ETAren armagabetzearen aurreko asteetan, 2017ko otsailaren 6tik martxoaren 30era bitarte, Mixel Berhokoirigoin eta Jean Noel Etxeberri Txetx bakegileek bederatzi bilera egin zituzten Eusko Jaurlaritzako arduradunekin, egun haren nondik norakoez eta gobernuak izan beharreko rolaz hitz egiteko. Azken bilera bat ere egin zuten behin armagabetzea igarota, maiatzaren 12an. Bakegileek ondutako aktak argitara atera dituzte orain, ez baitute bat egiten Jaurlaritzak bilkuren inguruan egindako analisi «gezurtiarekin». Dokumentuan azaltzen denaren arabera, tentsioak gora egin zuen bileraz bilera, hausturara arte. Lehen bilera. Otsailak 6. Hartu-emana hasteko bilera izan zen. Bakegileek armagabetzean parte hartzeko deia egin zioten Jaurlaritzari, eta haren ordezkariak prest azaldu ziren. Bazuten, baina, kezka bat: ETAk eta ezker abertzaleak izan zezaketen jarreraren inguruan mesfidati azaldu ziren, eta «propaganda eta dosifikazio operazioak» arbuiatuko zituzten. Izan ere, bakegileen arabera, Jaurlaritzak uste zuen Luhusoko ekinaldiak protagonismo handia eman ziola erakunde armatuari, eta haren asmoa izan zitekeela halako ekinaldiekin «tribuna bat» izatea. Horren aurrean, bakegileek erantzun zuten bazituztela bermeak adierazteko armagabetzea ekinaldi «masiboago eta denboran murritzago» batekin gauzatuko zela, eta ez «zazpi edo zortzi Luhuso» eginez. Hurrengo asteetan, bakegileek aurrerapausoak egin zituzten beste esparru batzuetan. Hainbat eragilerekin hitz egin zuten armagabetzeak izan beharreko ezaugarrien inguruan, eta Frantziako Gobernuko kideekin elkarrizketak izan zituzten. Frederique Espagnac parlamentariaren bitartez, Parisek jakinarazi zien armagabetzea «baimentzea» erabaki zuela, hura «osoa» eta ekinaldi bakarrekoa baldin bazen. Parisek otsailaren 20an jakinarazi zion Madrili bere asmoa. Bigarren bilera. Martxoak 1. Bakegileek Jaurlaritzari esan zioten uda aurretik egin nahi zutela armagabetzea, eta, hori defendatzeko, Frantziako Gobernuarekin izandako elkarrizketen berri eman zieten, iturriak zehaztu gabe. Bakegileen arabera, hori entzunda, Jaurlaritza laguntzeko prest azaldu zen, nabarmenduz armagabetzeak «serioa eta osoa» izan behar zuela. Une hartan, Jaurlaritza proposamen berri bat ontzen ari zen bake prozesuaren inguruan, 2014an egindakoa eguneratzeko, baina ez zuten hura argitaratzeko asmorik azaldu. Izan ere, propio galdetu zieten gaiaz bakegileek, uste baitzuten «polemika publikoak» saihestu behar zirela. Martxoaren hasieran, armagabetze operazioaren lehen zirriborro bat helarazi zieten bakegileek ETAri eta NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari. Hartan, Frantziaren kooperaziorik gabeko armagabetze bat irudikatzen zen, egun bakarrekoa, Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Hirigune Elkargoaren babesarekin egina. Hirugarren bilera. Martxoak 8. Jaurlaritzako ordezkariek Etxeberriri eta Berhokoirigoini aurkeztu zieten bake proposamen berritua, eta horiek dokumentua aztertzeko prest azaldu ziren, uste baitzuten bazirela elkarguneak. Urkullu, Barkos, Etxegarai eta Mannikalingam, haien aholkulariekin, 2017ko martxoan. MIKEL ARRAZOLA Laugarren bilera. Martxoak 12. Etxeberrik eta Berhokoirigoinek euren asmoen berri eman zieten Jaurlaritzaren ordezkariei. Armagabetzea Frantziako presidentetzarako hauteskundeen aurretik egin nahi zen —apirilaren 23an izan zen lehen itzulia—, eta Parisekin elkarlanean. Halere, aurkeztu zieten eskemak Parisen babesik gabeko armagabetze bat zuen oinarri: 1) Baionako Herriko Etxean arma gordelekuen berri emango zitzaion nazioarteko ordezkaritza bati, eta ekitaldi instituzional bat egingo zen Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Hirigune Elkargoko lehendakarien parte hartzearekin; 2) begirale taldeak gordelekuetan izango ziren Frantziako Polizia iritsi arte; 3) mobilizazio bat egingo zen; eta 4) NEBek baieztatuko zuen armagabetzea «erreala eta osoa» izan zela. Horretarako data martxoaren 17an jakinarazi nahi zuten. Jaurlaritzak, baina, ez zuen «onargarritzat» jo berari emandako rola, «dekoratiboa» zelakoan. Beste eztabaidagai bat ere izan zen. Bezperan, martxoaren 11n, Diario Vasco egunkariak bakegileek izandako elkarrizketen inguruko artikulu bat argitaratu zuen, informazio «desitxuratua» emanez. Jaurlaritzak, baina, ukatu egin zuen filtratu izana. Bosgarren bilera. Martxoak 16. Etxeberrik eta Berhokoirigoinek Eusko Jaurlaritzari jakinarazi zioten hurrengo egunean, martxoaren 17an, «Frantziako hedabide handi batean» —Le Monde-n izan zen— armagabetze egunaren berri emango zutela, eta hurrengo astean haren inguruko xehetasunak ezagutaraziko zituztela. Berri hura ez zen gobernuko ordezkarien gustukoa izan, eta hala jakinarazi zieten bakegileei bileran eta gau berean izandako telefono dei batean: «Lehendakariak uste du bihar ez litzatekeela prentsan ezer argitaratu behar. Ez da batere zuhurra». Hain zuzen, ordezkarien esanetan, ez zuten argi Iñigo Urkulluk zer jarrera izango zuen iragarpena atzeratu ezean. Argudiatu zuten Madrilek ez zuela «begi txarrez» ikusi armagabetzea «laster» egitea, eta hori baliatu beharra zegoela. Hurrengo bileretako eztabaiden oinarri izango den beste elementu bat ere mahaigaineratu zen orduan. Jaurlaritzak berretsi zuen armen entrega eta haren inguruko mobilizazioa bi egun ezberdinetan egin nahi zituela. Bakegileak ez ziren iritzi berekoak, baina iragarri zuten ekimena «ezker abertzalearen mobilizazio errepertorio tradizionaletik» aldenduko zela. Martxoaren 17ko 12:30ean argitaratu zuen Le Monde-k Txetx Etxeberrik esandakoa: «Apirilaren 8ko iluntzerako ETA guztiz armagabetuta egongo da». Arratsalde hartan, Jaurlaritzako ordezkariek eta bakegileek telefonoz hitz egin zuten. Lehenak bigarrenei jakinarazi zien Madrilen harrera ez zela «txarra» izan, eta Parisekin ere «harreman ez-zuzenak» hasi zituztela. Hala, berretsi zuten «gehiegizko asaldura» saihestu behar zela. Bakegileentzat, baina, jada «berandu» zen atzera egiteko, uste baitzuten Parisek hurrengo gobernuaren esku utzi nahi zuela afera. Seigarren bilera. Martxoak 20. Jaurlaritzako ordezkariek gogor kritikatu zuten bakegileek nola kudeatu zuten afera. «Gobernuak uste du bakearen artisauek zirku bat muntatu dutela», dago jasoa aktan. Jakinarazi zieten testuinguru hartan Urkulluk ez zuela parte hartuko, eta proposatu zieten armagabetzea zortzi egun aurreratzea; hala, bereizi egingo lirateke hura eta mobilizazioa. Bakegileek erantzun zuten martxoaren 23an armagabetze egunaren inguruko zenbait xehetasun emango zituztela prentsaren aurrean. Eta, oihartzun mediatikoa hizpide, filtrazioen afera mahaigaineratu zuten berriro. Jaurlaritzari leporatu zioten informazioa zabaldu izana: «Filtratutako informazioek ia gobernuak soilik zituen datuei egiten diete erreferentzia. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren adostasuna zuten planaren elementuak soilik eman ziren ezagutzera». Bakegileen aktaren arabera, Jaurlaritzako ordezkariek zenbait filtrazio egin izana aitortu zuten. Martxoaren 20an eta 21ean egindako bilera banatan, Frantziako Gobernuak Jean Rene Etxegarai Hirigune Elkarteko presidenteari eta bakegileei helarazi zien Parisko fiskaltzari esan beharko ziotela non zeuden armak. Haiek, berriz, zehaztu zuten operatiboaren inguruko zenbait afera argitzeko zeudela. Zazpigarren bilera. Martxoak 22. «Tentsio handiko» bilera izan zen, bakegileen aktaren arabera. Batetik, Jaurlaritzak ekintzaileei «fartsa bat» antolatzea leporatu zien. Bestetik, jakinarazi zieten bi baldintza bete ezean publikoki adieraziko zutela ez zutela parte hartuko, eta horrek eragin zezakeela Nafarroako Gobernuak eta Etxegaraik ere ez parte hartzea. Zehazki, exijitu zuten gordelekuen inguruko informazioa bezperan ematea autoritateei eta horietan behatzailerik ez egotea. Dokumentuaren arabera, argudiatu zuten posible zela Poliziak egunak behar izatea bertaratzeko. Bakegileak ez ziren iritzi berekoak. Aldaketek orekak haustea eragin zezaketela uste zuten, eta zalantzan jarri zuten Frantziako Poliziak hain geldo jokatzea. Eta Etxegarairekin izandako elkarrizketak zirela medio, ez zuten uste hark atzera egingo zuenik. Mannikalingam, armagabetze eguneko ekitaldian. Haren atzean, besteak beste, Etxegarai. IDOIA ZABALETA / FOKU Zortzigarren bilera. Martxoak 26. Adostasun baten faltan, bilera atzera begirako bat egiteko baliatu zuten Etxeberrik eta Berhokoirigoinek. Besteak beste, Jaurlaritzak egindako eskaeren artean martxan zen prozesura txertatutakoen berri eman zuten: prozesua bizkor egitea, ekinaldi bakarrean, eta ETAk protagonismoa izan gabe; Jaurlaritzak prozesuan parte hartzea; jardunaldia bi ataletan bereiztea, Jaurlaritzaren «estatus instituzionala» bermatzeko; armak ez indargabetzea; behatzaileen izenak ez argitaratzea… Era berean, baina, uste zuten Jaurlaritzak «marra gorri» gehiago ezarri zituela aurrera egin ahala: armagabetzea zortzi egun aurreratzea, behatzailerik ez izatea, eta armagabetzea eta mobilizazioa bi egun ezberdinetan egitea. Hain zuzen, Bake eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek «arriskutsutzat» jo zuen behatzaileak egotea. Hala, berretsi zuten Jaurlaritza ez zela Baionan egongo armak beste modu batean entregatu ezean. Bederatzigarren bilera. Martxoak 30. Armagabetze egunaren aurreko azken bilera, eta bi aldeen arteko harremanaren amaiera. Aktaren arabera, tentsio uneak izan ziren bilera hartan, eta Eusko Jaurlaritzak gogor erantzun zien bakegileek emandako azalpenei: «[Eusko Jaurlaritzako] Ordezkariak adierazi zuen, eskua mahaiaren ertzerantz eraman eta erortzen utzita: ‘Amildegira zoazte, eta operazioaren porrotera’». Izan ere, Jaurlaritzak uste zuen plazaratutako eskemak «ETAren irudia garbituko» zuela, eta berriz ere armagabetzea eta mobilizazioa bereizteko eta behatzaileen presentziaren inguruan negoziatzeko eskea egin zuen. «Ez da posible ikuspegi teknikotik, ezta desiragarria ere ikuspegi politikotik», izan zen bakegileen erantzuna. Eta horraino elkarrizketak. Armagabetze eguna iritsi aurretik, bakegileek zenbait bilera egin zituzten Frantziako Estatuko ordezkariekin, eta, besteak beste, armagabetzea aurrera eramateko bermeak ezartzea eta kokalekuen berri Baionako Auzitegiari ematea adostu zuten. Bestalde, Jaurlaritzak bilera bat egin zuen Nafarroako Gobernuko, Hirigune Elkargoko eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko ordezkariekin. Haren ostean, Jaurlaritzak zirriborro bat bidali zion Etxegarairi, sinatzeko. Hartan, ez zitzaien aipamenik egiten bakegileei eta gizarte zibilari, eta Etxegaraik uko egin zion sinatzeari. Azkenean, adostu zuten txertatzea «positiboki» baloratzen zutela «gizartearen» ekarpena. ETAk apirilaren 7an jakinarazi zuen armagabetu zela, eta hurrengo goiza espero bezala hasi zen. Arma gordelekuetarako bidea hartu zuten behatzaileek, eta horiek Frantziako Poliziaren esku geratu ziren. Bernard Cazeneuve lehen ministroaren ohar batekin amaitu zen eguna: «Espero dut indarkeriazko bost hamarkadaren amaiera ezartzea». Azken bilera. Maiatzak 12. Balantzea egiteko bilera izan zen, baina bakegileen harridurarako, Jaurlaritzak apirilaren 8an gertatutakoaren inguruko interpretazio negatiboa egin zuen: «Harentzat, bakearen artisauek akordio bat itxi zuten ETArekin eta ezker abertzalearekin, eta gainerakoei inposatu zieten». Hala, gobernuko ordezkariek berretsi zuten «akats handi bat» izan zitekeela parte hartu izana. Bilera hartan, bakegileen arabera, Jaurlaritzak ez zuen onartu haren «zalantza, beldur eta informazioak okerrak» izan zirela. Hala, gogoratu zuen gobernuak ezinezkotzat jotzen zituen zenbait afera egin zirela: Frantziako Gobernuarekin ituntze eskema bat ezarri zen, ez zen atxiloketarik edo istilurik izan, NEBek eta Etxegaraik parte hartu zuten…
2017 eta 2022 bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiaren zaintzapeko 31 adingabek sexu askatasunaren aurkako delituak salatu zituzten. Horietatik 25 neskak ziren, eta gainerakoak, mutilak. Amaia Antxustegi Gizarte Ekintza saileko diputatuak eman ditu datuok gaur, alderdi popularrak eskatuta, Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzaren Batzordean egindako agerraldian. Antxustegik zehaztu duenez, salaketa horietatik guztietatik bakarra dagokio aldundiaren zentro baten «barruan» gertatutako zerbaiti. Ustez delitua egin zuten gainerakoak ez zituen aldundiak zaintzen. Biktima guztiak zeuden aldundiaren zaintzapean. Iaz ere aldundiaren zentroetan gertatutako hiru delitu salatu zituzten. Hain zuzen, Antxustegik esan du oraintxe bertan «hiru atestatu» daudela irekita. Datuak aurkeztuta, argi utzi du ez dela «ohikoa» Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen dituen zentroetan horrelakorik gertatzea. Are, esan du ezen, halakorik gertatu behar ez litzatekeen arren, ez dela «alarma sortu» behar. «Ez da estigmatizatu behar, eta informazio horri ezin zaio bidea eman aldez aurretik egiaztatu gabe», azpimarratu du. Bide batez, Antxustegik argitu nahi izan ditu EAEko Fiskaltzak duela gutxi argitaratu dituen datuak. Fiskaltzaren txostenaren arabera, iaz, adingabeek sexu askatasunaren kontrako 80 delitu egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Antxustegik gogoratu du kopuru hori adingabe guztiei dagokiela eta ez soilik zaintzapeko adingabeei. Bestalde, adingabeen kontrako 42 salaketa jarri zituzten iaz sexu askatasunaren kontrako delituengatik. Horietatik sei artxibatu egin zituzten, egileek 14 urte baino gutxiago zituztelako, eta beste bost ez zituzten onartu, delitu penala «behar bezala justifikatuta» ez zegoelako. 42 salaketa horietatik hamabitan zaintzapeko adingabe bat zegoen tartean. Hau da, gazte horiek izan ziren biktima edo erasotzaile. «Kasu horietan guztietan» erakundeak berak jarri zuen salaketa fiskaltzan, Antxustegik esan duenez. Izan ere, fiskaltzaren txostenak aldundien jarduna txalotu du, eta adierazi hori izan daitekeela salaketa kopurua areagotu izanaren «arrazoi posibleenetako» bat. 2022an, 30 salaketa aurkeztu zituzten. Komunikabideetan argitaratzen diren informazioekin «zuhur» jokatzeko eskatu du diputatuak, adingabeak «ez estigmatizatzeko» eta haien «babesa bermatzeko». Izan ere, alderdi popularrak azaroaren amaieran eskatu zuen Antxustegiren agerraldia, komunikabideetan «sexu abusuen salaketei buruzko albisteak» ikusi eta gero. Generoaren arabera EAEko Fiskaltzak duela aste batzuk eskatu zuen adingabeen zentroetako gazteak sexuaren arabera banatzea, «sexu erasoak gertatu ez daitezen». Antxustegik esan du eskaera jaso dutela, eta aztertu egingo dutela. Argi utzi du oraindik ez diotela erantzunik eman fiskaltzari, eta euren erabakia «irizpide teknikoetan» oinarrituta egongo dela, haurren ongizatea lehentasuna izanik. Are, ahaidetasuna ere hartuko dute kontuan, ongizate emozionalarengatik «ez baita komenigarria» anai-arrebak bereiztea. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak zentroen segregazioaren aurka egin dute. Koalizio abertzalearen ustez, ez du zentzurik segregazioaren aukera aztertzeak, «denboran atzera egitea» izango litzatekeelako. Zuhur jokatzeko eskatu dio aldundiari, adingabeei buruz hitz egiten ari direlako. Era berean, PPren «arduragabekeria» kritikatu du, «sexu abusuak bakarrik dauden adingabe migratzaileekin lotzen saiatzeagatik». Elkarrekin Bizkaia taldearentzat ere segregazioak ez dauka zentzurik. Aipatu du haurren sareak tresna ugari dituela, «esparru diferenteetan lan egiteko». Besteak beste, sareak aukera ematen du «prebentzioan lan egiteko, biktimei laguntza emateko eta erreparaziorako». PSE-EEk adierazi du fiskaltzaren gomendioarekin «urte asko» egingo dutela atzera. «Lehen hori zen norma, eta inoiz ez zen giro soziala hobetu». Alderdi popularrak esan du aldundiak hasieratik baztertu duela segregazioaren aukera. Hori dela eta, «berriro pentsatzeko» eskatu dio. Halere, diputatuak eta EAJk adierazi dute oraindik ez dutela erantzunik eman. EAJk, berriz, garrantzitsutzat jo du adingabeak «ez estigmatizatzea», eta balioa eman dio harrera sarearen konfigurazioari. Adierazi duenez, «beti irizpide tekniko eta profesionalei» erantzun die.
2025ko urtarrilerako eta otsailerako launa greba egun deitu dituzte EAEko ikastetxe publikoetan, haurreskoletan eta garbitzaile eta sukaldarien artean.
Bolada bikainean dabiltzan bi talde izan dira aurrez aurre Anoetan, eta nabaritu da. Neurketa ikusgarria jokatu dute Realak eta Las Palmasek, markagailuak berdina erakusten ez duen arren (0-0). Aukera bikainak izan dituzte bi taldeek, azken minutuetan etxekoek gehiago estutu duten arren. Ohiko hamaikakoa zelairatu du Imanol Alguacilek, eta lehen hamar minutuetan estutu du Realak. Pare bat aukera ere izan dituzte txuri-urdinek, baina ez Las Palmasek jarraian izan dituen bezain argiak. Heroiaren kapa jantzi du Remirok bitan, Mataren eta Moleiroren parean. Oiartzabalek ere abagune paregabe bat izan du, baina zutoinera bidali du area erditik bakar bakarrik egin duen jaurtiketa. Hutsean heldu da partida atsedenaldira, sinestezina zirudien arren. Bigarren zatian, lehengo lepotik burua. Realeko jokalari ohi batek, Sandro Ramirezek, Oiartzabalenaren pareko aukera bat izan du, baina zutoinean jo du hark ere. Erritmoa zirraragarria izan da. Lehen minutuetan bisitariak hobeto, baina Olasagastiren eta Barrenetxearen aldaketekin joera irauli du Realak. Horrela, azken ordu erdian gogotik saiatu dira etxeko jokalariak, baina baloiak ez zuen sartu nahi gaur. Sailkapen nagusian zazpigarren da Reala, 25 punturekin.
Lehen zatia Athleticentzat, eta bigarrena Alavesentzat. 1-1. Horrela laburbildu daiteke gaurko partida. Zuri-gorriek sei garaipen zeramatzaten jarraian, eta olatuan igota egin dituzte lehen 45 minutuak. Hurrengo erdian, ordea, indarrak ahitu zaizkie, hobea izan da etxeko taldea, eta gola ere egin du. Berdinketa Mendizorrotzan. Chacho Coudeten aroko bigarren partida izan da gaurkoa ligan, bigarren derbia, eta bigarren berdinketa. Ez da neurketa ikusgarria izan, baina bai intentsitate handikoa. Bederatzigarren minutuan jokaldi ederra haritu du Athleticek, Iñaki Williamsek pase bikaina egin dio Unai Gomezi, eta bermeotarrak ederki amaitu du jokaldia. Eroso zeuden bizkaitarrak, baloia aurrekaldean berreskuratzen eta arriskua sortzen. Coudet bere estiloa ezarri nahian dabil, eta agerikoa da oaindik fintzeko duela sistema berria. Bigarren zatian joko zuzenagoa egin dute etxekoek, eta nabaritu da aldaketa. Athletic ez da eroso egon. 66. minutuan Guridik errematatu du area ertzetik, zenbait hankaren artean pasa da baloia, atepera itzuli den Unai Simonek ez du harrapatu baloia, eta aldaratzea baliatu du Jordanek gola egiteko. Amaierara arte baloia kontrolatu ezinda ibii dira bi taldeak; lehia asko eta joko gutxi. Polemikarako tartea ere izan da: luzapenean gola egin du Vivianek, baina balio gabe utzi du epaileak. Sailkapen nagusian, behin behinean, Athletic laugarren da 33 punturekin, eta Alaves hamaseigarren hamasei punturekin.