Soldaten erosahalmena hamar puntu apaldu da azken hamar urteetan
Hala ere, soldata batzuek hamarkada hobea izan dute beste batzuek baino. «Desberdintasunek areagotuz jarraitzen dute». Horren erakusle: gehien jasotzen duen taldeak gehiago irabazi zuen, eta gutxien irabazten zutenen taldeak, aldiz, gutxiago. Soldata txikieneko biztanleen %10ek baino 60 aldiz gehiago irabazten dute diru sarrera handieneko %10ek. 2008. urtean, arrakala hori 38,9koa izan zen.
Arrakalak
Desberdintasuna pairatzen dutenen artean emakumeak daude. Azterketaren arabera, 2017. urtean soldatapeko emakume langileek 21.007 euroko ordaina jaso zuten, eta gizonek, berriz, 28.052 eurokoa; hots, %25,1eko soldata-arrakala zegoen. Azken hamar urteetako bilakaerari begira, gizonezkoen eta emakumeen soldaten arteko alde hori murriztu egin zen 2008tik 2013ra,%28,2tik %24,6ra. Baina ordutik arrakala atzera sakondu egin da.
Etorkinak —Espainiako nazionalitatea ez dutenak— dira soldatetan arrakala nozitzen duten beste talde bat. Gipuzkoako Aldundiaren datuen arabera, «espainiar estatuko nazionalitatea duten langileek» batez beste 25.170 euroko soldata izan zuten, eta kanpoko nazionalitatekoek 12.766 euro irabazi zituzten; %49,3ko arrakala, beraz.
Gazteen hileko batez besteko soldata, berriz, 526,7 eurokoa izan zen 2017an, lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik oso —707,7 euro—.
Pello Igeregi ELAko arduradunak aldarrikatu du soldatak igotzeko «bide bakarra» protestak eta greba direla. «Pozik gaude oraintxe bertan greba ugari dauzkagulako martxan Euskal Herrian. Prekarizazioa balio estrategikotzat hartu duen patronal honen aurrean [Adegi], grebek erakusten dute langileak prest direla beldurrari aurre egiteko».