OCDE beldur da munduko ekonomia ez ote den haziko…
Oraingoz, OCDEk uste du birusaren eraginez 2020an gutxiago haziko dela munduko ekonomia, %2,4 eskas. Lehen hiruhilekoan, gainera, posible da barne produktu gordinak atzera egitera munduan. Hori, epidemiak hiruhileko honetan jotzen badu goia Txinan, eta handik at koronabirusaren zabalkundea apala eta kontrolatua baldin bada.
Agertoki horretan, Txinako barne produktu gordinaren hazkundea %5etik azpira jaitsiko da, eta 2021ean herrialdea %6tik gorako hazkundeetara itzuliko litzateke. Eta, gero, Txinarekin lotuen dauden herrialdeentzat lirateke gauzak okerrenak, hala nola Japoniarentzat, Hego Korearentzat, Australiarentzat eta Indonesiarentzat. Euroguneak, berriz, batez ere urtearen hasieran igarriko lioke ahulaldiari, eta urtea %1eko hazkundearekin bukatuko luke.
Okerrenean
Baina, agertoki okerrago batean, ekonomiak kalte are handiagoa nozitu dezake, OCDEren arabera. Epidemiak luze eta gogor jotzen badu, «Asia-Pazifiko eremuan, Europan eta Ipar Amerikan zabal hedatzen bada», iragarpenak nabarmen ahul daitezke: koronabirusaren erruz, munduko ekonomiaren hazkundea erdira, %1,5era, murriztu daiteke 2020an. Hainbat ekonomia, tartean eurogunea eta Japonia, atzeraldian sar daitezke. Eremu horiek, gainera, ez dute baliabide askorik interes tasekin eskaria bultzatzeko.
OCDEren ustez, kasu okerrago horretan, toki guztietan ez lirateke izango Txinan ikusitakoen mailako mugimendu murrizketak, baina, hala ere, konfiantzak kolpe handia jasango luke, ziurgabetasuna asko haziko litzateke, eta bidaien, salerosketen eta jende asko biltzen duten ekitaldien kopurua nabarmen jaitsiko litzateke. Horiek guztiek gastua murriztuko lukete, eta, ondorioz, prezioak beherantz bultzatu.
OCDEk dei zuzena egin die gobernuei, koronabirusari berari eta haren ondorio ekonomikoei aurre egin diezaieten. Erakundearen aburuz, gobernuek ziurtatu behar dute osasuneko eta babes sozialeko beren sistemek lan egiteko behar besteko baliabideak dituztela.
Agertokirik okerrena gauzatzen bada, eta ekonomiaren ahuleziak luze jotzen badu, ezinbestekotzat jo ditu ekintza multilateral koordinatuak.
Kasu horretan, OCDEren ustez, gastu publikoa areagotzea izan daiteke modurik eraginkorrena konfiantza eta sarrerak berreskuratzeko.




