Friedrich Merz buru duen CDU-CSU blokeak irabazi ditu Alemaniako Parlamenturako hauteskundeak, botoen %28,5 lortu ditu, 22:30etako datuen arabera. Beraz, aurreikuspenetatik gertu geratu da, inkesta gehienek botoen %30 inguru ematen baitzioten. Europako ekonomia nagusiko bozetan, bigarren indar bozkatuena AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturrekoa izan da, botoen %20,6 pilatuta; hau da, duela lau urteko boz federaletan halako bi ia. Hauteslekuak 18:00etan itxi dituzte, eta hauteskunde batzordeak jakinarazi du parte hartzea %84koa izan dela; hau da, 1990ean Alemania bateratu zutenetik handiena. 59 milioi pertsonak zuten bozkatzeko aukera. SDP alderdi sozialdemokratak botoen %16,5 lortu ditu, Berdeek %11,8, eta Die Linke ezkerreko alderdiak %8,7. Zenbaketa ez da oraindik amaitu eta Bundestagen sartzeko beharrezkoa den botoen %5eko langa oso gertu dauka Bundnis Sahra Wagenknecht (BSW) taldeak — Die Linketik alde egindakoek sortutakoa—. Aukerarik gabe geratu da, berriz, FDP alderdi liberala, 2021eko hauteskundeetako botoen erdiak galdu baititu. Baina kontserbadoreek aliatuak beharko dituzte berriro gobernatu ahal izateko. Merz kantzilergaiak, alderdiaren liderrak, hitza hartu du CDUk Berlinen duen egoitzan, eta adierazi du «balizko bazkideekin» hitz egingo dutela, ahalik eta azkarren osatu ahal izateko gobernua. Adierazpen horiek aintzat hartuta uler daiteke, hortaz, ultrak ez dituela negoziazioetatik kanpo uzten, nahiz eta kanpainan esan duen inondik inora ez duela haiekin batera gobernatuko. Hori bai, pare bat ordu geroago berretsi du ez duela AfDren laguntza bilatuko. «Guk nahi dugunaren kontrakoa nahi dute; beraz, ez da posible haiekin gobernatzea», azpimarratu du Merzek, Alemaniako telebista publikoak hauteskunde federalen gauean kantzilergai guztiekin egin ohi duen saioan. Asmoa, Aste Santurako gobernua osatzea Alice Weidel AfDren buruak azpimarratu du, alderdiaren festan, aurreko bozekin alderatuta emaitzak bikoiztu dituen alderdi bakarra dela AfD. Gobernuan sartzeko prest daude, «errealitate» bihurtzeko «herriaren borondatea». Alice Weidel AfDko burua gaur, erdian, emaitzak ospatzen. MARTIN DIVISEK / EFE Koalizio Handia osatzea da aukera bat: hau da, CDU-CSUk eta SDPk bat egitea, Bigarren Mundu gerraz geroztik lau aldiz gertatu izan den bezala. 22:30eko emaitzen arabera, bien artean gainditu dezakete gehiengo osoaren muga, 316 botorena: CDU-CSuk 208 lituzke, eta 121, berriz, SPDk. Baina batuketa hori ez da nahikoa izango baldin eta azkenean BSW Bundestagen sartzen bada. Kasu horretan, gehiengo osoa izateko beste talde batek sartu beharko luke gobernuan, eta Berdeak dira hor aukerarik garbiena. Merzek gaur telebistan azaldu duenez, «beranduenez» Aste Santurako osatu nahiko luke gobernua; apiril erdialderako alegia. Ez dio atea ixten hiruko gobernu bati. «Ahaleginduko naiz osatzen gizartea ordezkatzen duen gobernu bat». Azkeneko gobernuko kide izan dira Berdeak, baina CDUren Bavierako bazkide CSUk ez du berekin gobernurik partekatu nahi. Markus Soeder Bavariako ministro-presidenteak argi esan du kantzilergaien telebista saioan: «Berderik gabeko gobernu bat izango litzateke gobernu hobe bat». Berdeen hautagai Robert Habecken hitzetan, ez diote uko egiten gobernuan jarraitzeari. «Ardurak hartzen segitu nahi dugu». Andreas Schafer Berlingo Humboldt Unibertsitateko Giza Zientzien Institutuko irakasleak asteon BERRIAri esan dionez, neurri batean AfDri herrialdearen ekialdean aurre egiteko alderdi bat da: «Badirudi BSWren formula dela kontu sozialetan oso ezkertiarrak izatea, baina beste batzuetan, immigrazioan esaterako, oso kontserbadoreak». Baina Die Linke izan da emaitza onak lortu dituena. Orain hilabete batzuk, parlamentutik kanpo uzten zuten inkestek. Azken hilabeteetan, baina, biziberritu egin da, eta BSW efektua, aldiz, apaldu. Heidi Reichinnek Die Linkeren liderrak alderdiaren festan gaur Berlinen esan duenez, «kontu sozialei» erreparatu dietelako lortu dutela emaitza hori. SDPren «porrot historikoa» Alderdi sozialdemokratak inoizko emaitzak txarrenak lortu ditu hauteskunde federal batzuetan: hamar puntu egin du behera 2021eko hauteskundeekin alderatuta. Eta alderdiaren idazkari nagusi Matthias Miersch aho bizarrik gabe mintzatu da hedabideen aurrean. Nabarmendu du «porrot historikoa» dela gaurkoa, eta «oso mingotsa» izango dela gaua. Olaf Scholz kantzilerrak ere hitz egin du, eta berretsi eskuin muturra inoiz ez dutela mintzakide gisa onartuko. Aurreko gobernua desegin eta hauteskundeetara deitu zutenean, abenduan, inkestek emaitza txarrak aurreikusten zizkioten SPDri. Halere, Scholzen hautagaitzari eutsi zioten, neurri batean Boris Pistorius Defentsa ministroak uko egin ziolako hautagaitzarengatik lehiatzeari. Behin bozak igarota, ikusteko dago nor izango den sozialdemokratek lider berria. Kontserbadoreek begi onez ikusten dute Pistorius izatea, hain zuzen, SPDren liderra Bundestagean, uste baitute balizko koalizio baten barruan ondo konpondu ahal izango dutela harekin. SDPk ez du, ez, oposiziora joteko asmorik, argudiatuta arduraz jokatu behar dela, eta ezin dela zirrikiturik utzi ultrak gobernuan sar daitezen. [articles:2137658] Merzi dagokionez, CDU-CSU kontserbadorea are eskuinerago eraman du, duela hiru urteko urtarrilean CDUren buruzagitza hartu zuenetik. Batetik, Angela Merkel aurreko kantziler ohi (2005-2021) eta alderdiaren buru izandakoak (2000-2018) baino jarrera gogorragoa du papergabeen auzian; are, paperik gabekoen aurkako borroka jarri du erdigunean kanpainan. Bestetik, sozialki alderdiaren ildo kontserbadoreena ordezkatzen du; baita esparru ekonomikoan ere, kapital handia babestu eta zergak murritu nahi baititu. Die Linkekoak gaur, lortutako emaitzak ospatzen. RONALD WITTEK / EFE Eskarmentu handiko politikaria da Merz (69 urte), ibilbide luzekoa. 1989an igaro zen politikagintzaren lehen lerrora, Europako Parlamentuan parlamentari izateko aukeratu baitzuten. Bost urtez izan zen europarlamentari. Ondoren, hamabost urtez izan zen diputatua Bundestagean, are CDU-CSUren talde parlamentarioaren burua ere izan zen bi urtez, 2000tik 2002ra. Ordurako, baina, Merkel zen alderdiaren liderra, eta ez zuen harreman ona harekin. Orduan, politikagintza utzi, eta 2009tik 2021era sektore pribatuan jardun zen, munduko inbertsio funts nagusietako batean: BlackRocken. Politikaren lehen lerrora itzuli eta hiruzpalau urte geroago, kantziler bilakatzeko bidean da. Scholzek erabaki zuen, joan den azaroan, Berdeekin eta FDP Liberalekin osatutako koalizio gobernua haustea —bozak aurreratu zituen, hortaz; aurtengo irailean egitekoak ziren—, batik bat liberalen lider eta Finantza ministro Christian Lindnerrekin esparru ekonomikoan zituen desadostasunengatik. Sozialdemokratak eta Berdeak gastu publikoa handitzearen aldekoak ziren; liberalak, aldiz, ez. Aintzat hartu behar da Alemaniako BPG barne produktu gordina bigarren urtez jarraian jaitsi zela 2024an: iaz, %0,2, eta %0,3 2023an. Emakumezkoak, gizonezkoak baino ezkerrerago Bai gizonezkoen, bai emakumezkoen artean, CDU-CSU izan da bozkatuena, ARDren zundaketen arabera: gizonezkoen artean %30ek babestu dituzte kontserbadoreak, eta emakumezkoen %27k. Aldea handiagoa da, ordea, AfDren kasuan. Gizonen artean, %23k bozkatu dute alderdi ultra hori, eta emakumezkoen artean %17k. SPD alderdi sozialdemokratari gizonezkoen %15ek bozkatu diote, eta emakumezkoen %17k; eta Die Linke ezkerreko alderdiaren kasuan nabariagoa da aldea: gizonen %7k, eta emakumeen %10ek.
Poz eztanda bat izan da Die Linkeren Neökolln barrutiko hauteskunde gaueko ekitaldian pantaila batean lehen emaitzak azaldu eta ezkerreko alderdiari botoen %8etik gora eman dizkietenean. Ez da harritzekoa, duela hilabete gutxi batzuk hanka bat eta erdi Bundestagetik kanpo zutenean. «Bai, baina eskuinak irabazi du», moztu du militante beterano batek. Inguruan gazteak dira nagusi, inkestei erreparatuz gero, Die Linke izan baita 30 urtetik beherakoen artean alderdirik bozkatuena. Zentro-ezkerra nagusi zen gobernu bati, eskuina nagusi den gobernu batek jarraituko dio Berlinen. Parlamentuaren aritmetikak dio Friedrich Merz CDU-CSU batasuneko kantzilergaiak bere ezkerrera begiratu beharko duela koalizio gobernu bat osatzeko, SPD alderdi sozialdemokratarekin ziur aski. Baina begi bat are eskuinerago duela gobernatu nahiko du, gertu sentitzen baitu AfD alderdi ultraeskuindarraren hatsa. Bost hautesletik batek eman dio botoa muturreko eskuinari Alemania osoan; ekialdean, berriz, hirutik batek. CDUko jarraitzaileak, gaur, Berlinen. HANNIBAL HANSCHKE / EFE Berez, CDUk dagoeneko egin ditu pare bat urrats eskuinera Angela Merkelek utzi zuenetik, eta horren seinale da migrazioa bihurtu duela bere kanpainaren gai nagusi. Halako kasuetan ohikoa den moduan, ez du lortu eskuin muturra ahultzea, nahiz eta izango den argudiatzen duenik bere mezua gogortzeari esker AfD %20ren bueltan geratu dela, eta ez gorago. Merzek agindu du inolaz ere ez duela paktatuko AfDrekin. Badaki hori egiteak hautsi egingo lukeela bere taldea, herrialdearen historiaren ondorioz, Alemaniako eskuina ez delako, oraindik, Europako herrialde gehienetako eskuina bezala. Baina urtarrilaren amaieran, lehen aldiz, ultraeskuinarekin (eta ustez ezkerrekoa den BSWrekin) batera bozkatu zuen immigrazio politika gogortzeko eskatzeko, eta behin ate hori irekita, oso zaila da berriro ongi ixtea. Errefuxiatuak eta NATO Zer ekar dezake CDU-CSU buru duen gobernu batek? Mezu eta politika gogorragoak errefuxiatuei begira, zerga jaitsiera bat, geldialdia energia trantsiziorako inbertsioetan, eta aldaketa gutxi etxebizitza politikan. Kanpora begira, baliteke Taurus misilek Ukrainarako bidea hartzea orain, arlo horretan Scholzek baino eragozpen gutxiago dituelako Merzek, eta jarrera gogorragoa hartuko duela Txinarekin. Baina bere agintaldiko gai nagusietako bat AEBekiko jarrera izango da. AEBzalea izan da beti Merz, eta hango bi konpainiarentzat egin zuen lan politika utzi eta enpresetako abokatu lanetan aberastu zen urteetan. Baina Donald Trumpen bigarren etorrerak Washingtonekiko distantzia bat hartzera behartu du. Azken egunotan Alemania Frantziaren eta Erresuma Batuaren arma nuklearren «bapespean» jartzea aztertu behar duela esan du. Hauteskunde gauean hautagai nagusiek baterea egiten duten telebista saioan are urrunago joan da: «Ez nuen uste halako zerbait esango beharko nuenik inoiz, baina Trumpen azken adierazpenen ondoren, oso garbi geratu da estatubatuarrei bost axola zaiela Europaren patua». Gauzak horrela, «AEBekiko independentzia» lortzera deitu ditu europarrak. .
Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak Pandemiaren garaian, lehen lerroan eta oso egoera zailean aritu behar izatea egokitu zitzaion zenbait langileri. Denak bat datoz: hura «oso gogorra» izan zen. Herritarrek esker ona adierazi zieten balkoietatik txaloak joz, baina askok uste dute gizartearen orduko aintzatespena «ezerezean» gelditu dela bost urte geroago, eta haien lan egoerak ez duela hobera egin. «Orduan, medikuaren parekoak ginen ia, baina gauzak ahaztu egiten dira» Ana Azpillaga, Ortuellako supermerkatu bateko langilea. ARITZ LOIOLA / FOKU Ana Azpillagak (Bilbo, 1968) supermerkatu batean lan egiten du, Ortuellan (Bizkaia), eta, dioenez, Espainiako Gobernuak itxialdia agindu aurretiko egunetan ere nabaritzen zen ezohiko zerbait gertatzen ari zela: «Zurrumurruak entzuten ziren, eta jendeak supermerkatura jotzen zuen gauzak erostera. Batzuk, absurdo samarrak: adibidez, komuneko papera bukatu egin zen, jendeak pila bat erosten zuen eta. Dendetan sekulako ilarak zeuden». Itxialdiak kaleak hustu zituen, baina supermerkatuetan erosle gehiago eta ilara are luzeagoak izan ziren. Erosketak egitea zen baimendutako jarduera bakanetako bat, jendeak ez zekien noiz arte iraungo zuen egoerak, eta, ondorioz, supermerkatuetako langileak galtzak bete lan ibiltzen ziren. «Gaizki pasatu genuen, eta erruz egin genuen lan. Beldurrez ere ibiltzen ginen: egunero makina bat pertsona pasatzen zen gure lantokitik, eta kutsatzeko arriskua oso handia zen». Itxialdiarekin batera, segurtasun neurriak ere ezarri ziren: «Lehenengo egunetan, maskarak jarri beharrean, plastikozko babesgarri batzuk jartzen genituen, soldatzaileek erabiltzen dituztenen antzekoak». Geroago, maskarak erabiltzen hasi ziren, eta beste neurri batzuk ere jarri zituzten indarrean: «Plastikozko eskularruak janzten genituen, segurtasun tartea gorde behar izaten genuen, eta, batez ere, dena garbitu behar izaten genuen behin eta berriro: biltegiak, orgak, apalategiak… Egun osoa ematen genuen garbitzen». Batez ere, jende pilaketak ditu Azpillagak gogoan: «Jendeak ez zeukan etxetik ateratzeko beste modurik, eta batzuk goiz eta arratsalde etortzen ziren supermerkatura. Ilarak ikaragarriak ziren. Batzuetan, ixteko ordua iritsi, eta jendea atean gelditzen zen. Erantzun ezinik ibiltzen ginen. Ez dut ondo gogoratzen, baina uste dut bolada batean ohi baino ordubete lehenago ateratzen ibili ginela lantokitik, etxeratze agindua baitzegoen eta gauez ez baitzegoen garraiorik». Orduan pasatutako beldurra ere akorduan du Azpillagak: «Ez dakit hainbesterako izan ote zen, baina garai hartan beldur ginen. Albistegietan hildakoen kopuruak ematen zituzten, denok genituen adineko senitartekoak etxean, eta gure lantokitik jende pila bat pasatzen zen. Gure lana ez zen bulego batean egotea eta telefono deiak jasotzea: lana jendaurrean egiten genuen. Eta gero, etxera iritsitakoan, beldurrez egoten ginen». Ziurgabetasun eta tentsio handiko egunak izan ziren haiek, baina, Azpillagak dioenez, bezeroen jokabidea, oro har, zuzena izaten zen. Salbuespenak ere egoten ziren: «Bezero batzuek muzin egiten zioten maskara eramateari. Guk jartzeko esan, eta erantzuten zuten hura lelokeria hutsa zela. ‘Bada, zuretzat lelokeria izango da, baina, zugatik egiten ez baduzu, egin ezazu gainerakoongatik’, esaten genien». Izurriaren kontrako neurriak laxatzen hasi zirenean, lasaitu ederra hartu zuten supermerkatuetako langileek: «Gogoan izan itxialdiaren garaian herritarrak lekuan lekuko saltokietara baino ezin zirela joan; Ortuellan, adibidez, bi saltoki ziren herri osoarentzat. Herri batetik bestera joateko baimena eman zutenean, jendea merkataritza gune handietara joaten hasi zen, eta lan zama gutxitu egin zen gurean». Azpillagak dioenez, inoiz gertatu zitzaion lankideekin batera lantokitik atera eta inguruko jendea txaloka hastea. Ez dio aparteko garrantzirik ematen horri: «Egia esateko, guk geure etxera iritsi baino ez genuen nahi». Gaur egun, berriz, pentsatzen du haien lana ez dagoela behar bezala balioetsita: «Denetarik dago, baina batzuek uste dute zuk baino eskubide gehiago dituztela, zu lanean zaudelako. Orduan bai, orduan medikuaren parekoak ginen ia-ia, baina gauzak ahaztu egiten dira». «Lankide batzuk depresioak jota egon dira, eta antsietate aldiak izan dituzte» Eba Begiristain, Txagorritxuko ospitaleko garbitzailea. RAUL BOGAJO / FOKU Eba Begiristain (Donostia, 1973) garbitzaile aritzen da Gasteizko Txagorritxuko ospitalean. 2008an hasi zen lan horretan, Osakidetzak azpikontratatutako enpresa batean. Pandemia hasi zenean ere horretan jarduten zuen, gaueko txandan, asteburuetan eta jaiegunetan, beste lankide batekin batera. Dioenez, pandemiaren lehenengo asteak «oso gogorrak eta kaotikoak» izan ziren: «Pandemia hasi aurretik, enpresak ikastaro labur bat eman zigun, azaltzeko nola jokatu hortik zehar omen zebilen birus hura ospitalean agertuz gero. Baina oso laburra izan zen hura: NBE norbera babesteko ekipamendua nola jantzi, eta ezer gutxi gehiago». Baina ospitalean lehen kasuak agertu zirenean, ezer gutxirako balio izan zuten aurreko prestakuntza guztiek: «Ezustean harrapatu gintuen. Dena oso kaotikoa zen, lan zama ikaragarria zen, eta ez genekien nola jokatu, nola konpondu arazoak. Lankideak eta biok egun haiek gogoratzen ditugunean, ilea laztu egiten zaigu oraindik ere». Normalean, garbitzaileek bi bilagailurekin lan egiten dute: bat larrialdietako atalari dagokio, eta bestea, erietxeko gainerako atalei. Bilagailuak jotzen duenean, adierazitako lekura joan behar dute langileek, gela hura garbitzera. Gau arrunt batean, bilagailuak hamabost edo hogei bat aldiz jotzen du, baina pandemiaren lehenengo gau haietan hirurogei dei inguru jasotzen zituzten: «Ikaragarria zen: zazpi orduz bilagailuak etengabe aritzen ziren jo eta jo, eta ezinezkoa zen lan hura guztia bi lagunen artean egitea. Lehenengo asteburuan, txanda amaitu nuenean, goizeko txandako langilea agertu, eta galdetu zidan: ‘Zer moduz?’; ezin izan nion erantzun ere egin. Negarrez hasi nintzen». Kutsatzeko beldurra ere pasatu zuten egun haietan: «Guk bagenekien osasungintza publikoan arazoak zeudela eta pandemia aurretik murrizketak egon zirela, baina pandemia iritsi zenean ikusi genuen benetan murrizketa horiek zenbaterainokoak ziren. Niretzat, etxera itzultzea zen gogorrena, eta birusa etxera eraman nezakeela pentsatzea». Kaos horretan, enpresei eta Osakidetzari asko kostatu zitzaien langile gehiago kontratatzea. «Txandako lankideak eta biok hilabete oso bat eman genuen lan eta lan, eta, errefortzua hartzea erabaki zutenean, beste pertsona bat baino ez zuten jarri. Hiru lagun ginen lan hori guztia egiteko. Lan zamaren ondorioz, lankide batzuk depresioak jota egon dira, antsietate aldiak izan dituzte, eta abar». Ekipamenduei dagokienez, «denetarik» izan zutela azaldu du Begiristainek: «Hasieran, NBEak bazeuden, baina geroago haien falta sumatzen hasi ginen. Behinola, gela bat garbitzera bidali gintuzten, eta, NBEa hartzera joan ginenean, erizain batek esan zigun ezin genituela hartu, medikuentzat zirela. Guk erantzun genien lehen lerroan geundela, gu ginela birusak kutsatutako geletara sartu behar genuen lehenengoak, eta ekipamendurik izan ezean ez ginela sartuko. Eztabaida baten ostean, eman egin ziguten azkenean, baina NBEen falta nabarmena zen. Denetarik egin behar izan genuen ekipamendu egokiak lortzeko». Itxialdia amaitu zenean, bazirudien dena bukatuta zegoela, baina ospitaleetan kaosak iraun egin zuen: «Dena dela, gizakiok horrelakoak gara, eta, azkenean, bazirudien ohitu egiten ginela egoera horretara. Erietxera joaten ginen, bagenekien han zer aurkituko genuen, eta helburua zen beste egun bat gainditzea». Gauez lan egiten zuenez, 20:00etan etxean egon ohi zen Begiristain. Ordu horretan ateratzen ziren herritarrak leiho eta balkoietara, ahaleginik handiena egiten ari ziren langileei txalo jotzera. Begiristainek ere parte hartu ohi zuen horretan, eta «zirraragarria» begitantzen zitzaion: «Ematen zuen gure lana aintzat hartzen zutela, eta guri eskerrak emateko modu bat iruditzen zitzaidan. Baina bikotekideari esaten nion: ‘Kalera atera bezain pronto, gutaz ahaztuko dira’. Eta hala izan zen. Gauza txarrak azkar ahazten ditugu. Txaloak amaitu ziren, eta, funtsezkoak izateari utzi genionean, desagertu egin ginen». Bazirudien elkartasun olde hark ekar zezakeela aurrerapausoren bat langileen lanaren onarpen sozialean eta haien lan baldintzetan, baina, Begiristainen ustez, alderantziz gertatu da: «Nik beti pentsatu dut ospitaleetan garbitzaileok azkenengoak ginela piramidean, eta irudipena dut pandemiaren ostean are beherago gelditu garela. Oraindik ere, garai hura lagunekin edo senideekin gogoratzean, malkoak ateratzen zaizkigu. Badirudi linboan geratu garela. Adibidez, osasungintza publikoko murrizketek bere horretan jarraitu dute. Nik ez dakit erietxeetako langileok berriro prest egongo ote ginatekeen horrelako egoera bat jasateko. Batzuk nahiko ukituta geratu gara, eta, beharbada, orain jende askok nahiago luke etxean geratu, horrelako zerbait pasatu baino lehen». «Irizpidea zen norberak ahal zuena egin zezala» David Rivas, osasun garraioko langilea. MONIKA DEL VALLE / FOKU David Rivas (Bilbo, 1979) anbulantzietako langilea da, eta duela bost urte Bizkaiko osasun garraioan aritzen zen, larrialdietakoak ez ziren gaixoak eramaten: adibidez, terapiaren bat behar zuten eriak etxetik ospitalera garraiatzen zituzten, edo sendagiria lortzen zuten pazienteak etxera eraman, aldez aurretik programatutako joan-etorrietan. Garai hartan, Ambuiberica enpresak kudeatzen zuen zerbitzua. Pandemia iritsi zenean, horrelako tratamendu gehienak bertan behera utzi zituzten, COVID-19ak kutsatutako gaixoen garraioa lehenesteko: «Dialisia behar zuten gaixoen kasuan, eutsi egin zioten, haientzat tratamendua ezinbestekoa delako, baina gainerako zerbitzuak albo batera utzi zituzten». Edonola ere, beharra handia zenez, Rivasek bere burua eskaini zuen anbulantzietako lankideei laguntzeko, eta Usansoloko erietxean jardun zuen (Bizkaian), lana antolatzen. «Dena hankaz gora zegoen, eta lankideentzat arrisku handia zen ospitalera sartzea kutsatutako gaixoen bila», azaldu du. «Orduan, lana banatu genuen, eta guk egiten genuen hori: kutsatutako eremuetan sartu, pazienteak geletatik jaitsi eta abar». Lankideen artean kutsatze gutxiago izateko modu bat zen hori. Eta, hala ere, kutsatzeak egon ziren: «Lankide batzuek hilabeteak eman zituzten gaizki samar, eta baten bati kosta egin zaio eguneroko bizimodura itzultzea». Pandemiaren lehenengo egun haiek gogora ekarrita, «planifikazio falta» eta «material eskasia» nabarmendu ditu Rivasek: «Gaitza bazetorrela ikusi zutenean, erietxeetan saiatu ziren lekua egiten eta gelak libre uzten. Alde horretatik, bai, nolabaiteko planifikazioa egon zen. Baina, langileei dagokienez, protokoloak hutsaren hurrengo ziren. Irizpidea zen norberak ahal zuena egin zezala. Geroago bai, hasi ziren protokoloak jartzen, baina ez ziren betetzen. Kaos handia zegoen, eta komunikazio gutxi enpresarekin, Jaurlaritzarekin eta Osakidetzarekin». Materialari dagokionez, berriz, eskasia handia zen: «Norbera babesteko ekipamendurik ez zegoen, eta zakarretarako poltsekin egiten genituen. Maskara bakoitza hiru bat astez erabiltzen genuen. Enpresak ez zigun ezer ematen. Norberak atera behar zituen babak eltzetik». Pandemiaren garaian, anbulantzietako langileek askotan entzun zuten haien lana ezinbestekoa zela, eta egindako esfortzua, eskertzeko modukoa. Baina izurria bukatutakoan, lan gatazka luze batean murgildu ziren langileak, eta esker oneko hitzak ezerezean gelditu: «Ezinbesteko sektore omen ginen, baina gero, lan hitzarmena sinatu behar zenean, Jaurlaritzak ez ikusi egin zuen. Grebak egin behar izan genituen, bi urte baino gehiago behar izan genituen hitzarmena negoziatzeko… Iruditzen zait oso azkar ahaztu direla orduan esandako asko». Herritarren esker ona, berriz, ez daukate ahazteko: «Hau gure lana da, eta ez dugu egiten inolako aintzatespenik lortzeko, baina egia da eskertzekoa dela jendeak zure lana balioestea, eta pizgarri bat dela guretzat. Erakundeena beste kontu bat da, eta greben garaian frogatu ere egin digute, gu kriminalizatuz, irainduz eta abar». «Denbora luzean amesgaiztoak izan ditut pandemiako egunak zirela eta» Kristina Suero, Gurutzetako ospitaleko erizaina. MONIKA DEL VALLE / FOKU Kristina Suerok (Barakaldo, Bizkaia, 1979) ondo gogoan du norbera babesteko ekipamendua lehenengo aldiz jantzi zuenekoa, bai eta COVID-19ak kutsatuta iritsi zitzaion estreinako pazientea, haren izen-abizenak, eta senitartekoei haren heriotzaren berri eman behar izan zienekoa ere. Baina hortik aurrera, egoera hori behin eta berriro gertatu zen, eta ezin guztiak memorian gorde. Erizaina da Suero, eta Gurutzetako ospitalean egiten du lan (Barakaldo, Bizkaia), bizkortze sailean. 2020ko martxoaren 15ean iritsi zitzaien COVID-19ak jotako lehen pazientea. Baina gaixotasunari buruzko zurrumurruak lehenago ere bazeuden: «Horrek pizten dit amorrurik handiena. Aurreko egunetan, albistegietan entzuten genituen horri buruzko berriak, ikusten genuen beste herrialde batzuetan zer gertatzen ari zen, baina, Osakidetzari dagokionez, aurreikuspen falta ikaragarria egon zen. Guk pentsatzen genuen materiala iritsiko zitzaigula, gauzak prestatuko zituztela, baina izurria iritsi zenean biltegiak berdin-berdin zeuden. Langileon haserrea horrek eragin zuen, batez ere». Lehenengo lau-bost asteak «zoramen hutsa» izan ziren, haren esanetan. Materiala «tantaka» iristen zitzaien, eta hura birziklatuz eta langileen artean antolatuz lortu zuten aurrera egitea: «Maskara tuper batean gordetzen genuen; hura zen gure altxorrik preziatuena. Botikak ere amaitu ziren. Eta ez zuten langile gehiago hartu; esaten zuten ezinezkoa zela eta jenderik ez zegoela, baina guk bagenekien ez zela hala». Lan zama ere ikaragarria zen: «08:00etan sartzen ginen lanera, eta, lehenago, komunera joaten ginen eta ura edaten genuen; bagenekien 15:00ak arte ez genuela horretarako beste aukerarik izango. Zazpi ordu ematen genituen gelditu barik, NBEa jantzita, betaurrekoekin… Eta hango usaina ere gogoan daukat. Denbora luzean amesgaiztoak izan ditut pandemiako egunak zirela eta». Baina, batez ere, egoeraren larritasunak ekarritako deshumanizazioa nabarmendu du Suerok: «Nik 25 urte eman ditut erizain, eta beti gustatu zait pazienteen izen-abizenak jakitea eta haiekin harremana izatea. Pandemiaren garaian, ezinezkoa zen hori. Ez geneukan harremanik haiekin. Baten bat hiltzen zenean, makina itzali baino ezin genuen egin; eta gero, horretarako denbora izanez gero, tutuak-eta kendu, eta senitartekoak abisatu». Suriok dio «polita» izan zela herritarren berotasuna nabaritzea eta sare sozialetan esker oneko adierazpenak irakurtzea. Baina horrek gutxi iraun zuen: «Jendearentzat, etxean eta bakartuta egon behar izatea izan da pandemia, batez ere. Gizarteari azkar ahaztu zaio». Erakundeei dagokienez, orduko hitz onak ere haizeak eraman ditu, Sueroren ustez: «Telebistan agertu ziren pare bat aldiz, esateko zelako lan ona egiten genuen, baina gero, ezer ez. Uda hartan ikusi zen hori: guk ez genuen diru gehiago edo aitortza sozial handiagoa eskatzen; guk atseden hartu ahal izatea baino ez genuen nahi. Hainbat hilabetetan baldintza horietan lan egin ondoren, ezinezkoa zen hamabost eguneko oporraldi batean indarrak berreskuratzea eta ezer gertatu izan ez balitz bezala jardutea. Baina ezetz esan ziguten. Lankide asko oso ukituta itzuli ziren opor haien ondoren». Denbora luzean koronabirusak jotako pazienterik ez dute izan Suerok lan egiten duen atalean, baina aurrekoan bat egokitu zitzaien, eta, aspaldiko partez, Suriok eta lankideek NBEa jantzi behar izan zuten: «Konturatu ginenerako, negarretan geunden. Hark sentimendu eta oroitzapen asko esnarazi zituen».
Bertako langileek azken bi hilabeteetan ez dute soldatarik jaso. Greba deitu duen ELA sindikatuak adierazi du Tolosako hiltegia enpresa pribatu batek kudeatzen duen zerbitzu publiko bat dela, eta, hori dela eta, Tolosaldeko Mankomunitateari eskatu dizkio horren gaineko “erantzukizunak”.
Euskarak askotariko erregistroak ditu, eta badu bat aproposa lagunartean, konfiantza giroan erabiltzeko: hitanoa. Hori suspertzeko asmoz, ZirHika mugimendua sortu dute Euskal Herri osoko hitanoaren aldeko zenbait eragilek. Gaur egin dute aurkezpena, Donostian. Badago zereginik. Izan ere, datuen argitara, hitanoa ez dago bereziki osasuntsu. ZirHikako kide Idoia Etxeberria Elorzak eta Uxoa Elustondo Arzallusek azaldu dutenez, Badihardugu euskara elkarteak egin zuen inkesta bat, eta agerian geratu zen panorama: galdetegia bete zutenen %55ek esan zuten hitanoaren egoera eskasa edo oso eskasa dela; %11k baino ez zuten uste egoera ona zela. Bereziki nokaren —emakumeekin erabili ohi den aldaeraren— galera da kezka iturri, eta horri erantzun asmo dio taldeak: «ZirHika taldea hitanoa —bereziki noka— biziberritzeko sortu da, euskararen normalizaziorako». Gazteen artean ere eragin nahi dute: «Gure asmoa da euskaldunen artean —bereziki gazteen artean— hitanoaren erabilera areagotzea eta sendotzea, hizkuntza ohiturak aldatzea eta hiztunak aktibatzea, euskararen erabilera indartzeko». Horretarako, prest dute 2025eko jarduna. Lehenengoa Euskaraldia Hika izango da. Nahi duten herriek egitasmoan izena eman beharko dute; dagoeneko 66k eman dute pausoa, eta martxoaren 1era arte dago aukera zabalik. Herri horietan nahi duten herritarrek H jartzen duen pegatina bat jasoko dute. Euskaraldian bezala, ahobizi edo belarriprest izateko aukera edukiko dute. «Ez dago hika jakin beharrik H ipintzeko; hitanoa ikasi edo entzun nahi duenak ere ipin dezake. Hika egitea biren arteko tratua da». Horrela, hitanoari ikusgaitasuna eman asmo diote: «Zuka ez ezik hika ere entzuteko edo hitz egiteko balio du, hitano hiztunak aktibatzeko eta sortzeko, eta hitanoa plazaratzeko». Horretaz gainera, beste zenbait asmo ere badituzte buruan. Besteak beste, Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatuko dute; Markiña-Xemeinen (Bizkaia) izango da, azaroan. Eta Euskal Herriko II. Hikadromoa ere egingo dute. Halaber, berrikuntzak ere egongo dira: esaterako, Bertsozale Elkartearen eta UEMAren udalekuetan hitanoa txertatu asmo dute, eta praktika onen dekalogo bat ere onduko dute. Etorkizunari begira jarrita, plan estrategiko bat ere osatuko dute, eta ZirHika taldea sendotu nahi dute. Horretarako, nahi duen oro taldean parte hartzera deitu dute. Hitanoa noiz eta norekin? Zirhikako kideak ez ezik, Andrea Bella uruguaitarra eta Amaia Agirre eta Andoni Egaña bertsolariak ere izan dira aurkezpenean. Bakoitzak hitanoarekin egindako ibilbidea eta bizitako esperientziak izan dituzte ahoan. Esaterako, Bellak kontatu du Uruguain ikasi zuela euskara, eta lagun baten bidez izan zuela hitanoaren berri; orain, hika mintzo da: «Egunerokoan, lagunekin hika egiten dut». Agirrek ondo gogoan du etxean ez ziotela hika egin, ez berari, ez anai-arrebei. Baina gurasoak entzun ohi zituen hizketan: «Amak bere anai-arrebekin beti egiten zuen hika, eta gurasoek beren lagunartean ere bai». Hortaz, uste du «modu inkontzientean» jaso zuela. Egun, baina, kontziente-kontziente erabiltzen du hitanoa: «Irakaskuntzan nabil, eta erronka eta apustu bezala hartu dut ikasle guztiei hika egitea, baina ez da beti hain erraza, zeren binarismoa sartzen da hor. Niretzat, hitanoak gauza ia denak onak ditu, baina hor badauka bere arantzatxoa». Halaber, esan du bertsotan ez dela askorik entzuten, baina egon direla ahaleginak: «Gipuzkoako finalean, Aner Euzkitzek eta Oihana Iguaranek egin zuten saio bat noka; noski, erabat adostuta. Ahalegin bat da; niretzat, txalotzeko moduko ahalegina». Agirrek ez bezala, Egañak zuzenean jaso zuen etxean: «Birramonari berorika egiten genion; aitona-amonei eta gurasoei, zuka; eta anaiei, hika». Anaiei bai; arrebari ez, ordea: «Gurasoek beti mutiloi hika egin izan digute; alabari, zuka, haserretzean salbu. Sexismo hori bizi izan dugu, eta gaur da eguna anaiok elkarri hika egiten dioguna, arrebari zuka eta arrebak niri hika. Ez dezagun tratamendu sexista hori transmititu».
Balentria egin eta beste mugarri bat ezarri du Bera Berak. Sei urteren ostean, berriro jokatu du Europako lehiaketa bateko ligaxka, eta itzulera biribildu du: final-laurdenetarako sailkatu da. Espero baino lehen lortu du, gainera: ligaxkako azken partida jokatu aurretik. Ustekabez, Norvegiako Fredrikstad taldeak galdu egin du etxean Paris 92ren aurka, eta, beraz, Bera Berak ziurtatua du bigarren postua. Azken partida jokatu aurretik lortu du helburua Donostiako taldeak, eta festa giroa nagusituko da bihar Gaskan. Lorpenari ginga jarri nahi dio, Alemaniako Bensheim-Auerbach Flames taldearen aurka irabazita (18:00). Hala ere, irabazi, berdindu edo galdu, sailkapena ez da aldatuko. Lehen postuan bukatuko du ligaxka Alemaniako taldeak, eta bigarren Bera Berak. Biek egingo dute aurrera. Biharko Gaskako partida kale edo balekoa izatea espero zuten jokalariek, baina ez da hala izango: neurketa hasi aurretik lortu dute sailkatzea, Fredrikstaden kontura. Paris 92 taldeak mahai gainean kolpea eman du, 28-29 irabazita. Sailkapenaren zuloan zeuden frantziarrak, partida guztiak galduta, eta ez zuten ezer jokoan, baina lehiaketari amaiera ona eman nahi izan diote. Eskertu du Bera Berak. Alba Menendez kapitainak esan zuen klubaren historian «orrialde berri bat» idatzi nahi zutela. Bada, idatzi dute. Presio guztiak uxatuta, gozatu egin nahi dute bihar pistan, zaleen babesean. Eta nola hobeto, irabaziz baino. Festa bermatuta dago, baina aurkari ahaltsua izango dute parean. Alemaniarrek ligaxkan jokatutako bost partidak irabazi dituzte. Lehen itzulian, 34-32 galdu zuten donostiarrek. Imanol Alvarez entrenatzaileak funtsezkotzat jo du defentsan sendo aritzea. Etxean orain arte jokatutako bi partidak irabazi ditu Bera Berak: 33-28 Paris 92ren aurka, lehen jardunaldian, eta 32-26 Fredrikstaden kontra. Hirugarrena ere nahi dute. Itzulera gozoa Bost aldiz jarraian Europako lehiaketa bateko ligaxkarako sailkatzeko atarian geratu dira donostiarrak, Brasov, Zvezda, Valcea, Besançon eta Solabaina taldeek kanporatuta; kostatu zaie, baina seigarren ahaleginean lortu dute, eta itzulera gozoa izan dute, oso gozoa. Final-laurdenetara sailkatzea lortu, eta beste urrats bat egin dute Europako ibilbidean. Europan klubaren historiako 132. partida jokatuko dute bihar. Tartean, badaude mugarri batzuk: besteak beste, 2008an Errekopako finalerdiak jokatu zituzten, eta 2012-2013ko denboraldian Txapeldunen Ligako multzokako fasea jokatu zuten, liga irabazita. Europako lehiaketa bateko ligaxkan, berriz, 2018-2019ko denboraldian aritu ziren azkenekoz: orduan ez zuten lortu aurrera egitea; oraingoan, bai.
Hauteskundeak besterik ez dute buruan izango hainbat alemaniarrek egunotan; izan ere, bihar izango dute hautetsontzietara bozkatzera joateko aukera. Bada, ordea, beste gairik Berlinen, zinema esaterako. Gaur izan da Berlinale festibalaren 75. aldiko sari banaketa, Berlinale Palast aretoan. Dag Johan Haugerudek zuzendutako Drømmer filmarentzat izan da Urrezko Hartza. Bertako protagonista Johanne itsu-itsuan maiteminduko da bere frantseseko irakasleaz, eta horrek maitasunaren eta sexualitatearen inguruan esperimentatzeko aukera emango dio. Todd Haynes epaimahaiaren buruaren esanetan, maitasunaren inguruko hausnarketa bat da filma, «berezia eta ironikoki unibertsala». Trilogia baten azken partea da saritutako filma, eta, zuzendariak aitortu duenez, «edozein amets baino handiagoa» izan da harentzat Urrezko Hartza jasotzea. Epaimahaiaren sari nagusia, berriz, O último azul-ek jaso du. Gabriel Mascarok zuzendutako lan horrek Tereza deitzen den emakume heldu baten istorioa kontatzen du. Amazoniako herri txiki batean bizi da Tereza, eta adineko jendea soilik bizi den etxebizitza multzo batera eraman nahi dute bizitzera. Hark, ordea, ez du hara joateko asmorik, eta, bere kabuz, bidaia bati ekingo dio Amazonian barna. Filmaren kutsu «probokatzailea» azpimarratu dute epaimahaiko kideek. Haurren begiradatik El mensaje pelikulari eman diote epaimahaiaren saria —Donostiako Zinemaldian ere izan zen—. 9 urteko haur bat da kontakizunaren muina. Argentinan zehar autokarabanan bere ama bisitatzera joango da haurra tutoreekin, ama osasun mentaleko arazoak dituztenentzako erietxe batean baitago. Road trip moduko bat sortu du Ivan Fund zuzendariak; zuri-beltzean filmatuta dago. Hou Meng zinemagile txinatarra izendatu dute zuzendaririk onena, Living The Land lanarengatik. 1991n Txinan izandako gizarte eraldaketa eta eraldaketa ekonomikoa izan du ardatz zuzendariak filma ontzeko. Ikuslearen saria Eva Libertad zuzendari espainiarraren Sorda filmak jaso du Panorama saileko ikuslearen saria. Elena Irureta aktore zumaiarrak hartzen du parte bertan. Emakume gor baten —Angela— istorioa kontatzen du pelikulak. Gorra ez den gizon batekin ezkonduta dago Angela. Haur bat izatear daude, eta horrek hainbat kezka sorraraziko dizkio protagonistari; esaterako, haurrarekin modu egokian komunikatu ahal izango den ez jakiteak. Zuzendariaren ahizpa da Angelaren rola egiten duen aktorea, eta txikitatik ikusi izan du pertsona gor baten bizitza nolakoa den. «Filma gure arteko harremanean oinarrituta dago. Horregatik esaten dugu bizitza osoa daramagula film hau egiteko prestatzen», azaldu du Libertadek.
Osasunak atzerapausoa eman du Europarako sailkatzeko bidean. Galdu egin du gaur gauean Vigon (Galizia), Celtaren aurka: 0-1. Lucas Torrok 68. minutuan Borja Iglesiasi egindako eta Iago Aspasek minutu bat geroago sartutako penaltiak zapuztu egin ditu gorritxoen asmo guztiak. Hala, duela astebete Sadarren Real Madrilekin berdintzeak emandako bultzadari segida eman ezinik geratu dira. Gaur galdu eta gero, eta asteburuko emaitzen zain, Osasuna hamargarren postuan dago. Hiru puntura du seigarren sailkatua, Rayo Vallecano, baina Espainiako taldeak ez du oraindik jokatu asteburuan, ezta gorritxoen aurretik edo haiei aurrea hartzeko moduan dauden zenbait taldek ere. Beraz, baliteke koskaren bat egitea atzera. Joera txarra darama Vicente Morenok entrenatutako taldeak, edo ez nahikoa Europarako sailkatzeko lehian buru-belarri aritu nahi badu. Azken hamahiru partidetatik bakarra irabazi du, zortzi berdindu ditu, eta lau galdu; hau da, 39 puntutatik 11 baino ez ditu lortu. Kopuru eskasa da. Atzean eta aurrean ondo aritzea erabakigarria da irabazteko, eta, gaur, Osasuna ez da ondo aritu ez batean, ez bestean. Aurrean, aukera garbiak izan ditu, batez ere, lehen ordu erdian, nagusi izan denean, baina ez Ante Budimirrek, ez Bryan Zaragozak ez dute asmatu. Hori gutxi ez, eta gorritxoen egin duten huts bakarra baliatu du Celtak gola sartzeko. Bigarren zatiaren erdialdean, Lucas Torrok penalti inozoa egin dio Borja Iglesiasi, eta Iago Aspasek ez du barkatu. Aimar Orozek eta Jesus Aresok ez dute jokatu, zigortuta baitzeuden, eta taldeak haren falta sumatu du. Hori hala ez izateko, Vicente Morenok bost atzelariren aldeko defentsaren alde egin du, baina apustua ez zaio ondo atera. Taldea sendo aritzea nahi zuen, baina ez du helburua lortu.
Beste behin, irudi du kinka larrian dagoela Hamasek eta Israelek Gazarako adostutako tregoa. Oraingoan, Palestinako erakunde islamistak atzo entregatu zituen lau gatiburen gorpuen harira sortu da bi aldeen arteko ika-mika, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak jakinarazi baitu, gaur goizaldean, Hamasek atzo entregatutako gorpu bat ez dagokiola gatibu bati; zehazki, 32 urteko Shiri Bibasi. Beste bi gorpu haren bi haur adingabeenak dira, eta bestea, 83 urteko gizon batena. Netanyahuk sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez azaldu duenez, DNA probak egin ondoren izan dute «ekintza krudelaren» berri, eta Hamasi leporatu dio menia urratzea. Israelgo Auzitegi Medikuntzako Institutuan egin dituzte DNA probak, Tel Aviven. Zabaldutako aurreneko informazioen arabera, hasieran ez dute lortu Shiri Bibasena behar zuen gorpua identifikatzea; Netanyahuk gero zehaztu du, ordea, Gazako emakume batena zela hilkutxan sartutako gorpua. «Etsaiak larrutik ordainduko du ekintza krudel eta ziniko hau», esan du Israelgo lehen ministroak. Akusazio horiei erantzunez, Hamasek aitortu du balitekeela «konturatu gabe» gatibuaren gorpua eraman behar zuen hilkutxan beste gorpu bat sartu izana, Reuters berri agentziak erakundeko iturri ofizial bat aipatuz kaleratu duenez. Haren arabera, Israelen bonbardaketa baten ondoren horrek eragindako hondakinetatik gorpuak ateratzen ibili zirenean gertatu zen hutsegitea. Geroxeago zabaldutako ohar baten bidez, Palestinako erakunde islamistak eskatu dio Israeli itzul dezatela oker identifikatutako gorpua, Gazako emakumearena, eta esan du «serioski» aztertuko dutela gertatutakoa. Iluntzean, Gurutze Gorriari Shiri Bibasiren benetako gorpua entregatu diotela jakinarazi dute Hamaseko adar armatua osatzen duten Al-Qassam Brigadek, Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez. Eta 21:30ak pasata baieztatu du Gurutze Gorriak hilkutxa jaso duela. Shiri Bibas eta haren bi haur adingabeak 2023ko urriaren 7ko erasoan bahitu zituzten milizia palestinarrek, eta gatibu hartu zuten haren senar eta bi haurren aita Yarden Bibas ere; Nir Oz kibutzean zeudela. Yarden Bibas otsailaren 1ean egindako gatibu eta preso trukean utzi zuten aske, eta horrek agerian utzi zuen haren senideak hilik zeudela; izan ere, menian adostutakoaren arabera, aurrena bizirik zeuden emakumezko eta adingabe gatibuak ziren askatzekoak, eta, ondoren, gizonezkoak. Horrez gain, Hamasek 2023ko azaroan jakinarazi zuen Bibas ama eta haurrak hilik zeudela, Israelen bonbardaketa baten ondorioz. Israelgo armadako bozeramaileak gezurtatu egin du hori, eta Hamaseko kideek hil zituztela esan du gaur arratsaldean egindako adierazpen batzuetan: «Ez zieten tiro egin, beren eskuekin hil zituzten». Gehitu duenez, auzitegiko medikuen eta inteligentzia zerbitzuen ikerketetan oinarrituta atera dute ondorio hori. Hainbat israeldar elkarretaratze batean, gatibuen itzulera exijitzeko, atzo, Tel Aviven. MAGDA GIBELLI / EFE Atzo lau hilkutxak Gurutze Gorriaren esku utzi aurretik, AEBei eta Israeli zuzendutako ekitaldi bat egin zuen erakunde palestinarrak, Khan Yunisen, Gaza hegoaldean. Oholtza baten gainean jarri zituzten lau zerraldoak, bakoitzari bere izena eta argazkia jarrita. Alboan, bi misilen karkasak jarri, eta AEBetako bonbek hil zituzten mezua idatzi zuten; are, hilkutxen atzean Netanyahuren irudi bat ipini zuten, hura banpiro moduan irudikatuta, eta hau idatzi zuten arabieraz, hebreeraz eta ingelesez: Gerrako kriminal Netanyahuk eta haren armada naziak hil dituzte, armada sionistako gerra hegazkinetatik jaurtitako misilekin. Israelgo Atzerri Ministerioak Netanyahuren antzeko erreakzioa izan du: «Hau menia urraketa larri bat baino gehiago da; agerian uzten du nolakoa den aurrean dugun etsaia. [Hamas] Deuseztatu egin behar dugu». Ministerioak sare sozialen bidez egin ditu adierazpen horiek, eta exijitu dio Palestinako erakunde islamistari «berehala» itzultzeko Shiri Bibasen gorpua. Gatibuen eta Desagertuen Senideen Foroa, berriz, Israeli eta nazioarteari mintzatu zaie, eta eskatu die «premiaz baina zentzudun» jokatu dezatela. «Urrats bakoitza kontu handiz egin behar da, horrela bakarrik izango da posible bermatzea gatibu guztien itzulera segurua», adierazi du taldeak sare sozialetan. Ondo bidean, Hamasek bizirik dauden sei gatibu utziko ditu aske bihar; horien truke, Israelek 502 preso askatuko ditu. Hurrengo ostegunean, berriz, beste lau gatiburen gorpuak entregatzekoa da Palestinako erakunde islamista. Martxoaren 1ean da bukatzekoa meniaren lehenengo fasea, eta ikusteko dago zer-nolako baldintzak zehaztuko dituzten bigarrenerako, oraindik abian baitaude horren negoziazioak. Oldarraldia areagotu egin da Zisjordanian Hiru autobus lehertu ziren atzo gauean Tel Avivetik gertu dagoen Bat Yam hirian. Israelgo hedabideek argitaratutako informazioaren arabera, ia-ia aldi berean gertatu ziren hiru leherketak, eta Israelgo Polizia «eraso terrorista» gisa ari da ikertzen. Hiru autobusak aparkaleku batean zeuden, hutsik; ez zen izan ez zauriturik, ez hildakorik. Eremu horretan lehertu gabeko beste bi lehergailu ere aurkitu zituzten, eta, Israelgo hedabideek jakinarazi dutenez, arabieraz eta hebreeraz idatzitako mezu bat zuten: mendekua Tulkaremetik (Zisjordania). Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu gertakari horiekin zerikusia dutelakoan. Horren harira, Netanyahuk Zisjordaniaren aurkako «operazio militar intentsibo bat» abiatzeko agindu du, eta Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek, berriz, erasoen «intentsitatea» areagotzeko. Hain justu, gauean hainbat sarekada egin dituzte Jeninen eta Tulkaremen, Wafa Palestinako albiste agentziak jakinarazi duenez. Horren arabera, Israelgo soldaduek gizon bat hil dute sarekada horietako batean, eta dozenaka etxebizitza suntsitu dituzte. Urte hasieratik Zisjordaniaren aurkako operazioak areagotu ditu Israelek. Horietako gehienak iparraldeko Jenin hirian eta horko Nur Xams errefuxiatuentzako esparruan egin ditu. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera, eraso horien ondorioz gutxienez 40.000 lagunek egin dute ihes Zisjordaniatik. 12 Zenbat etxe prefabrikatu sartu diren Gazan. Egiptoko Gobernuak bidalitako aurreneko hamabi etxe prefabrikatuak gaur sartu dira zerrendan, Gazako agintariek jakinarazi dutenez. Egiptoren eta Israelen arteko Kerem Xalom pasabidetik sartu dituzte; espero dute datozen egunetan gehiago sartu ahal izatea.