Jaurlaritzak atzera egin du eta azokak egitea baimendu du

Tokiko azokek zabaltzeko baimena izango dute datorren astetik aurrera. Indarrean dauden osasun eta segurtasun neurri zorrotzak errespetatu beharko dituzte.
Xebax Christyren hitzaldia Ipar Euskal Herriko Eusko tokiko txanponari buruz.
EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du EAEko legebiltzarrean tokiko merkataritza txikia sustatzeko. “Bonu-denda” deiturikoen bidez, herritar bakoitzak 100 euro izango lituzke saltoki horietan kontsumitzeko.
Covid-19 gaitza kezka handia sortzen ari da batean eta bestean, ezin geratu ari baitira herrialdeak. Azken berrien jarraipena egingo dugu hemen.
Alarma egoeran, elikagaiak hornitzen dituen sektorea funtsezko jarduera da, eta adierazpenak berak nolabaiteko aitortza eman dio. Haiek ere hala ikusi dute. «Supermerkatuen garrantziaz hitz egin da egunotan, baina industriak ez baditu elikagaiak eraldatzen, produktua ez da saltokietarako apaletara iritsiko», azpimarratu du Cristina Lekunberri Alinar Nafarroako, Errioxako eta Aragoiko elikagai industriaren elkarteko zuzendariak. «Langileak eta enpresak eurak ere jabetu dira zenbateraino diren inportante, eta honek guztiak zerbait ona utziko du».
Kaltetutako sektoreak
Iduri luke, hortaz, ezinbesteko jarduera diren heinean, lehen sektorea eta industria erritmo betean ari direla lanean. Alta, orotariko errealitatea bizi dute, eta, egoeraren argazki orokorra lehen eskutik ezagutu eta hartu beharreko neurriak aztertzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak hainbat bilera egin ditu bideokonferentzia bidez sektoreko eragileekin. Izan ere, bada osasun krisiak gogor jo duenik.
Imanol Ibero Nafarroako EHNE sindikatuko koordinatzailearen arabera, adibidez, konfinamenduak gogor eragin die salmenta zuzeneko ekoizleei, baita euren produktuak ostalaritzari edo eskolei saltzen dieten produktoreei ere. Arkumearen alorra, berriz, «bertan behera geratu da», Iberoren arabera. «Egoera latzena pairatzen ari da, arkumeen %85 ukuiluetan geratzen ari baita. Artzain ugari diru sarrera gabe geratu dira, esnea saldu gabe, eta arkumeak loditzen dabiltza, jakin gabe saltzeko aukerarik izango duten».
Ikastetxeetako eta enpresetako jangelak eta ostalaritza ixteak kalte egin dio industriari ere. Euren produktuak alor horiei saltzen dieten enpresek gogotik nabaritu dute kolpea, Lekunberriren arabera: «Enpresa batzuk bi sektoreetan aritzen dira, etxebizitzen elikagai arloan eta ostalaritzan. Beste batzuek, aldiz, %80 edo %100 ostalaritzan dute, eta saiatzen ari dira produkzioa alor batetik bestera mugitzen».
Asteon, Nafarroako Gobernuak hiru milioi euroren laguntzak onartu ditu: egoerak kalte nabarmena egin dion neurrian, ardi sektoreak guztira 1,2 milioi euroren kalte-ordainak jaso ditu; Europako Batasunaren landa garapeneko laguntzak aurreratu, eta berehala banatuko ditu; salmenta zuzeneko ereduak indartuko ditu; tokiko elikagaiak kontsumitzeko kanpainak sustatuko dira…
Hala ere, neurriok hartu aurretik, egoeraren beraren ziurgabetasunak jada kalte egin die hainbat laborariri. Iberoren arabera, zainzuriak hazteko behar den plastikoa altxatzea erabaki dute hainbatek uzta galdutzat emanda: «Ez zekiten langile kuadrilla ordaindu behar duten, ez zekiten zainzuriak saltzerik izango zuten… eta, ikusirik enpresa batzuk ez direla modu zuzen baten jokatzen ari, nahiago izan dute landareari jaiotzen utzi, zainzuririk jaso gabe». Izan ere, udaberria hasi berri, langile behar handia dago landa eremuan. Nafarroan, orburuen uzta bilketari aste gutxi batzuk falta zaizkio amaitzeko, zainzuriena hasi berri da, eta udarako laboreak ereiteko garaia da.
Horregatik, sektoreak kezka du kutsatzeak orokortuz gero zer gertatuko den kanpainekin. Mugak itxi direnez, ezin dira atzerritik etorri. «Kezkarik handiena da hori», onartu du Cristina Lekunberrik. Uzta bilketan, langile faltaren arazoari aurre egiteko, Espainiako Gobernuak asteon baimendu du diru sari bat jaso daitekeela eta aldi berean behin-behineko lan bat izan. Ikusteko dago neurria eraginkorra ote den.
Felix Bariainek ohartarazi du landa eremuan, gizarte osoan bezala, kutsatzeak badirela. «Logikoki, honek guztiak jarraitzen badu, gerta liteke langile gabe geratzea». Horri guztiari aurrera begirako ziurgabetasuna erantsi dio. Laborariek udarako zer labore jarri erabaki behar dute, «industrian edo kooperatibetan nahikoa eskari egongo den, eta biltzeko langilerik izango den jakin gabe». Horregatik, gobernuari dei egin dio neurriak har ditzan: «Guretzat erraza da bestela. Artoa erein, abeltzaintzaren kontsumoa ziurtatua baitugu, baina badakigu gizarteak beste behar bat duela. Laborariek hasiera-hasieratik sindikatura deitu digute esanez behar den guztia ekoizteko prest daudela, industria eta kooperatibak hornitzeko».
Zalantza horiek aldentzeko eta etorkizun hurbilari ziurtasun handiagoz erantzuteko, ezinbesteko ikusten du Lekunberrik laborariekin komunikazioa estutzea. Haren hitzetan, oraintxe bertan arrisku nagusia langile falta da, bai landa eremuan, bai enpresetan. Nafarroako Gobernuak bi eremuetako langileentzako segurtasun neurri batzuk ezarri ditu, baina hainbat arazo daude. Enpresak ohituta daude segurtasun neurriak hartzera, baina material ugari eman diete ospitaleei, eta orain «askok arazoak dituzte oinarrizko materiala lortzeko (betaurreko, maskara, eskularruak, termometroak…)».
Zailtasunen gainetik, Lekunberrik esan du aurrera jarraitzen dutela. Segurtasuna bermatzeko, enpresek antolamendu osoa malgutu behar izan dute: «Txandak, produkzio lerroak, logistika eta etiketa jartzeko sistema… Enpresak osorik berrantolatzen ari dira, eta dituzten baliabideen arabera jokatzen. Langileen batzordeei «arduraz» jokatzera dei egin die: «Behin neurriak hartuta, lanean jarraitzera animatu behar ditugu langileak, absentismoak gorantz jarraitzen badu, ez dugu lan ahalmenik izango eta».
Krisia piztu aurretik, laborariak eta abeltzainak kalera irten ziren urtarrilaren 30eko greba orokorrean —EHNE— eta otsailaren 19ko manifestazioan —UAGN—, bidezko prezioak aldarrikatzera. Espainiako Gobernuak hornidura katean jatorrizko prezioak bermatzeko legea onartu bazuen ere, hori kontrolatzeko baliabiderik ez du. Iberoren hitzetan, Nafarroako Gobernuari helarazi diote kontsumitzailearengana iritsi arteko katean «espekulazioa» dagoela.
Aurrera begira, Iberoren ustez, zilegitasuna irabazi dute. «Txikitasunetik, gertutasunetik eta ingurumenari atxikirik lan egiten duen eta baliabideak modu iraunkorrean erabiltzen dituen ereduak bermatuko du erresilienteagoa, autonomoago eta ahaldunduagoa izatea etorkizunean». Haren ustez, elikadura eta zaintza jarri behar lirateke erdigunean, eta «ez egon diruaren eta globalizazioaren menpe».
Bariainek gogora ekarri du mugak itxiz gero, nekazaririk gabe, ez legokeela egungo egoeran hornidura bermatua: «Hemengoari balioa eman behar diogu. Kontsumitzaileak bertako produktuak kontsumitu behar ditu. Gizarteak ez badu horren alde egiten, beste koronabirus bat merezi dugu orduan».
Bilioi erdi bat euro mobilizatuko dituzte, estatuei, enpresei eta langileei laguntzeko. Besteak beste, Herbehereek euren jarrera malgutu zuten, eta horrek aukera eman zuen akordioa iristeko. Horrela, maileguak eskuratuko dituzten herrialdeek ez dituzte zertan erreformak egin, hasieran Herbehereek eskatzen zuten moduan. Frantziak eta Alemaniak estutu zuten Herbehereetako ordezkaria, akordioari bide egin ziezaion. Azkenean adostutako testuarekin bat egin dute Alemaniak, Frantziak, Espainiak, Italiak, Herbehereek eta Portugalek.
Iparraldea eta hegoaldea aurrez aurre azaldu dira berriro; alegia, kontu publiko distiratsuak erakusten dituzten kideak eta zorrak gehiegi zamatzen dituenak. Eta, gainera, koronabirusak gogorrago jo dituenak; zuhaitz eroriari orok egur. Birusaren krisia pagatzeak ekarriko duen zorra Batasuneko kide guztien artean mutualizatzea nahi zuten Italiak eta Espainiak; Frantziak ere babesten zuen soluziobide hori, Parisek jipoi ekonomiko itzela hartuko baitu. Koronabonuak esan dieten horiek, ordea, ez ditu jaulkiko Batasunak, eta zorrak ez du kide guztien berme komuna izango. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak berretsi zuen atzo, goi bilera hastera zihoala, ez zuela irtenbide hori nahi, eta eztabaidaren jokalekua mugatu zuen: ESM erreskate funtsa eta Inbertsioen Europako Bankua; 27ek sor dezaketen langabeziaren euroasegurua ere aipatu zuen eskaintzen dituen aukeren artean, baina ez eurobonuak.
Asteartean hasitako bileran Herbehereek azaldu zioten aurkakotasunik handiena Espainia eta Italia eskatzen ari direnari. Baina Alemania da klubaren diapasoia, eta bilera amaigabe hori bertan behera utzi ondoren —EBren usadioak berrituz—, Paris-Berlin ardatza pizten saiatu da Merkel. Baita lortu ere. Ituna egon zitekeela helarazi zuen Olaf Scholz Finantza ministroak, baina kantzilerrak posizioa finkatu zuen badaezpada eurotaldearen bilerari berrekin aurretik, atzo: ESMri buruz eztabaidatu behar da, eta ez eurobonuei buruz. Azkenean ituna atzo bertan heldu zen.
ESM, zer baldintzetan?
Akordioak ahobatezkoa izan behar zuen, eta zaila ematen zuen Italiak onartzea ESM funtsa aktibatzea nahikoa izango dela. 410.000 milioi euro daude funts horretan, eta hain zuzen 2008ko krisiaren harira sortu zuten kideek krisiei aurre egiteko. Iritsi dena osasun krisia izan da lehen-lehenik, eta hark eragin duen krisi ekonomikoan ez dago aldagai moralik. Hau da, nekez aurpegiratu ahal zaie kideei beren ekonomiaren kudeaketa txarren emaitza dela egungo hondamendia. Horregatik, Alemania prest azaldu da ESM funtsaren iturria irekitzeko kideak behartu gabe programa ekonomikoekin; alegia, helburu fiskal bereziak inposatu gabe. Azkenean, 500.000 milioi euroraino ere osatu dute poltsa.