Eusko Jaurlaritzak PCR probak egingo dizkie ontziratzen diren arrantzale…

Eusko Jaurlaritzak PCR probak egingo dizkie ontziratzen diren arrantzale guztiei. Dagoeneko 545 arrantzaleri eta lonjetako 29 profesionali egin zaizkie analisiak.
Ekonometroa proiektuko lantaldea koronabirusari buruzko inkesta monografikoa prestatzen ari da egunotan. Ekonomistak Euskal Elkargoaren lantalde horrek kolegioko kideen erantzunak jasoko ditu datozen asteetan, eta uztailean plazaratuko ditu emaitzak. Mercedes Vallejo (Portugalete, Bizkaia, 1961) eta Joseba Barandiaran (Legazpi, Gipuzkoa, 1973) ekonomistek helarazten dituzte Ekonometroaren inkestak, eta BERRIAk haiengana jo du datorren agertokiari argi apur bat eman nahian.
Atzeraldi Handiak ezarritako errekor negatibo batzuk gainditzen ari da Itxialdi Handia. 2008ko lurrikara hura baino larriagoa ote da koronabirusak eragindakoa? «Desberdinak dira; 2008koan, langabezian geratu ziren langile asko, baina haien borondatearen kontra nolabait, ekonomiaren ezinak tarteko. Orain, kanpoko aldagai batek behartu du ekoizpena geratzera, ekonomiarekin zerikusirik ez duen zerbaitek; baina kontua da horrek ere atzeraldia eta langabezia eragingo dituela», azaldu du Joseba Barandiaranek. Albiste on bat eta albiste txar eman ditu segidan: «Ez da izango aurrekoa baino krisi sakonagoa, baina haren ondoren dator, eta denbora askorik pasatu ez dela. Bigarren atzeraldia da hamabi urteko epean, eta, agian, ikuspuntu horretatik begiratu beharko genioke honi».
Mercedes Vallejok itxialdiaren iraupena jarri du krisiaren sakontasuna neurtzeko giltzarri gisa. «Ez bada gehiegi luzatzen, hau da, hiru hilabete baino gehiago ez bada luzatzen, errebote bat egongo da, eta, horri esker, lehenago ateratzen hasiko gara». Badira eragotzi ezin daitezkeen ondorio larri batzuk, ordea: «Batzuentzat berandu izango da, enpresari txiki askorentzat gehiegizkoa delako negozioa hiru hilabetez itxita edukitzea. Horien kaltea konpentsatzeko, tresnak behar dira, argi dago». Ekainerako martxan jarriz gero, «errebote argi bat» aurreikusi du Vallejok, edonola ere; «agian, uste baino azkarrago aterako gara». Itxialdia luzeagoa bada, ordea, «krisi sakon bat» dago aurrez aurre.
Dagoeneko jakina da defizit eta zor publikoa izugarri haziko direla, eta koronabirusaren faktura pagatzeko ezinbestekoa izango dela Europako Batasunaren ekarpena. Estatuak negoziatzen ari dira egunotan, euskal herritarrengan, banako gisa, eragin handia izan dezakeen laguntzaren neurria eta letra txikia. Zer dago jokoan? «Euroguneak zentzurik duen ala ez jakiteko, suan jarriko den eltzea dago jokoan». Hala uste du Joseba Barandiaranek. «Bere dirua duten herrialde burujabeek diruaren makinari eragin diezaiokete horrelako krisiak datozenean. Europa ez bada gai ekonomiarekin zerikusirik ez duen krisi bati erantzuteko, modu bateratuan eta elkartasunez, zertarako behar den galdetzen hasi beharko genuke».
Erakundearen geroaz harago, ordea, martxan den negoziazioaren emaitzak banakoen bizitzan joko du, hori argi dauka Mercedes Vallejok: «Finantzaketaren baldintzek ezarriko dute hiritar gisa zenbateraino nozituko dugun eragina, hau da, gure ongizateak izango duen galeraren neurria. Eurobonuen ildoko funts bat adosten bada, baldintza makrorik gabe, ez liguke hainbeste eragingo, baina laguntza horiek betebehar jakinen menpe badatoz, adibidez defizit konpromisoei lotuak, sektore publikoari zama ekarriko lioke, eta hiritarren egunerokotasunean islatuko litzateke pisu hori». Faktura arindu ala ez dago jokoan, hortaz. Barandiaranek ere berretsi du tesi hori: «Ezinbestekoa da formula bat adostea. Seguru nago Batasunak askoz azkarrago eta malguago jokatuko lukeela birusak Espainia eta Italia hain gogor jo ordez, Alemania eta Herbehereak jo izan balitu».
Bestalde, «ulergarria» zaio EBk zuhurtziaz jokatzea, «ohiko susmagarriei» egokitu baitzaie parterik txarrena orain ere. «Iraganeko motxilak hor daude oraindik, eta errezeloak ere bai, baina hau beste zerbait da», erantsi du Barandiaranek. Ekonometroko bere lankide Vallejok argi dauka «itxialdia bukatu bezain laster» handitu behar dela gastua, eta defizit helburuak atzeratu egin behar direla. «Europako dirua erabat lotua badator konpromiso zehatzei, ez da irtenbide ona izango egin behar dena egiteko».
Jardueraren geldialdi latzak BPG barne produktu gordinaren eroriko handia ekarriko du, eta ez da ahaztu behar kopuru makro desegokien atzean beti daudela herritar kaltetuak. «%10 inguruko erorikoa gertatzen bada, galdutakoaren erdia berreskuratuko litzateke 2021ean, %4 inguruko hazkundearekin. Edonola ere, argi izan behar dugu bi edo hiru urte behintzat beharko direla aurtengo urte hasieran genuen mailara iristeko», ohartarazi du Vallejok. EHUko ekonomistak garbi dauka jarduera lehengoratzen denean, erregulazioan dauden langilerik gehienak lanpostuetara itzultzen badira, «urrats egokia» egingo dela suspertze baten bila, «baina argi dago geldialdiaren iraupenak finkatuko duela agertoki berria». Eta mezu baikor bat helarazi nahi du: «Ostalariak ari dira pentsatzen nola ireki beren negozioak, zein aldaketak egin beharko dituzten; pentsatu behar da zulo honetatik aterako garela halako batean, eta suspertzen hasiko garela».
Barandiaranek, berriz, errebote entzutetsuaren inguruan abisua eman du: «Edozein eroriko beti da azkarragoa hark eragindako errebotea baino. Urte bukaerara arte galdutakoa galdu egingo da, kito. Uda igaro eta gero, zertxobait normalduta ere, galdu dena joan da». Alegia, 2021ean ekonomia hazten dena «nekez» izango da aurten galdutakoaren mailakoa. «Eta horrez gain, ikusteko dago normaltasun berri horrek zer eragin daukan ekoizpenaren gaitasunean. Adibidez, jatetxe bateko jangelaren gaitasuna erdira jaitsi behar bada, tarteak direla eta, jatetxe horrek ez du sortuko bere ohiko aberastasuna».
Gainera, ezin da ahaztu beldurrak utziko duen arrastoa. Eskaintza bakarrik ez, eskaria ere urra daitekeela aurreikusi du Barandiaranek. «Kasurik onenean, 2022ra arte ez genuke berreskuratuko aurtengo hasieran genuen maila. Gerta daiteke gehiago luzatzea, jendearengan hazi baitaiteke sentipen bat gutxiago kontsumitzeko edo beste era batera kontsumitzeko».
Labur esateko, hiru hilabeteko epean osasun krisia konponduko balitz ere, 2022. urtean berreskuratu ahal izango litzateke urte hasierako BPGa, beharbada; «baina aldagai ekonomikoez gain, beste eragin batzuek ez dute atzera bueltarik, eta eragin horiek eragotzi egingo lukete aukera hori». Hau da, kontsumitzaileen ohiturak alda daitezkeela kontuan hartu behar da, eta horrek eskariari eragingo lioke.
Ekonomista biek uste dute euskal industriak rol garrantzitsua jokatu behar duela susperraldia abiarazteko, 2008az geroztik gertatu zen moduan. «Krisi honetan ohartu gara zein garrantzitsua den ekoizteko gaitasunari eustea», dio Vallejok; «dena kanpoan erosi behar horrek, eta gero arnasgailuak Turkian blokeaturik ikusteak, argi islatu du ekoizpena gure esku edukitzea oinarrizkoa dela». Jakina da alor batzuetan indartsua dela euskal industria, eta lidergo hori ez dela galdu behar uste du, «baina sektore berrietara zabaltzeko saio bat egin behar dela ere argi dago, mendekotasun maila txikitzeko».
Bestalde, ikerketa atal sendo bat edukitzearen garrantzia ere inoiz baino argiago islatu du krisi honek, eta ,Vallejoren ustez, bitarteko gehiago bideratu beharko dira esparru horretara, publikoak nahiz pribatuak. «Lezio horrek erakusten du, edonola ere, balio erantsi handiko produktuak diseinatzeaz gain, ekoizpena bera ere gertu edukitzea komeni dela. Baina ikusteko dago enpresa handiek ekoizpen kateak etxeratzeko asmoa ote duten».
Industria, hala ere, ataka gaitzean dago, Joseba Barandiaranek gogoratu duenez. «Autogintzaren gainean galdera ikur handi bat dago aspaldian, kutsadura eta beste arazo batzuengatik. Turismoaren jaitsiera handiak, bestalde, eragin handia izango du seguruenik aeronautikan; aurrerapen handiko teknologiaz ari gara, estrategikoaz». Zein atalek izan dezakete abagunea garapenerako? Medikuntzarekin lotutakoak lehenik eta behin, Barandiaranen arabera. «Osasuna eta zaintzarekin lotutako alorretan industriak abagune handia izan dezake, eta industria berriak sortzeko aukera egongo da».
Asko sufritzen ari den beste sektore bat makina-erreminta da, oinarrizkoa euskal ekonomian; bada, Barandiaranek uste du aurrera aterako dela, «nahiz eta autogintzak behera egin». Zergatik? «Malguagoa delako bere zereginean; autoentzat makinak egiten dituen bezala, beste sektore askorentzat egin ditzakeelako».
Oso denbora gutxian aldaketa handiak iritsi dira gizartera, eta horrek, era berean, ekonomiara eraman ditu berritasunak. Iraunkorrak izango diren berritasunak ekarri ote ditu koronabirusak? «Aldaketak ez dira izango batzuek esaten duten bezain handiak izango, inertzia hor dagoelako beti», uste du Mercedes Vallejok. «Indarturik atera da telelana, adibidez. Langileentzat ez dakit oso ona den, oro har, lan gehiago egiten baita… Urruneko irakaskuntzak ere urrats izugarria egin du, oztopoak oztopo. Eta merkataritza elektronikoak ere jauzi bat eman du, eta litekeena da ohitura batzuk hor geratzea. Baina seguruenera ezagutzen dugun egunerokotasuna itzuliko da halako batean».
Iritzi berekoa da Joseba Barandiaran. «Gerta daiteke tentsio handiagoa gizartean zaintza eta gertutasuna lehenesteko, kapitalaren aldean, baina ez dut uste sakoneko aldaketarik datorrenik. Beti gogoratuko da gertatzen ari den hau guztia, baina aldaketa sakonak… oso zaila ematen du betiko inertzia gelditzea».
Iazko urte onaren ondoren —78 milioi euroko irabaziak izan zituen, 2018an baino %17 gehiago—, VW neurriak hartzen hasia da koronabirusaren krisiak ekarriko duen atzeraldirako. Iaz, 320.000 auto ekoitzi zituzten Landabenen; aurten, aldiz, 253.000 izango dira, asko jota, Alemaniako buruek hala erabakita. Aurreikuspen horrekin aurkeztu zuen erregulazio txostena martxoaren 15ean, eta indarrean jarraituko du abenduaren 31 arte. Sindikatuek ere egoera ulertu dutela dirudi, haiekin adosturiko erabakia baita. Ordezkaritzaren %82 duten sindikatuek babestu dute neurria: UGTk, CCOOk, ELAk eta CCPk onartu dute; ez, ordea, LABek eta CGTk.
Zuzendaritzak, izan ere, ez daki noiz iritsiko diren hiru txanda osoko lan erritmora, eta eskaeraren arabera egokituko du lantaldea. Langileen egoera arintzeko, eta langabezia sariak atzera daitezkeela ikusita, enpresak, sindikatuek hala eskatuta, udako aparteko ordainketako 500 euro apirileko nominan sartuko ditu. Osasun baldintzei dagokienez, aspaldi adostu zituzten. Besteak beste, maska eta eskularru pare bana emango diete langileei eguneko, tenperatura neurtuko diete sartzean, eta enpresan arropa gehiago garbituko dute. Era berean, 55 urtetik gorako langileak ez dira ariko lehen egunetan.
Mercedes: %18 gutxiago
Mercedesek Gasteizen duen fabrikako langileak ere etzi hasiko dira, eta zuzendaritzak atzo jakinarazi zien urteko ekoizpena aurreikusitakoa baino %18 txikiagoa izango dela. 159.000 furgoneta egitea zen aurreikuspena, eta azkenean 130.000 inguru izango dira. Sindikatuen eta zuzendaritzaren arteko talka nagusia, baina, laneko osasun baldintzak dira. Batzordearen ustez, neurri horiekin ekoizpen erritmoa jaitsi beharko litzateke, ez delako erraza lana egitea. Akordiorik ez egon arren, sindikatuek aurreratu dute ez dutela ekoizpena oztopatuko. Martxoaren 16an produkzioa eten zuten, gutxieneko osasun neurriak betetzen ez zirelako.
Aeronautikan, Aernnovak Berantevillan (Araba) duen enpresako langile batzordeak jakinarazi du enpresa aldi baterako erregulazioa aurkeztea aztertzen ari dela. Batzordea eta enpresa 29an ziren biltzekoak, eta zuzendaritzak maiatzaren 4ra arte atzeratu du, «datuak argi ez dituelako».
Hiru modutara konpentsatuko dute kutxetan sartuko ez den dirua. Batetik, 70 milioiren gerakinak baliatuko dituzte, hau da, iaz gastatu ez eta kutxetan geratzen den dirua.
Bestetik, Gipuzkoako Aldundiak 45 milioi euroko zorra hartuko du, legeak baimentzen dion gehienezko kopurua —aurten amaitzen diren kredituak berritzeko aukera soilik du—. Olanok nabarmendu du «azken urteetako kudeaketaren ondorioz» aldundiak egoera finantzario ona duela, eta, superabita izan duenez, zorra arindu ahal izan duela. Baina kexu da «eskuak lotuak» dituela, Espainiako Gobernuak debekatzen dielako zor berria hartzea eta defizita izatea. «Ez da justua gipuzkoarrek ahalegin horren ondorioak jasatea, ez da justua mugekin jarraitzea».
Azkenik, gerrikoa estutu beharko du aldundiak. Aurreikusiak zituen 85 milioi ez ditu gastatuko: 40 milioi inbertsioetatik, 25 milioi ohiko gastuetatik, eta 20 milioi aurrekontuaren zenbait atal ez beteta.
«Atzeratu» egingo dira Gipuzkoako Aldundiak aurten egin nahi zituen inbertsio batzuk, besteak beste, Koldo Mitxelena kulturgunearen berritze lana, Urretxu-Azkoitiaren eta Donostiako 27. Industrialderako errepideen konponketa, eta bi proiektu estrategiko, Adinberri eta Mubil zentroak.
Eustatek berak onartu du atzo emandako datu aurreratuak muga handiak dituela, zailtasun handiak izan dituelako kalkulu hori egiteko beharrezkoak diren datuak biltzeko. Datu zabalagoak emango ditu datorren ekainaren 5ean, eta ordurako espero du orain eskura ez duen informazioa izango duela.
Aurreikuspenak aldatu
Edonola ere, atzo aurreratutakoa baieztatuz gero, urte osoan hiru lurraldeetako BPGak izango duen erorikoak txiki utziko du Jaurlaritzak berak apirilaren hasieran iragarritako %3,6ko uzkurtzea. Urte arteko tasan dagoeneko %4,5 egin du atzera ekonomiak, eta hori itxialdiaren bi aste bakarrik hartzen dituela kontuan. Horren aurretik, ekonomia hazten ari zen, %2 inguruko tasan.
Atzo bertan, Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak onartu zuen iragarpena aldatu egin beharko duela. Hori bera egiten ari dira beste erakunde guztiak ere. Nazioarteko Diru Funtsak, esaterako, hil hasieran esan zuen euroguneko ekonomia %7,5 uzkurtuko zela aurten. Herenegun Europar Kontseiluak egindako bileran, ordea, erorikoa %15 artekoa izan daitekeela ohartarazi zuen Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidenteak.
NDFren azken kalkuluak dio Espainiako BPGak %8 egingo duela atzera 2020an, eta %4,3 baizik ez duela gora egingo 2021ean. Zenbakiak pixka bat hobeak dira Frantzian: -%7 aurten, eta +%4,5 datorren urtean. Baliteke Euskal Herrian ekonomia gutxiago uzkurtzea, turismoaren pisua txikiagoa baita oro har.
Urtearen amaieran dagoeneko inork espero ez duen suspertze ikusgarri bat gertatzen ez bada, erorikoak txiki utziko du 2009an gertatutakoa (-%4,1), eta baliteke iristea 2009ko zerga bilketaren hondoratzera. Orduko hartan %20,5 gutxitu zen aldundien zerga bilketa: 2.800 milioi euro, hain zuzen ere. Antzeko kopuru bat jarri du mahai gainean Azpiazuk, 3.000 milioi euro gutxiago.
Aurten 15.767 milioi euro biltzea espero zuten foru ogasunek, 2019an jasotako 15.470 milioi euroak baino 297 milioi gehiago (+%1,9).
Ogasunek 3.000 milioi euro gutxiago bilduz gero, Jaurlaritzak 2.000 milioi gutxiago izango ditu. Diru horren zati bat zorraren bidez konpentsatuko du. «Zorra nabarmen handituko da, neurriak hartu behar direlako zaurgarria den inor ez dadin babesik gabe geratu». Gehienez 830 milioi euroko zorra har zezakeen aurten Jaurlaritzak, baina Azpiazuk esan zuen muga hori handitu beharko dela. Zuloari aurre egiteko beste modu bat gastu batzuen murrizketa izango da.
Enplegua ere gutxitu da
Enplegua ere txikitu da urtearen hasieran. Dedikazio osoko baliokidetza duten lanpostuetan neurtuta, %3,1 egin du behera urtearen hasieran. Eustatek ohartarazi duenez, kopuru horietan sartzen dira aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileak, 200.000tik gora jada Hego Euskal Herrian. Martxoko azken bi asteetan, Gizarte Segurantzak 34.000 kotizatzaile galdu zituen Hego Euskal Herrian, eta 14.364 langabe batu ziren Lanbidera eta Nafar Lansarera.