Merkataritza gerra amaitzeko hitzordua
Ozeano Bareko frontean negoziatzen ari diren bitartean, Atlantikokoan tentsioa handitzen ari da. Uztailaz geroztik su-etenean daude AEBak eta Europako Batasuna, baina bake horrek eztanda egin dezake baldin eta Washingtonek autoen inportazioari %25eko tarifa jartzen badu. Hala izanez gero, «bizkor» erantzungo du EBk.
Langile bat hil da Bilboko Portuan, azken hamahiru hilabeteetan…
ELA sindikatuak oharra bidali zuen arratsaldean istripuaren xehetasunak emanez, eta azaldu zuen «prekaritatea» dagoela ezbeharraren jatorrian. «Portuan, bereziki, faktore asko batzen dira: lan baldintza kaskarrak, lan erritmo bortitzak, eta lanbide honek berez duen arrisku maila handia». Sindikatuak garbi utzi zuen, ordea, langileak hogei urtetik gorako esperientzia zuela bere lanpostuan, eta makina erabiltzen bazekiela. ELAko afiliatua zen.
Bilboestibako langile batzordeak lanuztea egin zuen atzo heriotza salatzeko SLP enpresan, eta gaur ere berdin egingo dute 08:00etatik 20:00etara. Bilboestibaren egoitzaren parean elkarretaratzea egingo dute 10:00etatik aurrera.
2015eti, bost hildako
Bilboko Portuko istripuei begiratuz gero, zerrenda beltza da. 2015etik bost lagun hil dira beharrean zeudela, baina azken hamahiru hilabeteetan nabarmen egin du gora hildakoen kopuruak. Azken bost urteetan hil diren bost langile horietatik hiru iazko urtarriletik hil direlako. Orduko hartan, esaterako, fenwick batekin itsasontzi bateko garabia garbitzen ari zen langilea jasomakinarekin uretara erori zen, eta itota hil zen.
Ekainean, bestalde, Luzueroko harrobi zaharrean lanean ari zen behargin bat harrapatu zuen kamioi batek, eta kolpearen eraginez hil zen. Azken istripu larria abenduan izan zen: enpresa batean izandako eztanda baten eraginez hiru langile zauritu egin ziren. Erredurekin eraman zituzten hirurak ospitalera.
Urtea hasi denetik gutxienez zazpi lagun hil dira lanean ari zirela, LABek bere webgunean duen kontagailuaren arabera. Aurreko istripu hilgarria otsailaren hasieran izan zen, Zizurkilgo (Gipuzkoa) ULA enpresan. Pieza baten kolpearen eraginez hil zen 43 urteko gizonezkoa.
Sanchezek gaur aurkeztuko du energia erreforma
Darponek dimititzeak ‘ez du zentzurik’, Erkorekaren esanetan

Jon Darpon Osasun sailburuak bere dimisio emateko eskarien harira, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan duenez, “ez du zentzurik, guztiz kontrakoa”.
Filtrazioen arduradunak hiru mediku direla uste du Fiskaltzak

Osakidetzako azterketetan, hiru espezialitateetan izandako filtrazioen ustezko arduradunak hiru mediku direla uste du EAEko Fiskaltza Nagusiak. 2019ko otsailak 19.
Darpon kargugabetzeko eskatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek

Fiskaltzak Osakidetzako lan-eskaintza publikoan “delitu zantzuak” ikusi dituela iragarri ostean, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta PP alderdien erreakzioak.
Langile bat hil da Bilboko Portuan garabi batetik behera…

Lan istripua Bilboko Portuan 2019ko otsailak 19: Ezbeharra 11:30ean izan da, oraindik argitzeke dauden arrazoiak direla eta. Behargina zamaketaria zen portuan.
Hondak Ingalaterrako fabrika itxiko du, eta 3.500 lanpostu arriskuan…
Erabakia brexit-arekin lotu daiteke, indarrean jartzeko hilabete eskas falta den honetan artean ez dagoelako garbi zer gertatuko den. Ezjakintasun hori oso kaltegarria da autogileentzat, just in time ekoizpen eredua erabiltzen dutelako: osagaiak ekoizpen egunean bertan edo egun gutxi aurretik iristen dira muntatze lantegira, eta, hortaz, ahalik eta muga irekienak derrigorrezko dituzte ongi funtzionatzeko.
Baina Hondaren erabakian zeresana izango zuen Japoniaren eta Europako Batasunaren arteko merkataritza itunak ere. Hilaren 1ean sartu zen indarrean, eta haren bidez desagertu egingo da Japoniatik inportatutako autoek EBn ordaintzen duten %10eko muga zerga. Hau da, posible dela merkeago izatea autoa Japonian egitea eta handik EBra eramatea, Erresuma Batuan egin eta kontinente zaharrera bidaltzea baino, azken aukera horretan litekeena delako muga zergak pagatzea.
Honda ez da Erresuma Batuko inbertsioak auzitan dituen Japoniako autogile bakarra. Duela aste batzuk, Nissanek jakinarazi zuen X-Trail modelo berria ez zuela Sunderlanden eraikiko (Ingalaterra), Kyushun baizik (Japonia).
Beste autogile batzuk ere ari dira neurriak hartzen. Urtarrilaren hasieran, Fordek iragarri zuen milaka langile botako zituela kostuak txikitzeko plan baten ondorioz. Prentsak argitaratutakoaren arabera, Bridgenden (Gales) milatik gora lanpostu gal daitezke erabaki horren ondorioz.
Brexit-ak ez ezik, diesel autoen salmenten beherakadak eta Txinako merkatuaren ahultzeak ere eraman dute Jaguar Land Rover iragartzera Ingalaterrako bere fabriketan 4.500 langile kaleratuko dituela.
Erlojuaren kontrakoa, pentsioak eta lan merkatua moldatzeko Madrilen
Hamabost egun eta bi Ministroen Kontseilu geratzen zaizkio dekretuok onartu eta Kongresura bidaltzeko —berez, behin ganberak deseginda, larrialdi kasuetan baino ez dira dekretuak onartzen—. Legebiltzarrak berretsi egin behar izaten ditu dekretuak 30 eguneko epean, bestela iraungi egiten da haien indarraldia. Dagoeneko egutegian markatuta dagoenez apirilaren 28ko hauteskunde eguna, erlojuaren kontrako lasterketa bat izango da kontraerreformaz jantzitako moldaketena. «Kontua ez da erreforma handiak egitea», aitortu du Valeriok, «baizik eta bultzada bat ematea» sindikatuekin eta Sanchez presidentetzara eraman zuten alderdiekin eztabaidatutako gaiak.
Hauteskundeetarako 69 egun geratzen dira, baina lehenago desegingo dira Kongresua eta Senatua, martxoaren 5ean. Erlojua, ordea, ez da bi aste barru geratuko. Astirik ematen ez badu dekretu berriok Kongresuak onartzeko, martxoaren 5etik aurrera Kongresuko Diputazio Iraunkorraren esku geratuko da dekretuak berrestea edo atzera botatzea.
Organo horrek hartzen du bere gain Espainiako Kongresuaren botere hori hurrengo ganbera eratu bitartean. 64 diputatuk osatzen dute, ganberako alderdi politikoen banaketa proportzionalki mantenduta. Beraz, gutxienez 33 diputaturen babesa jaso behar dute dekretuek aurrera egin ahal izateko.
Espainiako patronalak ere egin ditu zenbaketak, eta 33 diputatuko bloke bat ziurtatu nahian dabil eskuineko alderdiekin harremanetan, lan erreformaren eta pentsioenaren aldaketarik onar ez dadin hauteskundeak baino lehen. Izan ere, PPk, Ciudadanosek, EAJk eta PDeCATek 33 diputatuko gehiengoa osa dezakete Diputazio Iraunkorrean gobernuaren dekretuak atzera botatzeko.
Hipoteka Legea, etzi
Sanchezen gobernuarentzat ez da berria errege dekretuen erabilera. Zortzi hilabeteko agintaldian gehien erabili duen tresna izan da: 25 dekretu onartu ditu, eta bakarrik hamahiru lege. Datozen asteetan dekretuak aurkeztu eta gero Diputazio Iraunkorrak atzera botatzen badizkio ere, ahaleginak hauteskunde kanpainarako promozio moduan balio diezaioke Sanchezi, boto emaileen aurrean irudikatzeko zer onartzeko prest dagoen, eta zer ez dioten utzi onartzen 2019ko aurrekontuak atzera bota dizkiotelako.
CCOO eta UGT sindikatuek apirilaren 28ko hauteskundeen data jakin bezain laster hasi zaizkio presio egiten Sanchezi, eskatuz lehenbailehen onar ditzala erreformen aldaketak.
2012ko lan erreforma aldatzeko dekretuak lau oinarri izango lituzke, Madrilgo gobernuak elkarrizketa sozialerako mahaian CCOOrekin eta UGTrekin adostutakoak —patronala akordiotik kanpo geratu zen—: sektoreko lan hitzarmenei lehentasuna ematea, enpresakoen gainetik; lan hitzarmen kolektiboen ultraaktibitateari berriz ere iraupen mugagabea ezartzea, urtebeteko muga kenduta; azpikontratazioa erreformatzea; eta lanorduak erregistratzeko derrigortasuna.
Pentsioi dagokienez, gobernuak Toledoko Itunaren batzordean gomendio adostuen testua lortu nahi du bi asteren barruan. Batzordeak bi urte daramatza pentsioen erreforma berri bati buruz eztabaidan, eta joan den urrian ERCk ez beste alderdi guztiek adostu zuten «KPIa oinarri hartuko duen» eguneraketa sistema bat sortzea, gehiago zehaztu gabe.
Toledoko Ituneko batzordeak gomendioak baino ez ditu egiten, eta gobernuari dagokion erreforma legeak eta dekretuak aurkeztea. Sindikatuek eskatu diote dekretu bidez berreskuratu dezala KPIa eta ezaba dezala jasangarritasun faktorea.
Azken orduko legeen artean, Hipoteka Legeak du aukera gehien aurrera egiteko: Kongresuak etzi eztabaidatu eta bozkatuko ditu Senatuan egindako aldaketak. Halaber, Sanchezek trantsizio energetikoaren legearen aurreproiektua aurkeztuko du bihar, barikuan Ministroen Kontseilura eramango duena.