Adegik 5.500 enplegu berri espero ditu Gipuzkoan 2019a amaitzerako
Enpleguaren alorrean «albiste onekin» iritsi ziren Adegiko arduradunak patronalaren Batzar Nagusiaren bezperan. 2019. urtean 5.500 enplegu garbi sortuko direla uste dute, enpresa bazkideei egindako ohiko inkesten datuak aztertu eta gero. Gipuzkoan %2,2-2,6 haziko da ekonomia, eta hazkunde horrek, enpresek enplegu sorkuntzari begira emandako erantzunekin batera, patronaleko adituak eraman ditu aurreikustera 5.500 enplegu inguru sortuko direla. «Datu horrek erakusten du ongien Gipuzkoako ekonomiaren egonkortasuna sendoa dela», esan zuen Eduardo Junkera presidenteak.
Izan ere, enpresen %92k esan dute enplegua handituko dutela datozen hilabeteetan, edota dutenari eutsi egingo diotela. Soilik %8k erantzun dute enplegua murriztuko dutela. Datu horiek bat datoz salmenten inguruan emandako erantzunekin. %85ek uste dute merkatuaren egoera «normala dela edo susperraldian dagoela», eta bakarrik %14,5ek diote merkatua «atzeraldian» dagoela.
Kezkak ere bai
Fakturazioa %0,9 igo da azken hiruhilekoan; alegia, moteldu egin dira salmentak, hala barne merkatuan nola atzerrian. Baina datu eskas horren ifrentzua eskari zorroa da, %1 egin du gora eta. Enpresen %73k diote eskari maila handia edo normal dutela, eta %74tik gora dira eskari zorroa handituko dutenak edo egungo mailari eutsiko diotenak. Gainera, enpresen produkzio gaitasunaren erabilera maila %83koa da.
Bestalde, Gipuzkoako patronalak ez zuen ahaztu enpresarien kezkak zerrendatzea. Nabarmentzekoak dira, haren arabera, «salmenten errentagarritasunak izan duen beherakada; lan kostu handiak eta soldata igoerak; nazioarteko eta Espainiako ekonomiaren ahultasuna; eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna».
Horiek horrela, Gipuzkoako enpresari askok, esportatzaile petoak izaki, kezka handia dute Trumpen politikak direla eta. Brexit-ari ere ez diote begirik kentzen, eta ez zuten ezkutatu «mundu mailako gerra komertzialak» eragina baduela. Horrek eraman ditu enpresariak konfiantza apaltzera. 2018ko errekor erakusleak atzean geratu dira, mundu mailako ziurgabetasunak gora egin duelako.
Bestalde, Gipuzkoan azken egunetan izandako lan istripu hilgarriak direla eta, lan osasunari buruzko eztabaida Adegiren egoitzara iritsi zen. Horri buruzko hausnarketa bat egiteko eskatuta heldu zion gaiari Junkera presidenteak. «Oso gertaera kezkagarria da, begien bistakoa denez», hasi zen Junkera; «lanean jarraitu behar dugu gure eskuetan dagoen heinean halakorik gerta ez dadin». Enpresa bazkideei horixe bera helarazten dietela adierazi zuen. «Ezbehar deitoragarriak dira».
Lan istripuak
Jose Miguel Aierza zuzendari nagusiak gaineratu zuen epe motzera oso gertakari negatiboa dela lan istripu hilgarrien gorakada, baina «epe luzera» egin beharko liratekeela azterketak, eta gogoratu zuen azken hamarkadan «nabarmen» gutxitu direla lan istripuak.
Hauteskundeen inguruko iritzia eskatu ziotenean, berriz, Aierzak berak gogoratu zuen «Adegik ez duela balorazio politikorik egiten», baina erantsi zuen beren mezua argia eta ezaguna dela maila politikoan: «Aberastasunaren iturri nagusia enpresa da, enplegu iturri oparoena. Hori horrela izanik, administrazio guztiek jarri beharko lukete beren estrategiaren erdian enpresa, enpresa lehiakorrak behar ditugulako». Ohar hori eman eta gero, «egonkortasun politikoa» baloratzen dutela ere garbi utzi zuten Adegiko bozeramaileek.
Aguraingo DHL gune logistikoko beharginak, greba mugagabean
Aguraingo (Araba) DHL gune logistikoko langileek greba mugagabea hasi zuten 2019ko maiatzaren 23an lan hitzarmenaren defentsan. 2019ko maiatzak 28.
Espainiako Bankuak erretiro adina atzeratzea eskatu du berriro hauteskundeen…
Pentsioak: Erretiro adina atzeratzea eskatu du Pablo Hernandez de Cos Espainiako Bankuaren gobernadoreak hauteskundeen ostean. 2019ko maiatzak 28.
Epaileak arrazoia eman dio Igerategiri, eta suhiltzaile postura itzuli…
Pentsiodunek diote kalean jarraituko dutela
Ehunka pentsiodun elkartu ziren atzo Bilboko udaletxearen aurrean egindako protestan. Pentsioen defentsan, edonork gobernatzen duela ere lelopean, erreibindikazioekin jarraitu zuten, euripean. «Azken hauteskundeen ostean ere, 2018ko urtarrilean pentsatzen genuen horrek indarrean jarraitzen du. Kalean jarraitu behar dugu gure erreibindikazioak bete daitezen», esan zuen Andrea Uñak. Erantsi zuen prest daudela denbora askoan jarraitzeko.
Elkarretaratze bat Mercedeseko hiru kaleraturen alde
«Hiru kaleratzeak bidegabeak dira, eta atentzioa ematen du haien benetako helburuak», esan zuen ELAko kide Igor Gebarak, epaitegiaren aurrealdean. Ehundik gora lankidek elkartasuna adierazi zieten kaleratuei, eta beren kasuak salatzen lagundu zieten. «Enpresak ohar bat eman nahi izan die Gasteizen dituen mila inguru langileei», esplikatu zuen Gevarak. «Behin-behineko langileak zirenean ahulagoak ziren, eta batzuk lanera joaten ziren baita sukarra edukita ere. Orain finkoak dira, eta baztertu egin dituzte horrelako praktikak; bada, enpresak hori moztu nahi izan du».
Langile finko kaleratuek hiru urte egin dituzte enpresan, batez beste, eta ELAko kideak esan zuen kaleratzeak azaltzeko arrazoiak «surrealistak» direla.
Renaultek ongi hartu du bat egiteko Fiat Chryslerrek egindako…
Urteak daramatza FCAk beste autogileei ate joka. Izan ere, Sergio Marchionne FCAko buru zenak argi zuen autogileek derrigorrez neurria handitu behar dutela, elektrifikazioak eta gidaririk gabeko autoen teknologiak inbertsio oso garestiak eskatzen dituztelako. Marchionne iaz hil zen, baina haren planekin jarraitu dute Mike Manley FCAko buruak eta enpresaren akziodun nagusiak, Agnelli familiak (%29).
Auto elektrikoetan nabarmen aurreratuago doa Renault —Zoe modeloa auto elektriko salduena da Europan—, eta oso urrats txikiak egin ditu FCAk. Azken horrek, ordea, baditu bi abantaila. Batetik, SVUetan eta noranahikoetan oso indartsua da, Jeep eta Ram marken bitartez, eta horiek dira gaur egun arrakasta handien duten ibilgailuak. Bestetik, Renaultek ez duen zerbait badu: Ipar Ameriketako merkatu erraldoiaren zati handi bat. Renaultek, Europan ez ezik, Hego Amerikan ere badu presentzia.
Nissan, hirugarrena
FCAren eta Renaulten arteko bat egiteak munduko autogile handienetan hirugarrena sortuko luke, VW taldearen eta Toyotaren ondoren. Iaz, bien artean, 8,7 milioi auto saldu zituzten, 170.000 milioi euroren salmentak egin eta 8.000 milioi irabazi. Baten eta bestearen indarguneak eta ahulguneak osagarriak diren aldetik, bat egiteak fabriken itxierarik ekarriko ez lukeela uste du FCAk. 5.000 milioi euroren aurrezkiak espero ditu, baina materialen erosketa eta inbertsioak partekatuz lortu nahi du kopuru hori.
FCAren eta Renaulten arteko balizko ezkontzak badu hirugarren aktor bat: Nissan. Azken hogei urteetan Renaulten aliatu izan da Nissan, eta teknologia partekatzen dute zenbait proiektutan. Bihar da biltzekoa Renaulten eta Nissanen arteko aliantzaren kontseilua, eta hor ikus daiteke zer moduz hartu duten japoniarrek italiar-estatubatuarren mugimendua. Apirilean, Renaulten bat-egite proposamena baztertu zuen Nissanek, eta berriro azalaratu zen Carlos Ghosnen atxiloketak agerian utzitako bi enpresen arteko tentsioa. Renaulten eta Nissanen arteko aliantzaren bultzatzailea izan zen Ghosn, eta bat egiteko planak zituela atxilotu zuten Tokion, Nissanen dirua desbideratzeaz akusatuta.
FCA-Renault bat egiteak babes politikoa ere beharko du, Frantziako Estatua baita Renaulteko akziodun nagusia (%15). Parisko gobernuak ziurtatu du ez duela orain arteko negoziazioetan parte hartu, baina ez dagoela bat egitearen aurka, «Europak industria erraldoiak behar dituelako». Baina, babesa eman aurretik zenbait berme eskatu ditu, hala nola milaka kaleratze edo lantokien lekutzea ez eragitea, eta auzitan ez jartzea Nissanekiko batasuna.
Japoniarren uzkurtasuna desagertze aldera, Fiatek proposatu du enpresa berriaren administrazio kontseiluan leku bat gordetzea Nissani, eta launa izatea berak eta Renaultek.
Renault eta Fiat konpainiak bat-egitea aztertzen ari dira
Proposamena: Renault eta Fiat Chrysler Automobiles (FCA) bat egite posiblea aztertzen ari dira. Bi aldeek % 50a kontrolatuko lukete. 2019ko maiatzak 27.
Zelan hedatu bagoi guztietara susperraldia
Abiada handian joan da hazkunde ekonomikoa Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan azken lau urteetan, %3tik gorako gainekin, eta %2tik behera jaitsi barik. Esportazioen gorakadak lagundutako susperraldi ekonomikoaren legealdia izan da, bigarren atzeraldiaren lau urtekoaren ostean etorri dena. Datu makroekonomiko nagusiek hobera egin dute, nahiz eta azken aldian moteltze bat sumatu. Edonola ere, aldagai ekonomiko eta sozial batzuetan ez da igarri susperraldi ekonomikoaren tamainako onurarik.
Garapenik onena langabezia tasarena izan da. Langabeen zerrenda dezente txikitu da 2015eko hauteskundeetatik: orduan ia %14 eta %19 bitartekoak ziren tasak, orain %7,4tik %11,5era bitartekoak. Landun kopuruak ere gora egin du, eta soldatak ere igo dira, baina langile askori ez die eragin, lan hitzarmenik gabe geratu direlako estatalizazioaren mehatxupean: joan den otsailean bakarrik beharginen %36k zeukaten lan ituna gaurkotuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Datorren legealdiko erronken artean egongo dira enpresen itxieren joera etetea, lanaldi partzialen tasa jaistea emakumeen artean, eta pobrezia txikitzea.