Sektore pribatuko hiru langiletik bat aldi baterako lan-erregulazioan dago

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aldi baterako 26.958 lan-erregulazio espediente aurkeztu dituzte koronabirusagatik alarma egoera ezarri zenetik. Maiatzak 27ko datuak


Denera 50 neurri jasotzen ditu planak, eta atzo aurkeztu zuten. Aldundiak 11,5 milioi euro gorde ditu enpresa txikiei eta ertainei eta autonomoei laguntzeko. Zuzeneko diru laguntzak emango dizkiete digitalizaziorako eta oinarrizko gastuei aurre egiteko. Laguntza jasoko dute, halaber, emakumeei eta 45 urtetik gorakoei kontratu mugagabeak egiten dizkietenek.
Tokian tokiko merkataritza eta herrialdeko produktua bultzatzeko kontsumo bonuak aterako ditu, baita barne turismoa sustatzeko ere. Bestalde, milioi bat euro erabiliko ditu kultura arloko enpresei laguntzeko, eta beste milioi bat gordeko du ingurumenari lotutako proiektuetarako. «Orain, inoiz baino garrantzitsuagoa da tabernan Arabako Errioxako ardo bat edo Aiarako txakolin bat eskatzea, oporrak Arabako landa etxe batean erreserbatzea, eta gure herriko dendetan Arabako patata erostea», esan du Gonzalezek.
Izan ere, ahaldun nagusiak iragarri du 540 milioi euro gutxiago bilduko direla aurten zergen bitartez Araban, hots, iazko diru bilketan baino %20 edo %22 gutxiago. Bilketa apaltzearen ondorioz, diputazioak aurrekontua 100 milioi txikitu behar izango duela uste du ahaldun nagusiak. Erantsi du, baina, obra publikoei eutsi egingo zaiela. Aldundiak 60 milioi euroko inbertsioa zuen aurreikusia. Horiez gain, beste 248 milioi ere gehitu behar zaizkie, neurri fiskalei lotutakoak. Izan ere, zergen ordainketen atzerapenak eta zerga kenkariak onartu baititu Foru Ogasunak herritarrentzat eta enpresentzat.
Asteotan jakin denez, inbertsioak egiten ari dira maskaren esparruan. Nola ari da eragiten pandemia biosektorean? Akuilua da ala galga?
Maskarak eta antzeko babes produktuak sektoreko zati txiki bat baizik ez dira. Gure enpresentzat, oro har, pandemia galga bat da. COVID-19aren aurkako borrokarekin lotutako jardueretan salbu, gelditu egin da sektorea. Jarduera komertziala kongresuetan eta nazioarteko azoketan izaten da, baita medikuen bisiten bidez ere, eta hori guztia izozturik dago. Inportazioen eta esportazioen emaria ere atzerapen handiz ari da. Enpresa batzuk lanean hasi ziren berehala, maskarak, arnasgailuak eta diagnostikorako tresnak egiten, baita terapia zehatzak bilatzen ere. Atsedenik gabe ari dira. Baina sektore honetan prozesu luzeak dira tresna medikoen eta botiken balio erantsia garatzea. Garestia da, I+G askorekin. Beraz, unean uneko krisi bat aukera da soilik gai horretan aditu bazara. Guk laguntza iraunkorra behar dugu emaitzak izateko. Enpresa gazte asko ditugu klusterrean, txikiak eta ertainak. Egonkortasuna eta laguntza nahikoa behar dugu emaitzak edukitzeko.
Laguntza nahikoa jasotzen du sektoreak aurrerapauso bat emateko?
Gizarte gisa, hausnarketa sakon bat egin behar dugu garatu nahi ditugun produktuen inguruan. I+G sendoa behar dugu, eta, horretarako, laguntza iraunkorra. Inbertsio publiko eta pribatu gehiago behar dugu balio erantsia sortzeko beharrezkoak diren prozesu luzeei erantzuteko. Horrez gain, elkarlan estua behar dugu ikerketa zentroekin, unibertsitateekin eta osasun sistemarekin.
Nola dago sektorearen giharra? EAEko BPGaren zenbat ordezkatzen du?
Gure enpresek %2 ordezten dute, 8.000 lanposturekin, eta ia %6 hazi ginen iaz. Mundu mailako zientzialari eta teknologia adituak ditugu; muturreko ekipamenduak eta kalitatezko zientzia sortzen dugu, zientzialari onak, abangoardiakoak. Aurten, berriro hazteko aurreikuspena genuen, baina dena berraztertu behar dugu. Kolpea apaltzen saiatu behar dugu orain. Euskadin laguntza onak daude enpresen ibilbideko lehen lau urteetarako, baina bio-osasungintzan laguntza luzeagoak behar ditugu enpresa autonomoak lortzeko. Ez da logikoa laguntzarik gabe geratzea entsegu fasean edo baieztapen fasean gaudela. Asko dira lau eta hamar urteko adinarekin hil diren enpresak gure alorrean. Sostengu iraunkorra behar dugu. Oinarrizkoa da administrazioaren babesa atzerriko inbertsioa erakartzeko.
Nola eragingo dio sektoreari Euskal Herria maskaren ekoizpenaren erreferentzia bat bilakatzea?
Ekonomia mailan ez dio askorik eragingo. Oinarrizko produktuei buruz ari gara, eta horiek inportatzeko egin dugun hautuaren inguruan hausnarketa sakon bat egin behar dugu. Beste herrialdeekiko dugun mendekotasun batzuei muga jarri behar diegu. Made in Euskadi maskaren onura ekonomikoa ez da handia izango, baina gure gizarteak eskura ez edukitzea produktu horiek garesti atera daiteke aurrerantzean ere. Lehengai batzuk eta oinarrizko produktuak ez edukitzeak geldirik utz gaitzake, balio erantsi txikia duten arren. Erabili eta botatzekoak diren produktu horiek ingurumenean izango duten eragina ere aztertu behar da, bestalde. Mendebaldeko herrialdeetan ez gaude prest hori kudeatzeko. Ingurumenaren alde egin ditugun urratsak ezin ditugu alferrik galdu, eta osasunak eta ingurumenak batera joan behar dute.
COVID-19aren aurkako txertoa aurkitzeko lasterketan parte hartzen ari dira euskal enpresak?
Batzuk zeharka ari dira parte hartzen, eta beste batzuk, zuzenean. Histocell zelula terapien proba batean ari da erietxeetan dauden gaixoekin. Innoprot, Biobide eta IMG Pharma ere lanean dira txertoen eta botiken segurtasunaren eta eraginkortasunaren alorretan. FM controlek, berriz, tresna erradiologiko eramangarri bat garatu du COVIDa atzemateko, eta Osasen, Microliquid, Roxall, Progenika-Grifols eta beste batzuk gaixotasun hori fase goiztiarrean atzemateko diagnosi sistemak landu dituzte. Naruk, e-processmed-ek eta Iris bondek, besteak beste, gaixoen egoera zaintzeko aplikazio teknologikoak asmatu dituzte. Gainera, MIZARek arnasgailuak eta laginetarako 3D hisopoak ekoitzi ditu. BRTA eta Teknika zentro teknologikoak buru-belarri dabiltza gaixotasunaren aurka, gaixotasun arrastoari segitzeko sistemekin. Asko dira, askotariko lanak egiten.
Biozientzia oso esparru desberdinetan aritzen da. Zein esparrutan haz daitezke gehien euskal enpresak? Zein jarduera dira interesgarrienak haientzat?
Zaila da aurreikustea nork izango duen arrakasta, baina Euskadin tresna medikoen esparruan lehia handia dago. Baina oraindik goiz da jakiteko inor podiumera igoko ote den. Osasunarekin lotutako aplikazio teknologikoek leku garrantzitsua izango du aurki. Gure gizarteak ahalegin handia egin behar du kolaborazio publikoaren eta pribatuaren alde, eta osasunari buruzko datu anonimoak eskuragarri jartzeko. Benetako aurrerapausoak eman ditzagun sektorean oinarrizkoa da kolaborazio hori.
Basque Health Center klusterreko zuzendari Maria Pascual de Zuluetak uste du osasuntsu dagoela, oro har, eta hainbat alorretan giharra atera dezakeela, baina baita aurrerapauso bat emateko garaia duela ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 70 bat konpainia biltzen ditu egitasmo pribatu eta publikoko kluster horrek, baita hogei ikerketa zentro, lau unibertsitate eta sei ospitale ere.
Bio markapeko hainbat enpresa sendo azaltzen dira balio erantsi handia banderatzat duen talde horretan. Eta horietako batzuk COVID-19aren aurkako borrokan ari dira azken hilabetean. Osasen enpresak, adibidez, gaixotasunen markagailuak atzemateko eta monitorizatzeko PoC sistemak garatzen ditu, eta birusa fase goiztiarrean atzemateko tresna bat lantzen ari da.
Biomedikuntzaren eta bioteknologiaren esparruan beste izen ezagun batzuk agertzen dira birusarekin lotutako zereginetan: esaterako, Progenika Biofarma, molekulen biologian aitzindari den enpresa. TMA teknologiaren bidez, diagnostiko metodo batean ari da; PCR probak duen bezainbesteko fidagarritasuna izango luke Progenikarenak. Grifols matrizearen proiektuan parte hartzen ari da, kiten alorrean.
Bizkaiko Histocell, berriz, HC016 zelula botikarekin proba klinikoak egiten dabil SDRA biriken gaitza duten gaixoekin; hori da koronabirusak eragiten duen arazorik larriena gaixoetan. Erietxeetan bukatzen duten gaixo larrien %40k garatzen dute, eta horien artean larrienak hil egiten dira. Bestalde, Viralgen farmazia laborategia gene terapian espezializaturik dago, eta hura ere birusaren aurkako borrokan ari da. Herritarren monitorizazio eraginkor bat lortu nahi du, arazoari bere osotasunean ekiteko.
Birus zehatz horretatik harago, ordea, jarduera bizia dago sektorean. Farmaziaren esparruan Faes Farma azpimarratu behar da, garapen bioteknologikorako duen ahalmenarengatik. Botikak ikertu, ekoitzi eta merkaturatzen ditu 60 herrialderako. Nafarroako Cinfa ere neurri handiko farmazia konpainia bat da, botika ezagun askoren banatzailea.
Euskal kapitala duen beste bat da Praxis Pharmaceutical, erreferentea esparru jakin batzuetan. Badira Euskal Herrian kokatutako multinazional atzerritarrak ere: adibidez, BIAL; alergien adarraren bikaintasun zentroa zabaldu du Bizkaian. Beste hainbat eta hainbat aipa daitezke, dena den: AJL Oftalmics, Noray Biosciences taldea, BTI-Biotechnological Institute…
Maskaren negozioa
Laborategian, molekulekin eta zientzia ikerketa eginez aritzen direnez gain, Basque Health Clusterren badira industriaren beste alor batean jarduten dutenak ere, babes materiala egiten dutenak hain zuzen: esaterako, Bexen Medical eta Nueva Sibol enpresak. Eta, hain zuzen, enpresa horiek dira lehen lerroan jarri direnak pandemiari aurre egiten, nahiz eta horretarako pipetak eta mikroskopioak behar ez dituzten.
Behar-beharrezkoa bihurtu da maskara pertsonen egunerokoan; are gehiago, espazio publikoetan ere derrigortu dituztenetik. Garraioan eta saltokietan eraman behar dira nahitaez, eta, segurtasun tarteei eusteko ezintasuna dagoenean, baita kalean ere. Orain aste batzuk, osasun agintariek esan zuten maskarak ez zirela beharrezkoak, oro har, hala Madrilen nola Gasteizen eta Iruñean. Orduan, ez zen batere erraza maskarak lortzea. Izan ere, ez zegoen ekoizpen nahikorik herrialde guztien beharrei erantzuteko. Eta babes neurri horien hornidura bermatzeko martxan jarri dituzte Euskal Herrian hainbat ekoizpen lerro. Hainbeste jarri dira, euskal industria sektorearen erreferentziazko gune bat bihurtuko baita luze gabe Europan.
Ekoizpen horretan buru-belarri dabiltzan enpresak, Bexen Medicalek eta Nueva Sibolek, batik bat, kopuruan oinarritu dute beren errentagarritasuna. Paradoxa da: bio sektorea, hain zuzen, kontrako bidean aritzen da, balio erantsi handiko produktuak ikertzen, ekoizten eta merkaturatzen.


