Kudeaketa zuzeneko eskola-jantokietan gaurko deituta zegoen greba, bertan behera
Hilaren 26rako kudeaketa zuzeneko eskola-jantokietan otsailaren 26rako deituta zegoen greba bertan behera geratu da, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek akordioa lortuta.
Lan hitzarmen «duin» bat nahi dutela diote sindikatuek, eta zuzendaritzak eskaintza «zekenak» egin dizkiela. 2012tik 2014ra soldata izoztua izan zuten, eta 2015-2017an %1 igo zieten. Orain %1,17 eskaini diete soldata apala dutenentzat, eta %0,75 gainerakoentzat.
Bi orduko lanuzteak egingo dituzte, berriz, Mendabiako Manipuladosen (Nafarroa), enpresak 30 langile kaleratu nahi dituela salatzeko. Enpresa ixteko arriskuan dagoela salatu du sindikatu nagusiak, CCOOk.
Finantza merkatuek ongi hartu dute AEBetako presidenteak igande gauean egindako iragarpena, muga zerga handitzeak beste fase gogorrago batean sartuko zuelako merkataritza gerra. Munduko ekonomiaren hazkundearen moteltzearen faktore gisa aipatzen dituzten arren, orain arte eragin mugatua izan dute Txinak eta AEBk elkarri jarritako tarifek, ez baitute sakoneko etenik eragin bi herrialdeen arteko merkataritza harremanetan. Baina %25eko muga zerga batek alde bateko zein besteko inportatzaileen erabakiak sakon aldaraz ditzake, eta erosketa asko bertan behera utzi.
Merkataritza gerra gogortzeak bi aldeentzako ondorio kaltegarri asko izan ditzakeenez, Pekinek eta Washingtonek denbora gehiago eman diote beren buruari akordio bat lortzeko. Joan den astean egin zuten negoziazioen laugarren saioa, eta asteburura arte egon ziren bilduta. «Aurrerapauso oso esanguratsuak» izan zituzten bilera horiek, Trumpek esan zuenez, baina ez zuen gehiago aurreratu edukiari buruz. Hori bai, adostasuna oso urrun ez dagoela interpreta daiteke, esan baitzuen prest zegoela Xi Jinping Txinako presidentea Floridako bere oporlekura gonbidatzeko, akordioa ixteko. «Dena ongi badoa, oso berri onak izango ditugu datorren astean edo hurrengoan».
Sakona ala azalekoa?
Ikusteko dago, ordea, adostutakoa aldaketa sakona ote den, ala Trump goxatzeko Pekinek egindako keinu sorta den. Edo, beste modu batera esanda, Txinak amore emango duen AEBek —eta Europako Batasunak— leporatzen dizkien merkataritza librearen aurkako politiketan —esportatzaileak diruz laguntzea, babes intelektuala lapurtzea, espioitza industriala…—, ala Trump moldatuko ote den Txinak AEBetako produktu gehiago erosteko promesarekin.
Abokatu nagusiak ekainaren 24an jakinaraziko ditu bere ondorioak, eta aurreikusten da Koen Lenaertsek, Europako Justizia Auzitegiko presidenteak, udaren ostean emango duela behin betiko epaia. Epaitegiak aintzat hartuko du abokatu nagusiaren jarrera, baina ez du zertan gauza bera ebatzi. Egin beharreko lana ondo egindakoaren sentipenarekin bueltatu dira Euskal Herrira IRPH Stop Gipuzkoa plataformako kideak.
Asko dago jokoan. Epaileak IRPHak kalte eginikoen alde eginez gero, Espainiako bankak 7.000 eta 44.000 milioi euro artean bueltatu beharko lizkieke bezeroei, Goldman Sachsen arabera. IRPH Stop Gipuzkoa plataformaren arabera, Hego Euskal Herrian, Espainian, Herrialde Katalanetan eta Galizian 1,3 milioi kaltetutik gora daude. Adicae kontsumitzaileen elkarteak azaldu du kaltetuek, hipoteka bakoitzagatik, batez beste 20.000 euro inguru jaso ditzaketela bueltan.
Ezer ere ez dago erabakita, eta badaude, egon, balantza alde batera edo beste batera mugiaraz dezaketela pentsatzeko aurrekariak. Alde batetik, Espainiako Auzitegi Gorenak bankaren alde ebatzi zuen 2017an, eta Espainiako Gobernua banka babesten ari da auzibidean. Madrilek bankuen interesekin bat egiten zuen idatzi bat aurkeztu zuen Luxenburgoko auzitegian iazko ekainaren 7an; Pedro Sanchezen gobernupean, baina oraindik izendatu gabe zegoen Marco Agiriano sozialista EBko estatu idazkaritzarako.
Bestetik, Europako Batzordeak idatzi bat aurkeztu du auzitegian bezeroen jarrera defendatzeko. «Garrantzi handiko gertakizuna da, kaltetuak oso baikor egotea eragin duena», azaldu du IRPH Stop plataformak.
Dena itzultzeko eskaria
Halaber, Adicaek Luxenburgoko auzitegiari eskatu dio zoru klausularekin izandako jarrera bera izateko IRPHarekin ere; izan ere, auzitegiak 2016ko abenduan ebatzi zuen bankuek zoru klausuletako dirua osorik itzuli behar ziela bezeroei, atzerako eraginez.
IRPH indizea hipoteka maileguen interesak finkatzeko indize bat da, eta euskal aurrezki kutxek ere maiz erabili izan zuten, nagusiki adreiluaren burbuilaren garaian, 2004 eta 2007 bitarteko urteetan.
Berez, hiru IRPH indize zeuden: bankuena, kutxena eta finantza erakundeena. Espainiako Gobernuak 2013an ezabatu zituen lehen biak EBko aginduei jarraituz, eta indarrean jarraitzen du finantza erakundeenak. Kutxabankek, esate baterako, 1.398 milioi euroren hipotekak dauzka finantza erakundeen IRPH indizearekin. Beste bi IRPH indizeetako hipotekak beste indize batzuekin ordezkatu zituen 2013an.
Euriborra oso altu zegoen garaian sartu zuten banku eta kutxek IRPHa, esanez Euriborra baino egonkorragoa zela. Baina Euriborra minimoetara jaitsi zenean, aski garestiago jarraitu zuen IRPHak, eta «manipulagarritzat» jo zuten kaltetuen elkarteek. Hilabetero 300 euro gehiagoko gainkostua zekarren, IRPH Stop plataformaren esanetan, eta gainkostu hori ezin ordainduta, ugaritu egin ziren etxegabetzeak.
«Gardentasun falta»
Luxenburgora iritsi den eztabaidaren abiapuntua Gasteizen dago. Gasteizko merkataritza epaitegi batek aurrena, eta Arabako Probintzia Auzitegiak gero, arrazoia eman zioten Kutxabankeko bezero bati: bezeroak uste zuen abusuzkoak zirela Vital Kutxarekin 2006. urtean eginiko hipoteka maileguan sinatutako interes klausulak, «gardentasun faltagatik».
Bi epaitegi alde izan zituen bezeroak, eta kobratutako interes guztiak itzultzera behartu zuen Kutxabank. Baina bankuak Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuen kasua, eta hark Kutxabanki eman zion arrazoia, esanez IRPH indizea ez zela abusuzkoa. Ebazpen horren harira, zalantzak argitzeko asmoz, Europako Auzitegira bidali zuen galdera Bartzelonako epaile batek, Bankiaren bezero baten kasuari buruzkoa. Epaitegiak ebatzi behar du ea indizea abusuzkoa den, eta ea bankuek bezeroei dirua itzuli behar dieten atzerako eraginez.
Bartzelonako kasu hori daramaten abokatu taldean daude Gasteizko kasua epaitegira eraman zuten abokatuak ere, IRPH Stop Gipuzkoa plataformako Maite Ortiz eta Jose Maria Erauskin. Biak izan ziren atzo Luxenburgoko areto handian, indizearen kaltetuak defendatzen.
1 Askotan argia alferrik piztuta utzita ere, alde honetan Iberdrolaren akzio gutxi. Beraz, milioi mordo horretatik ere… Barkatu?
2 «Itzali argi hori, ezta Iberdrolan akzioak bagenitu ere!» Zenbat aldiz eta zenbat etxetan esango ote zen hori… Zaharrenek, agian, Iberdrola-ren ordez, Iberduero entzungo zuten. Gaur egungo gurasoek ez al dute halakorik esaten? Auskalo…
3 Hori alde batera utzita, zer dira izenburuko eskeleto horiek? Aldiro agertzen da auzi horren berri, baina aste honetan El Confidencial-ek argitaratu du Espainiako Auzitegi Nazionalean indartuz doala argindarraren prezioa igoarazteagatik Iberdrolaren kontra Ustelkeriaren Kontrako Fiskaltzak zabaldutako akusazioa. Urtarrilean, konpainiako zuzendaritzako lau kidek deklaratu zuten auzitegian. Eta Guardia Zibilak beste bi txosten aurkeztu ei ditu, zeinetan nabarmentzen den Iberdrolak kontsumitzaileen aurkako delitua egin zuela 2013. urteko abenduaren lehen hiru asteetan.
4 Guardia Zibilaren txostenez… Utzi hori ere. Zer gertatu zen, bada, abendu hartan? Zer leporatzen diote Iberdrolari? Guardia Zibilak bakarrik ez, CNMC Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak ere gauza bera leporatu zion: Sil, Duero eta Tajoko zentral hidroelektrikoen ekoizpena izugarri murriztu zuen Iberdrolak, nahiz eta urtegiak beteta eduki, udazken hura aspaldiko euritsuena izan zelako. Eskaintza txikiagoak normalean merkeena den energia hidraulikoaren salneurria garestitu zuen, eta eskaria betetzeko pool delakoan energia garestiagoei sarbidea eman.
5 Argindarra garestitu zela, beraz. Izugarri garestitu zen. Abenduaren 19ko enkantean megawatt-orduak 91 euroak gainditu zituen; hiru aste lehenago, 40 euroan zegoen. Gainera, enkante horretan kontsumitzaile arruntek hurrengo hiru hilabeteetan ordaindu beharrekoa ezarri behar zen. Iskanbilaren ondorioz, Espainiako Gobernuak enkantea bertan behera utzi zuen; gerora, enkanteen sistema ere aldatu zuen. Fiskaltzaren arabera, kontsumitzaileei soilik ez, artekariei eta argindar merkaturatzaileei ere egin zien kalte, argindar merkeagoa aurreikusten zuten eskaintzak egin zizkietelako kontsumitzaileei.
6 Eskeletoa, beraz, armairuan ez, Auzitegi Nazionalean baizik. Eta CNMCn. Batzordeak 25 milioi euroko isuna ezarri zion Iberdrolari kontu honengatik, baina konpainiak helegitea jarri zion erabakiari, eta, hain zuzen, Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen zigorra 2016an, kautelazko neurri gisa.
6 Garestitzea gehiegizkoa izan ez balitz, inor ez zen konturatuko? Zenbat aldiz gertatuko ote zen horrelako zerbait? Espainian, beste behin gutxienez bai. Joan den ekainean, CNMCk sei milioi euroko isunarekin zigortu zuen Viesgo. 2014an, bere zentral termiko baten eskaintza eguneko merkatutik atera zuen, murrizketa teknikoen merkatuko prezio garestiagoa eskuratzeko.