Espainiako Gobernuak uko egin dio alokairuaren prezioa mugatzeari
Behin Kongresua eta Senatua deseginda, 65 diputatuz osatutako Kongresuko Diputazio Iraunkorrak berretsi edo baztertu behar ditu dekretuok, 30 eguneko epean. PSOEk gutxienez 33 diputaturen babesa lortu behar du dekretuak berresteko; Sanchez presidentetzara eraman zuten alderdiek 38 eserleku dauzkate foro horretan. PDeCATek, esate baterako, iragarri du babestuko duela alokairuaren dekretua, nahiz eta «eztabaida falta» salatu.
Hauek dira atzo onartutako dekretu nagusiak:
ALOKAIRUA
Pizgarri fiskalik ez
Alokairuaren dekretuaren hasierako zirriborroan jasotakoa baino leunagoa da atzo ministroek onartutako araua. Gobernuak asmoa zeukan pizgarri fiskalak erabiltzeko alokairua sustatzeko, baina atzera egin du; beraz, ez da egongo %80ko hobaririk ondasun higiezinen gaineko zergan (OHZ) etxebizitzaren alokairu prezioa indizean jasotako prezioa baino merkeagoa denean.
Indizea da, hain justu, dekretuaren berritasunetako bat. Gobernuak zortzi hileko epea eman dio bere buruari etxebizitzen prezioak erregistratu eta indize bat osatzeko. Indize sistema horrek «erreferentzia» moduan balioko du, merkatuaren jarraipena egin ahal izateko, eta etorkizun batean «neurri fiskalak hartzen baldin badira» neurri horiek oinarri moduan erabiltzeko.
Hori bai, gobernuak zehaztu du prezioen indize sistema ez dela erabiliko alokairuen prezioak arautzeko. Horretan ere motz geratu da dekretua Unidos Podemosentzat, joan den abenduan alokairuaren prezioari mugak jartzeko eskatu baitzion PSOEri.
Bestalde, kontratu berriak berritzeko orduan alokairuaren prezioa ezingo da igo etxe jabearen nahiaren arabera: gehienez ere KPI kontsumo prezio indizea beste garestitu ahal izango da. KPIaren erreferentzia ez da derrigorra izango alokairua gaurkotzeko, baina gehienezko kopurua izango da.
Halaber, alokairuen kontratuen luzapena hiru urtetik bostera handitu du dekretuak —zazpi urte izango dira higiezinaren jabea pertsona juridiko bat bada; hau da, konpainia bat edo inbertsio funts bat —.
Carmen Calvo gobernuko presidenteordeak aitortu zuen alokairuari buruzko dekretuak ez duela konponduko etxebizitzaren eta alokairuaren arazoa, eta errua gainerako alderdi politikoei bota zien, 2019ko aurrekontuak ez onartzeagatik.
Azken bost urtean, batez beste %19 garestitu da alokairua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 983 euroraino: 2017an, adibidez, hamar etxe kaleratzetik ia zazpi alokairua ez ordaintzeagatik izan ziren.
‘BREXIT’-A
Kalteak txikitzeko neurriak
Apirilaren 28an Espainiako Gorteetarako bozak egin orduko, Londresek zirt edo zart egina izango du, gaur-gaurkoz brexit-a gauzatzeko data martxoaren 29a baita. Haustura gogorraren aukera indarra galtzen ari da Westminsterren, baina oraindik posible da Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko dibortzioa akordiorik gabe gertatzea. Horrelakorik gertatuz gero, kalteak ahalik eta txikienak izateko dekretu bat onartu zuen atzo Madrilgo gobernuak. Herritarren eskubideak, merkataritza eta finantzak babesteko neurriak dira. Helburua da orain arteko baldintzei ahalik eta kalte txikiena egitea.
Hala ere, gobernuak azaldu du dekretuko neurriek funtzionatzeko ezinbestekoa dela Erresuma Batuko Gobernuak ere elkarrekikotasunez arautzea; hau da, Londresek neurri berdinak onartu beharko lituzke, Madrilenak indarrean sartzeko bi norabideetan.
MAKROZUHURTZIA
Finantzen egonkortasuna bermatzeko agintaritza
AMCESFI izeneko organismoa sortu zuen atzo gobernuak, finantzen egonkortasuna bermatzeko Makrozuhurtziaren Agintaritza deiturikoa. EBn herrialde gehienek daukate antzeko agintaritza bat. Espainiako Gobernuaren Ekonomia Ministeriori atxikitako elkargo bat izango da, eta haren kide izango dira Espainiako Bankua, CNMV eta Aseguruen Zuzendaritza Nagusia. Agintaritzak urtero igorriko du txosten bat gorteetara, finantzen arriskurako faktoreez ohartarazteko.
PENTSIOAK
13.830 milioi euroko mailegua
Espainiako Altxorrak Gizarte Segurantzari 13.830 milioi euroko mailegu bat ematea onartu du gobernuak. Mailegu hori beharrezkoa da ziurtatzeko Gizarte Segurantza gai izango dela aurten pentsiodunei bi aparteko ordainsariak ordaintzeko: udakoa eta Gabonetakoa. Jasotako mailegutik, Gizarte Segurantzak uztailaren 1a baino lehen erabili beharko ditu 7.500 milioi euro, 9,7 milioi pentsiodunek ekainean sari bikoitza kobratzeko. Gainontzeko 6.330 milioiak abenduaren 1a baino lehen erabili beharko ditu, abendurako sari bikoitza pagatzeko.