Pentsiodunek ez dute berriro bozkatu nahi
Autoa erosteko hilik onena
Horrenbestez, araudia aldatuko dute froga hori dela eta; kontua da kontzesionarioetan dauden kotxe askok ez dituztela eskatutako neurriak betetzen gaur egun. Horregatik, auto saltzaileei stocka ahalik eta azkarren ateratzea komeni zaie; hala egin ezean, kotxe horiek automatrikulatu egin beharko dituzte.
Dena den, Javier Bagues Gorla Auto Group kontzesionario taldeko kudeatzailearen hitzetan, «egoera ez da aurreko urteko bera». Joan den urtean, ia %50 handitu ziren salmentak abuztuan, «baina autoak hilabete horretan matrikulatu behar dira nahitaez; beraz, eskaintzak iaz bezain garrantzitsuak dira». Auto batzuk %40 ere merkatu dira. Joan den urtean, kontzesionarioek tarte txiki bat izan zuten araudia betetzen ez zuten autoak saltzeko irailaren 1etik aurrera, baina aurten ez da halakorik izango.
Baguesek dio «autoa erosteko aukerarik onenak» abuztuan izango direla aurten ere, «bezeroen izenean matrikulatuta». Kontzesionarioek berek matrikulatzen dituzte saltzen ez dituzten autoak, eta, ondoren, zero kilometroko kotxe gisa saltzen dituzte, bigarren eskuko kotxe moduan.
Eskaintzak antzekoak badira ere, Gorlako kudeatzaileak argitu du salmentak ez direla horrenbeste haziko, neurri handi batean, gaiak «oihartzun gutxi» eduki duelako: «Aurreko urtean asko hitz egin zen prezioen beherakadaren inguruan; aurten askoz lasaiago doa kontua». Ondorioz, «dei efekturik» ez dela egon azaldu du; haiek publizitatea egin arren, komunikabideetan gaia gutxiago atera denez, «askoz bezero gutxiago» joan dira erakusketetara.
Eusko Jaurlaritzak Renove plana abian izan zuen martxotik maiatzera bitartean, baina auto berrien salmenten beherakada ez da eten Hegoaldean. Hein handi batean, diesel autoen krisiak eragin du hori. 2010ean, merkatu kuotaren hiru laurdenek gasolioa zerabilten, eta egun ez da laurden batera iristen kopuru hori.
2018ra arte, 1992an ezarri zen oinarrizko sistema bat erabiltzen zen autoen gas isuriak neurtzeko. Irailaren 1etik aurrera, ordea, Europako Batasuneko auto guztiek gainditu beharko dituzte WLTP eta RDE azterketak.
Dieselaren isurien inguruko eskandaluek bultzatu dute neurketa sistema berriak ezartzeko erabakia. Test berriek auto horienganako konfiantza berreskuratzeko balioko ote duten galdetuta, baietz erantzun du Baguesek: «Diesela abiapuntu hobea da gasolina baino: CO2 partikula gutxiago emititzen ditu. Beraz, bai; bultzatu beharko luke dieselaren salmenta».
Diesela edo gasolina
Halere, bezeroei zentzuz erostea gomendatu die, gaur egun «diesela behar duenak gasolina erosten baitu, eta baita alderantziz ere». Zergatik?: «Diesel bat erostea da logikoena urtero 20.000 kilometro baino gehiago egin behar badituzu; berotzen direnean funtzionatzen dute ondo motor horiek». Gasolinaz dabiltzan autoak gomendatu dizkie, berriz, 10.000 kilometro baino gutxiago egiten dituztenei, oro har. 10.000-20.000 km artean egiten dituztenen kasuan, «ohiko ibilbideak eta beste aldagai batzuk aztertu beharko lirateke». Ondorioz, isurien kontrol berriek bezeroak «zentzu gehiagorekin» erostera bultzatzea espero du Gorlako kudeatzaileak.
Pentsiodunek ez diote Sanchezi botoa emango, hauteskundeak errepikatuz gero

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak Bilbon egindako protestan adierazitakoaren arabera, “hauteskundeak egonez gero, pentsiodunek ez dute Pedro Sanchez bozkatuko”.
Euskal kofradiek hegaluzearen kuota erkidegoen artean banatzea eskatuko dute

Euskal kofradiek hegaluzearen kuota autonomia erkidegoen artean banatzea eskatuko diote Espainiako Gobernuari, berdelarekin edo legatzarekin egiten den bezala.
Enpresei Txinatik joateko aginduz erantzun die Trumpek azken tarifei
«Ez dugu Txina behar, eta, benetan, askoz hobeto geundeke haiek gabe. Amaitu behar du, eta amaituko da Txinak AEBn lepotik eta hari lapurtuz hainbat urtez eta hamarkadaz egindako diruarena. Honen bitartez agintzen diet AEBetako gure enpresa handiei berehala has daitezen Txina ez den beste alternatibak bilatzen, baita zuen konpainiak etxera ekartzen eta zuen produktuak AEBetan egiten». Ondoren, Etxe Zuriko maizterrak jakinarazi zuen FedEx, UPS, Amazon eta US Post banaketa enpresei eskatu diela azter ditzatela Txinatik iritsitako pakete guztiak, fentanil opiazeoaren aztarnak antzemateko. «Fentanilak 100.000 estatubatuar hiltzen ditu urtero. Xi presidenteak esan zuen amaitu egingo zela, baina ez da horrela gertatu».
Txinaren azken tarifei atzo bertan erantzungo ziela hitzeman zuen Trumpek, baina berri hau idazteko orduan oraindik ez zegoen iragarpenik. Trumpek ez du berez eskumenik AEBetako enpresa guztiei Txinarekin negozioak egitea debekatzeko, baina batzuei trabak jarri ahal dizkie, segurtasun arrazoiak argudiatuta.
Enpresaburuen aldetik, argudioak pragmatikoagoak izan ziren. «Trump presidentea agian etsita dago Txinarekin, baina erantzunak ezin du izan AEBetako enpresek 1.400 milioi biztanleko merkatu bati uko egitea. Tentsioak handitzea ez da ona merkatuaren egonkortasunerako, inbertitzaileen konfidantzarako, edo AEBetako enpleguentzako», erantzun zion Merkataritza Ganberako lehendakariordeak, Myron Brilliantek.
AEBetako lehendakaritzara iritsi zenetik, Trumpek behin eta berriro eskatu die AEBetako enpresei Txinara eramandako ekoizpena beren lurraldera eramateko. Berez, Asiako herrialdearekin hasitako merkataritza gerraren helburua hori da, muga zergen bitartez Txinatik AEBetara produktuak eramatea errentagarria ez izatea. Izan dira produkzioa AEBetan bildu duten enpresak, baina are gehiago dira beren produktu eta osagaietarako merkatu alternatiboak bilatu dituztenak, Vietnamen esaterako. Kostu txikiagoek agintzen dute.
Txinaren muga zergak
Txinak irailaren 1ean jarriko ditu indarrean tarifa batzuk eta abenduaren 15ean besteak. Data horiek ez dira ausazkoak, atzo gauean aldaketarik izan ezean, egun horiek hautatu baititu Trumpek Txinako produktuen inportazioa zergapetzeko. Neurrian dago aldea: 300.000 milioi dolarren inportazioak zergapetuko ditu Washingtonek, eta 75.000 milioi dolarren inportazioak, berriz, Pekinek. Arrazoia bien arteko merkataritza harreman desorekatuan dago, AEBek hiru aldiz gehiago inportatzen baitute Txinatik han saltzen dutena baino.
Datorren asteburuan indarrean jarriko direnen artean daude AEBetako sojaren eta petrolioaren gainekoak, %5ekoak. Tarifa horiek nahikoak izan daitezke produktu horien inportazioa eteteko, Txinako erosleek alternatibak aurki ditzaketelako.
Abenduan, berriz, autoen eta autoen osagaiei %25 arteko muga zergak jarriko dizkie Txinak. Neurri horrek batez ere Mercedes eta BMW alemaniarrei egingo die kalte. Izan ere, Txinak AEBetatik gehien inportatzen dituen hamar modeloetatik sei dira Alemaniako enpresa horiek AEBetako fabriketan egindakoak.
Alemania, agur dogmari
Teknikoki, Alemania ez dago artean atzeraldian, horretarako bi hiruhileko segidan behera egin behar baitu barne produktu gordinak. Hala gertatu zen urteko bigarren hiruhilekoan (-%0,1), eta hirugarrenean gauzak ildo horretatik doazela ohartarazi zuen astelehenean Bundesbankek. Azkenaldiko susmagarri nagusiak daude ekonomiaren motelaldiaren atzetik: brexit-a, Txinaren eta AEBen arteko merkataritza gerra, dieselaren krisia…
Gertakari horiek guztiak nazioarteko merkataritza moteldu dute, eta besteei baino min handiagoa egin diote Alemaniari, esportazioek indar handia baitute bere ekonomian. Urtearen lehen erdian EBren esportazioen %24 egin ditu Alemaniak; EBko herrialdeen artekoak kenduz gero, %28 dira harenak. Horien artean pisu handia dute autoek, eta haien salmenta gehiago jaitsiko da baldin eta Donald Trumpek bere mehatxua bete eta BMW, Mercedes eta enparauen gaineko muga zergak ezartzen baditu.
Babes handiko politika
Bundesbanken azken txostenak balio dezake Berlingo gobernuaren barruan gastu publikoa handitzeko egon daitezkeen azken erresistentziak hausteko. Baita hainbat urtez aurrekontuetako diziplina zorrotza babestera bultzatutako iritzi publikoaren jarrera aldarazteko ere. Izan ere, Merkelen gobernuek kontu publikoei oreka eman izanak babes handia izan du Alemanian, eta horrek azaltzen du, hein batean, Merkelek azken hauteskundeak irabazi izana. Azken urteetako superabitak zorra kitatzeko baliatu ditu Merkelek, eta horrek jarraitzaile fidelak ditu diru kontuetan kontserbadorea den herrialde batean. Superabitaren diruari eta hazkunde ekonomiko sendoari esker, Alemaniak hogei puntu txikitu du zorra 2012tik 2018ra, %80,7tik %60,9ra. Soilik Irlandak txikitu du gehiago azken urteetan, baina hark %6-7ko hazkundea izan du.
Politika horrek, baina, oso kritika gogorrak jaso ditu Alemaniatik kanpo, batez ere eurogunearen geroa kolokan zegoen urteetan. Azken finean, atzeralditik irten ezinik zeuden herrialdeek Alemaniak gastatzea behar zuten, haiek zulotik ateratzeko.
Atzeraldiaren usainak jarrera aldaketa ekarri du Alemaniara. Diru zorroa irekitzeko eskatu dutenen artean dago BDI patronala, oraintsu arte zorroztasun gordinenaren zaindaria. «Hilabete txarrak ditugu aurrean, baina urteak izan daitezke baldin eta ez badago erabaki politiko indartsu bat», azaldu du Joachim Lang BDIko zuzendariak.
Analista batzuek diote berandu datorrela austeritatearen amaiera, orain dirua jartzeak ez duela automatikoki emaitza handirik izango. «Luzaroan Alemaniak gutxi inbertitu du I+Gn eta azpiegituretan. Hamar-hamabost urterako inbertsio plan bat behar dugu azpiegitura digitaletan, I+Gn eta hezkuntzan», ziurtatu du Marcel Fratzxcher DIW azterketa etxeko arduradunak.
Gogoeta horrek bat egiten du orokortzen ari den kezka batekin: Alemaniako industria, punta-puntakoa orain arte, atzera geratzeko arriskuan dago digitalizazioak, adimen artifizialak eta garraioaren elektrifikazioak dakarten erronkaren aurrean.
Irailean, erantzunak
Uste denez, irailean aurkeztuko ditu ekonomiari bultzada bat emateko neurriak, 50.000 milioi euro artekoak. Haien artean izango dira zerga jaitsierak, herritarren kontsumoa handitu eta hartara konpentsa dezaten industriaren motelaldia. Berez, jada egin du lehen iragarpena: 2021ean ezabatuko du Elkartasun Zerga, Alemaniaren bateratzearen gastuak pagatzeko 1991az geroztik errenta handiko herritarrek eta enpresek ordaintzen duten zerga gehigarri bat.
Ryanair hegazkin konpainiak 512 langile kaleratuko ditu Espainian

Ryanair konpainia irlandarrak Kanaria Handian, Tenerife hegoaldea, Lanzaroten eta Gironan dauzkan instalazioak itxiko ditu 2020ko urtarrilaren 8an.
Ertzaintzak G7a dela eta ezarritako neurri berriak kritikatu dituzte…

G7 Gailurra Biarritz 2019ko abuztuak 23: Garraiolarien Federazioak salatu du, Ertzaintzaren murrizketa berriak Frantziakoak ezarritakoak baino “zorrotzagoak” direla.