Realak Osasuna kanporatu du Kopan
Igandean ligan kale egin zuen Realak, baina bale gaur Espainiako Kopan. 2-0 irabazi dio Osasunari, eta sari potoloa eskuratu du: finalerdietara sailkatu da. Gorritxoak jokalari bat gutxiagorekin aritu dira lehen zatitik, eta amaieraraino lanean segitu duten arren, ezin izan dute ezer egin. Iruñeko taldeak agur esan dio Kopako bideari. Txuri-urdinek, berriz, bi denboraldi daramatzate segidan finalerdietarako sailkatzen, eta bost urtean hirugarren aldia dute; hirurak, Imanol Alguacil entrenatzaile dutela. Anoeta lepo bete da, kanporaketa garrantzitsua zela jakitun. Realeko zaleek bultzatu egin dute, eta taldeak erantzun. Anoetara gerturatu diren Osasunako zaleak, berriz, burumakur itzuliko dira etxera. Partida hasiera ikusita, bazirudien kontatzeko gutxi egongo zela aurreneko minutuetan; inork ez du izan baloiaren jabetza, eta are gutxiago kontrola. Erosoago sumatzen zen Osasuna, estutzen ari zen; larri zebilen, berriz, Reala, urduri. Eta halaxe, gorritxoena izan da lehen aukera. Ruben Garciak gozo jarri du hegaleko falta bat, eta Budimirrek bakarrik errematatu du Remiroren aurrean. Behartuta jo du, ordea, baloia, eta kanpora bota. Ez ditu maiz barkatzen halakoak aurrelariak. Borrokan segitu dute gorritxoek, eta gutxira, berriro gertu izan dute gola. Entseatutako jokaldia egin dute korner batean, ondo egin ere. Aimar Orozek bakarrik hartu du baloia area kanpoaldean, eta jaurtiketa ona egin du, baina kanpora joan da. Osasuna ondo ari zen, Reala baino askoz hobeto. Orduantxe azaldu dira, ordea, Barrenetxea eta Oiartzabal: bien artean jokaldi distiratsu bat egin eta markagailua aldatu dute. Ondo utzi dio baloia Oiartzabalek Barrenetxeari, eta duen talentu erakutsi du hark: kontrol orientatu batekin dotore eta abileziaz iskin egi dio parekoari, eta gola sartu. Min egi die kolpeak gorritxoei, eta hamar minutura, huts galanta egin dute. Reala presioan ari zela, Sergio Herrerak pasea eman nahi izan dio Iker Muñozi, baina Pablo Marinek estutu, hanka sartu, eta baloia lapurtu du. Oiartzabali iritsi zaio, eta hark Braisi oparitu dio, ate hutsean gola sar zezan. Hori nahikoa ez, eta beste opari bat jaso du segidan Realak: 35. minutuan, VAR sistema erabilita, Catenari txartel gorria erakutsi baitio epaileak. Merezitakoa. Hanka luzatu eta bizkarrean kolpe gogorra eman dio atzelariak Brais Mendezi. Begiak itxi eta ireki orduko maldan gora jarri zaie kanporaketa gorritxoei. Eskura, berriz, txuri-urdinei. Vicente Morenok Kike Barja kendu eta Herrando sartu du, halabeharrez. Ez du amore eman Osasunak, eta lanean jarraitu du. Atsedenaldira iritsi aurretik izan du aukera bat: Herrando berak egindako jaurtiketa indartsuak, baina, ez du aterako bidea hartu. Hirugarrena ere gertu izan du Realak, baina Kubok gehiegi gurutzatu du baloia. Bigarren zatian, erasora jo dute bi taldeek. Ia ezinezkoa zuen Osasunak partida iraultzea, baina ez zegoen prest amore emateko. Hala segitu du, borrokan, epaileak txistua jo arte. Txuri-urdinek, berriz, partida itzaltzea nahi zuten, eta horretan aritu dira. Irribarretsu amaitu dute partida Realeko jokalariek eta zaleek, baina notizia txar bat ere jaso dute: Zubeldiak min hartuta utzi du zelaia. Ikusi beharko da zer duen. Azkoitiarra jokalari garrantzitsua da Imanol Alguacilentzat. Zozketa, asteazkenean Ezusteko batzuk izan dira Realeko teknikariak zelairatutako hamaikakoan. Tartean, Oskarsson aulkian utzi izana, aurrelaria fin aritu baita azken bi neurketetan: hiru aldiz zulatu du aurkariaren atea. Halere, ez dute haren beharrik izan. Osasunan, berriz, berritasun bakarra egon da Sadarreko hamaikakoarekin alderatuta. Torro aulkian utzi du Vicente Morenok, eta haren ordez Iker Muñoz jarri. Bezperan ez zegoen argi erdilaria jokatzeko moduan egongo ote zen, eta azkenean ezin izan du hasieratik hasi. Haren hutsunea bai sumatu dute gorritxoek. Asteazkenean izango da Kopako zozketa, eta orduan zehaztuko da Reala noren aurka arituko den finalerdietan. Bi partidetara izango da, eta data jarrita dago: joanekoa, otsailaren 26an jokatuko dute, eta itzulerakoa apirilaren 2an. Finala, berriz, apirilaren 26an izango da, Sevillako Cartuja estadioan. Han egon nahi dute txuri-urdinek. Reala-Osasuna Reala. Remiro; Aritz, Zubeldia (Aramburu 59. min.), Aguerd, Aihen; Zubimendi, Kubo (Becker, 81. min.), Pablo Marin (Olasagasti, 59. min.), Brais Mendez, Barrenetxea (Sergio Gomez, 55. min.); eta Oiartzabal (Oskarsson, 55. min.). Osasuna. Sergio Herrera; Areso, Boyomo, Catena, Juan Cruz; Moncayola (Torro, 60. min.), Iker Muñoz, Aimar (Pablo Ibañez, 60. min.); Ruben Garcia (Bryan Zagaroza, 60. min.), Budimir (Raul Garcia, 71. min.) eta Kike Barja (Herrando, 38. min.). Golak. 1-0: Barrenetxeak (21. min.); 2-0: Braisek (31. min.).