Irungo Harrera Sareak «informazio falta» salatu du G7aren atarian
Uda honetan Espainiako hegoaldetik migratzaile gutxiago iristen ari dira, baina azken asteetan sareak salatu du iazko jardun bera darabilela aurten ere Frantziako Poliziak: Lapurdiko muga gurutzatzea lortzen duten migratzaileak itzularazi egiten dituzte. Gainera, Irungo Martindozenea aterpetxean Gurutze Gorriak aplikatzen dituen irizpideak «murriztaileak» direla nabarmendu dute, eta, ondorioz, migratzaile asko «kale gorrian» geratzen ari direla, zentroa beteta ez egon arren.
Egoera horrek okerrera egin dezake datorren astean, goi bileraren harira izango diren kontrol neurrien eraginez. Ildo horretan, erakunde publikoen jarrera kritikatu du Irungo sareak. Izan ere, oraindik ez dakite irizpide berberak mantenduko diren ala «salbuespenezko neurriak eta irizpideak» ezarriko dituzten. Uda hasieran Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen pasaeran doazen etorkinentzako harrera baliabideak areagotuko zituela, baina horri buruzko informaziorik oraindik ez dute jaso Irunen. «Instituzioek ez dituzte hartu beharreko neurriak hartu, eta gure eskuetan utzi dute ez dagozkigun arazoei irtenbidea ematea», adierazi du sareak.