru gutxiago atera dute kutxa automatikoetatik (-%45). Izan ere, udaberri arraroarekin, contactless txartelen loraldia iritsi da —entitate gehienek gainera, sinadurarik gabeko diru muga handitu dute, hogei eurotik 50era—. Ia ziur, esku diru gutxiago erabiltzea izango da koronabirusak behin betiko aldatuko duen ohituretako bat.
Saltokiak itxita
Operazio gehiago, baina gastu gutxiago. Laboral Kutxaren bezeroen artean txartelen bidez bezeroek egindako operazioen kopurua %1,7 baizik ez zen handitu martxoan, baina fakturazioa, txartelen bidez mugitutako dirua, %5,8 jaitsi zen.
Txartelen operazioek ere islatzen dute enpresa mordoa daudela itxita. Izan ere, merkataritza bezeroetan, joera bera izan da. Laboral Kutxaren merkataritzako bezeroen operazio kopuruak handitu egin ziren (+%12,5) aurreko urteko martxoarekin alderatuta, baina fakturazioa jaitsi egin zen (-%5,5), saltoki mordoa itxita dauden seinale.
Komertzioek txartelekin egindako operazioen zenbatekoak ere ematen du alarma egoerak sektoreetan jada martxoan izan zuen eraginaz eta geldialdiaz. Espainian, txartel bidez fakturatutako kopurua %58 handitu zen supermerkatuetan, eta %35, berriz, farmazietan. Aldiz, bidaia agentzien txartel bidezko fakturazioa %65 jaitsi zen, hotelena %66, jatetxeena %47, eta garraioena %67.
Hipoteken moratoria
Hilabetea bukatzen ari dela, jendea estu dabilenetz ikusteko beste aldagai bat hipoteka maileguen kuoten geroratzeak izan daitezke. Espainiako Gobernuak egoera zaurgarrian zeuden pertsonei ordainketa horiek geroratzeko aukera eman zien, hasieran hilabete batez (martxoaren 17ko dekretuan) eta gero hiru hilabetera luzatu zuen epea (martxoaren 31n).
Finantza entitateek adierazi dute jaso dituztela kontsultak, eta ez gutxi; bezeroek informazioa eskatu dute hipotekaren ordainketak atzeratzeko dituzten aukerez. Kutxanbankek, esaterako, izan ditu bezeroak galdezka, baina ez du daturik eman ez jaso dituen eskaera formalei, ezta onartu dituen eskaeren kopuruei buruz ere. Dena den, Kutxabankek azaldu du gaiaz galdetu duten bezero gehienek ez dituztela betetzen hipotekak geroratzeko Espainiako Gobernuaren dekretuak ezarritako baldintza guztiak.
Maileguen geroratzea eskatu ahal izateko, eskatzaileak «egoera zaurgarrian» egon behar du. Norbait egoera zaurgarrian dagoela aitortzeko lau baldintza bete behar ditu: langabezian gelditu izana, edo, autonomoen kasuan sarreren %40tik gora galdu izana; familia osoaren diru sarrerek ez gainditzea IPREM errenta adierazle publikoaren hirukoitza, 1.613 euro —muga handiagoa izango da familian haurrak eta ezinduak badaude—; familiaren diru sarrera guztien %35etik gora hartzea etxebizitza gastuek hipotekaren kuotak eta gastu zein hornikuntza orokorrek—; eta, azkenik, erakutsi behar da hipotekak familiaren errentan duen zama 1,3 biderkatu dela.
Hipotekaren kuoten moratoria eskatzeko baldintzetan hirugarrena da eskatzaile eta galdetzaile gehienek betetzen ez dutena, etxebitza gastuek familiaren sarreren %35 gainditzearena.
Hori gertatu zaie Laboral Kutxan hipoteken geroratzeari buruz galdetu duten bezero askori. Gehien-gehienek ez zituzten betetzen dekretuaren baldintzak. Euskal Herriko eta kanpoko bezeroak aintzat hartuta, Laboral Kutxak apirilaren 23an 67 bezerori geroratu zizkien ordainketak —62 hipoteka mailegu eta bost mailegu pertsonal—. 67 eskaeretatik, 41 langile autonomoen hipotekei eta maileguei zegozkien.
Dena den, Laboral Kutxak nabarmendu du bere eskaintzan dituen hipoteka maileguetan gehienek badituztela sei hilabeteko gabealdietarako aukerak, eta hori alternatiba ona izan daitekeela dekretuaren baldintzak betetzen ez dituztenentzat. Gabealdi horiek indarrean jartzea eskatu dute Laboral Kutxaren 784 bezerok Hego Euskal Herrian. Hori bai, egoera horietako bakoitzaren atzean egon daitekeen dramaz aparte, kopuru horiek ez dira inolaz ere esanguratsuak, entitateak emanda dituen hipoteka maileguen kopuruak kontutan hartzen bada.
Pentsio planak
Estutasun zantzuak ikusteko beste datu bat izan zitekeen ea jendeak eskatu duen Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeetatik eta pentsio planetatik aurrezkiak berreskuratzea, horretarako baimena eman dutelako administrazio publikoek.
Kutxabankek joan den astearen bukaeran ez zuen horrelako operaziorik batere zenbatu, nahiz eta kontsultak izan dituen. Egia da eragiketa horretarako agiri jakin batzuk aurkeztu behar direla, ez soilik eskaera, eta garaiak ez direla onenak burokrazian murgiltzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gainera, SEPEk ordaintzen ez duen soldataren partea da eskatu daitekeen bakarra (%30 inguru).
Laboral Kutxak joan den urtearekin alderatuta, halako eskaeren %5eko igoera bat izan du martxoan, baina kopuruak oso txikiak dira, bai eragiketenak, baita berreskuratutako aurrezkiaren zenbatekoenak ere. Ez da ahaztu behar, burokraziaz gain, aurrezki horiek berreskuratzeak zerga aitorpenean ondorioak dituela.
Martxoa shock batekin bukatu bazen, apirila ziurgabetasunean joango dela dirudi jendearen ekonomian. Ziurtasun handiagoa eta hodei beltzak benetan maiatzarekin batera iritsiko direla uste dute bankuek eta kutxek.
Izan ere, herritar gehienak gai dira bizpahiru hilabeteko kolpeari aurre egiteko, baina maiatzean jada hasiko dira askoren indarrak eta aurrezkiak ahitzen. Ziurgabetasunean ziurtasun bat: hurrengo hil bukaera gogorra izango da askorentzat.
Arcelor Mittalek 50-100 langile kaleratu nahi dituela iragarri du

Arcelor Mittalen zuzendaritzak 50-100 langile kaleratu nahi dituela jakinarazi die sindikatuei, baina oraingoz ez du argitu zein lantegitan izango ziren kaleratzeak.
Tabernetako terrazak eta denda txikiak maiatzaren 11n irekiko dituzte

Koronabirusa COVID-19: Noiz irekiko dituzte terrazak, tabernak eta dendak. Maiatzaren 4tik aurrera, jatetxeetan etxera eramateko janaria jasotzeko aukera izango da.
EAEko merkataritzak diru laguntza zuzenak eskatu ditu itxierak saihesteko

Euskal merkataritzak diru laguntza zuzenak eskatu ditu itxierak saihesteko. Era berean, kontsumitzaileei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina eskatu dute.
Arrantzale guztiei koronabirusaren probak egiten hasi da Jaurlaritza
Joan den astelehenean hasi zuten antxoaren kostera Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek, ohi baino hilabete eta erdi beranduago. Segurtasun neurri bereziekin ari dira ontzietan, baina, hala ere, Eusko Jaurlaritzak erabaki du arrantzale guztiei PCR testak egitea, haien lanean oso zaila delako langileen arteko segurtasun distantzia gordetzea. Lotarako orduan eta jatorduetan ere oso gertu egoten dira elkarri.
Kofradietako ordezkariek eskerrak eman dizkiete Jaurlaritzari eta testak egiten laguntzen ari diren DYAko boluntaroiei. Azaldu dutenez, kofradietan ari dira probak egiten, lehorreratu eta berehala.
Datorren asteburuan egingo dizkiete azterketak Bizkaian antxoatan ari diren zazpi itsasontzietako arrantzaleei. 110 arrantzale dira.
Horren aurretik, gaur bertan, azterketa egingo diete Pasaiako (Gipuzkoa) Egunabar arrantzontziko 26 arrantzaleei. Astean itsasoratuko dira berriro, bakailaoa arrantzatzera Norvegiako eta Ternuako uretan.
Behin baxurako arrantzaleei azterketak egin ondoren, Ondarroako hamabi arrasteontzietako 120 arrantzaleekin jarraituko dute. Frantzia iparraldean ari dira orain, baina asteburuan dira portura itzultzekoak, egun gutxi batzuetarako.
Maiatzaren bigarren erdian jarraituko dute azterketa kanpainan, hegaluzearen kosteraren aurretik. Lehenik, kazako arrantza egiten dutenei egingo dizkiete probak, eta, gero, beste arrantza mota batzuetan aritzen direnei.
Bermeoko portuan (Bizkaia) egoitza duten atun hozkailuontzietako arrantzaleei ere egingo dizkiete PCR azterketak. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azaldu duenez, tripulazioen erreleboa egiteko zain daude. Aireportuen itxierak arrantzale horietako batzuen ordezkapena trabatu du.
LAB: «Enpresen segurtasun plan gehienak onartezinak dira»
Sindikatuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako industriako enpresetan aurkeztutako 160 segurtasun plan aztertu ditu —5.200 enpresa daude—, eta hirutik birekin ez dago gustura, Eulate Zillonizaurrekoetxea Industria federazioko idazkariak atzo azaldu zuenez. Aztertutako planen %11k soilik jaso dute LABeko osasun teknikarien oniritzia, eta beste %20tan zuzenketak aurkeztu dizkie sindikatuak enpresei.
«Gainerakoak onartezinak dira». Planen %34 ez dira nahikoa langileen osasuna bermatzeko; %35, berriz, Jaurlaritzak aurkeztutako gidaren «ebaki eta kopiatu hutsak» dira. Plan gehienetan neurri generiko asko eta enpresari berari dagozkion ataletan zehaztapen gutxi izan direla gaineratu zuen.
LABek dozena bat salaketa jarri ditu COVID-19aren aurkako segurtasun neurriak betetzen ez zituzten enpresen aurka, baina salaketa gehienek ez dute erantzunik izan. Beste batzuetan, berriz, «eskuduntzarik» ez zutela erantzun diete. Sindikatuak uste du langile eskasia handia dagoela Lan Ikuskaritzan eta Osalanen, eta ez dituztela bisitak egiten salatutako enpresetara.
Horiek horrela, Zillonizaurrekoetxeak uste du salaketen bideak ez duela «ezertarako balio». Enpresaz enpresako borrokaren bitartez lortu nahi du segurtasun neurriak betearaztea.
Jaurlaritzari eskatu zion «arduraz» jokatzeko eta enpresen egoera erreala jakiteko lan egin dezala: «Zer gertatzen ari den jakiteko eskubidea dugu». Arauak hautsi dituzten enpresetan zer gertatzen den ere jakin nahi du sindikatuak, ez baitu zigor prozeduren berririk.
Gobernuari leporatu zion lehentasuna ematea enpresa handien interesei: «Jaurlaritzak aukera galdu du ezohiko neurriak hartzeko langileen osasuna bermatzeko, baina patronalaren eskutik jarraitzea erabaki du».
Motorra abian, lehen martxan
Gauean prestaketa lanak egin eta guztia atondu ostean, 06:00etan sartu zen goizeko txanda Volkswagenen. Osasun krisia hasi aurretik, mila langile inguruk egiten zuten lan txanda bakoitzean, baina atzokoan 1.250 langile sartu ziren. Lan egin beharreko zortzi ordu horietan, sakabanatu egin dituzte normalean izan ohi dituzten hiru atsedenaldiak —40 minutukoak, guztira—, langile batzuk besteekin ez biltzeko eta kutsatzeko arriskua leuntzeko. Ohi baino langile gehiagorekin, paradoxikoki, VWek nahi izan du zortzi ordu horietan produkzioa ez gelditzea, atseden hartzean langile bakoitzak erreleboa ziurtatua izan dezan.
Ostiralean langileetako bakoitzari bost eskularru pare eta bost maskara banatu zitzaien, etxetik haiek jantzita joan zitezen. Autobusetan, soilik langileen herenak joan zitezkeen, eta, fabrikaren sarreran, langile bakoitzari tenperatura hartu zion enpresak, sintomak izan ditzaketen langileak aurrez antzemateko. Neurri horrek eta berritasunak berak ilara handiak sortu zituen lehen orduan, eta errepidean, Zizur arteko lauzpabost kilometroko tartean, autoak pilatu ziren, horietako asko langileenak.
Lehen orduan, beharginek segurtasun neurrien eta irizpideen inguruko 40 minutuko solasaldi bat entzun zuten, eta, ondoren, pixkanaka ekin zioten lanari. 07:30erako %100eko martxan ari ziren lanean. Eguna hasi aurretik, VWeko zuzendaritza eta langileen batzordeak kezkati zeuden, langileek nola erantzungo; baina lehen orduetan gauzak ondo joan ziren, uste baino hobeto. «Ordu asko eman ditugu itzulera prestatzen, segurua izan zedin, eta jendea ez zedin urduriegi sentitu. Bagenekin ondo atera zitekeela, baina, azkenean, espero baino hobeto joan da», adierazi zuen eguerdian, pozik, Eugenio Duque Volkswageneko CCOOko ordezkariak. Iritzi berekoa zen LABeko Fernando Eraso: «Denok aitortu dugu dena oso ondo hasi dela, ez dela arazo handirik egon».
Azkenean, ELAko Igor Peñalverren hitzetan, langile guztiek «etsian eraman dute» maskarekin eta eskularruekin lan egitea, segurtasuna ziurtatu arren, deserosoa delako zortzi orduz haiekin lan egitea. «Jendeak badaki etorri behar duela, eta epe luze batez lan egin beharko dugula segurtasun neurriekin, eta ohitu beharko dugula maskarekin lan egitera».
Peñalverren hitzetan, lehen egunean «arazotxoak» izan ziren, baina ongi joan zen dena. Adibidez, osasun krisi honetan, VWeko langile guztiak behartuta daude maskarekin eta eskularruekin lan egitera, eta zenbaiti min egiten dio ordu luzez maskarak. Beste arazoetako bat betaurrekoak dira. Hala nahi dutenen artean betaurrekoak banatuko dira, baina atzeman den arazoetako bat da lausotu egiten direla. «Kentzen badituzu, ez duzu ikusten, eta, bestela ere, ezin ikusi», azaldu zuen Dueñasek. Haren hitzetan, lausotzearen aurkako likidoa bereganatu nahian dabil enpresa, baina optika etxeek bereganatu dute produktua egunotan: «Saltzen dute nahi duten moduan», kexatu zen.
Gainera, fabrikan zehar hidrogel ugari jarri dituzte eskuak garbitzeko, eta desinfektatzaileak jarri dira tresneria garbitzeko. Komunak eta eremu komunak aldiro garbituko dira. LABeko Fernando Erasoren arabera, lehen egunean, desinfektatzeko orduekin deskoordinazio apur bat egon zen. Atsedenaldietan, berriz, langileak eseri ohi diren jarlekuetan pantailak jarri dituzte. Neurriokin, elkar kutsatzeko arriskua saihestu nahi dute, baina produkzio katean distantziak mantentzea ezinezkoa da:«Bi metroko distantzia mantentzea derrigorrezkoa balitz, hobe genuke ixtea», esan zuen irmo Eugenio Duquek. «Langileek adorez hartu dute egoera. Azkenean, edo COVID-19ak jaten gaitu edo ekonomiak. Edo ekiten diogu lanari edo zutik hilko gara», gaineratu zuen.
Atzo, lanean hasi ziren 1.250 langileekin batera, azpikontratetako eta enpresa hornitzaileetako 350 langile sartu ziren Landabanen. LABek eskatu zion Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari langile horien segurtasuna berma dezala, «ahaztu egin direlako».
Gasteizen ere, langileek norbera babesteko ekipamendua izango dute. Langile batzordeak salatu du horrek «estresa eta nekea» eragingo dizkiela langileei, eta zuzendaritzak ez duela hori kontuan izan. Azaldu dute ez dutela «inolako hitzarmenik» sinatu «jarduerari berriro ekiteari buruz», eta langileek «aho batez» baztertu dutela erabaki hori.
Lanaldia berrantolatu dute
Motorra abiarazteko, segurtasun neurriez gain, lanaldiak berrantolatu dituzte Gasteizen eta Iruñean. Mercedes Benzen, datozen bi asteetan, txanda batek egingo du lan egunero, eta maiatzaren 11tik aurrera arratsaldeko txandakoak gehitu zaizkie goizekoei. Normalean 700 ibilgailu ekoitzi ohi dituzte, eta atzo, ehun egin zituzten.
Iruñean, Mercedesen bidetik jo dute, baina beste erritmo batean. Bihar eta etzi, ez da lanik egingo. Atzoko akatsak atzeman eta zuzendu ostean, ostegunean beste txanda batek ekingo dio lanari. VWek langileria bi txandatan banatu du: datorren astean, lehen txandakoek astelehen, asteazken eta ostiralean egingo dute lan, eta bigarren txandakoek, astearte eta ostegunean; maiatzaren 11ko astean, berriz, bigarren txandak hiru egunez egingo du lan, eta lehenak, bi egunez.
Bartzelonan, VW taldeko Seaten, beste bide bat hartu dute: hiru txanda egongo dira baina bakoitzean heren batek egingo du lan. Iruñean nahiago izan dute hiru astez txanda bakarrarekin lan egin, baina %100ean. Lanik egingo ez dutenen multzoan sartu dituzte COVID-19aren aurrean arrisku handiagoa izan dezaketen 150 langile, osasun arazoak izan ditzaketenak eta enpresak hala erabakitakoak. Horiei eta, lanik ez duten egunetan, txanda ofizialetako langileei aldi baterako espedientea aplikatuko zaie. Alarma egoera amaitzen denean, langileen batzordeak espero du normaltasunera itzultzea; baina badaezpada ere, hala ez balitz, beste espediente bat abenduaren 31ra arte luzatzea hitzartu zuten zuzendaritzarekin UGTk, CCOOk, ELAk eta CCPk, iragan astean —LABek eta CGTk ez zuten sinatu—. «Ea zortea dugun eta ez dugun espediente hori behar», aipatu zuen Peñalverrek.
Testuingurua irekia da, zalantzaz betea. VWek hasiera batean espero zuen goizeko eta arratsaldeko txandak datorren astean hastea, baina maiatzaren 18an hasteko asmoa du orain. Noiz arte iraungo dute bi txandekin lanean? Inork ez daki. Urteko produkzioa murriztu egin du, adibidez: hasieran, helburua zen aurten 306.645 auto ekoiztea, eta, orain, 253.714 egiteko asmoa du. «Bi txandekin lan egiteko neurriak ez du epemugarik», azaldu zuen Erasok.
Oraintxe bertan, 50.000 auto ekoizteko lana dute, baina ezin da aurreratu merkatuak nola erantzungo duen. «Zer gertatuko den esperoan gaude. Adibidez, ikusteko dago herrialdeek noiz irekiko dituzten mugak ekoitzitako autoak esportatu ahal izateko; bestela, hemen metatu beharko ditugu, eta halakorik ez du nahi VWek», esan zuen Erasok. Beste arriskuetako bat da piezak jasotzeko arazoak izan ditzaketela, martxoan Italiako piezekin gertatu bezala. «Alemanian kontzesionarioak ireki dituzte, eta espero dugu hortik tira egitea, eta ea egiten dugun han eskatzen dutena», esan zuen Peñalverrek.