Gorabehera handirik ez eguneroko saskian
Are gehiago, Oiartzungo saltokian zortzi produktuk ez dute prezioa aldatu: whiskia, jogurta, sagardoa, kafea, kondoiak, tanpoiak, arroza eta esnea. Beste hamar produktu merkatu egin dira, haien artean freskagarriak, garagardoak, eta oliba olioa. Bakailaoa ere nabarmen merkeagoa ageri da BERRIAren saskian, baina Donibane Lohizunekoan salgai dagoen antzeko produktu batera egokitzeko aldatu izanaren ondorio da. Bakailaoaren desitxuraketa hori gabe, ez legoke alderik 2019ko eta 2020ko urtarrileko saskien artean.
Ipar Euskal Herriko saskia 40 euro garestiagoa da, eta gutxiago merkatu da. Kasu horretan ere bakailaoaren eragina ageri da; hura gabe, ordea, sei produktu baizik ez dira merkatu: letxuga, esnea, ogia, arroza, kafea, ontziak garbitzekoa, eta, batez ere, oilaskoa. Gehien garestitu diren produktuen artean daude whiskia eta txekor haragia; gainontzekoen prezioa zentimo gutxi batzuk igo da.
Oro har, merkeagoa da erosketak Oiartzunen egitea Donibane Lohizunen baino. Alde handia dago okelan, nahiz eta oraingo alderaketan oilasko oso bat merkeagoa izan Lapurdin Gipuzkoan baino. Prezio berdintsuko produktuen artean daude arrautzak, espagetiak, eta fruta. Osasun higieneari lotutako produktuak merkeagoak dira Iparraldean Hegoaldean baino, eta hori gertatzen da jogurtetan ere.