Gaiak uste du onenean %5 txiki daitezkeela salmentak, eta…
Baina osasun krisiak eta krisi ekonomikoak hankaz gora jarri ditu iragarpenak. Eta «ziurgabetasuneko agertokian» zaila da aurreikuspen berriak egitea, Jose Etxezarra Gaia taldeko presidentearen arabera. Elkarteak atzo egin zuen bere urteroko batzarra.
Etxezarrak azaldu zuenez, «batetik, aurreikuspen guztiek diote enpresa gehienek sarrera gutxiago izango dituztela, eta, beraz, emaitza negatiboak». Hala ere, ikuspegi baikorragoa izateko arrazoiak ere ikusi ditu: «Ekonomia suspertzeko, ahalmen teknologikoan inbertsio intentsiboa beharko da, eta hor Gaia taldeko enpresen gaitasunen eskaintzak garrantzi berezia hartuko du».
Gaian uste dute teknologien sektore honetako fakturazioa epe motzera onenean %5 jaits daitekeela, eta txarrenean %15. «Aurrekaririk gabeko ahalegin baten aurrean gaude, oso konplexua izango den suspertzea egiazko bilakatzeko».
Antolaketa berria
Iazko urteari buruz, aldagai guztietan lortutako emaitza onak azpimarratu zituen Gaiako presidenteak. «Hazkundea jarraitua izan da, jarduera sektore guztietan eta enpresa tamaina guztietan. Nazioarteko negozioek ekarpen handiagoa egin zuten iaz, %6 hazita, eta urte itxieran Gaiako enpresei eremu horietatik zetorkien fakturazio osoaren %44 (2.350 milioi euro). Hori bai, «profesionalen faltarengatik» enpresen foku nagusia batez ere merkatu aplikazioetan dago, eta horrek zaildu egiten du baliabideak ikerketarako eta garapenerako baliabideak libratzea.
Elkarteak lan handia egin zuen iaz, erakundearen antolaketa berritzen. Jarduera sektorekako ikuspegi tradizionala aldatu nahi izan dute, eta orain lehentasunezko teknologia gaitasunen inguruan ordenatuko dute eskaintza. Azpi sektoreka egingo dute lan, zeinetan lidergoa teknologia horietan lider diren enpresek hartuko duten. Lau izango dira azpisektore horiek: adimen bisuala, zibersegurtasuna, gauzen Internet, eta adimen artifiziala.



