Txuri-urdinak Real Madrilen pare aritu dira Espainiako Kopako final-laurdenetan, baina ezin izan dute kanporaketa gainditu. Arauzko denbora banakoarekin amaituta, luzapenean gailendu dira madrildarrak: 3-1. Ahituta bukatu du Realak, baina harro egoteko moduko partida egin dute Jose Luis Sanchez Verak zuzendutakoek. Estu hartu dute Real Madril ahaltsua, eta amaierara arte borrokatu dute lehia. Neurketa parekatua izan da, eta ondo egin diote aurre partidari donostiarrek. Asmatu dute planteamenduan, aurkaria desesoro eta galduta sentiarazteraino. Irmo eta nortasunez aritu da, berriz, Reala. Desberdinak izan dira bi zatiak. Lehenengoan, bi aukera egon dira, eta bi gol, alde banatan. Aurrenekoa Real Madrilek sartu du, Weirrek, 22. minutuan: kontrolarekin batera buelta erdia eman, eta ederki bukatu du jokaldia; ezin izan du ezer egin Letek. Madrildarrek gutxien espero zutenean, baina, erantzun du Realak, atsedenaldia heltzear zela. Amaiur izan da protagonista. Area ertzean baloia hartu, eta bi aldiz pentsatu gabe egundoko zartakoa eman dio. Ederra izan da gola, eta merezitakoa, bi taldeak parez pare ari zirelako. Ondo zelairatu dira txuri-urdinak. Baloia izaten saiatu dira, eta pazientziarekin jokatu dute, berdegunean ondo kokatuta. Lorena eta Cahynova atzelarietatik gertu aritu dira, baloi irteeran laguntzeko asmoz. Gauza bakarra falta zitzaien: zuloak topatu eta arriskua sortzea. Hots, lerroak gainditzea. Eraginkor aritu dira, baina: izandako bakarra sareetara bota du Amaiurrek. Momentu gako baten, gainera. Real Madril jokaldi solte batzuetan gerturatu da Realaren areara, baina hortzik erakutsi gabe. Askoz biziago hasi da bigarren zatia, eta gol aukerekin. Real Madrilek izan ditu garbienak. 47. minutuan geldiketa bikaina egin dio Letek Atheneari, eta bost minutu beranduago langara bota du baloia Bruunek. Lanean segitu dute txuri-urdinek, eta hartu diote neurria berriro partidari, metro batzuk aurrera eginda. Txuri-urdinek bazuten gainera aulkian artilleria gordeta. Bi jokalari garrantzitsu zelairatu ditu Realeko teknikariak: Nerea kapitaina eta Franssi aurrelaria. Talde lanean gogor segitu dute donostiarrek, eta eutsi diote lehiaren erritmoari. Konfiantzarekin sumatzen ziren, gainera, jokalariak. Pixkanaka, baina, hanketan pilatutako kilometroak eta intentsitatea nabaritu dira. Azken minutuetan erasora jo du Real Madrilek. Caicedok gertu izan du gola, baina ez du asmatu ate aurrean, eta Realak jakin du partida itzaltzen. Hala, ez da gehiago mugitu markagailua arauzko denboran. Luzapenerako, aldaketa hirukoitza egin du Real Madrilek, golaren bila. Azkar lortu du. Txuri-urdinak erasorako ahaleginean ari zirela, baloia galdu dute. Realeko jokalariak zelaian aurreratuta zeuden, eta kontraerasoan madrildarrek ez dute barkatu. Ezker hegaletik abiadura bizian ihes egin du Caicedok, Tolettiri utzi dio baloia, eta erdilariak gola sartu du. Lanean segitu dute txuri-urdinek, etsi gabe, baina luzapeneko bigarren zatia hasi eta berehala, erabakita utzi du kanporaketa Real Madrilek, Caicedok egindako gol batekin. Realak ez du helburua lortu: finalerdietara sailkatzea. Baina partida oso on bat eginda esan dio agur Kopari.
Isiltasunari krak. Hitz horiekin hasi da ostegun arratsaldean motibazio politikoen biktimak aitortzeko ekitaldi ofiziala. Izan ere, torturaren errealitate lazgarria tabu bat izan da urte luzez Nafarroako erakundeen artean, baina isiltasun hori hausten ari da. Nafarroako Gobernuak iaz indarkeria polizialaren eta eskuin muturreko taldeen 41 biktima aitortu zituen, eta horietatik %40 inguru torturatuak izan ziren. Horiei guztiei egin zaie «aitortza soziala» Iruñeko Baluarte jauregian. Biktimen izenean, Alberto Goñik hitz egin du, eta nabarmendu du torturak eragindako trauma, bizi osorako dena, «leuntzeko» balio duela erreparazio prozesuak. Aretoaren hiru laurden beteta zeuden. Aitortutako 41 biktimen senide eta lagunak bertaratu dira. Ordezkaritza ofiziala ere zabala izan da. Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde eta ia talde guztietako legebiltzarkideak izan dira—PP eta Vox ez dira bertaratu—: hala nola UPNko Lucia San Martin, PSNko Inma Jurio eta Kevin Lucero, EH Bilduko Laura Aznal eta Arantxa Izurdiaga, Geroa Baiko Pablo Azkona eta Zurekin Nafarroako Carlos Guzman. Gainera, Garbiñe Bueño Iruñeko alkateordea eta Xabier Alkuaz Nafarrako Udal eta Kontzejuen federazioko lehendakaria bertan izan dira, baita Imanol Pascual eta Imanol Karrera ere, ELA eta LABeko Nafarroako koordinatzaileak, hurrenez hurren. Hasteko, Martin Zabalza Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza zuzendari eta Aitortza eta Erreparazioko buruak hartu du hitza. Haren hitzetan, talde hori «egiaren batzordea» da, eta nazioarteko zuzenbidearen eta adituen gomendioei jarraikiz ari da lan egiten. Onartu du legeak debekatu egiten diela giza urraketa horien egileak ikertzea, baina ez du uste horrek haren garrantzia kentzen duela: «Gure batzordeak ez du funtzio juridikoa, baina hortik kanpo joka dezake. Ez du kalteen egilea identifikatzen, baina ukatutako errealitate baten gainean argia jartzen du. Zuen sufrimendua egia izan zen, eta ez dago hori gehiago ukatzerik». Jarraian, Alberto Goñik hartu du hitza, eta biktima guztien izenean hitz egin du. Trantsizioaren hasieratik 1987ra bitarteko epean, bost aldiz atxilotua izan zen. Atxiloaldi horietan, bai Espainiako Poliziak bai eta Guardia Zibilak ere torturatu egin zuen. Garai hura gogoan, Goñik azaldu du Tuteran izan zela poliziek Gladys del Estal erail zutenean, eta 1985ean atxilotua izan zenean Mikel Zabalza Intxaurrondon zela. «Poliziek etxetik atera nindutenean, amak izututa galdetu zien ea zer gertatuko zitzaion semeari, eta haietako batek zera erantzun zion: ‘Lasai, bere gorpua ez da Bidasoan ur gainean agertuko’. Handik egun gutxira agertu zen Bidasoan Zabalzaren gorpua». Torturaren motxila Goñiren arabera, torturak «bizi osorako trauma» eragiten dio biktimari, eta gainean daraman motxilaren zama deskribatu die bildutakoei. «Errua, beldurra, lotsa, isiltasuna… Beldurra ariman sartzen zaizu, zure baitan talka egiten du, itotzen zaitu, ez dizu bizitzen uzten. Beti, itzuliko diren beldurrez. Errua, berriz, barrutik usteltzen zaituen pozoia da. Zure erruz beste torturatuak daudela esaten dizute poliziek, gehiango eutsi zenezakeela eta ez zenuela egin. Isiltasuna gordetzen duzu, zerbait egingo zenuen susmo orokorraren aurrean. Edo ez zela hainbesterako izango. Egun bat besterik ez zela izan. Bakarrik nahi duzu ahaztea eta ahaztua izatea». Azken gogoeta egin du, eta azpimarratu du indarkeria oro «gizagabea» dela, eta besteak entzutea galarazten duela. Horren aurrean, aipatu du beharrezkoa dela hitz egitea eta muga horiek gainditzea. Aurretik, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, onartu du Aitortza Batzordearen aurrean egin behar izan duen prozesua «zaila» dela: «Inork ez daki zer bizi izan duzun, eta hori guztia lurpetik ateratzea gogorra da. 30 urtez ez banaute sinetsi, orain zergatik sinetsiko didate? Oso mingarria da, baina era berean ezinbestekoa eta garrantzitsua». Ekitaldi amaieran, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteorde bigarrenak hitz egin du, eta barkamena eskatu die biktima guztiei urte luzez erakundeek bizkarra eman dietelako. Onartu zuen euren ingurunearen babesa baino ez dutela izan eta maiz gizartea «erakundeen aurretik» izan dela. «Barkamena eskatzen dizuet luzaroan zeuen eskaerak aintzat hartu ez dituzten erakundeen izenean». Ekitaldiaren unean, akordeoiaren eta oboearen doinupean, torturaren mina erreparatzen hasteko saioaren dantzaldia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Mintzaldiz mintzaldi, musika eta dantza tartekatu dira. Ekitaldi erdian, torturaren mina irudikatu nahi izan dute. Akordeoi baten armoniarik gabeko soinu karraskariak eta begiak estalitako emakume baten mugimenduek torturaren garraztasuna deskribatu dute. Ondoren, klarinetearen eta akordioaren doinu armonikoak eta gorputzen fluxu mugimenduak nolabaiteko erreparazioa islatu dute. «Minak sufritu egiten du eta hitzak dantza egiten du», azaldu du ahots batek. Ekitaldi aurretik, Laura Aznalek aipatu du EH Bilduk babestu egiten duela prozesu hori. Gogora ekarri du tortura urtetan «isilarazia eta kriminalizatua» izan dela, eta orain apurka argitara ateratzen ari dela. «Dagoeneko 41 dira aitortza jaso duten biktimak eta hau errealitate askoz zabalago baten izozmendiaren punta da. Batzordearen lana baloratzen dugu, lan zaila baita. Presioak dituzte, baina oso lan beharrezkoa da». 2027ra arte Nafarroan, erreparazio eta aitortza prozesuak lau urte eta erdi iraungo du, 2027 erdialdera arte. Bitarte horretan, batik bat polizien indarkeria jasan dutenek aitortzarako eskaera egin dezakete. Gaur-gaurkoz, azken datuen arabera, 137 eskaera erregistratu dira. Iaz, orotara, 41 kasu onartu ziren, baina oraindik lan asko geratzen da egiteko. Nafarroako Gobernuak erreparaziorako diru sail bat jaso du 2025erako aurrekontuetan. Gainera, hezkuntzarako eta bizikidetza planetarako diru saila ere jasotzen du. 1.243.000 euroko kalte ordaina adostu dute onartutako 41 kasu horientzat.
Finantzen Euskal Kontseiluak urrian egindako aurreikuspenak apur bat hobetu ditu zerga bilketaren azken emaitzak: 18.310 milioi euro jaso zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek zergen bidez iaz. Inoizko kopururik handiena da. Urtetik urtera ari dira hobetzen marka, gainera. Orain arteko daturik onena 2023. urtekoa zen, eta hau %0,5 hobetu dute. Beste era batera esanda, 2024. urtean 97,5 milioi euro gehiago jaso dituzte ogasunek aurreko aldearekin konparatuta. Lurraldez lurralde behatuz gero, soilik Gipuzkoak hobetu ditu iazko zenbakiak. Ia %2 gehiago batu dute, eta 6.000 milioi euroren langa gainditu du Gipuzkoako Ogasunak. Bizkaiko Ogasunak 9.409 milioi euro bildu ditu (%0,02 gutxiago) eta Arabakoak, 2.831 (%0,4 gutxiago). Halere, 2023. urtean egindako aurreikuspenen azpitik bukatu dute hiru ogasunek. 19.000 milioi euroren langa gaindituko zutela kalkulatu zuen orduan Finantzen Euskal Kontseiluak, baina mutualitateen zenbatekoa itzuli beharrak pikutara bidali zituen iragarpen guztiak. Epaitegiek ebatzi zuten 1967. urtea baino lehen mutualitate batean kotizatu zutenei behar zitzaiena baino gehiago kobratu zietela ogasunek, eta dirua itzultzera behartu zituzten. 800 bat milioi euro, denera. iFrameResize({ log: true },’#zergaBildu0225′); Lasaitasun mezua igorri du Noel d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak. Adierazi duenez, mutualitateen sententziak eragindako «ezohiko» egoeragatik ez balitz, txiki geldituko ziren 19.000 milioi euroko aurreikuspenak. «Horrek erakusten du zorrotz eta zuhurtziaz egiten dela lan». Datuak aztertzeko batzarra egin dute gaur arratsaldean Gasteizen, eta bukatutakoan egin ditu adierazpenak. Han izan dira, hiru lurralde historikoetako ahaldun nagusiak, ogasun diputatuak eta Esther Apraiz, Eudeleko presidentea. Zuzeneko zerga nagusiek joera kontrajarria izan dute. PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren bidez jasotako kopuruak %1,6 egin du behera. Halere, diru iturri nagusia izan da, ia zazpi milioi eurorekin. Sozietateen gaineko zergaren bidez bildutakoa %6,4 handitu da. Enpresek beren irabazietatik ordaintzen duten zerga da sozietateena. Gutxi gorabehera, ogasunek jasotzen dituzten hamar eurotatik bat hortik dator. Azken urteetan haren pisua pixka bat handitu den arren, oraindik oso urrun dago Atzeraldi Handian egiten zuen ekarpenetik. 2007an, esaterako, %14,8 izan zen. Zeharkako zergei dagokienez, BEZaren bidez jasotakoa %0,8 txikiagoa izan da aurten. D’Anjouk Espainiako Gobernuak hidrokarburoei jarritako hobariei egotzi die beherakada. 6,8 milioi euro jaso dituzte ogasunek balio erantsiaren gaineko zergaren bidez. Zerga erreforma Zerga erreformaren inguruan ere hitz egin dute agintariek. Ogasun eta Finantzetako sailburuak esan du erreformak aurrera aterako diren esperantza duela, eta oposizioko alderdiei «arduraz» jokatzeko eskatu die. Diputatu nagusiek, berriz, esan dute proposamenak jasotzeko «prest» daudela. Bizkaiko Foru Gobernuak du biderik errazena, EAJren eta PSE-EEren arteko gobernuak gehiengoa duelako. Baina Gipuzkoan eta Araban gutxiengoan daude gobernuak, eta negoziatzera behartuta daude. Hasiak dituzte elkarrizketak, baina aurrerapausorik ez da nabari. EH Bilduk iragarri du ez dituela proposamenak babestuko, «aberatsak saritzen dituelako», eta Elkarrekin-ek eta Alderdi Popularrak adierazi dute euren babesa ez dela debalde izango. Negoziatzeko denbora gehiago eskatu dute aldundiek. Hiru aldundienak esana dute egokitzapenak egingo dituztela, baina aldaketa sakonik ez. Adierazi dute orain arteko formulak funtzionatzen duela, eta adibide gisa jarri dute urtetik urtera zerga bilketaren bidez dirua gehiago biltzen dutela.
Ernaik egungo testuinguru politikoaren eta, batez ere, gazteei eragiten dieten problematiken inguruan hausnartzeko baliatu nahi du aurtengo Gazte Topagunea, eta horrekin batera «beste jauzi bat» emateko. Apirilaren 17tik 20ra bitarte egingo du hori, Berriozarren (Nafarroa). Topagunea «ekimen soil bat» baino gehiago dela azaldu dute, gazteek duten rolari erreparatzeko «bilgune» bat: «Euskal Herriko txoko guztietako gazteak bildu eta indarrak batzeko modua da». Antolakundearen esanetan, egungoa «une erabakigarria» da, hala nazioarteko erronkei dagokionez, nola «Euskal Herriaren askapen prozesuaren ikuspegiari dagokionez». Hain zuzen, bi prozesuak lotuta daudela uste dute. Izan ere, argudiatu dute nazioarteko erronkei erantzuteko beharrezkoa dela burujabetza eskuratzea: «Bidegurutze historiko honetan, independentzia da posizio eraldatzaileetara bultza egiteko bide bakarra». Horretan gazteek badute zer esana, antolakundearen ustez, eta asmo horri erantzuten dio aurtengo leloak ere: Gazteon eskutik. Lelo hori aukera dute haien ustez gero eta gazte gehiagok egiten dutelako bat independentziaren aldeko borrokarekin, eta hori hauspotzen jarraitu nahi dute: «Gero eta gehiago gara etorkizunari begiratu eta independentzia baino ikusten ez dugunok». Horretarako, Ernaik hainbat hitzaldi prestatu ditu, gazteen bizitzetan eta haien arteko eztabaidetan puri-purian dauden gaiak jorratzeko. Besteak beste, etxebizitza, euskara, klima larrialdia eta «gazteen arteko joera erreakzionarioak» landuko dituzte. Horietako zenbaitek ohiko hitzaldi eredua izango dutela azaldu dute, baina bestelako molde batzuk ere probatu nahi dituzte topagunean: hitzaldi musikatuak, proiekzioak eta tailerrak, esaterako. Eta hizlari batzuk ere aipatu dituzte: esaterako, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Idurre Eskisabel, Jule Goikoetxea eta Maider Galardi. Ekitaldi nagusian, berriz, mugimendu gisa dituzten erronkez aritzeko asmoa dute: «Ziklo politiko berri baten atarian gaude, eta beharrezkoa da horrek eskatzen duenaren inguruan hitz egitea». Musikarako tartea ere izango da Gazte Topagunean. Han arituko dira, besteak beste, Olatz Salvador, Nogen, Skabidean eta Biznaga taldeak. Gainera, «Iruñerriko eszenari eta Euskal Herriko gazte sortzaileei» lekua eskaintzeko asmoa ere badute.
Donostiako Langile Batzordeak deituta, ELA eta LAB sindikatuen sostenguarekin, Donostiako Udaleko langileek ahotsa ozendu dute gaur eguerdian: elkarretaratzea egin dute, hirian udaltzain jarduteko ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako ebazpen judizialak salatzeko. Iazko urtarrilean dute abiaburua ebazpen horiek, Udaltzaingoko bi lanpostu baliogabetu baitzituen Donostiako epaitegi batek, iritzita «diskriminatzailea» izan zitekeela hautagaiei euskarazko B2 maila eskatzea. Donostiako Udalak aurkeztua zuen horren kontrako helegitea, baina lehengo astean jakin zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak helegitea tramitatzeari ere ezezkoa eman diola. Ondorioz, irmoa da orain epaia. Langileek, kalera irtenda, desadostasuna azaldu dute: «Ez gatoz bat ebazpen horrekin». Bide batez, hizkuntza eskakizunak «hankaz gora botatzearen» arriskuez ohartarazi dute. Arratsaldean ere egin dute protesta; Euskalgintzaren Kontseiluaren eta Bagera elkartearen deialdiari jarraitu diote zenbait herritarrek. Euskalgintza aspaldi ari da euskararen normalizazioa eragotzi nahi duten ebazpen judizialen gainean abisu ematen, «oldarraldi judizialaren» gaineko kezka agerikoa da, eta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek berritu egin nahi izan dute horren gaineko kezka, aurrez hainbatetan egin duten moduan. «Tamalez, azken 30 urteetan legezkoa izan dena orain baztertzailea bihurtu da, urteotan hizkuntzaren inguruko legeria aldatu ez bada ere». Horregatik, hainbat galdera eraman nahi dituzte lehen lerrora: «Zer aldatu da legea aldatu ez bada? Zergatik bihurtu da legez kanpokoa lehen legezkoa zena? Zergatik zigortzen dute orain epaileek lehen aitortzen zutena?». Bi sindikatuen ustez, Donostiako Udalak urteotan euskararen normalizazioaren bidean egin dituen aurrerabideak nabarmengarriak dira. «Eta duela oso gutxi arte, ez da horregatik inolako arazorik izan Donostian», gogorarazi dute. Horregatik, uste dute berebiziko garrantzia duela atzerapausoak dakartzaten ebazpenak salatzeak. «Kalera irteteko unea da». Alderdi Ederren batu dira langileak, euripean. Udaleko talde politikoen artean, EH Bilduk bidali du ordezkaritza bat protestara. Juan Karlos Izagirre eledunak hartu du hitza. Oldarraldi judiziala izan du hizpide berak ere. «Euskararen kontrako jarrera bat da, behin eta berriz errepikatzen dena». Kontra egitea ezinbestekoa dela esan du, eta funtzio publikorako hizkuntza eskakizunen garrantziaren berri ematen ere jarraitu behar dela: «Herritarren eskubideak bete egin behar dira, eta langileek egokitu behar dute hemengo errealitatera; hemengo errealitatea da guk hizkuntza daukagula, kultura daukagula, eta egon behar dugun toki guztietan egongo gara hori defendatzeko». Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Garbiñe Mendizabal ere izan da protestan. Ez du adierazpenik egin. Aldundiko ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek ere bat egin dute protestarekin, eta ordezkaritza bat bertan izan da. Erakunde horrek ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako ebazpenak ere izan dira iragan urteotan, eta maiz atera dira langileak kalera hizkuntza eskubideen alde. Sindikatuek ez ezik, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak ere gaitzetsi dute erabakia. Oldarraldi judizialaren barnean kokatu dute: «Sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo baten aurrean gaudela. Atzo bidezkoa zena ilegala da gaur». Alegia, euskararen normalizaziorako joko arauak aldatu dituztela: «Egun, edozerk balio du gure hizkuntza eskubideak bermatzea xede duten neurriak baliogabetzeko». Eta, horrela, Donostian udaltzain izateko euskara eskakizuna gehiegizkotzat jo du epaileak, «udalaren eskumenaren aurka eta herritarren hizkuntza eskubideen kaltetan». Kontseiluaren eta Bageraren irudiko, neurri horiekin guztiekin euskaldunak «bigarren mailako herritar» izatera kondenatu asmo dituzte: «Berriz ere, arrotz sentiarazi nahi gaituzte gure herrian. Euskararekiko konplexuak, aurreiritziak eta gorrotoa elikatu nahi dituzte, diglosia betikotu». Donostiako kasu zehatza ere izan dute hizpide, eta nabarmendu dute herritarrek jarri izan dituztela kexak ezin direlako udaltzainekin euskaraz aritu. «Baliogabetutako lan deialdiak urraketa horiei konponbidea jartzen hasteko borondatea zeukan, baina, epaitegien erabakiaren erruz, hori ez da posible izango». Horregatik, gogor salatu dute botere judizialaren «injerentzia», eta zera aldarrikatu dute: euskaldunen eskubideak «egiazki» bermatuko dituen, euskararen ezagutza eskubide soziala eta unibertsala izatea lortu eta euskaraz bizitzea posible egingo duen zoru berri bat, arkitektura juridiko berri bat. «Erasoei erantzun behar zaie, baina bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko: aurre egiteari utzi, eta aurrera egiteko». Udal gobernuko ordezkaririk ez da izan arratsaldeko protestan.
Ezin esan aurrez ere elkarlanik ez zenik. Iruñeko Antartika kulturgunearen, Katakraken, Geltokiren eta Teatrolari antzerki eskolaren bideak gurutzatuak ziren lehendik ere inoiz, bazen harremanik haien artean, baina, hori bai, oraintsu indartu dute elkarren arteko aliantza. Bat eginik, sare bat ehundu dute, eta Mikroguneak deitu. «Iruñeko mikroespazio kulturalen sare» gisara aurkeztu dute, eta, sortzaileek diotenez, lau eragileen indarrak batzea eta beren proposamen kulturalen eragin ahalmena handitzea da asmoa. Gainera, Uxue Artxanko Mancho Antartikako ordezkariaren esanetan, garbi dute helburua zein den: «Eskaintza artistiko berritzaile eta alternatiboa ematea». Hain zuzen, sarea datorren astean berean lotuko zaio horretarako bideari: Klandestinak izeneko kultur zikloa abiatuko dute hilaren 21ean. Iruñeko emakume kolektiboei eta disidenteei eskainitako zikloa da Klandestinak, eta historia eta arte eszenikoak ditu oinarrian. Hamar saio antolatu dituzte otsailaren 21etik ekainaren 6ra bitarte, eta, horietan guztietan, historian «isilaraziak eta zapalduak» izandakoen istorioak ekarriko dituzte erdigunera, gaika. Besteak beste, neskameak, prostitutak, sorginkeria delituagatik akusatuak eta frankismoan errepresaliatuko andreak izanen dituzte hizpide; saio bakoitzean, kolektibo bana. Zikloa Amaia Nausia Pimoulier historialari eta irakasleak koordinatu du, eta, Iruñean eginiko aurkezpenean, hark eman ditu saioei buruzko xehetasunak. Jakinarazi duenez, jarduerek forma hau izanen dute, gutxi-asko: bakoitza aurrez zehaztutako toki batean abiatuko da, eta saioko gidariak —historialariak— eta parte hartuko duten herritarrek ibilbide bat eginen dute hiriko kaleetan barrena. Gidariak bitarte horretan eginen du kontakizuna, eta, ibilaldia bukatutakoan, gaiari loturiko ikuskizun bat eskainiko du artista batek. Kasu gehienetan, emanaldi horiek Mikroguneak sareko kide den kolektiboren baten egoitzan izanen dira. Zehazki, hamar saioetatik bi eginen dituzte euskaraz: Putak izenekoa, otsailaren 28an, eta Langileak izenekoa, maiatzaren 2an. Lehenbizikoan prostituzioaren historiari buruz arituko dira. Nausia Pimoulier izanen da gidaria ibilbidean, eta, ondotik, Laura Penagos Rodriguezek bakarrizketa bat eginen du Teatrolariren egoitzan. Langileak izenekoan, emakumeek Iruñeko langile mugimenduetan izaniko rolari erreparatuko diote. Ana Diez de Ure Eraul ariko da gidari, eta Maia Ansa Diez de Urek eta Garazi San Martinek eginen dute emanaldia hondarrean —hori ere Teatrolarin izanen da—. Bideak hirian trazatuta Nausia Piloulierren esanetan, saio bakoitzeko ibilaldiak ez dira ausaz trazatu, eta, era berean, abiapuntuak ere ez daude zoriz hala zehaztuak. Aurkezpenean hainbat adibide eman dituzte. Esaterako, Oier Santamaria historialariaren hitzetan, «guztiz koherentea» da sexu disidenteen borrokari eskainitako saioa San Jose Plazan hastea, besteak beste, plaza horretan egin zirelako harrotasunaren lehenbiziko manifestazioak Iruñean. Aldiz, O-ko plazan hasiko dute genero indarkeriari buruzko jarduera —Erasotuak du izena—, eta Nausia Pimoulierrek gogora ekarri du ezagun dela bertan aurkitu zutela eraildako emakume baten gorpua XIX. mendearen hondarrean. Aldiz, sorginkeriari buruzko saioa Takoneratik abiatuta eginen dute. «Sorgintzat hartzen zituztenak bertan erretzen zituzten, haiekin ibilbide bat egin ondoren», esplikatu du historialariak. Saio guztien informazioa sarean kontsulta daiteke, Klandestinak.eus webgunean, eta hor bertan eskura daitezke sarrerak ere. «Herritarrak nahi nituzke gonbidatu parte hartzera, bidelagun izatera», nabarmendu du Nausia Pimoulierrek. Gainera, «konspiratzera» ere gonbidatu nahi luke jendea, dioenez. «Zirikatzaileak izan nahi dugu, pentsarazi nahi dugu, iraganetik abiatu baina gaur egunera arteko ibilbidea egin, konspirazio kolektibo bat proposatzeko. Eta, horretarako, gure klandestinak izanen dira eredua». HAMAR SAIO – Errepresaliatuak. Noiz: otsailaren 21ean. Non: Adoratzaileen komentuan. Gidaria: Gemma Pierola Narvarte. Artista: Izare. – Putak. Noiz: otsailaren 28an. Non: Portalapeko etxartean. Gidaria: Amaia Nausia Pimoulier. Artista: Laura Penagos Rodriguez. – Aitzindariak. Noiz: martxoaren 7an. Non: Navarreria kaleko 6. zenbakian. Gidaria: Begoña Zabala Gonzalez. Artista: Albina Stardust. – Erasotuak. Noiz: martxoaren 15ean. Non: O-ko plazan. Gidaria: Esther Aldave Monreal. Artista: Baobab Danza. – Disidenteak. Noiz: martxoaren 21ean. Non: San Jose plazan. Gidaria: Oier Santamaria Remon. Artista: Las Nenas Theatre. – Sorginak. Noiz: apirilaren 4an. Non: Takoneran. Gidaria: Irati Zurbano Zuazu. Artista: Titiricantum. – Langileak. Noiz: maiatzaren 2an. Non: Santiago plazan. Gidaria: Ana Diez de Ure Eraul. Artistak: Maia Ansa Diez de Ure eta Garazi San Martin. – Neskameak. Noiz: maiatzaren 16an. Non: Karlos III.aren etorbidearen eta Leire kalearen bidegurutzean. Gidariak: Paco Roda eta Amaia Nausia. Artista: Alicia Otaegi. – Artistak. Noiz: maiatzaren 23an. Non: Argazko pasabideetan. Gidaria: Ana Diez de Ure. Artista: Estefania de Paz Asin. – Emaginak. Noiz: ekainaren 6an. Non: Munduko parkean. Gidaria: Txusa Solorzano. Artistak: Nuria Merencio Fernandez, Laura Gallego eta Aitziber Urtasun. *Saio guztiak 19:00etan hasiko dira.