Bere langileek nahi ez zuten lana egingo du CAFek,…
Dirutza lortuko du CAFek kontratuaren truke. Operazioaren guztizko zenbatekoa 1.800 milioi euro baino gehiagokoa da. Horietatik 500 milioi inguru zuzenean dagozkio Beasaingo tren konpainiari. Zehazk i, Linea Berde berrian ibiliko diren 114 Urbos tranbia hornitu beharko ditu, eta gaur egungo Linea Gorrian zerbitzuan dauden 46 unitate zaharberritu beharko ditu. Halaber, CAFen esku geratuko dira linea seinaleztatzea, energia eta komunikazio sistemaz hornitzea, eta proiektua integratzea.
Baina are diru gehiago sartuko da CAFen kutxetan, bi lineen kudeaketa eta mantentze lana erdi bana egingo duelako euskal konpainiak, lan horietaz arduratuko den SPV sozietatearen %50 izango baitu. Zati horri dagokion negozio bolumena 1.000 milioi eurokoa izango da.
Kontratuak are gehiago lodituko du CAFen eskaera zorroa. 8.535 milioi eurorena zen ekainaren amaieran, eta, orduz gero, beste enkargu batzuk lortu ditu: autobusak Erromarako eta metroak Napolirako (175 milioi); seinaleztapen eta segurtasun lanak Espainian, Eslovenian eta Bulgarian (125 milioi); eta autobus elektrikoak Varsoviarako, Berlinerako eta Milanerako (410 milioi).
Lehiakide gehienek, atzera
Kontratuaren azken fasean lehiakide bakar bat izan du CAFek, Txinako CRRCk gidatutakoa Israelgo, Espainiako, Portugalgo eta Poloniako enpresa batzuekin batera. Palestinarren aldeko elkarteek eskatuta, beren hautagaitzak kendu zituzten CAFen ohiko lehiakideek, hala nola Alstom frantziarrak, Siemens alemaniarrak eta Bombardier kanadarrak. Alstomek bazkide israeldar batzuk zituen, eta haiei azaldu zien «Frantziaren legediaren aurkakoa» izan zitekeela kontratua, nazioarteko legediaren kontrakoa den heinean.
Argudio hori bera eman zuen CAFeko langile batzordeak, urtarrilean, zuzendaritzari eskatu zionean lehiaketa uzteko. «Ez dugu nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan parte hartu beharrik», argudiatu zuten langileen ordezkariek —autokartearen bidez, langileak dira akziodun nagusiak, tituluen %29 baitituzte—. LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek bat egin zuten esatean edozein tranbia proiektuk Jerusalemen palestinarren legezko ordezkarien babesa izan beharko lukeela. Halakorik ez du, noski.
CAFek bere oharrean «Israelgo hiria» deitzen duenaren ekialdea eta Zisjordaniako hainbat kolonia judu elkartuko ditu tranbiak, biak ala biak 1967an Israelek palestinarrei kendutako lurraldeak, eta, Nazio Batuetako Erakundearen arabera, Israelek utzi beharko lituzkeenak.
Langile batzordearen jarrerak PAE Palestina Askatzeko Erakundearen esker ona jaso zuen. «Zuen ekintza eta ahalegina eredu da langile europar askorentzat, eta haiek ere zuek erakutsi duzuen duintasun, irmotasun eta etika maila bera izatea espero dugu», adierazi zuen Saeb Erekat PAEko idazkariak.
LABen salaketa
Konpainiaren erabakia gaizki hartu dute sindikatuek. Enpresan ordezkaritza gehien duen sindikatuak, LABek, salatu du langileen eskaerari «entzungor» egin diola zuzendaritzak, eta erabaki horrekin «nazioarteko legezkotasunaren aurka doazen lanetan» parte hartuko duela CAFek. Jakinarazi duenez, datozen asteetan elkartuko da langile batzordea, «erantzun bateratu bat emateko». LABek uste du «salatzekoa» dela CAFen erabakia. «Jerusalmengo tranbia egiteko Palestinako lurrak desjabetuko dituzte, lurraldeak legez kontrako kolonietarako jarraipena izan dezan».
Tradiziotik esperimentaziora
Gomiztegiko eskola 1997an sortu zuten. Nikolas Segurola fraide frantziskotarra, Jose Manuel Goikoetxea Eusko Jaurlaritzako orduko Nekazaritza sailburua, Eduardo Urarte teknikaria eta Juan Jose Aranguren Legazpiko artzaina jabetu ziren eskola sortzeko beharraz. «Industria sekulako indarra hartzen ari zen, eta baserriak husten ari ziren, irabazirik ematen ez zutelako. Baziren lana ondo egiten zekiten baserritarrak, ustiategiari errentagarritasuna ateratzen ziotenak, baina gutxi ziren», azaldu du Otaegik.
Gainbehera hori geldiarazi, eta baserriaren eta artzaintzaren etorkizuna ziurtatu nahi zuten, artzaintza «lanbide soil bat baino askoz gehiago» baita. «Artzaintza sistema tradizionalak pertsona indartzen du, inguru hauetara ondo egokituta dagoen ardi latxaren iraupena bermatzen du, mendien kudeaketa egokia eta mantentzea ziurtatzen du, eta kalitatezko elikagaiak ekoiztea ahalbidetzen du». Artzainak Euskal Herriko historiaren, kulturaren eta gastronomiaren «gordailu» direla uste du Otaegik. Horri bizirik eusteko modua ondo prestatutako artzain gazteak sortzea izan zitekeela pentsatu zuten, eta, halaxe, artzain eskola martxan jartzea erabaki zuten. Lehen urtean, laguntzaile gisa ibili zen Otaegi, eta bigarren urtean hartu zuen koordinatzaile kargua. Horretan dabil harrezkero.
Formakuntza handikoak
Arantzazuko eskola abian jarri aurretik, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako artzain eskolak ikustera joan ziren. «Orduan ez zegoen besterik, eta haiek izan genituen inspirazio iturri». Interesgarriak iruditu zitzaizkien ideiak hartu, eta hemengo beharretara egokitu zituzten. Hasieran «nahiko eskola militantea» izan zela gogoratu du Otaegik; ikasle gehienak artzainen semeak izaten ziren, etxeko negozioan laguntzeko prestakuntza jasotzera joandakoak. «Ganadua maneiatzen bazekiten, baina teknika berrien inguruan ezagutza gutxi zuten, eta paper kontuetan ez ziren oso iaioak». Gaur egun, aldiz, formakuntza handia izaten dute Gomiztegiko ikasle gehienek. Ikasketak bukatu berri dituztenak edo fabriketan lanean jardun dutenak izaten dira. «Enpresako lana gustatu ez eta artzaintzan hastea erabaki dutenak, artzainena bizimodu erraza ez den arren gustuko lekuan aldaparik ez delako izaten». Paper kontuak ez zaizkie horren arrotzak, eta teknologia erabiltzen ohituta daude.
Artzain batek bere lanbidea garatzeko jakin behar duen guztia irakasten diete artzain eskolan. «Zer artzaintza mota egingo duten zehazten dugu aurrena: ardiak mendira igoko dituzten edo lautadan ibiliko dituzten; esnea, gazta edo arkumeak salduko dituzten…». Horren arabera irakasten diete gainontzeko guztia: animaliak gobernatzen, belardiak zaintzen, enpresa proiektua lantzen, esnea eraldatzen eta produktuak merkaturatzen…
Ikastaroak sei hilabete irauten du, eta bi parte izaten ditu: alde teorikoa eta alde praktikoa. «Gazta nola egiten den lantzen badugu, gazta egiten dugu gero; ardiak nola elikatu behar diren lantzen badugu, ardiei jaten ematen diegu gero», zehaztu du koordinatzaileak. Horretarako, ukuilua eta gaztandegia dituzte Gomiztegin bertan. Praktikak ere egiten dituzte ustiategi profesionaletan. «Artzain eskolako ikasle izandako asko artzain profesionalak dira orain, eta normalean beren ustiategietan egiten dituzte praktikak. Artzainek badakite ikasleak nola hartu, eurak hortik pasatutakoak direlako».
Ikastaroa bukatzeko, enpresa proiektua landu eta hura aurkeztu behar izaten dute ikasleek. «Ikasi duten guztiarekin osatutako lan hori azken azterketa moduko bat izaten da». Eskolatik irteterako esku artean bizitza eta negozio proiektu bat landua izatea «oso garrantzitsua» iruditzen zaio Otaegiri, «artzaintzatik bizitzea ahalbidetuko dien negozio bideragarri baterako urratsak han dituztelako».
Emakume gutxi
Ikasturte bakoitzean dozena bat ikasle izaten dituzte Gomiztegin, eta 27 urte da batez besteko adina. «Talde txikia dirudi, baina hobe da horrela; denbora gehiago eskain diezaiokegu ikasle bakoitzari, jarraipen zuzena egin eta prestakuntza hobea eman». Emakumeak bostetik bat izatea da arruntena, baina azken ikasturteko zortzi ikasleetatik bat bera ere ez da izan neska, eta horrek kezka eragiten die. «Emakumeak oso garrantzitsuak izan dira eta dira artzaintzan, eta haien parte hartzea beharrezkoa da sektorearen etorkizuna ziurtatzeko».
Aurreneko urteetan, kanpotik zetozen ikasleak ere hartzen zituzten, baina azken hamabi urteotan Euskal Herrikoei bakarrik daude irekita. «Hazi institutuak esan zigun ahalegin guztia hemengo artzaintza indartzera bideratu behar genuela, egoera nahiko larria zelako. Dena dela, kanpotarren bat urtero etortzen zaigu, eta beti gordetzen diogu lekuren bat gogotsu datorrenari».
Gehienak, sektorean lanean
22 urteotan, 278 ikasle pasatu dira artzain eskolatik, eta erdiek baino gehiagok -154 lagunek- sektorean jarraitzen dute lanean. Emaitzak onak iruditzen zaizkio eskolaren koordinatzaileari. «Batzuk egoera zailagoan daude, artalde txikiekin, eta beste batzuk, oso egonkortuta». Sektorearekin lotura duten lanetan ari dira beste ikasle ohi batzuk ere. «Bost edo sei lagun artzainen langileak dira, euren artalderik ez dutenak, horrek eskatzen duen inbertsioari aurre egiteko modurik ez dutelako. Beste dozena erdi bat, berriz, albaitariak eta elkarte profesionaletako langileak dira».
Sektorera jende berria sartzeko artzain eskola bitarteko garrantzitsua dela uste du koordinatzaileak, eta aurrerantzean ere lanean gogotsu jarraitzeko asmoa azaldu du. «Egia da inoiz baino prestakuntza handiagoa duten artzainak ditugula sektorean, baina gero eta artzain gutxiago daude. Beraz, ezin dugu lo hartu».
Artzaintzak etorkizunik baduen galderari, beste bi galderarekin erantzun dio: «Lehenengoa da: artzainek izango dute lurrik eta mendirik euren artaldea kudeatzeko? Eta bigarrena da: egiten duten lanari daukan balioa emango zaio? Bi galdera horien erantzuna baiezkoa bada, izango du etorkizuna artzaintzak». Artzain gazteak lanerako gogoz daudela dio, euren esku dagoena egiteko prest daudela, baina babesa ere ezinbestekoa dutela.
Indarrak batuta
Tokian tokiko produktuak kontsumitzeak duen garrantziaz geroz eta kontzienteago dira herritarrak, eta Otaegik uste du horiengana iristen asmatu beharko dutela artzainek. Horretarako, noski, baliabideak beharko dituzte. «Batzuek izango dituzte, eta beste batzuek sortu egin beharko dituzte». Ustiategi txikiek zailtasun handiagoak izan ditzakete horretarako. «Bi laguneko ustiategietan, normala da denera iritsi ezina. Baina bakoitzak bere aldetik ezin badu, zergatik ez beste batekin edo batzuekin elkartu?».
Ekoizpena dibertsifikatzeko bidean aukerak sor daitezkeela uste du Gomiztegiko koordinatzaileak, eta pentsaera irekia eta esperimentatzeko gogoa dutenek hortik joko dutela. «Oraintsu arte, ardi gaztaz hitz egiten genuenean, Idiazabalgo gaztaz ari ginen. Baina azken hamar urteotan beste era batzuetako gaztak eta esnekiak ekoizteko prestakuntza jasotzen ari dira artzain batzuk». Ekoizleei ez ezik, kontsumitzaileei ere geroz eta jarrera irekiagoa nabaritzen die, produktu berriak probatzeko garai batean baino erreparo gutxiago. «Pixkanaka, gaztaren inguruko kultura zabaltzen ari da. Kontsumitzaileak Idiazabalgo gazta nahi du, baina beste gazta batzuk ere nahi ditu. Haien gustuko produktuak ekoizten eta saltzen jakitea izango da gakoa».
Artzain eskolan, ari dira urratsak egiten ardi esnetik eratorritako produktu desberdinak garatzeko bidean. «Garai bateko artzainek, berez, ez zuten gaztagile izan nahi, baina behartuak sentitu ziren sobran zuten esnea gazta bihurtzera». Gaur artzain eskolara doazenek, ordea, beste pentsaera bat dute. «Gaztagintza maite dute, eta gazta mota desberdinak egiten ikasi nahi dute. Eta gustuz egiten denak emaitza hobeak eman ohi ditu».
Urte gutxiren buruan berrikuntza handiak etorriko direlakoan dago. «Egiten ari diren esperimentuek emaitzak emango dituzte, eta, aurki, ardi esnetik eratorritako produktu sorta zabala izango dugu merkatuan».
Bihar: Salmenta.
CAFek eta Saphirrek Jerusalemgo tranbia egingo dute, 1.800 milioi…

CAF Taldeak eta Saphir eraikuntza-enpresak Jerusalemgo (Israel) tranbia egiteko kontratua lortu dute 2019ko abuztuaren 8an, 1.800 milioi euroan.
Tabakalerako Ubikeko langileek akordioa lortu eta bertan behera utzi…

Tabakalerako Ubikeko langileek akordioa lortu eta bertan behera utzi dute greba. 2018ko abenduaren 22an hasi zuten Ubikeko langileek mugagabeko greba.
EHNEk salatu du haragi inportazioak handitzea adostu duela EBk…
Industriaren ekoizpena handitu da aurten, EAEn
Edonola ere, 2019ko ekaina eta 2018koa alderatuz gero, gorabehera handiak daude sektore batetik bestera: %27,1 handitu dira energia eta %7,9 tresneria elektrikoa, baina %5 jaitsi dira garraio materiala, %2,5 elikagai industria eta %0,7 metalgintza.
Alemaniako datuak, berriz, kezkagarriagoak dira, atzeraldi baten beldurra areagotu baitute. Destatis estatistika bulegoak zabaldutakoaren arabera, ekainean maiatzean baino %1,5 gutxiago ekoitzi zuten Alemaniako fabrikek, eta iazko ekainean baino %5,2 gutxiago —amiltzerik handiena 2009az geroztik—. Jaitsiera auto merkatuaren jaitsierari eta AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerraren eraginei egotzi diete adituek.
Ekoizpenaren datuak zapuztu egin du industriaren eskaerei buruzkoa, ezustean, handitu egin direla jakinarazi baitzuten asteartean. Alemaniako Gobernuak espero du BPG barne produktu gordina %0,5 haziko dela aurten, eta %1,5, berriz, datorren urtean.
Etxe salmentak hazteari utzi dio Hegoaldean, lehen aldiz azken…
Jaitsiera oso txikia da (-%0,2), eta baliteke urtearen bigarren aldian kopuruek gorantz edo beherantz egitea, baina egonkortze joera bat erakusten dute. Harritzekoa ere ez da, iaz iritsi baitzen merkatua krisi sortu zeneko mailara. Izan ere, 2008. urteko lehen sei hilabeteetan, atzeraldiaren urruneko hotsak gerturatzen ari zirenean, 13.802 etxebizitza salerosi ziren Hego Euskal Herrian.
INEren lehen datuak 2007koak dira, eta orduan saldutako etxeak 20.603 izan ziren, baina etxebizitzaren inguruko burbuila lehertu gabe zegoen orduan, eta salmentak neurriz kanpo puztuta zeuden. Ondoren, krisiaren garairik okerrenean, 2013an eta 2014an, 8.200era jaitsi ziren salerosketak. Ordutik hona %65 handitu dira.
Badago, ordea, desberdintasun handi bat 2008ko eta 2019ko etxebizitza merkatuen artean: orduan, saldutako bi etxebizitzetatik bat (%47,8) berria zen, eta garabiak oraindik bete-betean ari ziren lanean. Azken urteetan, ordea, bostetik bat baizik ez da berria izan: aurten, zehazki, %19,3 izan dira.
Azken urteetan asko moteldu da bizitegi berrien eraikuntza eta salmenta, eta kopuru nahiko egonkorretan dago 2015az geroztik, 2.400 eta 2.700 artean urteko lehen erdian. Aurtengoan, 2.623 salerosi dira, iaz baino %2 gutxiago.
Erakunde publikoen esku hartzea alokairura bideratzen ari dela erakusten duen beste datu bat ere eman du INEk: babes ofizialeko 746 etxebizitza saldu dituzte urtarriletik ekainera, merkatu osoaren %5,4 baino ez. Iazko epe horretan %6,3 izan ziren.
Lurraldeei erreparatuz, Gipuzkoan soilik handitu dira aurten salmentak (+%5,2). Bizkaian %0,8 jaitsi dira, Nafarroan %2,3, eta Araban, berriz, %5,3.
Prezioek, gora
Salmentek bai, baina prezioek ez dute egonkortzeko joerarik erakusten. 2019ko lehen erdiko datuak hilabete barru emango ditu INEk, baina lehen hiruhilekoek erakusten dute 2015ean hasitako garestitze prozesuak jarraitzen duela: Nafarroan %4,9 hazi ziren, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %5,8. Edonola ere, oraindik asko falta da 2008ko prezioetara iristeko: INEk dio orduan baino %38 merkeago daudela Nafarroan, eta %25 merkeago beste hiru lurraldeetan.
CNMCk ez du Kaiku zigortu publizitate kanpainarengatik
Karrantzako Vista Alegre baserriak jarri zuen auzitan kanpainaren legezkotasuna, berak ere esnea Euskal Herrian ekoitzi eta ontziratzen zuela argudiatuta. Uztailaren 11ko data duen ebazpenean, bi merkatu mota bereizi zituen CNMCk: batetik, esne «organikoarena» legoke, eta, bestetik, «kontsumoko» esnearena, hau da, industrialagoa. Ebazpenak dio merkatu bakoitzaren erosleek produktu desberdinak bilatzen dituztela, eta oso gutxi direla Kaikuren baieztapenak nahastu ahal zituen erosleak. Hori dela eta, CNMCk ziurtatu du leloak ez diola kalterik egin interes publikoari, eta Kaikuri ezin zaiola leporatu lehia librea mugatzea eta faltsutzea.
Bizkaiko golkoan nahikoa antxoa badagoela esan du AZTIren ikerketak
1987. urtean hasi ziren AZTIko zientzialariak espeziaren biomasa neurtzen, eta aurtengoa erregistratutako kantitate handienetan bigarrena da, iazkoaren ondoren —225.000 tona izan ziren 2018. urtean—. Dela neurketa sistemak hobetu direlako, dela orain askoz antxoa gehiago dagoelako, baina azken urteak izan dira oparoenak: biomasa gehieneko sei urteak azken hamarretan neurtu dituzte.
Kopuru horretan zeresana izango du 2005etik 2009ra debekatuta egon izanak antxoaren harrapaketa Bizkaiko golkoan; azterketek esaten baitzuten oso kopuru txikian zegoela. Bost urteko eten hori funtsezkoa izan zen espeziearen etorkizunerako.
Maria Santos AZTIren Bioman kanpainako arduradunak azaldu duenez, bi gauza hartzen dituzte kontuan antxoa helduen biomasa kalkulatzeko: planktonean aurkitzen duten arrautza kopurua eta batez besteko ugalkortasun maila. «Plankton laginetan antxoek errundako arrautzak biltzen ditugu, eta antxoa helduetan ugalkortasun maila neurtzen dugu, batezbestekoa kalkulatzeko; hau da, eme bakoitzak sortzen duen arrautza kopurua».
AZTIren udaberriko kanpainaren datuak behin-behineko emaitzak dira. Emaitza osoak azaroan izango ditu eskura. Izan ere, antxoa helduen datuak antxoa gazteen biomasarekin uztartu behar izaten ditu. Azterketa hori, Juvena izenekoa, udazkenean egin ohi dute. Horrez gain, antxoaren iraupenari eragiten dioten ingurugiro baldintzak hartzen ditu aintzat Europako Batasunak arrantza kuotak erabakitzeko.
2019ko udaberriko kostera ekainaren hasieran amaitu zuten Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek. Bi herrialdeetako portuetan 11.505 tona antxoa lehorreratu zituzten 180 euskal itsasontziek eta kanpokoek, eta kiloa batez beste 1,30 euroan saldu zuten. Kuotaren %15 udazkenerako uzten dute.
Hegaluzearen kostera
Antxoa espezie garrantzitsua da arrantzaleentzat, haien diru sarreren %30-40 etor daitezkeelako haren salmentarekin. Beste diru iturri nagusia hegaluzea da. Ekainean hasi ziren tunido horren arrantzan, eta martxa onean doa: 36.000 tona hegaluzeko kuota dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, eta kofradiek jakinarazi dute dagoeneko arrantzatu dutela horren %60tik gora. Arraina nahiko gertu arrantzatu ahal izan dute, eta prezioak iazkoak baino pixka bat merkeagoak izan dira. Arrantzaleek espero dute, hurrengo egunotan asko harrapatuz gero, aurten ere kuota goiz bukatuko dela. Iaz abuztuaren 23rako agortu zuten, ohikoa baino ia bi hilabete lehenago, kuota osoa guztiz amaitu zutelako. Arrantzale batzuk kexatu egin ziren, itsasoan hegaluze asko zegoelako.