Euskaltelek irabaziak murriztu ditu eta Jazzteleko kontseilari ohia fitxatu…
Euskaltel Taldeak 171,7 milioi euro irabazi ditu 2019ko urtarrila eta martxoa bitartean, iazko epe berean baino % 2,78 gutxiago, konpainiak agirian jakinarazi duenez
Hiru Garraiolarien Euskal Herriko sindikatuak ez dio abegi onik egin Gipuzkoako Aldundiak N-1eko bidesari sisteman egingo duen aldaketari. Hiruren arabera, gaur egungo sistemak jada bertako kamioilariak zigortzen ditu gehien, bertako garraiolariak igarotzen direlako maizen ordainpeko tarte horietatik. Tarte berriak eta prezio garestiagoak N-1 errepidea “gehien erabiltzen dutenen” kalterako izango direla uste du sindikatuak, “garraiolari nafar, bizkaitar, arabar eta batez ere, gipuzkoarrak zigortuko ditu”.
Gipuzkoako Aldundiak N-1aren bere zatian kamioientzat ezarritako bidesari sistema gaur egun auzibidean dago. Joan den urteko apirilean, indarrean jarri eta hiru hilabete eskasera, sistema hori ez zela bidezkoa ebatzi zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Espainiako CNTC Garraioaren Batzorde Nazionalak ezarritako helegiteari men eginez. Epaiaren arabera, sistemak Gipuzkoatik kanpoko kamioilariak diskriminatzen ditu. Aldundiak Auzitegi Gorenera jo zuen epaiaren aurka, eta oraindik ez dago gaiari buruzko ebazpenik. Dena den, diputazioak bidesariei eustea erabaki zuen, eta gaur egun bidesaria ordaintzen dute N-1eko tarte jakin batzuetatik igarotzen diren kamioiek.
Hala ere, El Diario Vascok argitaratu duenez, datorren asteartetik aurrera aldaketak izango dira bidesari sisteman. Andoain-Astigarraga tartea pagatzeko gaur egun Irunen dagoen arku automatikoa desagertu egingo da, eta arku berri bat ezarriko da Astigarragan, Hernani-Astigarraga A-15eko tartea ordaintzeko. Horrekin batera, kamioientzako ordainpeko zatia handitu egingo da Andoainen, bai Lasarte aldera baita -A-15etik- Urnieta aldera ere. Arku automatiko txikiago bat egongo da azken irteera horretan, bertan sartzen diren kamioiek egingo duten tarte txikiagoa aintzat hartzeko.
Herrialdea N-1etik zeharkatzen duten kamioiek hiru ordainlekutatik pasa beharko dute sistema berriarekin. Hori bai, orotara, Gipuzkoa igarotzeagatik orain baino gutxiago ordaindu beharko dute -1,5 euro gutxiago-. Aldiz, Andoaingo ordainpeko tartetik pasatzea garestiagoa izango da lehen baino, prezioak bikoiztu egingo direlako. Herrialde barneko tarte hori da, hain zuzen, Gipuzkoako garraiolariek gehien erabiltzen dutena.
Liu He lehen ministrordea buru duela, Txinako ordezkaritza bat Washingtonen izango da ostegunean eta ostiralean, negoziazioen hamaikagarren saioan parte hartzeko. Asteazkenean ziren berriro biltzekoak, baina Pekinek bi aldiz pentsatu du elkarrizketekin jarraitu aurretik, ikusita Donald Trumpek muga zergak berriro handitzearekin mehatxu egin zuela igandean.
Txinako Gobernuak ez zion erantzun gogorrik eman Trumpi, eta, aurrekoetan ez bezala, ez zuen beste zigor neurriekin erantzun.
AEBetako presidentea txio batzuen bidez salatu du negoziazioak “oso motel” doazela, eta horregatik jakinarazi zuen ostiraletik bertatik Txinako hainbat produkturen gaineko inportazioa %25eko tarifa batekin zigortuko zuela, gaur egungo %10en gainetik.
Adierazpen horiek ez datoz guztiz bat Steve Mnuchin AEBetako Altxorreko idazkariak aurreko astean esandakoarekin. Negoziazioak “oso emankorrak” izan zirela esan zuen, eta ulertarazi zuen hamaikagarren elkarrizketa sorta erabakigarria izan zitekeela duela urtebete hasitako merkataritza gerra amaitzeko.
«Azken hamarkadako daturik onena da», nabarmendu du Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak. «Positiboa», Nafarroako Gobernuarentzat, nahiz eta onartu egin duen jaitsieran eragina dutela sasoikako arrazoiek; Aste Santuko kontratazioak, kasu honetan. Sindikatuek, aho batez, nabarmendu dute langabezia behin-behineko lanpostuen bidez ari dela jaisten, emakumeei askoz gehiago eragiten diela, eta langabeen erdiek baino gehiagok ez dutela langabezia saririk.
LANGABEZIA
Ohiturari jarraituz, behera
SEPEk 148.225 langabe zenbatu ditu Hego Euskal Herrian, martxoan baino 3.420 gutxiago. Jaitsiera azken urteetako apirilaren mailan dago (-3.651 iaz, -3.127 2017an, -2.615 2016an …), hilabete ona izan ohi delako enpleguarentzat. Berez, 1996tik hona behin bakarrik handitu da langabezia apirilean, 2011n, eta oso gutxi gainera (+89).
Apirileko datuaren beste alde positiboa da urte arteko txikitze tasa egonkortu dela. 2018 amaieran hamar mila langaberen aldea zegoen urte batetik bestera, baina aurtengo apirilean iazkoan baino 11.198 langabe gutxiago daude enplegu bulegoetan. Beste hitz batzuetan, hilabete batetik bestera dauden gorabeherak alde batera utzita, langabeziaren jaitsiera bizkortu egin dela.
Lurralde guztietan jaitsi da langabezia, baina Nafarroan (-1.112) eta Bizkaian (-1.006) beste inon baino gehiago. Edonola ere, Gipuzkoak du langabezia tasarik txikiena (%9), batez bestekoa baino bi puntu gutxiago (%11,02). Nafarroan, biztanle aktiboen %10,54 daude lanik gabe, Araban %11,84 dira, eta Bizkaian, berriz, %12,31.
Sektoreei dagokienez, Aste Santuaren eragina begi-bistakoa da. Zerbitzuetan jaitsi da gehien langabezia (-2.618), kontratazio asko ostalaritzarekin eta turismoarekin lotuta daudelako. Eraikuntzak ez du hilabete ona izan (+12), eta industriak azken urteetako beheranzko joera egonkorrari eusten dio (-498).
Apirileko langabeziaren jaitsiera zerbitzuen eskutik iritsi denez, eta horietan emakumeek pisu handia dutenez, sexu horretakoak dira langabezia utzi duten hiru lagunetik bi (-2.204). Hori bai, hilabete bakar batek ez du asko egin sexuen arteko desoreka handia txikitzeko: langabeen %57,5 dira emakumeak (iazko kopuru berdina), eta haien artean %13,15 daude lanik gabe; gizonen artean, berriz, %9 daude beharrik gabe. «Eta lana duten emakumeen artean, lanaldi partzialak askoz presentzia handiagoa du gizonen artean baino, horrek dakartzan ondorio guztiekin», LABek nabar- mendu duenez.
Langabeen adinari erreparatu dio sindikatu abertzaleak. Ohartarazi duenez, lanik ez dutenen erdiak 45 urtetik gorakoak dira. «Kolektibo bereziki zaurgarria da, eta enplegua aurkitzeko itzelezko zailtasuna du».
AFILIAZIOA
Kopururik handiena 2008ko azaroaz geroztik
Langabezia jaitsiera enpleguaren sorrerari zor zaio. Apirilean, batez beste, 1.249.408 ari ziren Gizarte Segurantzan afiliatuta; hots, lege barruan lanean. Martxoan baino 5.589 gehiago, eta iazko apirilean baino 26.609 gehiago. Kopururik handiena da 2008ko azaroaz geroztik, eta eskura jarri du maiatzean 1,25 milioi afiliatuen langa gainditzea.
Afiliazioak 2008ko ekainean jo zuen goia (1.268.928), eta, oraingo erritmoan jarraituz gero, urte amaieran gainditu dezake kopuru hori. Krisiaren une txarrenean, 2014ko urtarrilean, orain baino 140.000 landun gutxiago zeuden.
Erregimen arruntekoak dira afiliatu berri gehienak, ez baita alde esanguratsurik autonomoen, etxeko langileen eta itsasoko langileen artean.
KONTRATUAK
Aldi baterakoak, gora
Baina handi bat dute langabeziaren eta afiliazioen datuek: batez ere aldi baterako enplegua dutela atzetik. Apirila ez da ona izan, iraupen laburreko kontratuen batez bestekoa ia puntu bat handitu delako martxotik hona; %92,54 dira mota horretakoak. Gainera, sindikatuek salatu dutenez, kontratuen erdia hilabetetik beherako iraupena dute. Kontratu mugabeen kopurua ez da %7,5era iritsi, iaz hilabete askotan %9ren inguruan ibili ondoren. «Langileei hainbesteko ezengorkotasuna ekarri dioten» 2012ko eta 2013ko lan erreformak bertan behera uzteko eskatu du Maribel Ballesteros UGT-Euskadiko politika sindikaleko idazkariak.
LANGABEZIA SARIAK
Laurden batek soilik du sari arrunta
Behin-behineko kontratazioaren helburu kaltegarrietako bat da langileek ez dutela nahikoa kotizatzen langabezia saria jaso ahal izateko. Langabeen %58,1ek ez dute langabeziari lotutako laguntza jasotzeko eskubiderik, eta %25,1ek soilik eskuratzen dute langabezia sari arrunta.
Nafarroako Gobernua bera kezkatuta azaldu da langabezia sarien estaldura eskasiarekin. «Berretsi egiten digu zein garrantzitsua den tresna propioak edukitzea, errenta bermatua esaterako».
2 Argiago kontatzen ez badidazu… Demokratek AEBetako Ordezkarien Ganberako gehiengoa lortu zuten urtarrilean, eta, harrezkero, ganberaren legezko tresna guztiak baliatzen ari dira Donald Trumpen ustezko ustelkeria azaleratzeko. Uste dute ezagutaraz daitekeena eskandalagarria izan daitekeela, Trump hari batean uzteko modukoa.
3 Eskandalagarria? Zer dauka ezkutatzeko ba Trumpek Alemaniako bankuan? Zikinkeria asko, antza denez. Ordezkarien Ganberako Inteligentzia eta Finantza Zerbitzuetako Batzordeak Deutsche Banki galdegin dio Trumpekin azken hamarkadetan izandako finantza harremanei buruzko datuak emateko. Baina presidentea eginahalak egiten ari da bere historia finantzarioa ezagutaraz ez dadin: Alemaniako bankuari jarritako demanda da azken ahalegina.
4 Nahikoa da berori… Ez daukazu xehetasun gehiago eman beharrik. Argi dago badaukala zeozer ezkutatzeko. Utz iezadazu kontatzen. Irakurri dudanez, Trumpek bankuekin izandako harremanak thriller baterako ematen du.
5 Trump erakusten ari den beldurragatik, baita Etxe Zuriko giltzak galtzeko ere. Tira, konta iezadazu. Higiezinen magnateak hainbat bankarrot kateatu zituen, eta AEBetako bankuek ateak itxi zizkioten 1990eko hamarkada hasieran. Ez omen zen fidatzekoa, ez zuelako maileguetako dirua bueltatzen. Trumpek ia 1.000 milioi dolarreko zorra pilatu zuen haiekin. Harrezkero, atzerrian bilatu zituen bere negozioetarako inbertitzaileak eta maileguak eskatzeko bankuak. Reutersen 2017ko txosten batek iradokitakoaren arabera, Errusiako oligarkek dirutzak inbertitu zituzten magnatearen proiektuetan, eta zantzuak omen daude ez ote zituzten Trumpen negozioak erabiltzen diru beltza zuritzeko. Ezetz asmatu zein banku hasi zitzaion maileguak ematen 1990eko hamarkadan?
6Arriskatuko naiz, ba; ea asmatzen dudan: D letrarekin hasten da, eta K-rekin amaitu, eta joan den astean bertan behera utzi zuen Commerzbankekin egotekoa zen fusioa. Dra! Zelan asmatu duzu?
7 Intuzio hutsa izan da. Badirudi Alemaniako bankuak ez zuela hain intuizio ona eduki Trumpekin, AEBetako bankuak harekin fidatzen ez baziren ere, Deutsche Bankek milaka milioi dolarren maileguak eman baitzizkion; prest zegoen arriskatzeko, bankuaren inbertsioen negozioa handitzeko AEBetan.
8 Begi ona Deutsche Bankekoek; Kapitolioan kontuak ematen amaitu dute azkenean. Bankua prest agertu da ganberarekin lankidetzan aritzeko. Baina ikusi beharko da ea Trumpen auzi eskeak aurrera egiten duen. Presidenteak dio pribatutasuna urratzea dela bankuaren eta bere arteko finantza harremana ezagutaraztea. Demokraten ustez, interes publikokoa da argitzea presidenteak negozio ilunak izan dituen ala ez.