Funtsezko langileen osasuna babesteko baliabideak eskatu ditu LABek

Koronabirusa. Funtsezko langileen osasuna babesteko baliabideak eskatu ditu LABek. Kutsatuen % 18a osasun arloko langileak direla gogoratu du sindikatuak.
Zer emaitza eman ditu MIGen ikerketak?
Jakin behar den lehen gauza da, gure lurraldeko enpresen %90 inguru direla ukituak, kontuan hartuta enpresa txikiak eta ertainak direla nagusiki. Eragin handiena gehienez lau langile dituzten enpresentzat da; enpresen %60 baino gehiago, alegia. Bereziki komertzio arlokoak, zerbitzuetakoak eta ostalaritzakoak, baina orokorrean jarduera sektore guziak ukitu ditu. Zailtasun anitz sortzen ari da krisi hau. Urteko negozio zenbatekoaren apaltzea da handiena —enpresen%85 ukitzen du—, bezeroen eta mandatuen apaltzea, hornikuntza arazoak, salmenten bertan behera uztea…
Zer neurri hartu dituzte ?
Nagusiki, langile kopuruaren apaltze bat izan da, langabezia partzialaren bidez; hori baita [Frantziako] gobernuak ezarri duen neurria. Arazo larriena eskugain eskasiak sortuko du. Inbertsioak apalduko dira, eta ni beldur naiz jadanik egoera ahulean ziren enpresa batzuk ixtera behartuak izanen direla. Krisi batzorde bat plantan ezarri dugu enpresei aholkularitza emateko eta dituzten arazoei erantzuteko. [Frantziako Gobernuak ezarri dituen] Neurri batzuk egokiak dira, baina biziki konplikatua da horietara iristea, webgune gehienak saturatuak baitira, eta enpresaburuek ez dituzte, adibidez, Gizarte Segurantzako eta langabezia partzialeko kudeaketak egiten ahal.
Jarduera sektore batzuetan lanean segitzen dute. Zertan da egoera Ipar Euskal Herrian?
Eraikuntza paralizatua da osoki. Segurtasun neurriak hartzeko baldintza dute, baina maskarak falta dira, gel hidroalkoholikoa falta da. Enpresaburua bere langileen arduradun denez, ez ditu segurtasun neurriak betetzen ahal ez dituzten langileak lanarazten ahal.
Kontrakoa dioten lekukotasunak jasotzen ari gara.
Badira autonomoak lanean ari direnak. Baina langile bat zure ardurapean baduzu, ezin duzu lanean jarrarazi. Zerbait gertatzen bazaie, koronabirusa harrapatzen badute, nagusiaren erantzukizuna da.
Eta hori errespetatua da?
Frantziako Eraikuntza Federazioaren webgunean begiratzen baduzu, ikusiko duzu gehienak geldirik daudela. Bakarrik lan egiten baduzu, ez da arazorik. Bezeroarekin hitzartuta gutxieneko segurtasun arauak bete, eta kito. Baina langileak badituzu, behartua zara neurriak hartzera ez baduzu arazorik nahi.
Hori da, hain zuzen ere, eraikuntzako federazioak azpimarratu duena. Lan egitera bultzatu dituzte, baina gaur egun ez dira gai langileen arrisku baldintzei erantzuteko. Kasu horietan langileek erretiratzeko eskubidea dute.
Nahikoa dira Frantziako Gobernuak hartu dituen neurriak?
Gobernuak fite hartu ditu neurriak. Beste gauza bat da neurri horiek betearazteko gaitasuna izatea. Aski konplexua iruditzen zait, lehen errandakotik, webguneak saturatuak baitira. MIGen etengabe jasotzen ditugu enpresaburuen deiak arazo horiek nabarmenduz. Eskugain eskasiak dituztenentzat atzerapenak onartzea aipatu ditu, baina uste dut jarduera berriz hartzen dutenean ere ez dutela ordaintzeko gaitasunik izanen, ez dutelako eskugaineko dirurik izanen. Horregatik, nik galdetu dut enpresa txikienentzat ordainketak bertan behera uztea, eskugain eskasia dutelarik.
Batzuek ekonomia erabat gelditzeko eskatu dute. Osasun baldintzek ez ote dute hori agintzen?
Jarduera gehienetan dena gelditu da. Nik bi jarduera ditut —higiezin agentzia bat eta turismo egoitza bat—, eta biak gelditu ditut. Nire bezeroek erreserba guziak bertan behera utzi dituzte; ondoko asteetakoak, baina baita uda honetarakoak ere. Ostalaritza arloan eragina biziki handia izanen da; gutxienez urte baterakoa. Espero dezagun pandemia laster bukatuko dela. Horretarako, konfinamendu arauak hertsiki bete behar dira, bestela ez gara aterako. Aterabide onena, ez ateratzea.
Mundializazioaren eragina gaitzetsi duzu.
Azken urteetako nire adierazpenetan behin baino gehiagotan zabaldu dut halako mezua. Duela urte bat, dena paralizatzen duen mundializazio honen aurrean zirkuitu laburrak indartzearen alde egin nuen MIGen agiantzetan, eta aurten, paradigma aldaketaz mintzatu naiz. Gure funtzionatzeko moduak osoki berrikusi beharko ditugu. Hazkundea aipatzen dugu etengabe; nik uste dut gogoetatu beharko dugula zer desazkunde behar dugun, hazkunde berri baten norabidea hartzeko. Gaur egun, lurrak eman dizkigun lehengaien %80 kontsu- mitu ditugu; beraz, pentsa zer gertatuko zaien hurrengo belaunaldiei. Garapen iraunkorrari buruzko desmartxa bat behar dugu, eta uste dut horretan jarduera berriak sortzeko aukera izan daitekeela. Aurreikusten da 2040an gaur egun diren jardueren%80 ez direla gehiago existituko. 500 urte guziz paradigma aldaketa bat gertatzen da; gizarte batetik bestera aldatzen gara, beste egiteko modu batera. Horixe gertatuko da gaur egun. Etorkizuna horretan da.
Adibiderik baduzu?
Begira, Frantziako enpresen patentea duten sendagai gehienak Txinan eta Indian fabrikatuak dira, eta, ondorioz, haiek jasotzen dituzte lehenik. Gaur egun, sendagai horien eskasian gaude, berez Frantziaren asmakuntzak direlarik. Sinesgaitza da. Gaur egun ez gara gai maskarak egiteko: paperezko maskarak! Munduko zazpigarren potentzia gara, eta ez gara gai paperezko maskarak egiteko. Sinesgaitza da. Gela; ez da gel hidroalkolikoa baino gauza sinpleagorik, eta eskasian gaude. Elementu horiek guziek pentsarazten didate krisi honetatik ateratzean bestelako eredu bat beharko dugula.
Zer eredu eta nola?
Ni ez naiz kapitalista. Ekonomiaren mundua defendatzen dut, enplegua sortu eta herritarrak bizi ahal izatea ahalbidetzen duelako. Eta, horretarako, enpresak behar dira halabeharrez, ekonomia sortzeko eta arlo sozialerako: erretiroa ordaintzeko, osasungintzarako… Ekonomiarik ez bada, ezin da ezer sortu. Pentsatzen dut gaur egun ekonomia bestela pentsatu daitekeela, beste eskema eta norabide batzuetan. Ez dut erranen pandemiak bere alde onak dituenik, baina CO2 mailan planetak arnasa pixka bat hartuko du. Badu beharra. Pentsatzen dut beste egin-molde ekonomiko batzuk aurkitu daitezkeela, garapen iraunkorrean eta ingurumenean oinarrituak. Gertatzen ari denaren neurria hartzen ez badugu, murruaren kontra goaz.
Aurten, 24,6 milioi euroko saldo negatiboa izango du zerga bilketak, ogasunak 289 milioi itzuli eta 264 milioi jasoko baititu orotara. Iazkoa baino «pixka bat» txikiagoa izango da, baina, Jabier Larrañaga Ogasun diputatuak azpimarratu duenez, «emaitza ona» da, aurreko urteetakoekin konparatuz gero. Batez beste, 963 euro itzuliko dizkie kitapena itzultzeko ateratzen zaien zergadunei.
Horren erakusle izango litzateke Gipuzkoako eta Bizkaiko merkataritza ganberek eman duten datua: hiru enpresatik batean gaixo agiriak jaso dituzten langileak izan dituzte, bai koronabirusak kutsatuta zeudelako, bai inguruko bat gaixotu delako eta hark ere berrogeialdia egin behar izan duelako. Jaurlaritzak protokolo berri batekin erantzun zion horri atzo, «jardueraren zati txiki bat» mantentzen duten enpresentzat; segurtasun neurri horiek «zorrotz» betetzeko eskatu zien.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak adierazi duenez, «birusaren hedapena eteteak du lehentasuna», baina, aldi berean, azpimarratu du beharrezkoa dela «eremua prestatzea», jarduera ekonomikoa ez dadin «amil» eta «ahalik eta enplegu gehien» manten dadin. Horren harira, eskertu du industria sektorearen inplikazioa, «gizartearen behar sozial eta sanitarioen zerbitzura» jarri delako.
Lehen sintomak enpresetan
Jaurlaritzak aipatutako krisiaren sintomak ere erakutsi dituzte merkataritza ganberen inkestek. Enpresek egindako salmentenean, adibidez: nazioartera esportatzen duten hamarretik seik aitortu dute %20ren galerak izan dituztela alarma egoera ezarri zenetik igarotako egunetan. Eta Bizkaiko ganberak ohartarazi du kopuru hori «are handiagoa» dela beste sektore batzuetan; bereziki, merkataritzan eta ostalaritzan, baina ez du datu zehatzik eman.
Bi ganberen artean 2.500ndik gora enpresa kontsultatu dituzte astebetean. Adierazi dute krisiaren ondorioak «agerikoak baino gehiago» direla, eta oso antzekoak direla bi lurraldeetan; adibidez, hamar enpresatik zazpik aitortu dute ekoizpena murriztu dutela eta eskaerak baliogabetu dituztela. Bitik batek dio hornidura eta logistika arazoak dituela.
Lan kontratuen inguruan, soilik Gipuzkoako Bazkundeak eman ditu datuak: azaldu duenez, denbora honetan, enpresen %49k aurkeztu dute enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea, eta %40k erabat gelditu behar izan dute jarduera. Halaber, hamar enpresatik lauk murriztu egin dituzte aldi baterako kontratazioak, eta %28k ez zituzten berritu martxoan amaitzen ziren lan kontratuak. Enpresen %28k soldatak ordaintzeari utzi diote.
Enpresen antolaketa neurriei buruzko datuak ere eman dituzte bi erakundeek, eta oso antzekoak biek. Hamarretik seik ordutegiak malgutzeko eta txandak mailakatzeko neurriak hartu dituzte, eta beste horrenbestek telelaneko orduak ezarri edo handitu dituzte. Halaber, bitik bat behartuta egon da bere jarduera baldintza zezakeen segurtasun ekipamendua erabiltzera.
Ezin zen bestelakorik espero,ezta?
Kolpe izugarria da lan merkatuarentzat. Langabeziak %9,5 egin du gora Euskadin hilabete batetik bestera. Ez dago aurrekorik, baina alderaketak egiten hasita 2009ko urtarrilera joan behar da. Atzeraldi Handiaren oldarraldian 10.000 langabe gehiago zenbatu ziren. 11.000 izan dira orain.
Ez al dago ezer onik?
Ez dut ezer ikusten. Ekonomia geldirik dago ia bere osotasunean, eta horren isla baizik ez da hau. Erregulazioei esker, 150.000 langile inguruk bere enpleguari eutsi diote.
Oraingoz, ezta?
Hori da, oraingoz. Izan ere, galdera marka handi bat dago hor ere. Dosier horiei buruzko salbuespen legeak dio erregulazio horiek hasi eta sei hilabete pasatu arte ezin dela kaleratzerik egin. Neurri berezien onura jasotzeko, enpresek baldintza hori errespetatu behar dute. Horrek arindu beharko luke egoera honek enpleguan izango duen eragina. Baina dena da ziurgabetasuna.
Berreskura daiteke enplegua galduko den abiadura berean?
Ezin dugu espero galduko den abiaduran berreskuratzea enplegua. Hasteko, jokaleku honetan ez dago iraganik. Enpleguaren susperraldia jarduera piztearekin batera gertatzen da, BPGaren susperraldiarekin batera. 2008az geroztiz galdutako aberastasun maila berreskuratzeko, zortzi urte behar izan ditugu, eta, hala ere, ez dugu orduko enplegu maila berreskuratu.
Urteetako ziklo batez ari zara?
Oso ezkor jarrita ere, ez du ematen arrazoizkoa pentsatzea susperraldiak orduan bezainbesteko denbora beharko duela. Lehenago gertatuko da orain. Edonola ere, jarduera berreskuratzeak enplegua goraka eramango du, baina ez dakigu zein erritmotan eramango duen. Aterako gara, argi dago, eta 2008ko krisian baino azkarrago aterako gara, ez dagoelako ekonomiaren egiturazko arazo sakonik. Baina enplegua beti doa susperraldiaren atzetik.
Pertsonen mugikortasuna mugatu dute, hain justu turismoak behar duena bizirik egoteko. Enplegu asko joan daiteke sektore horretan, ezta?
Gure BPGaren egituran, industriak beste ekonomia batzuetan baino pisu handiagoa dauka, baina egia da zerbitzuen garrantzia handitu egin dela azken urteetan, eta, horren barruan, turismoarena. Normaltasunerako prozesua faseka egingo da; alegia, ez gara hasiko lehengo bizitza bera egiten egun batetik bestera; horregatik, erraz pentsa daiteke turismoan eragin handia izango duela, eta harekin lotutako jardueretan ere bai; ostalaritzan eta abarretan.
Nola berreskuratu beharko litzateke ekonomia?
Erronka ezezaguna dugu aurrez aurre. Atal publiko sendoa beharko dugu, jarduera laguntzen duena, baina kontsentsua nagusitzen den giroa ere oinarrizkoa izango da, akordioak egiteko. Enplegua berreskuratzeko prozesua errazagoa izango da elkarrizketaren bidez, esaterako, galdutako lanegunak berreskuratzeko.
Agertoki ezezaguna da, baina ez hainbeste, oroimen kolektiboan dagoelako nola atera zen ekonomia Atzeraldi Handiaren putzutik. Soldaten debaluazioa izango ote da berriro?
Hainbat gauza ikasita beharko genituzke. Lehena da horrelako astinduak datozenean enplegu ahulak sufritzen duela gehien, eta langabe berriak kalitate txikiko enplegutik datozela. Euskadin, urtero, aldi baterako 900.000 lan kontratu egiten dira, eta horietatik %35 ez dira astebeterako baino gehiagorako. Pertsona horien zaurgarritasuna oso handia da.
Beraz…
Ez nuke nahi nire nahia eta errealitatea nahastea, baina ez dut uste 2008an aukeratu zen bidetik aterako garenik orain. Orduko neurriak borondate osoz hartu ziren, soldatak txikitzeko. Lehiakortasuna handitzeko formula bat izan zen kanpo merkataritzari begira. Horrek eragindako egoera normalizatzeak luze jo du; koronabirusa agertu aurretik, negoziazio kolektiboaren erritmoa txukuna zen. Pena izugarria litzateke lortutako horren zatirik handienari ez eustea.
Eutsiko zaio?
Susperraldiari nola ekiten diogun, horren araberakoa ere izango da erantzuna; konfrontazio maila eta akordiorako borondatea zenbatekoak diren ikusi beharko da, egonkortasuna eta kohesioa baititugu jokoan. Ez dadila gal zulo batetik hamarkada baten ondoren berreskuratu duguna. Nik badakit jendea sufritzen ari dela, baina testuinguru honetan inoiz baino batasun handiagoa behar dugu, dena daukagulako jokoan. Ez dezagun ahaztu azken urteetan garbi geratu dela kalitatezko enplegua behar dugula, lehiakortasuna ezin dela iritsi lan kostuak jaitsita. Jar dezagun berriro motorra martxan, baina adostu ditugun oinarri horiekin.
Oraingoan ere aldi baterako kontratua zutenak izan dira koronabirusaren krisiaren lehen biktima ekonomikoak. Haien artean nabarmendu dira ostalaritzako langileak eta merkataritzakoak. Tabernak, jatetxeak, sagardotegiak eta denda gehienak itxi egin zituzten martxoaren 13tik aurrera, eta lan horietan kontratu laburrekin ari zirenetako asko eta asko kalera bota dituzte.
Kontratu mugagabeetan zeudenen artean, gutxiago hazi da langabezia, besteak beste, enpresa gehienek ABEE aldi baterako enplegu erregulazioetara jo dutelako salmentak desagertu edo jaitsi diren aldiari aurre egiteko. Langile horien kontratuak etenda daude, eta ez hautsita. Hortaz, egoera horretan dauden bitartean langabezia saria jasotzeko eskubidea duten arren, teknikoki ez daude lanik gabe. Lan bilatzaile okupatuen atalean azaltzen dira Lanbideren eta Nafar Lansaren zerrendetan, lan hobeago baten bila dabiltzanekin batera; jada 165.000 daude.
Kaleratze hutsak ahal zuen neurrian eten nahi izan ditu Espainiako Gobernuak, eta enpresei azenarioa eta makila erakutsi die horretarako. Lehenik, aldi baterako erregulazioak eskatzeko pizgarri bat eman zien: prozedurak erraztu zituen, egoera horretan zeuden guztiei langabezia saria agindu zien, eta haien Gizarte Segurantzaren kotizazioak bere gain hartu zituen. Hau da, zailtasunak zituzten enpresek kosturik gabe utz ditzaketela beren langileak egoera horretan, kontratu mugagabea dutenak ez ezik, baita behin-behinekoak ere.
Bigarrenik, makila ere atera die enpresei: jakinarazi die ez duela onartuko koronabirusa arrazoi gisa kaleratze objektiboetan, horretarako aldi baterako erregulazioak daudelako.
Ondorioz, inoiz ez bezala handitu dira ABEEak. Azken datuek diote 170.000 lagun baino gehiagoren aldi baterako erregulazioa eskatu dutela enpresek.
%12k bota «behar» dute
Ildo horretan, bere kideen artean egindako inkesta bat aurkeztu zuen atzo Cebekek. Bizkaiko patronalari erantzun dioten 314 enpresetatik, %12k soilik diote langileak kaleratu dituztela edo ez dituztela berritu aldi baterako kontratuen kontratuak; baina beste hainbatek diote kaleratzeen «beharra» dutela. Enpresa guzti-guztiek hartu dituzte neurriak ekonomiaren geldialdiari aurre egiteko, eta hirutik batek telelana ezarri du. Fakturazioaren %75-100 galdu dute %23k, eta beste %26k, berriz, %50-75. Jarduera ekonomikoa geratzeko erabakiaren aurka daude %84, eta %78k esan dute ondorio oso larriak izango dituela.
Jardueren etetea ez da oraindik ongi islatu Gizarte Segurantzaren afiliazioan —soilik 7.623 lagunek utzi diote kotizatzeari—. Horrek badu azalpena: Lan Ministerioak hilabete bateko batezbestekoak eman ohi ditu kotizatzaileak kalkulatzeko, eta horrek erdizka baizik ez du erakusten hilabetearen amaieran gertatutako enplegu galera handia. Horregatik, oraingoan, ministerioak martxoaren 12az geroztik izandako galerari buruzko datu orokor batzuk eman ditu. Horrek erakusten du Hego Euskal Herrian %2,7tik gorako galera izan dela enpleguan, 34.000 enplegutik gora.
Sektore bakan batzuetan, berriz, gora egin du enpleguak. Zaharren egoitza askok langileak kontratatu behar izan dituzte, gaixo zeudenak eta berrogeialdi estuan jarritakoak ordezkatzeko. Nafarroan, berriz, %15 handitu dira elikagai industriaren kontratazioak, eta %12,6, berriz, osasunaren arlokoak. Sektore horietan eta nekazaritzan ere langileak kontratatzeko premiazko beharra dagoela jakinarazi du Maria Carmen Maeztu Gizarte Eskubideetako kontseilariak.
Geldialdi ekonomikoaren kalteak oraindik ere ez dira antzematen beste datu batzuetan. Horrela, Belandiak iragarri du aldaketa handirik ez dagoela DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen artean, martxoan 151 gehiago soilik eman dituztelako. Guztira, 52.391 dira, iazko martxoan baino 2.492 gutxiago.
Langabezia sari bereziak
Langabezia sariei buruzko datua ere eman zuen atzo Lan Ministerioak, baina ez dago eguneratua, hilabeteko atzerapenarekin iristen direlako kopuruak. Hor ageri da langabeen %52k ez dutela eskubiderik saria jasotzeko.
Espero da apirilean asko handituko dela langabezia saria jasotzen dutenen kopurua, indarrean sartuko direlako bi langabezia sari berezi. Apirilaren 1az geroztik 440 euroko subsidio berezia jasotzeko eskubidea dute krisiaren ondorioz lana galdu eta besterik ez duten langileek —bi hilabetetik gorako kontratua izan dutenentzat soilik—. Lan osoa edo zati handi bat galdu duten etxeko langileek ere izango dute sari berezi bat jasotzeko eskubidea.
ABEEi dagokienez, LABek ohartarazi du langile askok maiatzera arte ez dutela langabezia saria jasoko, eta askok sari arruntean legokiekeena baino gutxiago jasoko dutela, seme-alabak izatea ez baitute aintzat hartuko.