Gatazka desblokeatzeko proposamenak egingo ditu gaur Parisko gobernuak
Atzoko bilerak izan ziren lehen keinua. Negoziazioak berriro irekitzea onartu zuen Parisko gobernuak, pentsio sistemaren finantzaketaz hitz egiteko. Berez, CFDTren proposamena izan zen, eta Philippek ontzat hartu zuen, sindikatu horren babesa lortu nahian baitabil. Horregatik, Matignonen bildutako kazetarien mikrofonoek interes berezia izan zuten Laurent Berger CFDTko idazkari nagusiaren hitzak jasotzeko. «Irekidurarako borondatea» ikusi zuen, baina ez zuen nahi zuena entzun; hau da, gobernuak orekarako adina kendu duela erreforma proiektutik. 64 urte baino lehen erretiroa hartzen dutenei pentsioa txikituz lortu nahi du gobernuak erretiroaren adina pare bat urtez atzeratzea, 3.000 milioi aurreztuko lituzkete horrela 2022an, eta 12.000 milioi 2027an, eta lagunduko luke sistemaren kontuak orekatzeko.
Bada, orekarako adina ageri egiten da Philippek gizarte eragileei igorritako proiektuan. Hori bai, onartu du atzera botatzeko prest dagoela baldin eta eragile sozialek sistema hobeago bat aurkitzen badute kontuak orekatzeko.
Defizita, gorantz
Erretiro sistemak 3.500 milioi euroren defizita izan zuen 2018an, baina baby boom-aren belaunaldiak erretiratzen hasi ahala zulo hori handituko dela kalkulatu du COR Erretiroaren Orientazio Kontseiluak: 17.000 milioi 2025ean, eta 27.000 milioi 2030ean.