Jaurlaritzak 5 urteko epea jarri du krisiaren aurreko egoera…

Eusko Jaurlaritzak 2025ean langabezia-tasa % 10etik behera egotea jarri du helburu gisa, bost urtean COVID-19aren pandemiak sortutako krisiaren ondorioak iraultzeko.


Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak gogoratu zuen azken hilabete eta erdian ekoizpen arazoen eraginezko erregulazioak askoz gehiago izan direla ezinbesteko arrazoiekin lotutakoak baino. «Egungo jokalekuan, jadanik osasun krisia krisi ekonomiko bihurtu den honetan, Euskal Herrian milaka lanposturi eusten lagunduko luke erregulazio arruntak osatzeko funts bat sortzeak». Edonola ere, ELAk argi dauka enpleguaren aldeko politikak behar direla, eta, horretarako, «ezinbestekotzat» jo zuen «sindikatu guztien, patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean akordio bat lortzea». Sindikatuak «berehala» jarri nahi du martxan itun hori: «Ezin gara hauteskunde politikoen zain egon, orain galtzen ditugun lanpostuak ez ditugu-eta erraz berreskuratuko gero».
Hala, ELAk uste du funts bat sortu behar dela erregulazioan daudenen lansariak osatzeko, eta hiru oinarri ere eman zituen hura egituratzeko. Lehena da soldaten zenbatekoen araberako osatzeak egiteko irizpidea, arestian aipatua. Proportzio horietan erregulazioan zehar enpresek ordaindu beharreko kotizazioak osatzea eskatzen du, era berean. Horrez gain, ELAren proposamenak dio enpresek bermatu beharko luketela enplegua mantenduko dela, kotizazioetan laguntzak jaso ahal izateko, «bereziki behin-behineko langileen lanpostuak». Eta funts hori finantzatzeko sozietate zergan «errekargu bat» egin dadila da hirugarren oinarria. «Hau da, enpresen irabazien bitartez bermatu dadila enpresen bideragarritasuna eta enpleguak aurrera egingo duela».
Patronalaren inplikazioa
Enpresen irabaziak eta erregulazioaren zakura eroritakoen soldaten osatzea lotzen ditu, beraz, ELAren eskaerak, eta sindikatuak berak badaki azken eskaera horretan dagoela akordioaren «gakoa», ahalezko itun hori ez baitu ulertzen «patronalaren inplikaziorik gabe». «Proposamen horrek lehen urratsa izan behar du enplegua ez suntsitzeko. Horrekin batera, produkzio eredua gidatzeko estrategia publiko sakona behar dugu. Bizitza erdigunean kokatuko duen sistema ekonomiko bat, pertsonen beharrei erantzungo diena, eta, horretarako, ezinbestekoa da lanpostuak suntsitu beharrean enpresak eraldatzea». ELAk uste du neurri horiekin batera langabezian izango direnentzako laguntzak aldatu behar direla, «pobrezia ekiditeko eta bidean inor ere ez gelditzeko».
Erabakiak hartzeko garaia dela azpimarratu zuen sindikatuak bere oharrean. «Alderdi politiko guztiei ausardia eskatzen diegu horrelako proposamen zehatzei buruz hitz egiteko helburuz elkarrizketak martxan jar daitezen eragile guztiekin».
Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren krisi mahaia izan da orain arte eragile sozial guztiak elkartzeko gunea, pandemiaren aroan, harik eta ELAk eta LABek utzi duten arte, «propagandarako» dela iritzita. Eta LABek ohartarazi zuen atzo, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren bidez, sindikatu abertzalea ez dela egongo «egungo sistemari eusteko eztabaida guneetan», dela krisi mahai hori, dela Elkarrizketa Sozialerako Mahaia. «Normaltasun berria eta beste eredu bat» erreibindikatzeko kanpaina plazaratu zuen LABek. Aranburuk azaldu zuen apustua ezin dela izan berreraikitze soziala eta ekonomikoa, «egungo ereduaren eraldaketa baizik». «Bizitza erdigunean jarriko duen beste eredu batek ordezkatu behar du egungoa».
Dogma liberalak, behera
LABeko idazkari nagusia ez zuen ezkutatu «garai oso zailak» datozela langileentzat, «baina baita aukera berriak ere», haren arabera, COVID-19aren pandemiak argi azaleratu baitu «sistemaren bideragarritasunik eza». Osasun krisiak «dogma liberal batzuk bota ditu». Hala ere, ohartarazi zuen EAJ eta patronala berreraikitzeaz ari direla eta elkarlana eskatzen ari direla, «baina joko zelaia finkatu dute, eta epailea erosi ere bai», Aranbururen arabera. «Baldintza horietan langileok ezin dugu irabazi». LABek «benetako eztabaida» nahi du beste eragileekin, baina «sistemari eusteko guneetan» ez da ariko.
ELAk eskatu bezala, LABek uste du erregulazioan dauden langileen soldatak bermatu behar direla, baina lansarien osagarri horiek benetako funtsa izan dezaten, «enplegu bermea» eduki behar dute alboan; «bestela, labur geratuko da soldatak osatzeko edozein itun».
Baina horiekin ere ez du aski izango ogasunak diru sarreretan izango duten apalaldiari aurre egiteko, eta ezinbestekoa izango zaio zorra handitzea. Arabak, hain zuzen, epe motzera zorpetzeko gaitasuna handitu nahi du, eta, horretarako, aurrekontuak kontrolatzeko legea moldatuko duela iragarri du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, Batzar Nagusietan krisiari aurre egiteko ondutako planaren aurkezpen agerraldian.
Gaur egungo foru arauak zehazten du diru sarrera arrunten %10 izan behar duela epe laburreko zorpetze mugak. Baina muga hori aldatu nahi du diputazioak, zorpetze ahalmenak 248 milioi euroren langa gaindi dezan. Gonzalezek esan du gehienez ere urtebetean itzuli beharreko epe laburreko mailegu edo kredituak hitzartu ahal izango dituela horri esker, eta aldundiaren likidazioa «modu nabarmenean» hobetzen lagunduko duela ondorioz. Gaurko gobernu bileran onartuko dute aldaketa.
Ez da Arabako ahaldun nagusiak moldatu nahi duen lege bakarra, halere. Egonkortasunerako legea ere moldatu nahi du, defizita eta gastu araua ere malgutzeko. Gaia aztertzeko eskatu zion Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoari, baina Gonzalezek esan du erabakiaren zain daudela oraindik.
«Lehen neurriak hartu ditugu, baina etorkizunera begira lan egin behar dugu, datozen urteetarako Arabaren lehentasunak planifikatuz eta erabakiz», esan du Gonzalezek. Uste du, halere, «goiz» dela krisiaren benetako eragina neurtzeko, aurreikuspenak aldatzen ari direlako itxialdia arintzearekin batera. Gainerako alderdiei, baina, eskatu die «egonkortasun politikoari eusteko».
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak bost milioi euroko poltsa bat iragarri zuen joan den astean autoak erostea bultzatzeko, baina, azkenean, hamar milioi euro jarriko ditu mahai gainean.
Atzo eman zien planaren berri Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak sektoreko ordezkariei. Haren osteko agerraldian, gobernuari esker ona adierazi zion Javier Bagues auto saltokien ordezkariak, eta bereziki nabarmendu zuen aurten zero kilometroko autoek ere jasoko dutela laguntza. Laguntza handia da kontzesionarioentzat, «hainbat arrazoirengatik» auto asko matrikulatzen dituztelako.
Energiaren Euskal Erakundeak tramitatuko ditu laguntzak, eskaerak jaso ahala. Hau da, lehenik eskatzen dutenek aukera handiagoa izango dute Jaurlaritzaren laguntza jasotzeko, hamar milioi euroak amaitu arte banatuko baitu.
Jaurlaritzak banatuko duen laguntza, neurri batean, sinbolikoa izango da: ehunka operazio erraztuko ditu Jaurlaritzaren diruak, baina milaka zenbatzen dira auto berrien salmentak. Iaz, esaterako, Hego Euskal Herri osoan 51.000 auto matrikulatu zituzten.
Urtea hasi denetik 10.173 auto berri saldu dituzte lau lurraldeetako kontzesionarioek, horietatik 1.833 maiatzean. Saltokiak maiatzaren 11n ireki zituzten, eta, lehen egunotan, haietako askok bezero andana izan zuten, itxialdiak etendako operazioak ixteko zeudelako. Baina egunek aurrera egin ahala, moteldu egin da berriro salmentaren erritmoa, batez ere bi faktorek behartuta. Batetik, oraindik badira joan-etorriak egiteko mugak, eta dendetara joateko bete beharreko segurtasun neurriek ez dute lana errazten. Bestetik, shock ekonomiko handia eragin du konfinamenduak, eta kalte ekonomikorik sentitu ez dutenak ere uzkurrago daude orain gastu handiak egiteko.
Urteko lehen bost hilabeteetan %54,3 txikitu da merkatua. Beherakada hori pixka bat apaltzea espero dute saltzaileek, baina %30 eta %40 arteko amiltzeak ez luke inor harrituko. Erorikoa pixka bat apaltzeko asmoa du Jaurlaritzak planak, eta horregatik ez ditu bere laguntzak mugatu teknologia garbienetara. Are gehiago, 1.000 eurotik 2.000ra igo du gasolina edo gasolioa erretzen duten auto berriak erosteagatik emango duten laguntza. Hori bai, errekuntza auto eta furgoneta garbienek soilik jasoko dute laguntza, M1 labela dutenek.
Urtea hasi denetik saldutako autoen %54 izan dira gasolina bidezkoak, baina merkatu kuota galtzen ari dira, iazko lehen bost hilabeteetan %65,7 izan baitziren.
Kuota pixka bat berreskuratu du dieselak —%23,4tik %24,6ra igo da—, eta nabarmen hobetu dute motor alternatiboek, %10,7tik %18,5era igaro baita haiena.
Moves plana, berriro
Jaurlaritzak laguntza handiagoa emango die auto elektrikoei, hibridoei eta hidrogenoa eta gasa darabiltenei, baina baliteke haietako gutxi iristea erosleengana. Izan ere, gaur espero da Espainiako Gobernuak berritzea Moves programa. Haren bitartez, 5.000 eurorainoko laguntza jaso dezakete auto elektriko bat erosten dutenek. Bi laguntzak ez direnez bateragarriak, pentsatzekoa da elektrikoa nahi duten gehienek Espainiakoa hobetsiko dutela.
Baina urrunago joan nahi du Espainiako Gobernuak. Nissanek Bartzelonako fabrika itxiko duela iragartzeak alarma gorriak piztu dizkio, ohartu delako bere menpeko lurraldean dauden auto ekoizle guztiak kanpokoak izateak indarge uzten duela halako erabakien aurrean. Ahultasuna are nabariagoa da orain, gobernu guztiek beren lurraldeetan kokatu nahi dituztelako auto elektrikoen garapena eta ekoizpena. Parisek eta Berlinek ez bezala, Madrilek zail du ekoizleei zuzenean presio egitea, eta, horregatik, inbertsioetarako eta I+Grako laguntzekin limurtu nahi ditu.
Zerga kontuetan, matrikulazio eta zirkulazio zergak bateratzea aztertzen ari da.


Lotsarik gabe ahoskatu da eskuin muturreko aberaskumeen eltze arteko lelo gordinetan: La paguita. Pagatxoa. Jite berekoek hedatu dute sare sozialetan, demagogiaz jositako hainbat leloren artean. Hitz bakarra, eraginkorra, adierazteko lanik egin nahi ez duten alferrak erosteko dela bizitzeko gutxieneko diru sarrera.
Behin mezua argi finkatuta, ideia ondo lotuta dagoela, lana errazagoa da doinu apalagoetan aritzen direnen iritzi emaileentzat. Langabezia areagotu dezakeela; boto gatibuak sortzen direla; egin behar dena dela jendeari arrantzan erakustea —arrantza sarerik eta arrainik ikusi gabe, jakina—; diru horrek, batez ere garai hauetan, enplegua sortzera eta gauza baliagarriagoetara joan beharko lukeela —beharbada euren guraso aberatsen ondarearen kontura negozioak sortzen dituzten meritokrata ekintzaileak laguntzera—.
Berdin die erakusteak oker daudela: adibidez, gutxieneko errentek ez dutela langabezia igotzen. Ez dela gauza bera oinarrizko errenta bat eta diru sarrera bermatu bat… Berdin du. Gordinagoak edo apalagoak, adierazpen eta jarrera horiek ez dira berriak. Eta helburu jakin bat izan dute beti: gizarte laguntza horiek mugatzea eta baldintzatzea.
Euskal Herrian ezagunak zaizkigu. 2014an, Gasteizko orduko alkate Javier Marotok esan zuen aljeriarrak eta marokoarrak ez zirela etortzen lanera, baizik eta gizarte laguntzetatik bizitzera. Behin etorkinak-laguntzak-iruzurrak ondo lotuta, Marotok esandakoak eztabaidatzeari ekin zioten —eta jarraitu dute— politikari, hedabide eta iritzi emaileek.
Eta hala, DSBEari buruz hitz egiten den aldiro, norbaitek pertinentea irizten dio hura jasotzen dutenen artean etorkinak zenbat diren adierazteari edo galdetzeari. Berdin gertatzen da iruzurrekin eta bizilekua egiaztatzeko kontrolekin.
Aste honetan bertan, esaterako, horri buruz galdetu diote Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, bizitzeko gutxieneko diru sarreraren kudeaketari buruz prentsarentzat egindako agerraldian: ea zenbat izango diren etorkinak soilik DSBEa jasotzen jarraituko dutenen artean.
Norbaitek pentsa dezake normala dela hori galdetzea. Logika horretan, errenta aitorpenaren kanpainen aurkezpenetan ere aipatu beharko lirateke, nik zer dakit… futbol jokalariak? Ez da hori gertatzen.
Gertatzen dena da, azkenean, alferren eta etorkinen inguruko mezuek gizarte politikak baldintzatzen dituztela, eta laguntzak hobetu eta zabaldu beharra egiaztatuta ere, administrazioak bere burua behartuta ikusten duela kontrol gehiago izango direla ziurtatzera, besterik ez bada ere esparru batzuetan botorik ez galtzeko.
Abagunea
Orain, ordea, krisi global betean, gerta daiteke halako mezuek ez izatea horren abegi onik iritzi publikoan. Eta horrek haien baldintzatzeko gaitasuna murriztu beharko luke, gizarte politiken egileek iritzi publikoa zuzen interpretatuz gero.
Merezimendu heuristikak hizpide izan ditu asteotan Jose Antonio Noguera soziologoak, zeinak esku hartu duen bizitzeko gutxieneko diru sarreraren sorreran (Noguera, zehazki, Europako Batasunean hegoaldeko herrialdeak laguntzeko egon zitekeen borondateaz ari zen).
Merezimendu heuristikak arau sinpleak direla azaldu du soziologoak: birbanatze politikek izan dezaketen babesa edo arbuioa iragartzeko balio dutenak. Ez dute zehazten laguntza sozialaren onuradunak behar duen laguntza hori edo ez, bidezkoa den hura jasotzea, edo onuragarria gizartearentzat, baizik eta iragartzeak jendeak zer usteko duen, onuradunak merezi duela ala ez.
Euren aukeren gainetik bizitakoek laguntzarik ez zutela merezi pentsatuko zuten herritar askok 2008ko krisiaren ostean. Koronabirusarekin, zaila da pobrezian daudenei beren egoeraren ardurarik leporatzea. Neurri honetako krisi batean, era berean, zaila da ukatzea laguntza horien beharra dutela.
Izango da gutxieneko errentak eta beste laguntzak jasotzeko merezimenduak ukatuko dizkionik etorkinei, pobrezian bizi direnei, bat-batean langabezian geratuko direnei —eta horietako batzuek beharrezko eta merezitako ikusiko dituzte enpresentzako laguntzak—. Baina gutxiago dira koronabirusak ekarritako abagune honetan, eta pagatxoaren probokatzaileek txistuak entzuten dituzte.
Administrazioek laguntzen bidezkotasunaz, berdintasunaz, baliagarritasunaz pentsatzeaz gain, analisi hori ere aintzat izan beharko lukete, adibidez, DSBEaren erreformari heltzeko orduan.
