Sindikatuek bost greba egunei eutsiko diete Bizkaiko metalean
Aurreko astean izandako bileretan, patronalak esan zuen genero berdintasunaren eta lan osasunaren inguruko neurriak proposatu zizkiela sindikatuei, beste soldata igoera bat proposatzeaz gain. ELAk ohar baten bidez jakinarazi duenez, atzoko bileran ez zuten ezer berririk eraman mahaira, horiez gain. Sindikatuaren ustetan, neurri horiek ez dira nahikoak: «Genero berdintasunaren eta lan osasunaren inguruko testuek ez dituzte enpresak inola ere derrigortzen; gai horietan ez dago aurrerapausorik». Soldaten inguruko proposamenak ere «oso eragin txikia» duela esan zuen sindikatuak. Bestalde, oharrean salatu zuten patronalak ez duela ezer hitz egin nahi subrogazio eskubideari buruz.
Bizkaiko metaleko gatazkak eragin handia dauka lurraldean. Sektoreko azken ituna 2011n iraungi zen, eta orduz geroztik daude hitzarmenik gabe. Lan Harremanen Kontseiluko iturrien arabera, maiatzean 58.188 pertsonak egiten zuten lan Bizkaian dauden 3.832 enpresetan. Horregatik, hitzarmen berriak behargin askori eragingo lioke.


