Urkullu: “Euskadik berriztagarrien nazioarteko merkatuan lider izan nahi du”

Urkullu: “Euskadik berriztagarrien nazioarteko merkatuan lider izan nahi du” Ekianen, Euskadiko eguzki-parke fotovoltaikoan, egindako adierazpenak.
Asteazken goizak zaratatsuak dira La Bolsa eraikinean, Bilboko Zazpikaleetan. 10:00etan dute hitzordua pentsiodunek, eta laurogei elkartu dira —hirurogei emakume eta hogei gizon—. Asteroko errutina da duela bi urte BPMa martxan jarri zutenetik, eta bildutakoen adinaren batez bestekoa, nola ez, 65 urtetik gorakoa da. Bilera gidatzea Jon Fano, Andrea Uña eta Victor Etayoren pazientziaren ardura da, mintzaldiak antolatu eta gai ordena bideratzen baitute. Mugimenduaren ikur diren zapi gorriak ere lor daitezke bertan, euro batean. 7.000 saldu dituzte bi urtean. Aterki bat ageri da zapietan, azpian jendea bildu eta babesten duen metafora. Tira, mugimendua urtarrileko eguraldi petralarekin sortu izanak ere inspiratuko zituen.
Bilerako kide asko herrietako elkarteen izenean doaz. Sodupekoak albiste onak ekarri ditu. «Harrigarriki, astelehen honetako bilkura oso handia izan zen, jende berri asko gerturatu zen». Greba prestatzen dabiltza, eta herriko merkatarien elkarteak deialdia babestuko duela esan die. Zaldibarkoak, aldiz, beste tonu bat du. «Jende kopurua pixka bat jaitsi da, hotzarengatik agian. Dendari eta tabernariekin hitz egin dugu, eta askok ez dute egun osoz ixteko asmorik». Balmasedan, aldiz, alkatea bilerara joan zen. Durangon, institututik deitu zituzten hitzaldia emateko, eta jende asko bildu zen. Basaurin «barne gatazkak» dituzte, eta greban ez dira pentsiodunen mugimenduaren izenean irtengo.
Multzo zabala da: Galdakao, Sestao, Iurreta… eta Urdaibai. Anamari Ordoñez Urkullu da ordezkaria. «Nik, zorionez, pentsio ona dut, baina Gernika aldean badago gaizki pasatzen ari den jendea, eta haiengatik egin behar dugu beharra», azaldu du. Harro dago greba dinamizatzeko prestatu dituzten ekintza ugariez. «Gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsioak defendatu behar ditugu. Baina mugimenduan badago kontraesanak sortu nahi dituen jendea. Bilerara datoz, iritzia ematen dute, eta joan egiten dira. Hala ere, gizarte mugimendu sendoa da, eta gehiengoa grebaren alde dago». Datuek arrazoia ematen diote: bozkatu zenean, kideen %77,8k babestu zuten.
Juanjo Elua da greba begi onez ikusten ez duen pentsiodunetako bat. Deustuarra da, Osakidetzako langile ohia, eta luze ibili da funtzionarioen BGAEak ikertzen. «Sindikatuen presioa» sumatu du hark grebara gehitzearen erabakiaren atzean, eta uste du BPMan «arrakalak» egin dituela: «Ez diot hautsi duenik, baina 31tik aurrera mugimendua josteko lan egin beharko dugu». Ia bi urte daramatza La Bolsara joaten, eta jarraituko du. «Pentsio sistema publikoa defendatu behar dugu. Pentsio publikoak Madrilgo gorteetan erabakitzen dira, baina pribatuak Euskal Herrian».
Bi ordu eta laurdeneko bilera izan da, eta Patxi Fernandez erandiotarrak osoa entzun du. Ekonomista ohia 2017az geroztik da pentsiodun, eta pentsio sistema bideragarriago egingo luketen aldaketen aldekoa da. Bileran iritzi ezberdinak daudela argi du. «Arduratzen nau bileran adostasunaren bandera hartzen duten sektore batzuekin, eta ez da egia; gai batzuetan ez dago, eta ezin gara itsutu. Baina grebaren erabakia bozen %77arekin hartu bazen, errespetatu egin behar da». Bilerako gazteenetakoa da, eta etorkizunera begiratzen du. «Pentsiodunen mugimenduak luzaroan iraungo du. Agian gorabeherak izango ditu jende aldetik, baina biltzeko arrazoirik ez zaio faltako. Arazo hauek konpontzen badira, berriak iritsiko dira».
Pentsiodunek greba egin al dezakezue?
Jakina egin dezakegula. Lanekoa ez, baina gizarte greba bai, kontsumo greba, zaintza greba…
Greba beste pauso bat da pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenetan. Zergatik?
Urte eta erdiko mobilizazioa igarota, asteleheneroko bilkurekin muga bat ikusten genuen. Ez genuen nahikoa indar Espainiako eta Hego Euskal Herriko gobernuak behartzeko gure eskaera nagusiak onartzera. Orduan, pentsatu genuen indarrak metatu behar genituela beste sektore batzuekin. Ikusi genuen gizarteko esparru askorekin bat gentozela: langileak, emakumeak, gazteak, ikasleak, merkatari txikiak… Kolektibo sozial guztiekin egon ginen, mugarik gabe: sindikatuak, feministak… Bospasei hilabeteko lana izan zen. Aztertu genuen ea zer-nolako ekimena bideratu behar genuen kolpe handia eman eta Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek gure eskaerak bete zitzaten. Eta, azkenean, iazko azaroan adostu genuen, Euskal Herriko gehiengo sindikalekin eta beste kolektiboekin, garrantzitsua zela urtarrilean mobilizazio orokor bat garatzea. Hau ez da lan greba bakarrik; greba soziala eta tranbertsala da.
Besteak beste, bizitza duina aldarrikatuko da greban. Pentsiodunen artean ere beharrezkoa al da aldarria?
Pentsiodun pila bat sufritzen ari dira. Hego Euskal Herrian 200.000 pertsonak 800 eurotik beherako pentsioa dute, eta askok, are baxuagoa. Nola da posible duintasunez bizitzea kopuru horiekin? Nola ordaindu alokairua? Hego Euskal Herrian batez beste 1.145 euroko pentsioa dagoela diote, eta ez dela hain gutxi. Baina, jakina, gainetik dabiltzanak ondo daude, hor ingurukoak ez hain txarto, baina gutxiago kobratzen dutenak txarto bizi dira.
Errealitate hori azaleratzeko lotsa sumatu al duzue?
Bai. Jendeak sentitzen du txiroa dela onartzea gizarte honetan zerbait txarra dela, eta badago ezkutatzen saiatzen denik. Baina ez bakarrik pentsiodunen artean. Hor arazo batzuk ditugu. Hego Euskal Herrian badago aukera bat Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez gehigarri txiki bat lortzeko, baina eskatu egin behar da. Botiken berrordainketarekin berdin gertatzen da. Erakundeek zuzenean aplikatu beharko lituzkete neurri horiek. Egin dezakete, badakite jendeak zenbat diru irabazten duen, baina ez dute nahi. Adineko askok ez dakite eskubide horiek nola egikaritu.
Zu militantzia ibilbide luzea egina zara. Zer du pentsiodunen mugimenduak hain arrakastatsua izateko?
Zaila da jakiten. Guk hamar urte daramatzagu pentsiodunen aldarrian lan egiten, eta, duela bi, Bizkaiko Pentsionistak Martxan plataforma antolatu genuen. Gero, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetakoak bildu ginen Gaurgeroa osatzeko. Zer gertatu zen 2018an? Pentsiodunen amorrua lehertu egin zela. Fatima Bañez Espainiako Lan eta Gizarte Segurantza ministro ohiaren eskutitz bat jaso zuten pentsioak %0,25eko igoko zirela esanez, eta igoera horrekin bermatuta zegoela erosketa ahalmenaren eguneraketa. Tira, orain %0,9 igo dituzte; gauza bera esan dute, eta gezurra da. Eta jendea lehertu egin zen. Pentsiodunei duintasuna merezi dugula adierazteko gogoa azaleratu zitzaigun. Gu antolatuta geunden, eta ikusi genuen amorru hori eskakizun batzuetara bideratu behar zela. Hasieratik argi zehaztu genituen gure eskaerak: pentsioak KPIaren arabera igotzea, gutxieneko pentsioa 1.080 euro izatea, eta modu berriak zatea Gizarte Segurantzara dirua bideratzeko.
Ordura arte, pentsiodunen kolektiboa nahiko pasiboa zen.
Hori aldatu da. Pentsiodunak euren buruaz harro sentitzen dira orain. Oso harro daude borrokaz, eta erreferente sentitzen dira. Esaten dute: «Indartsuak eta kapazak gara gure aldarriak bideratzeko», eta, hainbeste izanda, alderdi politikoek eta erakundeek euren agendetan sartu behar izan dituzte gure eskaeretako batzuk. Alde horretatik, emakumeen lana goratuko nuke.
Zergatik emakumeak?
Pentsiodunen mugimenduaren barruan alde handia zegoen gizonezkoen eta emakumeen artean. Tradizioagatik… Gizonak gehiago egon dira kalean, eta aukera izan dute ekimenetan parte hartzeko. Zoritxarrez, baina, eta batez ere adinekoen artean, emakumeek beti euren gain hartu dituzte zaintza lanak: seme-alabak, ilobak… Naturaltasunez hartzen zen. Adineko zenbat jende zegoen bakarrik etxean bizitza duintasunez garatu ezinda? Eta mugimendua ikustean, emakume horiek kalera irteteko beharra sentitu zuten. Horrek azaltzen du emakumeek duten indarra. Kontuan hartu behar da ere pentsioetan genero arrakala are handiagoa dela.
Denetarik dagoela diozu, baina badago pentsiodunen mugimendua korronte politiko jakin batzuekin lotzen dutenak.
Horrekin zirikatu nahi gaituzte mugimendua zatitzeko asmoz. Guk jende guztiari esaten diogu hemen batzen gaituzten oinarrizko aldarri batzuk daudela, eta batasuna ezinbestekoa dela horiek defendatzeko. Oso garbi dugu pluraltasuna onartu behar dugula gure barruan.
Badaude grebaren aurka dauden pentsiodun batzuk.
Bai. Madrilera begira daude beti, eta ez dute interesik Euskal Herrian gure eskaera espezifikoki garatzeko. Argudio ezberdinak erabiltzen dituzte. Esaterako, deialdia aldebakarrekoa dela diote, eta gezurra da, kolektibo guztiekin bildu garelako. Esaten dute identitarioa dela. Zer esan nahi dute? Abertzaleei bakarrik interesatzen zaiela? Mugimenduan gaudenak ikusita, hori ez da egia. Guretzat, lehentasuna pentsiodun guztien interesa babestea da, abertzaleak diren ala ez begiratu gabe. Jarrera horiek, mina egin arren, oso minoritarioak dira.
Partida hau Euskal Herrian ere jokatzen dela garbi diozue.
Niri ez zait gustatzen Espainiako Gizarte Segurantza, baina egia da Madrildik datozela pentsiodunen inguruko erabaki asko. Aldi berean, baina, Hego Euskal Herriko gobernuek eskuduntzak dituzte ordainketa osagarriak erabaki eta zerbitzu publiko duinak garatzeko. Inolako trabarik gabe. Horregatik uste dugu fronte guztietan egin behar dela presioa.
2010ean hasita, langileei eta pentsiodunei soldatak, pentsioak eta erosteko ahalmena apaldu zizkieten lan eta pentsio erreformekin zizelkatutako jokaleku jakin batean. Aberastasunaren banaketan esku hartu zuten gobernu horiek, bankuek aktibo toxikoen uholdearekin eragindako hondamendiak dena aurrean eramango ez bazuen. Propio egindako arauen bidez, erdiko klasearen zati handi bat pobretu zuten, eta gizarte arrakala handitu lege berrien onuradun gutxiengoaren eta kaltetu gehiengoaren artean.
Azken urteetan liberalismoan eta alor publikoaren austeritatean oinarritutako politiken gobernuek aditzera eman dute hazkundeari berriro heltzeko ordaindu beharreko prezioa izan dela, denen hobe beharrez egin beharrekoa. Eta makroekonomiaren itxura txukundu duten kopuruak heltzean, paparra atera dute han eta hemen ortodoxiaren defendatzaileek, susperraldiaren letra txikiari jaramonik egin gabe.
Kontua da krisi larri baterako prestatu ziren arau gehienek bere hartan jarraitzen dutela, 2014tik 2019ra hazkunde sendo bat egon izan ez balitz bezala, eta horren emaitza da lan merkatuaren eta, oro har, bizitzaren prekarizazioa hedatu egin dela, kronifikatu egin direlako kaleratze merkeak, behin-behinekotasuna, partzialtasuna, eta, finean, lan eskubideen galera, batez ere zerbitzuekin lotutako jardueretan. Horregatik deitu dute greba orokorrera ELAk eta LABek urtarrilaren 30ean, ostegunez, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko beste sindikatu eta eragile sozialekin batera.
Susperraldiaren ifrentzua aldatzeko kolpe bat eman nahi du euskal gehiengo sindikalak, debaluazioak ekarritako galera berreskuratu, eta mugarri horretatik aurrera urrats berriak egiteko. Duintasuna deitu diote krisia pagatu dutenek galdutako koska hori berreskuratzeari, lan merkatuaren uberizazioari muga jartzeari, eta pentsio publikoak bermatu eta hobetzeari: lan, pentsio eta bizitza duina.
Greba, zazpi urteren ostean
Ia zazpi urte joan dira sindikatuek azken greba orokorra antolatu zutenetik Hego Euskal Herrian. 2013ko maiatzaren 30ean izan zen, Atzeraldi Handiaren amaieran; amaieraren hasiera horretan %16ko langabezia tasa zegoen Hegoaldean, eta %30ekoa gazteen artean; egun %10etik behera dago langabezia tasa, baina gazteen artean %20tik gora dago oraindik ere. Edonola ere, azken hamarkadan galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko adina indar ez du ukan azken sei urteetako hazkundeak. 2008ko ekainetik 2019ko ekainera %13,5 inguru hazi da inflazioa, eta %10,5 inguru soldatak (INE). Oraindik hiru puntuko galera dute langileek, batez beste. Eta garrantzitsua da esatea batez beste dela, sektore batzuetan —zerbitzuak, batik bat— besteetan baino galera askoz ere handiagoa izan baitute. Hala ere, batez besteko soldatak berak argi islatzen du hamarkada galdu bat izan dela behargin askorentzat: 2008an, 2.406 eurokoa zen EAEn, eta 2019an, 2.256 eurokoa.
Horiek horrela, 2013ko maiatzak gordin erakusten zuen krisiaren bigarren oldarraldiaren zartada; zenbaki orokorrei begiratzea baino ez zegoen drama zehatzak irudikatzeko. Garai zailak izan ziren sindikatuentzat: zortzi greba orokor antolatu zituzten lau urtean, 2009ko maiatzetik, 2013ko maiatzera. Hil horretan izan zen azkena, hein handi batean mobilizazio orokorraren nekearen ondorioz lanuztearen esparruan.
Zer aldatu den azken hilabeteetan gehiengo sindikalak berriro greba orokor baten urratsa egiteko? Eraldaketa soziala eskatzeko mobilizazioak nabarmen areagotu direla, pentsiodunen eta feministen eskutik; feminismoak bi greba orokor egin ditu jarraian, 2018an eta 2019an, soilik emakumeak deituz lanuztera. Pentsiodunek bi urte bete dituzte kalean, agenda jakin batekin: pentsioak KPIra lotzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea, eta pentsioa atzeratzen eta apaltzen ari den erreforma erretiratzea. Era berean, lan gatazkek ez dute etenik izan lan erreformak 2012an negoziazio kolektiboan eragindako blokeoaz geroztik, eta gatazka horien ondotik hainbat akordio garrantzitsu iritsi dira sektore handietan, esaterako Bizkaiko metalgintzan.
Gizarte multzoak elkartzeko abagunea eta beharra ikusi dute ELAk eta LABek testuinguru horretan, «borroka desberdinak izan arren borroka beraren adar» gisa jo baitituzte, eta diagnosi horren bidetik iritsi da greba orokorraren deialdia. «Lan, bizitza eta pentsio duinak» darama grebaren kartak alde batean, eta «munduko prekarioak, elkartu zaitezte» bestean, idatzirik eduki gabe ere; ekonomia berriro ahultzeko zantzuak islatzen ari den honetan ez baitu ematen prekaritatearen multzoan eroritako langile, pentsiodun eta emakume kopurua murriztera doanik, alderantziz baizik.
Ados dira: greba politikoa
Hazkunde ekonomikoa alde duela eta gehiengo parlamentarioak lortzeko arazo handirik izan ez duen legegintzaldi amaieran iritsi zaio greba orokorra Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari. Bi mezu nagusi helarazi ditu lanuzteari erreparatu dionean: «greba politikoa» dela, eta eskaerak Espainiako Gobernuari egin behar zaizkiola. Ados daude sindikatuak lehen zatian: «Inolako konplexurik gabe esaten dugu: greba politikoa da, politika publikoak aldatu nahi dituelako». LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk bezala, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak lanuztearen izaera politikoa nabarmendu du; gogor salatu dute batak zein besteak Urkulluren ezetza greba deitzaileekin elkartzeko eskaerari.
Izan ere, Eskubide Sozialen Gutuneko kideak Nafarroako presidente Maria Txibiterekin elkartuko dira lanuztearen bezperan, baina ez Urkullurekin; harentzat, «egiazki, grebak ekonomiaren eta herritarren bizitzaren bilakaera normalari kaltea baino ez dio eragingo». EAEko lehendakariaren ukoak bete du grebaren atariko agenda. «Prekaritatea bultzatzen ari den patronalarekin gauza askotan dator bat; patronalari alfonbra gorria jartzen dio, baina ez du bildu nahi prekaritatea eta pobrezia amaitzeko proposamenak egiten dituen gehiengo sindikalarekin eta sozialarekin», esan du egunotan Mitxel Lakuntzak. Halaber, ELAk eta LABek gogoratu dute pentsioak osatzea eta DSBE diru sarrera bermatzeko errenta hobetzea Jaurlaritzaren esku daudela, eta Gasteizko gobernua dela EAEko enplegatzailerik handiena, gainera.
Confebask patronala, berriz, eskuz esku doa Jaurlaritzarekin greba orokorrari dagokionez ere, eta Eduardo Zubiaurre presidenteak garbi esan du lanuztera deitzea «arduragabea eta ulertezina» dela. «Euskadin daude soldata hoberenak, pentsio hoberenak eta langabezia tasa apalenak. Grebak kalte egingo dio herrialdeari».
Grebaren aurka azaldu diren beste sindikatu eta alderdi batzuek arazo gehiago izan dituzte oreka topatzeko ezkerrerago kokaturik egon beharraren eta lanuzteari arnasa kendu nahiaren artean. Haien argumentu nagusia da Espainiako Gobernu berriak ekin diola langileria itolarrira eraman duen araudia aldatzeari, Pedro Sanchezek pentsioak KPIaren arabera gaurkotu dituela, eta gutxieneko soldata 950 eurora igo duela jada.
Babes zabala dauka grebak
Elkarrekin Podemosek «denbora» eskatu du PSOErekin batera duen koalizio gobernuarentzat, eta Lander Martinez Euskadiko idazkari nagusiak argitu du ez dela grebarako «garai egokia». Era berean, CCOOk eta UGTk Madrilen gobernu berria dagoela baliatu dute, baina haiek sutsuki egin dute gehiengo sindikalaren deialdiaren aurka, «grebaren helburu bakarra zatiketa delako, eta lurraldetasuna markatzea», UGTren arabera, eta «ELArentzat eta LABentzat nortasun nazionala baita garrantzitsuena», CCOOren ustez: «muga fisikoak eta banderak».
Greba orokorraren alde dago, ordea, euskal langileek behin eta berriro beren botoekin finkatzen duten ordezkaritzaren gehiengoa: ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru. CNT eta CGT gehitu zaizkie, baita Euskal Herriko Mugimendu Feminista, Ikasleen Sindikatua, Ikasle Ekintza, Ernai, Etxalde eta Eragin ere. Halaber, deialdiari «atxikimendu osoa» erakutsi dio Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere, nahiz eta pentsiodun batzuk aurka jarri diren maila partikularrean; Harro LGTBi plataforma, Etxeko Langileen Elkartea, PAH Bizkaia-Kaleratzerik ez, Argitan, Berri Otxoak bazterketa sozialaren aurkako elkartea… Babes sozial eta sindikal zabala dauka grebak.
Alderdi politikoen artean, EH Bilduk erabat babestu du greba orokorra, «asko geratzen delako benetako bizitza baldintza duinak lortzeko». Ezkerretik kanpo, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ordezkaritza parlamentarioa duten gainontzeko alderdiak aurka daude, eta Elkarrekin Podemosek askatasuna eman die alderdikideei greba egin dezaten horrela nahi badute
Bestalde, 1.200dik gora enpresa atxiki dira grebara, eta 200 bat greba batzorde sortu dituzte. Lanuzteak isla handia izango du hainbat enpresa handitan eta alor publikoan, oro har, osasunean, irakaskuntzan eta garraioan. Grebaren jarraipenaz gain, manifestazio handiak espero dira Hegoaldeko lau hiriburuetan, langileen, emakumeen, gazteen eta pentsiodunen indar erakustaldi handia, alegia.