Ukrainako gerraren paradoxa handietako bati amaiera eman dio Volodimir Zelenskik. Ukrainako presidenteak erabaki du ez berritzea Errusiako gasa Ukraina zeharkatzea baimentzen zuen 2019ko kontratua, eta, ondorioz, gasaren iturria itxi du Gazprom Errusiako konpainia publikoak. Horrek ez du esan nahi, ordea, EBk ez duela Errusiako gasa inportatzen: azken gasbide bat martxan dago (Turkstream) eta Batasunak handitu egin du Errusiako GNL gas natural likidotuaren inportazioa. Gerraren aurretik, Errusia zen EBren energia hornitzaile nagusia, eta garrantzi berezia zuen gasak, EBren beharren %45 betetzen zituelako. Horregatik, Bruselak Errusiako ikatzaren eta petrolioaren inportazioa debekatu zuen, baina ez, ordea, gasarena. EBri presio egiteko Ukraina lagundu ez zezan, Vladimir Putinek Yamal eta Nord Stream gasbideak itxi zituen —azken hori hutsik zegoela leherrarazi zuten, oraindik guztiz argitu ez den atentatu batean—, baina irekita utzi zuen Ukraina arerioa zeharkatzen zuena, Bratstvo deitutakoa (Anaitasuna), 1960ko hamarkadan eraikitakoa. Hori bai, bere garraio gaitasunaren %10 bakarrik erabiltzen zuen. Erabilera horren truke urtean ia 700 milioi euro irabazten zituen Ukrainak, baina Zelenskik nahiago izan dio diru horri muzin egin, uste baitu Errusiari kalte ekonomiko handiagoa egingo diola; 6.000 milioi eurotik gora ematen zizkion. %16 Errusiaren zatia EBren gas inportazioetan. Gerra aurretik Errusia zen EBren gas hornitzaile nagusia, %45eko kuotarekin. Orain Norvegiak bete du haren tokia, eta esportazioak handitu dituzte AEBek, Qatarrek eta Aljeriak ere. Edonola ere, iaz EBren gas inportazioen %16 izan ziren Errusiakoak. Iaz, abenduaren erdialderako 16,5 milioi tona GNL iritsi ziren EBra Errusiatik, inoizko kopururik handiena; 2022an eta 2023an 15,2 milioi izan ziren. Horretatik zati bat, ordea, EBtik kanpo bukatzen du. Anaitasuna gasbidetik hornitzen ziren Europa erdiko hainbat herrialde, eta haien artean daude Moskuk Batasunean dituen bi aliatu nagusiak, Hungaria eta Eslovakia. Azken hori da galtzaile nagusia, Ukrainako gasbidetik lortzen zuelako behar duen gasaren parterik handiena —Hungaria batik bat Turkstreametik doana erabiltzen ari da orain—. Kontratua luzatzen saiatu da azkenaldian Robert Fico Eslovakiako lehen ministro errusiazalea —Moskura ere bidaiatu du—, eta, haserre, Ukrainari argindar hornidura etetearekin egin du mehatxu Ficok. Nord Stream gasbidearen lurreko instalazioak, Lubminen (Alemania). HANNIBAL HANSCHKE / EFE Gasbide horren menpekotasun handia zuen Austriak ere duela gutxira arte, baina Gazpromek iturria itxi zion iragan abenduaren 11n, eta beste bide batzuetatik hornitzen da orain. Europako Batzordeak azaldu du beste herrialde batzuek ere Austriaren adibidea jarraitu behar dutela, eta ziurtatu du Ukrainako gasbidea ixteak ez duela eskasia ekarriko, GNL inportazioak handitzeko moduan delako. Hala ere, itsasontziz garraiatutako gasa gasbidetik doana baino garestiagoa da, eta, gainera, EBk hura ziurtatzeko lehiatu behar du Asiako herrialdeekin. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak agindu du 2027rako utziko diotela Errusiako gasa erosteari, ordurako beste hornidura iturriak handituko dituztelako. 48,9 Gas megawatt-orduaren prezioa, eurotan. Azken hilabeteetan berriro gora egin du gasaren prezioak. Otsailean, gas megawatt-orduak 29,1 euro balio zuen TTF Herbehereetako gas merkatuan, baina asteartean, 48,9 euroraino iritsi zen. Orain gorantz egitea espero da, negu betea delako, eta Ukrainako gasbidearen hornidurarik gabe, litekeena delako EBk bere erreserba biltegiak aurreko urteetan baino gehiago hustu behar izatea. Ukrainako gasbidearen itxierak ondorio gehien EBtik kanpo izan ditzake, Moldavian eta Transnistrian. Ofizialki Moldaviaren parte den arren, 1991tik de facto independentea da Transnistria, eta, Moskuren babesa duenez, Gazpromek hornitzen zuen gasez, Ukrainatik barrena. Berokuntzarako ez ezik, argindarra sortzeko eta haren parte bat Moldaviari berari saltzeko baliatzen zuen Transnistriak, baina hango gobernuak iragarri du fluxu hori eten beharrean dagoela, bere diru iturri nagusia zen arren. Gasa erabili beharrean ikatza erreko du Transnistriak, baina horrekin oraingoz soilik bi hilabeterako erreserbak ditu. Moldaviak energia larrialdi egoera deklaratu zuen abenduaren 13an, baina espero da Errumaniak hornituko duela aurrerantzean gasez eta argindarrez. Hori bai, prezio handiagoak ordaindu beharko ditu, eta hori kolpe gogorra da, Europako herrialde pobreenetako bat delako. Ukrainako gasbideak, helburu militar berria Gazpromekin zuen kontratua ez berrituta, Errusiari gerra finantzatzeko tresna bat kendu nahi izan dio Ukrainako Gobernuak. Kalkulatu denez, 6.000 milioi eurotik gora lortzen zituen Moskuk haren bidez. Baina Ukrainak berak ere galduko du: garraioak ekartzen zion etekinik gabe geratuko da —700 milioi euro inguru—, baina hori baino kalte handiagoa izan daiteke bere gasbide sarea Errusiaren misilen helburu izan daitekeela aurrerantzean. Orain arte, Errusiak gogor egin dio eraso Ukrainaren argindar ekoizpenari eta banaketa sareari —sorkuntza gaitasunaren %60 galdu du—, baina gasbideak bakean utzi ditu, bere gasa garraiatzen zuelako. Orain, eraso ez egiteko arrazoia galdu du.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu zuten moduan, gaurdanik Jaurlaritzak hartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Renferen bost linearen kudeaketa. Hala, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren ardura dira jadanik Bilbo inguruko lau linea garrantzitsu: Bilbo Abando-Barakaldo-Santurtzikoa (C1), Bilbo Abando-Barakaldo-Muskizekoa (C2), Bilbo Abando-Urduñakoa (C3) eta Bilbo Abando-Balmasedakoa (C4f). Horrez gain, Jaurlaritza hasi da kudeatzen ere Donostiari dagokion beste ibilbide bat: Irun-Donostia-Tolosa-Brinkolakoa. Tren ibilbide horien kudeaketa Jaurlaritzarena da jada, baina Renfek jarraituko du horiek ustiatzen, 2027ko abendura arteko kontratua baitauka indarrean. 2028rako, lehiaketa publiko baten osteko adjudikazioak erabakiko du ordutik aurrera zerbitzuak nork ustiatuko dituen. Eskuz aldatu diren bost ibilbideetan, 22 milioi bidaia izaten dira urtero, trenen 426 joan-etorri egunero. Transferentziak aldaketa batzuk ekarriko ditu luze gabe ibilbide horietako batzuetan, kasurako, Aiala eta Bilbo artean (C3). Antolaketa berriak zerbitzu azkarragoak eskainiko ditu Bilbora joateko; Laudio eta Bilbo artean 15 minutuko tartea baino ez du izango zerbitzuak. Karrantza eta Aranguren artean ere hobekuntzak prestatzen ari dira, Susana Garcia Mugikortasuneko sailburuak azaldu duenez. Eta urtarrilaren 7an hasita, Renfek hamasei Civis zerbitzu eskainiko ditu, geldialdi gutxiago eginez. C3 ibilbidean, berriz, asteburuko zerbitzuak indartuko dituzte, eta 76 jarriko dituzte erabiltzaileentzat, Urduña eta Bilbo hobeto lotzeko — lehen, 55 tren ibiltzen ziren—. Horrez gain, Jaurlaritzak Renferekin adostu du Araban aldiriko zerbitzuaren beste diseinu bat martxan jartzea. Udaberriaz geroztik, zerbitzuak izango dira Miranda Ebro (Burgos, Espainia) eta Altsasu artean, goizean, eguerdian eta iluntzean, eta orain arte Gasteizen amaitzen ziren ibilbide batzuk luzatu egingo dituzte Arabako Lautadara arte. Renfek konpromisoa hartu du zerbitzua ematen duten 44 trenetatik 25 aldatzeko. Zaharrenak erretiratu eta 25 berri sartuko dituzte 2027. urtea amaitu aurretik Eskuduntzaren aldaketak, halaber, tren hobeak ekarriko ditu bost ibilbideetan. Renfek konpromisoa hartu du zerbitzua ematen duten 44 trenetatik 25 aldatzeko. Zaharrenak erretiratu eta 25 berri sartuko dituzte 2027. urtea amaitu aurretik. Bestalde, ADIFek tren sarea hobetzeko inbertsio plangintza bat onarturik dauka, eta, horri jarraikiz, datozen hamar urteetan 400 milioi euro baliatuko ditu helburu horrekin. Madrilen eta Gasteizen arteko transferentziak Jaurlaritzaren esku utzi du, era berean, tren zerbitzu horien salneurriak ezartzeko gaitasuna. Aldiriko tren horien bidaiarien eskubideak eta betebeharrak ere Gasteizek ezarriko ditu, eta baita isunen arautegia eta inspekzioak ere. Beste lau transferentzia Espainiako Gobernuak, Pedro Sanchez presidentea buru duela, Gernikako Estatutua 2025. urtean osatzeko konpromisoa hartua dauka, 2023ko azaroan EAJrekin sinatu zuen Sanchezen inbestidurarako akordioan jasota dagoenez. Horrek esan nahi du egiteko geratzen diren beste 27 transferentzia egin beharko lituzketela hasi berri den urtean. Madril eta Gasteiz erlojuaren aurka ari dira lanean, eta negoziatzaile taldeek azkartu egin dituzte bilerak urtarrilerako bertarako Jaurlaritzak beste lau eskuduntza berri jaso ditzan. Hauek dira eskumen horiek: atzerritarren lan baimenak, itsas salbamendua, meteorologia eta lan osasuna eta segurtasuna Barakaldoko Makineriaren Egiaztapen Zentro Nazionalean. Estatutua atzean uzteko transferentzien kronograma bat lantzen ari da Jaurlaritza. Aurreikus daiteke Gizarte Segurantzaren eskumena izatea azkena Jaurlaritzara heltzen Joan den urte amaierarako itxita nahi zituen Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak transferentzia horiek, baina Valentziako (Herrialde Katalanak) uholdeek egutegian eragin dute, Mediterraneoko hondamendiari begira jarri behar izan dutelako Madrilen. Urte bukaeran, abenduaren 16an, itsasertzetako kudeaketa eta Zinemagintzaren Babeserako Funtsa eskuratu zituen Gasteizko gobernuak. Orain, Estatutuak jasotzen dituen beste 27 transferentziak egiteko egutegi berria zehazteko lanetan dabiltza gobernu biak. Pradalesek ez du askorik luzatu nahi «Gernikako Estatutuaren karpetakoa ixteko» negoziazioa. 2023an adostutako kronograma ez da bete, eta Jaurlaritzako lehendakariak badaki estatus berriaren eztabaida zain dagoela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren geroa baldintzatuko duen akordio historiko baten bila hasi dira alderdiak, baina diskrezioz ari dira orain arte. Eztabaida publikoa aurten egin beharko lukete Eusko Legebiltzarrean, eta Gernikako Estatutua atzean uzteko transferentzien kronograma berri bat behar du Gasteizek. Aurreikus daiteke Gizarte Segurantzaren eskumena izatea azkena Jaurlaritzara heltzen.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du gaur goizean Oñatin (Gipuzkoa), bost pertsonari labanaz eraso egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 06:15ean liskar bat izan da Oñatiko ostalaritza lokal baten kanpoaldean. Lekukoen arabera, hainbat lagun eztabaidatzen hasi dira, eta, ondoren, elkarren artean borrokan hasi dira. Liskarrean, bost pertsona zauritu dira arma zuriz, eta Arrasateko Debagoieneko Ospitalera eraman dituzte. Horietako bati ebakuntza egin behar izan diote. Ustezko erasotzaileari arma kentzea lortu dute bertan zeuden beste batzuek, eta ondoren ihes egin du, baina Ertzaintzak atxilotu egin du gero. Lesio delitu bat egotzi diote ustezko erasotzaileari. 32 urteko gizonezkoa da atxilotutakoa. Ertzaintzak ikerketa abiatu du zer gertatu den argitzeko.
«Badakit, saiatuta ere, gaur originala izatea ez dudala lortuko». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak horrela hasi du kargua hartu zuenetik eman duen urte berriko lehen mezua. Lehendakariak zenbait keinu egin dizkie aurten gertatutako kontuei, koiuntura gaiak hizpide izan ditu —autoritarismoaren gorakada edota autogobernua—, eta gazteei zuzendu zaie nagusiki, itxaropen mezua helarazteko. Aurten hil den Jose Antonio Ardanza lehendakaria oroituz ekin dio, eta lanagatik «jaiak beranduago ospatu beharko dituztenei» eskerrak eman dizkie jarraian: erizainei, ertzainei, zaintzaileei, ostalariei, okinei, kazetariei… Gogoan izan ditu «sufritzen ari diren pertsona zaurgarriak» ere, besteak beste, «gurera bizimodu hobe baten bila iritsi berri direnak, euren etxea atzean utzita». Euskal herritar guztiei osasuna, zoriontasuna eta oparotasuna opatu ostean hasi du gazteei zuzendutako atala. Gaztaroa nahi duten modura bizitzeko esan die: «Azken finean, horixe egin genuen guk, hain justu, zuen adinean. Baina, hori bai, askatasuna ez doa arduraren kontra». Jose Antonio Agirre lehendakariak 1947ko mezuan erbestetik esandako hitzak errepikatu ditu: gaztaroa dela etorkizuna eta bere gainean oinarritzen direla herrien itxaropenak. «Kezka bizia sentitu behar dute gure herriaren etorkizunagatik. Gure askatasun tradizio guztia, gure praktika demokratikoa, ahuldu egingo da, gazteen artean oihartzunik ez badu», jarraitu du Agirreren hitzak baliatuz. Gazteei mezua Orduan ekin die koiuntura kontuei. Gazteei zuzenduz, adierazi du hazten ari direla antieuropeismoa, demagogia eta estremismoa, intransigentziaren eta autoritarismoaren olatuak indarra hartzen ari direla, edota askatasuna, demokrazia eta etorkizuna ez daudela ziurtatuta. «Eta, etxeko nagusiek erakutsi diguten bezala, beste edozein aukera okerragoa da». Pradalesek esan du badakiela askok zailtasunak dituztela lan on bat aurkitzeko edo etxetik joateko eta kezkaz begiratzen diotela etorkizunari, baina, hala ere, eskatu die kontakizun manipulatuak ez sinesteko, eta mezu populistei aurre egiteko. «Konplexuak dira ditugun arazoak, ez dira erantzun sinpleekin konpontzen. Horregatik eskatzen dizuet pazientzia, itxaropena eta konfiantza izan dezazuela Euskadirengan. Gure herriak beti jakin izan du egoera berrietara egokitzen, eta oraingoan ere egingo du», jarraitu du lehendakariak. «Konplexuak dira ditugun arazoak, ez dira erantzun sinpleekin konpontzen. Horregatik eskatzen dizuet pazientzia, itxaropena eta konfiantza izan dezazuela Euskadirengan» «Egin dezagun elkarrekin Euskadi Berria eraikitzeko bidea. Zuen bizi proiektuak garatzeko aukerak sortuko dituena. Nahi duzuen erritmo eta doinuan dantza egingo duena. Zuen ahaleginarekin, kriston martxa izango duena!», egin dio keinua aurten zeresana eman duen Kortaturen Sarri, sarri abestiari. Diskurtsoaren amaiera partean aipatu ditu autogobernua edota Europa, eta komunitatearen garrantzia azpimarratu du. Benito Lertxundik kantatzen duen Joxean Artzeren Zure askatasunagatik olerkia baliatu du horretarako: «Zoriontsu, libre behar zaitut; zure askatasunean, zure zorionean, nerea ikusten dudalako». «Itxaropenez eta konfiantzaz, 2025. urte hasieran, lehendakari gisa, nire desiorik onenak opa dizkizuet: Zorionak eta Urte berri on!», amaitu du.
Urtea hastearekin batera, zerbitzu eta produktu guztien tarifak eguneratu ohi dira. Elektrizitatea eta gas naturala dira gehien igoko direnak, eta hipotekak dira jaitsiko diren bakarrak. Pentsioak % 2,8 altuagoak izango dira, baina gutxieneko soldatak izoztuta hasiko du urtea.
Erretiroa hartzeko adina 66 urte eta 8 hilera igoko da 2025ean Hego Euskal Herrian. 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, erretiroa 65 urterekin hartu nahi dutenek 38 urte eta 3 hilez kotizatu dutela frogatu beharko dute. Ipar Euskal Herrian, atzerapen progresiboak 1963an jaiotakoei eragingo die.
«Afrikak oraindik ez du kide iraunkorrik [NBEren] Segurtasun Kontseiluan. Espero dugu gutxi barru hori aldatzea». NBE Nazio Batuen Erakundeko Idazkari nagusi Antonio Guterresen hitzak dira horiek, baina munduko hainbat eta hainbat agintarik esandakoak izan zitezkeen. Aspaldiko eskaria da Afrikako herrialderen bat NBEren Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor bihurtzea, horrek gaur egun organoak dituen arazoak konpontzeko bide eman dezakeelakoan. Ordea, Afrikako herrialde bat edo hamaika sartuta ere «arazoek bere horretan» jarraituko dutela iritzi dio Thomas G. Weissek. Nazioarteko politikan adituak diren ikerlariak biltzen dituen Nazioarteko Ikasketen Elkarteko presidentea izan zen 2009tik 2010era, eta NBE ikerketagai izan du hainbatetan; are gehiago, Nazio Batuen Historia Intelektualari Buruzko Proiektuko zuzendaria izan zen 1999tik 2010era. Hark azaldu duenez, Afrikako herrialdeak gehitzea eta horiek zeintzuk izan beharko liratekeen erabakitzen hastea Segurtasun Kontseiluak behar duen erreformaren inguruko debatearen hasiera baino ez litzateke izango. Segurtasun Kontseiluak arazo bat duela argi ikusten du Weissek. Organo horren helburua munduan «bakea eta segurtasuna mantentzea» da, organoa sortzerakoan ezarri zutenez. Azken hamarkadetan helburu hori betetzeko dituen zailtasunak azaleratu dira, eta azken urteetan are nabariagoa egin da ezintasun hori; besteak beste, Ukrainako gerragatik eta Israelek Gazaren aurka egindako sarraskiagatik. Ezintasun horren muinean arrazoi bera dagoela uste dute Weissek eta Hegoafrikako Pretoriako Unibertsitateko Nazioarteko Legearen irakasle Ntombizozuko Dyani-Mhangok: organo horretako kide iraunkorrek duten beto eskubidea. «Egungo testuinguruan zaila da bost kide iraunkorrak ados jartzea erabaki baten inguruan» THOMAS G. WEISS Nazioarteko Ikasketen Elkarteko presidente ohia Are gehiago, Weissek uste du herrialdeek energia gehiegi «galtzen» dutela Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorren inguruan eztabaidatzen: «45 urte daramatzat esaten ez dela aldaketarik egongo Segurtasun Kontseiluan, eta beti asmatu dut. Eta ez dut uste aldaketak beharrezkoak ez direnik, baina proposatutako konponbide denek arazo gehiago eragiten dituzte». Afrikako herrialde batek kide iraunkor bihurtzea lortzen badu, ez du nahikoa edukiko «bigarren mailako» kide izatearekin, eta, beraz, beto eskubidea eskatuko du. «Gaur egungo kide iraunkorrek ez dute hori onartuko», adierazi du Weissek. Gaur egun hamabost kidek osatzen dute Segurtasun Kontseilua; horietako bost dira kide iraunkorrak, eta beto eskubidea dute: AEB Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina. 1945ean sortu zen organoa, Bigarren Mundu Gerra amaitzerakoan, eta beto eskubidea duten herrialdeak gerra irabazi zutenak dira. Beto eskubide horri esker, beste kideak ados egon arren, atzera bota dezakete erabaki bat. Bost herrialde horietan datza Segurtasun Kontseiluak egun duen arazorik handiena, Weissen iritziz: «Egungo testuinguruan zaila da bost herrialdeak ados jartzea erabaki baten inguruan». «[NBEren] Segurtasun Kontseilua aldatu behar da beto eskubidea deuseztatuz» NTOMBIZOZUKO DYANI-MHANGO Pretoriako Unibertsitateko irakaslea Segurtasun Kontseiluan betoek eragiten duten blokeoari —eta, beraz, nazioarteak, bere osotasunean, erantzun bat emateko ezintasunari— aurre egiteko aukera bat egon litekeela adierazi du Dyani-Mhangok: «Segurtasun Kontseilua aldatu behar da beto eskubidea deuseztatuz, edo [NBEren] Batzar Nagusiari gatazka armatuen inguruan erabakitzeko eskumena emanez». Irtenbide hori, ordea, «ezinezkoa» dela nabarmendu du irakasleak. Izan ere, Segurtasun Kontseiluaren eskumenak eta antolaketak bere baitan hartzen duten aldaketek organoaren oniritzia behar dute, eta, Weissek esan duenez, «oso zaila da irudikatzea herrialdeek botere horri ezetz esango diotela». Beto bikoitza «Betoa kentzea irtenbidea izan liteke, bai, baina ez da gertatuko», azpimarratu du Weissek. Gauzak horrela, urteetan zehar proposamen andana egin direla azaldu du ikerlariak; eta horietatik bat nabarmendu du, noizbait gauzatzeko aukera gehien dituena dela esanez: «Erabaki bat atzera botatzeko bi beto behar izatea proposatu izan da». Eman dezake horrek egungo egoera aldatuko duela, baina ez luke gauza handirik aldatuko. «Egun dauden bi blokeak are nabariago egingo lirateke: alde batetik, Frantzia, Erresuma Batua eta AEBak, batera betoa emanez; eta, bestetik, Txina eta Errusia, erabakiak atzera botatzeko ados jarriz», gaineratu du Weissek. Segurtasun Kontseiluaren barruan dauden aliantza horiek argi ikus daitezke Israel Gazaren aurka egiten ari den erasoaldiari buruzko saioetan, Dyani-Mhangoren iritziz. Iragan martxoan AEBek proposatutako su etenari betoa jarri zioten Txinak eta Errusiak, argudiatuta ez zuela ezartzen behin betiko su eten bat. Gaur egun dituen arazoen muinean ere badago Segurtasun Kontseiluak ez duela munduko testuingurua islatzen. «Multipolaritatea existitzen den argudio asko dauden arren, ez dut uste hori Segurtasun Kontseiluan islatzen denik», deitoratu du Dyani-Mhangok. Irakaslearen iritziz, aldaketak egon diren arren, funtsean bere horretan jarraitzen du 1945ean sortutako sistemak. Antolaketa horrek, gainera, gatazkez at dauden arazoak kontuan ez hartzera eramaten du Segurtasun Kontseilua: «Estatuen arteko desparekotasunak direla eta, herrialde boteretsuei zaila zaie bestelako alderdien arazo eta sentsibilitateak kontuan izatea».
Pilotaren munduan gure selekzio propioa izateko bidean, pauso handi eta garrantzitsua izan zen larunbatean Iruñean emandakoa. Egun horretan abenduak 28 izateak bozketaren berria graziarik gabeko txistea zela pentsaraziko zien askori, baina ez, egia da: Nazioarteko Pilota Federazioak euskal selekzioa ofizial izendatzea erabaki du. Espainiako Kirol Kontseilu Gorena izango da orain erabaki hori berretsi edo atzera bota beharko duena; baina, dirudienez, aurrerako bidea egingo du. Asko izan dira larunbateko bozketa horren inguruko balorazioa egin dutenak, baina niri guztietan batenak eman dit atentzioa: UPNrenak. Batetik, ez nuelako uste horrenbesteko interesa zutenik pilotari lotutako gaien inguruan, orain arte behintzat ez baitute halakorik agertu. Eta, bestetik, prentsa ohar horretan agertzen zen honako esaldi hau dela eta: «Erabaki politiko bat da, zerikusirik ez duena kirolarien eta kirolaren mesedearekin». Azala behar da, gero! Hasteko eta behin, nola ez da, bada, erabaki politikoa izango? Herri azpiratu baten ukazioaren edo onarpenaren aurrean irizpide politikoak agertzen dituzte-eta, nola aldekoek, hala kontrakoek; ez besterik. Eta, horrez gain, kuriosoa iruditu zitzaidan kirolaren eta kirolarion onerako ez den erabakia dela esatea, euskal selekzioaren onarpenak zirkuitu horretan lehian jarriko baititu orain arte aukeran zuten selekzio bakarrari uko egin dioten hainbat pilotari bikain. Hala ere, selekzioaren onarpenak euskal herritarren artean ere zabaldu ditu zenbait galdera marka. Lehenengoa, eta nagusia, lurraldetasunari lotutakoa; hau da, euskal selekzioan Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko pilotarien parte hartzea bermatzeari buruzkoa. Etorkizuneko selekzio horrek, herri ikuspegitik, kohesionatzailea izan behar baitu; ez egun dugun, eta gero eta indartsuago bihurtzen ari den, lurralde zatiketaren indartzaile. Horregatik, oso garrantzitsua izango da hasieratik bertatik oinarri sendoak jartzea eta lurraldeen zein pilotarien arteko zubiak zabalik mantentzea. Horretan, hemendik gutxira egingo diren Euskadiko Pilota Federazioko hauteskundeetan hautatua izango den zuzendaritza berriak lehen segundotik eta gogotik egin beharko du lan. Eta bigarrena, igandean BERRIAn bertan Iñigo Santxok eta Martxel Toledok zabaldutakoa: Euskadiko edo Euskal Herriko selekzioa? Nik, egiari zor, argi daukat erantzuna; baina izenaren eztabaidak sor dezakeen xextra politikoa saiheste aldera zera esango dut: izena izen, euskal herritar denok batzen gaituen eta gure hizkuntzan, euskaraz, mintzatzen eta lehiatzen den selekzioa izan dadila. Horrekin, kito.
Binakako Txapelketako bi partida jokatu dira gaur arratsaldean. Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa) nagusitasun osoz gailendu dira Beñat Senar —Iñaki Artola ordezkatu du—eta Jon Mariezkurrena Peio Etxeberriaren eta Julen Martijaren aurkako partidan (15-22). Beste partidan, berriz, Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak aise hartu dituzte mendean Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu (22-15), Zallan (Bizkaia). Azken orduan min hartu du Iñaki Artolak, eta ezin izan du partida jokatu. Azkenaldian burua ezin altxatu ezinda dabil alegiarra. Hankan hartu zuen min lehendabizi, eta bi partida galdu zituen. Azken partidan pilotakada bat jaso zuen buruan, eta puntuak jarri behar izan zizkioten. Gaur, aldiz, sabelaldeko zuntz gaustura batek utzi du partidatik kanpo. Beñat Senar ataundarrak hartu du Jon Mariezkurrenarekin jokatzeko ardura, eta ez du huts egin. Mariezkurrenak neurketa osoa jokatu du, baina Senarrek ederki eutsi dio Peio Etxeberriari aurreneko koadroetan. Eta hitz handiak dira horiek. Lehen aldia zuen maila goreneko binakakoan. Hasiera-hasieratik hartu dute aurrea Senarrek eta Mariezkurrenak. 1-5 aurreratu dira, eta 6-12 joan dira lan erdietara. Partidaren bigarren erdia parekatuagoa izan da, baina gorriek ez dute markagailuan gerturatzerik izan. Gauzak horrela, Artola-Mariezkurrena bikotea bigarren postuan da orain, bost garaipenekin. Peio Etxeberria eta Martija gozakaitz aritu dira une oro. Martijak nahikoa lan izan du Mariezkurrenaren joari eusten, eta Peio Etxeberria ere gozakaitz aritu da. Bikote sendoa zirudien zozketaren egunean, baina lehen itzulia bukatu den honetan, ez dute garaipenik eskuratu. Arratsaldeko beste partidan oso faborito ziren Elordi eta Zabaleta, eta hasiera oso on batekin errenta handia lortu dute berehala: 14-5. Ia erabakita zegoen partida, eta hortik aurrera asko jaitsi da partidaren erritmoa. Peña II.ak eta Albisuk garaipenik eskuratu gabe jarraitzen dute oraindik, Peio Etxeberriak eta Martijak bezalaxe. Aspeko bikoteak, berriz, azken partidako arantza ateratzeko baliatu du partida. Orain, hiru bikote daude berdinduta bigarren postuan: Elorzi-Zabaleta, Laso-Iztueta eta Artola-Mariezkurrena. Lehen itzuliaren azken tantak Ostegunean, hilaren 2an, amaituko da multzoen faseko lehen itzulia. Orain arteko lehen bi sailkatuak ariko dira nor baino nor gehiago, Azkoitian (Gipuzkoa): Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta, eta Unai Laso eta Martxel Iztueta (17:00, ETB1). Egun bat lehenago jokatuko dute Jokin Altuna eta Aitor Arangurenek Erik Jakaren eta Ander Imazen aurka. Bi bikoteek bina garaipen eta sei porrot bildu dituzte orain arte, eta Eibarko Astelenan apurtuko da bien arteko oreka. Hori izango da 2025ean jokatuko den aurreneko partida binakakoan.