Naval da salbuespen bakarra haizea alde duen sektorean
Zamakonak (Santurtzi), Balenciagak (Zumaia) eta Muruetak (Erandio) tax lease-aren ekaitzetik onik ateratzen jakin dute, eta gaur egun ez dute arazo handirik eskaera zorroarekin. 2018. urtean aurrekoan lortutako eskaera mailari eutsi diote, eta horrek lasaitasun bat ekarri du sektorera. Euskal Herriko Itsas Foroak dio 2006. eta 2008. urte arteko urrezko garaia «ez dela berriro gertatuko», baina 2017. eta 2018. urteak onak izan dira, eta 2019. urtean ere eskaerei eta, oro har, jarduerari eutsiko zaiola uste du.
Lan karga badago 2019rako
Navalek hein batean ilundu ditu emaitza horiek, eta 2019. urtean ere Sestaoko ontziola historikoaren hondoratzeak isla izango du, noski, baina sendoa da gainontzekoen osasuna. Zamakonak hiru kontratu lortu zituen 2018an, kontainer ontzi bi eta atunontzi bat egiteko; eta joan den hilean egin zuen bere azken entrega: Aterpe alai izozkailu-atunontzia. Muruetak atoiontzi bat eta arrantzontzi bat egiteko tratuak itxi zituen; eta Balenciagak, 70 metro luze den arrantzontzi bat egiteko kontratua. Euskal ontzioletan 20 ontzi eraikitzeko lan karga dago: arrantzontziak, merkataritza ontziak, gurutzaontziak, yate handiak…. Eta 2019. urterako lan karga bermaturik dago.
2017an 2.840 milioi euroko fakturazioa lortu zuten sektore horretako enpresek, %3,3 gutxiago Navalen krisiarengatik. 13.730 langilek dihardute ontzioletan eta horiek hornitzeko enpresetan.