Funtsezkoa ez den guztia gelditzeko eskatu dute berriro ELAk…

Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko eta osasun publikoa bermatzeko,funtsezkoa ez den guztia gelditzeko eskatu dute berriro ELA eta LAB sindikatuek.
Madrilek funtsezkoak ez diren jarduerak bertan behera utzi ditu. Argibide gehiago eskatzen ari zarete, ordea. Zergatik?
Inprobisazioak duen zamarekin aritu dira: argitasun falta. Aurrena dekretua onartu dute, eta, ondoren, idazten hasi dira. Bi akats handi ikusten ditugu. Funtsezkoak diren alorrak azaltzen dituen puntua saski-naski bat da. Beste puntu batek gutxieneko zerbitzuei erreparatzen die, eta ziurgabetasun handia eragiten du, ez duelako argitzen zein sektoretan egon daitezkeen zerbitzu horiek.
Nola jokatuko dute enpresek horren aurrean?
Batzuek oso argi dute jarduerarekin jarrai dezaketeela, eta beste batzuek zalantza asko dituzte. Guk malgutasuna eskatzen dugu dekretua interpretatzeko.
Adibidez, Sidenorrek eta Aernnovak itxi egin beharko dute?
Ezin badiote gutxieneko zerbitzuen aukera horri heldu, bai; edo gelditu ezin den fabrikazio prozesu bat ez badute, adibidez labe industrialak. Uste dugu kasu horietan jarduerari eusteko moduan daudela. Zaila da argi esatea, dekretua ere ez delako batere argia. Edonola ere, inork lanean jarraitzen badu bihar [gaur], eskuzabal jokatu beharko dute ez badagokio, ez baitago batere argi nori dagokion eta nori ez.
Zergatik ari zarete kosta ahala kosta jarduerari eutsi nahian?
Azken bi asteetan enpresei igorri dizkiegun inkestek islatu dute erdira jaitsi dela jarduera. Bada, osasunaren eta ekonomiaren arteko oreka aurkitu behar dugu. Ez da egia bata edo bestea aukeratu behar dela; ez da egia guk bakarrik etekinak nahi ditugula eta besteek osasuna. Hori ezin da horrela azaldu. Osasuna lehentasun gisa har daiteke, eta horrela da guretzat ere, baina aldi berean, jarduera ekonomikoari helduta, beharrean ari direnak segurtasun guztia dutela. Okerra da pentsatzea dena itxi eta arazo ekonomikoari aurrerago ekingo diogula. Enpresen kasuan ezin da off botoia sakatu eta gero on sakatu, besterik gabe. Jarduera ez da geratzen: hornitzaileei pagatu behar zaie, maileguak… makina ez da gelditzen gobernuak esaten duelako gelditzen dela.
Bi aste dira, eta Aste Santuko oporrak tartean.
Eta Pazko astea ere bai, seguruenik. Bitxia da Aste Santuaren aurreko astea eta Aste Santukoa gelditzea, eta ez erabiltzea aste hau itxiera prestatzeko, gradualki itxi dezagun. Askok ez dute denborarik eduki biharko nominak kudeatzeko ere. Hor ari dira bidean doazen kamioiak gelditzen eta abar.
Osasun irizpideak agintzen du, ordea.
Osasun arrazoiak hor daude, baina esango nuke azken dekretu honen atzean osasun arrazoia ez dela nagusia. Ez du ematen zientzialari batzorde baten erabakia, hautu politiko bat baizik, gobernuan dauden bi alderdien arteko orekan. Hori ematen du.
Unidas Podemosen bizkar uzten ari zara enpresen itxiera?
Orain erabakiak hartzea ez da batere erraza. Ardura politikoa zama handia da, akats tarte bat onartu behar da, baina oraingoan tarte hori handiegia izan da. Yolanda Diaz Lan ministroak sentsibilitate handiagoa eduki beharko luke enpresekin, honek ez dielako bakarrik langileei eragiten.
Gehiengo sindikalak funtsezkoa ez beste jarduera guztia eteteko eskatu du osasuna bermatzeko. Nola nahi duzue segitu eta osasuna bermatu aldi berean?
Hasieratik protokolo argiak bete ditugu prebentzioaren alde. Enpresa gehienak jabetu dira arazoaren neurriaz, etxean baitute askok arazo hori. Lantaldeekin hitz egin dute, neurriekin konfiantza izan dezaten. Etxeko lanak egin ez dituztenak, ez ditugu babestu. Lan Ikuskaritzak eragotzi egin behar du neurriak betetzen ez dituzten enpresen jarduera. Garbiketa, langileen arteko tarteak eta babestekoak behar dira gehienetan. Enpresa gehienetan bete da hori, eta ez bada bete kasuren batean, horrek ezin du balio denak zaku berean sartzeko.
ELAk eta LABek garbi esan dute osasuna ez dela bermatzen ari enpresetan.
ELAren eta LABen erabakiaren atzean aldagai politikoa dago, EH Bilduren posizioarekin loturik. Estrategia horretan ez dago bakarrik osasunarekiko kezka, enpresariek ere badugu kezka hori; horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eta enpresei pultsua egiteko borondate politikoa izan dute, eta oso epe motzeko ikuspuntuz, gainera. Ez diote biharamunari begiratu. Osasuna berma zitekeen neurri zehatzak hartuz, eta lanean.
Nolakoa izango da biharamuna?
Atzeraldi batera goaz; langabezian 10.500 pertsona gehiago daude EAEn. Martxoa bukatzean 12.000 inguru izango dira. Krisi sakon batera goaz; 2008koaren aldean desberdina, hori bai.
Desberdintasun horrek susperraldiaren alde jokatzen du?
Seguruenik bai. Baikor naiz. Konfinamenduaren ostean, gogo bizia egongo da seguruenik bidaiatzeko, kontsumitzeko, bizitza soziala egiteko, alegia; eta enpresetan ere gogo bizia egongo da galdutakoa berreskuratzeko. Merkataritza harreman biziak ekar ditzake horrek. Ez du ematen oso luzea izan behar duenik. Nik ikusten dut errebote efektua egon daitekeela, agian ez V formaz, baina U formaz bai. Ikusten ez dudana da L bat, urte batzuetarako krisia.
Susperraldi horrek sakrifizioak exijituko ditu enpresetan?
Gure mezua da neurriz aritzea, erabaki zuhurrak hartzea, eta elkarrizketaren bidezko proposamenak egitea langileei. Kaleratzea azken erabakia izan dadila nahi dugu, malgutasunari lehentasuna emanez. Langileek ere onartu beharko dute ohiz kanpoko egoera bat bizi dugula, eta kolaborazio izpiritua beharko dela enpresetan, denok gal dezagun ahalik eta gutxien. Dena edo ezer ere ez, halako partidak alde batera utzi beharko dira enpleguari eusteko. Eta, argi dago, gerta daitezke soldatak jaitsi beharra eta kaleratze batzuk ere bai han eta hemen. Baina denak izan behar du neurrikoa eta arrazoitua. Hala ere, argi esan behar da garai zailak datozela, eta enpresa batzuek ezin dutela bizirik segitu koronabirusaren ondoren.
Etxegabetzeei dagokienez, familia «zaurgarriak» babestuko dira. Eten egingo dituzte beste bizitokirik topatzeko aukerarik ez duten familia zaurgarrien etxegabetze prozedurak, alarma egoera amaitzen denetik hasi eta sei hilabeteko tartean.
Beste erabaki bat izango da iraungitzear eta aldatzear zeuden alokairu kontratuei buruzkoa. Lehen etxebizitzako alokairu kontratuentzat aparteko sei hilabeteko luzapen bat ezarriko du gobernuak. Horrek esan nahi du, besteak beste, urte erdian etxejabeek alokairurik ezingo dietela igo maizterrei, alokatutakoa ha lehen etxebizitza baldin badute.
Interesik gabeko mikromaileguak izango dira alokairuak ordaintzeko zailtasunak dituztenei laguntzeko beste modu bat. Maizter zaurgarriek interes eta komisiorik gabeko mikromaileguak eskatu ahalko dituzte. Sei urteren buruan itzulita izan beharko lukete mailegu hori, baina ezin izan badute, lau urteko beste epe bat emango zaie.
Etxejabe handiak
Berez zaurgarritzat joko ez liratekeen maizterrentzako ere zabalduko da mikromaileguen bidea, hala nola, langabezian dauden pertsonentzat, aldi baterako erregulazioan daudenentzat, eta sarrera jakin batzuetara iristen ez diren autonomoentzat.
Espainiako Gobernuaren dekretuak desberdindu egingo ditu etxejabe handien eta txikien maizterrak. Horrela, haien etxebizitzen jabeak inbertsio funtsak, aktibo kudeatzaileak, finantza entitateak edo eta higiezinen konpainiak baldin badira, maizterrek zorraren erdia ordaindu gabe uzteko aukera izango dute, etxejabe handi horren kontura, edo zorra berregituratzeko aukera bizpahiru urteetan. Edonola ere, maizter horiek ICOren mikromaileguak ere izango dituzte eskura. Mailegu horiek itzultzeko gai ez diren familiek zuzeneko laguntza izango dute zor hori kitatzeko. Laguntza hori gehienez 900 euro izango da hileko.
Ministroek beste zenbait neurri ere izango dituzte mahai gainean. Koronabirusaren eta larrialdiaren erruz kaleratutako etxeko langileentzako aparteko ordain bat onartzekoa da gobernua, ez baitute langabezia sarirako eskubiderik. Hilabete bakarrez, haien kotizazio oinarriaren %70 jasoko lukete —soldata gordina eta aparteko sarien hainbatekoa osatzen dute kotizazio oinarria—.
Hori bai, Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenek soilik izango dute sari hori jasotzeko eskubidea, eta milaka daude beltzean lan egiten. Hego Euskal Herrian 37.000 inguruk kotizatzen dute etxeko langileen erregimenean.
Espainiako Gobernuaren azken dekretua muturreko bat da azken asteetan Jaurlaritzak sutsuki defendatu duen jarrerarentzat: jarduera ekonomikoari ahalik eta gehien eutsi nahi zion, osasun larrialdia bukatutakoan ekonomiak bizkorrago erantzun eta geldialdiaren kalte ekonomikoa txikitzeko. Ikusita borroka galdua zuela, Jaurlaritzak leloa moldatu zuen atzo. «Gure helburua da gutxieneko jarduera bati eustea, ez %100 eustea eta langileak arriskuan jartzea, baizik eta osasun neurriak lehenetsita, ekoizpenari gutxieneko batean eustea, gero berpiztea errazagoa izan dadin», adierazi zion Tapiak BERRIAri.
Sanchezen gobernuaren dekretuaren lerro batzuk ate bat zabalduko lukete horretarako, eta haien bila ari da Jaurlaritza. «Siderurgia ez da aipatzen salbuetsita dauden sektoreen artean, baina energiaren alorrean, industria elektrointentsiboek badute mekanismo bat etenak ekiditeko, sistema hondatu ez dadin. Orain ez dago %100ean, baina argindar sistemari agian ekarpen bat egiten diola kontuan hartuta, jarraitu ahalko luke siderurgiak».
Egiazki zirrikitua ba ote den jakin gabe, eta gogo txarrez, Sidenor altzairutegiak bere lantegiak itxi zituen. Tubos Reunidosek gauza bera egin zuen: Amurrioko eta Trapagarango fabrikak itxi, eta ABEE aldi baterako lan erregulazio bat aurkeztu zuen langile guztientzat. Duela bi aste ere aurkeztu zuen halako bat, baina atzera bota zion Jaurlaritzak, ongi arrazoitua ez zuelako. Oraingoan «antolaketa eta produkzio arrazoiengatik» egingo du, langile batzordearen babesarekin. ITP Aerok ere Bizkaiko lau lantokiak itxi zituen, astebetez irekita izan ondoren.
Kafea denentzat
Jaurlaritzaren kexuetako bat da Madrilek, beste behin, kafea denenentz banatu duela, lurralde bakoitzaren egitura ekonomikoari erreparatu gabe. «Guztiontzako balio duen dekretua egin dute, eta badago sentipen hori: guztiok berdin-berdinak izan behar dugula; eta ez dute kontuan hartu legea guztiontzat berdina izanda ere, interpretazio desberdinak egin daitezkeela. Kanarietan dagoen industria jarduerak ez du zerikusirik Euskadin dagoenarekin, adibidez. Maria Txibite presidentea ere horixe bera eskatzen ari zaio Sanchezi: malgutasuna».
Hain zuzen ere, Txibitek berretsi egin zuen atzo jarduera bati eustearen aldekoa zela, eta ziurtatu zuen iritzi horretakoa zela Sanchez bera ere. Baina iradoki zuen adituen datuek behartu dutela Espainiako presidentea jarrera aldatzera. Hizkera aldatu eta jarduera geratzeaz mintzatu ordez, «hibernazio» moduko bati buruz mintzatu zen, «Eguberrietan edo sanferminetan bezala». Hori bai, funtsezko jarduerak zer diren zehazteko orduan, erkidegoetako gobernuek hori aukeratzeko ahalmena izatearen alde egin zuen.
Patronaletako kideak ahoan bilorik gabe mintzatu ziren. Gogorren, Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea: «Enpresa bat ezin da itxi larunbat iluntze batean aldez aurretiko abisurik gabe, Oso larria da. Tentuz hartutako neurriak behar ditugu, gobernu arduratsuak, eta ez buruarinkeriaz neurriak hartzen dituztenak». Radio Euskadin egindako adierazpenetan, «kaosa eta mesfidantza» eragiteaz akusatu zuen Madrilgo gobernua. «Benetako arazo bat bilakatu da, eta zaindu beharko dugun mehatxu bat».
Hitz larriak SEAren partez ere: «Enpresen itxiera akats larri bat da, eta galga handia izango da ekonomiaren susperraldirako». Haren datuen arabera, ostiralerako itxita zeuden Arabako enpresen %54, %82k txikitu zuten produkzioa, eta hamarretik lauk eskatu dute enplegu erregulazioa.
CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartea ere suminduta azaldu da. Iragarri zuen «zailtasun handiak» izango dituela Nafarroak jarduerari eta enpleguari eusteko.
Osasunari lehentasuna eman arren, jarduerari eusteko modua bazegoela azaldu zuen Euskadiko Familia Enpresen Elkarteak.
Kritikak gobernuei
Beste muturrean azaldu dira sindikatuak. Asteak daramatzate funtsezkoak ez diren jarduerak ixteko eskatzen, eta langileen osasunak lehentasuna duela aldarrikatzen. Neurria «berandu» etorri bada ere, ongi hartu dute, nahiz eta ELAk esan duen «eztabaidagarria» iruditzen zaiola sektore batzuk oinarrizkotzat jotzea.
Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta patronalekin, ordea, oso haserre azaldu dira. Haiek defendatzen duten gradualismoa «hanka sartzea eta arduragabekeria izugarria» iruditu zaio ELAri, eta agintariei leporatu die «interes ekonomiko partikular batzuk» lehenestea. Eusko Jaurlaritza herritarren osasunaren aurka egiten ari dela uste du, «osasun irizpide publikoak patronalak ematea nahi duelako. Muturreko jarrera politikoak dira, Espainiako eskuinak hartutakoak baino muturrekoagoak».
LABek, berriz, iragarri du dekretuari azterketa juridiko sakona egingo diotela, Jaurlaritzak ireki nahi dituen zirrikituak ixteko. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak «mezu katastrofista» zabaltzea leporatu dio patronalari, baina are haserreago mintzatu da Jaurlaritzaren aurka. «Krisiaren hasieran, Madrilek alarma egoera dekretatu zuenean, Urkulluk esan zuen ez zuela hamar segundo baino gehiago galduko zentralizazioa kritikatzeko, leialtasunagatik edo. Bada, patronalaren alde aritzeko, etengabe ari da azken neurriak kritikatzen. EAJk autogobernuaren defentsa sutsua egiten duenean, patronalaren defentsa egiteko da».