Eroskik bost urterako arnasa lortu du, bankuekin zorra birfinantzatuta
Horrek ez du esan nahi, ordea, azkenean Eroskik ez duela bere negozioaren atalen bat saldu beharko, baldin eta bere mozkinekin ez badu lortzen nahiko diru bankuekin hartu dituen konpromisoak betetzeko. Kooperatibako iturriek aitortu diote BERRIAri aukera hori ez dagoela guztiz baztertuta, baina saiatuko direla beste bide batzuk bilatzen zorraren ordainketa epeak betetzeko. Horien artean daude higiezinen operazioak —merkataritza guneak saltzea, gero erabileraren truke alokairua ordaintzeko—, baina baita «bazkide berriak» bilatzea ere. Azken aukera hori legoke taldearen negozio arrunta ez diren adarretarako. Gaur egun, Eroski markako hipermerkatuak eta supermerkatuak ez ezik, Caprabo markako saltokiak, Forum kiroldendak, gasolindegiak, Eroski Bidaiak, eta optika dendak ere baditu taldeak.
Banku hartzekodun nagusiekin lortutako akordioak bitan banatzen du kooperatibaren zorra. Batetik dago zor amortizagarria deitu duena, mila milioi eurorena. Euriborra gehi %2,5eko interesa ordaindu beharko die urtero bankuei zor horren truke. Zor hori bost urtean zehar ordaindu behar du. Bestetik, bullet deitutako zorra du, 540 milioi eurokoa —%0,5eko interes finkoa du, gehienez—. 2024an ordaindu beharreko zorra da hori, eta Eroskik ez du baztertu hura ordaintzeko epea luzatu behar izatea.
Santander (500 milioi), BBVA (345 milioi), Caixabank (250 milioi), Sabadell (150 milioi) eta Bankia (140 milioi) dira Eroskiren hartzekodun nagusiak.
Negozioen salmenta guztiz baztertuta ez dagoela erakusten duen beste erabaki baten berri ere eman du Eroskik, CNMV finantza merkatuen arautzaileari igorritako oharrean: negozio eremuen araberako banaketa bat egingo du taldeak, «emaitzak eta baliabideak optimizatzeko».
Asko haztearen ajeak
2017an irabazietara itzuli zela jakinarazi zuenean, iaz, Eroskik iragarri zuen desinbertsioen aroa bukatutzat ematen zuela. Aurreko urteetan, ehunka saltoki saldu zizkien Dia eta Carrefourri lehiakideei, If lurrindenda katea Douglasen esku utzi zuen, saltoki ez errentagarriak itxi zituen, eta merkataritza gune askoren jabe izateari utzi zion. Operazio horrekin lortutako diruarekin, eta negozio arruntak emandakoarekin, zorra nabarmen txikitu ahal izan du Eroskik: 2010az geroztik, 1.800 milioi euroren zorra kitatu du, horietatik 731 milioi azken lau urteetan.
Eroskik gogotik ordaindu du krisiaren aurretik indarrean jarri zuen hedapen plan handinahia. Euskal Herriko ohiko eremutik irten eta inguruko lurraldeetara zabaltzea erabaki zuen Mondragon taldeko enpresak, hipermerkatuak eta supermerkatuak eraikita, eta lehiakideak irentsita —Kataluniako Capraboren truke 1.500 milioitik gora ordaindu zituen—. Prezio garestia izan zuen hedapen horrek: 4.000 milioitik gorako zorra pilatu zuen, noiz eta krisiak kontsumoa jaitsi zuenean.
Estrategia goitik behera aldatu du Eroskik azkenaldian. Asko txikitu du presentzia Espainia erdialdean eta hegoaldean, eta kuota handia duen lurraldeetan bildu du bere negozioaren zatirik handiena. Hain zuzen ere, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Balearretan iaz salmentak %1,3 handitu dituela jakinarazi zuen atzo Eroskik. Lurralde horietan hedatu du gehien produktu freskoei eta tokian tokikoei leku gehiago ematen dien Zurekin eredua, eta hari esker «lidergoa sendotu» duela aldarrikatu du Agustin Markaidek.
Emaitza garbiak aurrerago azalduko ditu kooperatibak, baina aurreratu du 250,7 milioi euroren irabazi operatibo bat lortu duela (ebitda), hau da, mozkinak zorraren amortizazioaren eta zergen aurretik.