Pareko mozkinak
Bestalde, altxortegiak beherakada nabarmena izan du, eta zirkulantea asko jaitsi da, %84 hain zuzen, 247 milioi eurotik 40ra. Begien bistakoa da CAF egiten ari den inbertsio ahalegin handiaren eragina dela, Solarisen erosketaz gain Galesko Newport fabrika berria ere martxan jarri baitu 2018. urtean.
Eskaera zorro deigarria
Dena den, CAFen emaitzen zenbakien artean batek pizten du arretarik handiena. Beasaingo konpainiak errekor bat hautsi zuen 2017an eskaera zorroari dagokionez, 6.265 milioi euroko kontratuei esker; bada, 2018an birrindu egin du marka hori, %23ko igoerari esker. Gipuzkoako trengileak 7.716 milioi euroko eskaera zorroa zuen 2018ko abenduaren amaieran. Hori da CAFek bere geroa eraikitzeko duen bermerik handiena.
Horretan ere, ordea, Solarisen bat egiteak badu zerikusirik, Poloniako autobus konpainiaren ekarpenik gabe 7.049 milioi eurokoa bailitzateke eskaeren poltsa; kopuru txikiagoa litzateke, baina inoizko handiena hori ere. Alegia, ia 700 milioi euroko ekarpena egin dio Solarisek zain dauden kontratuen zorroari.
Eskaera horien %88 nazioarteko merkatuan lortutakoak dira; bakarrik %12k dute jatorria Iberiar penintsulan. Salmenta gehienak Europan egiten jarraitzen du CAFek, eta Erresuma Batua da fakturazioaren zati handienaren jatorria (%23). Halaber, trengintza izan da salmenta gehien eragin duen negozioa: 1.315 milioi euro (+%41). Horrez gain, zain dauden kontratu guztien %91 trengintzaren negozioari lotuak dira, eta %9, autobusari lotuak.