Elkarretaratze bat Mercedeseko hiru kaleraturen alde
«Hiru kaleratzeak bidegabeak dira, eta atentzioa ematen du haien benetako helburuak», esan zuen ELAko kide Igor Gebarak, epaitegiaren aurrealdean. Ehundik gora lankidek elkartasuna adierazi zieten kaleratuei, eta beren kasuak salatzen lagundu zieten. «Enpresak ohar bat eman nahi izan die Gasteizen dituen mila inguru langileei», esplikatu zuen Gevarak. «Behin-behineko langileak zirenean ahulagoak ziren, eta batzuk lanera joaten ziren baita sukarra edukita ere. Orain finkoak dira, eta baztertu egin dituzte horrelako praktikak; bada, enpresak hori moztu nahi izan du».
Langile finko kaleratuek hiru urte egin dituzte enpresan, batez beste, eta ELAko kideak esan zuen kaleratzeak azaltzeko arrazoiak «surrealistak» direla.