Bi langile hil dira Bizkaian, eta lau dira jada…
Azken istripua atzo arratsaldean gertatu zen, Aceros Olarran (Loiu, Bizkaia). Ertzaintzak jakinarazi zuenez, garabi batean lanean ari zen langile batek ezbeharra izan zuen, eta berehala hil zen. Langileak 46 urte zituen, eta Beroa enpresako langilea zen. Olarrak Beroa azpikontratatu ohi du altzairutegiko labeetan muntaketa lanak egiteko.
Aceros Olarrako langileek 24 orduko geldialdia hasiko dute gaur goizean, eta fabrikaren aurrean elkartuko dira 10:00etan, istripua salatzeko. CCOOk bat egin du protesta horiekin.
Ordu batzuk lehenago, 11:40an, bi kamioik elkar jo zuten Barazargo mendatean, Zeanurin (Bizkaia). Kamioi bateko gidaria hil egin zen, eta beste ibilgailukoa, berriz, arin zauritu. Ibilgailu batek su hartu zuen, eta ondoren garrak bestera ere hedatu ziren. Garbiketa lanak iraun zuten bitartean N-240 errepidea itxi behar izan zuten, eta trafikoa Dimatik eta Urkiolako gainetik bideratu zuten.
Astelehenean beste bi
LABen kontaketari erreparatuz gero, atzoko biekin jada hogei lagun hil dira aurten lanean ari zirela. Hamazazpigarrena eta hemezortzigarrena astelehenean bertan zendu ziren, biak Gipuzkoan: basomutil bat Zestoan, mozten ari zen zuhaitza gainean erorita; eta eraikuntzako langile bat Zarautzen, garabi batetik erorita. Jarraian, garabia bera erori zen, eta beste pertsona bat zauritu zuen.
Istripu horiek salatzeko eta hildakoen gertukoei elkartasuna adierazteko, kontzentrazio bat egin zuten atzo ELAk, LABek eta beste sindikatu batzuek, Azpeitiko plazan.
Iaz 68 langile hil ziren beharrean, betiere LABen kontaketaren arabera. Zerrenda horretan, ordea, ez dira ageri laneko gaixotasunen ondorioz hildakoak. Gaixotasun profesional horien artean, amiantoak egin ditu biktima gehien, minbizia eragin baitezake material horren hautsa arnasteak. Atzo jakin zenez, beste langile ohi bat ere hil da horregatik: Felix Vazquez, 63 urtekoa, eta Irungo CAFeko langile izandakoa. Enpresa batzordean ESK-ko ordezkaria izan zen. CAFeko langileak kalera atera ziren lankideari omenaldia egiteko eta kalte-ordainen funts bat eskatzeko amiantoaren biktimentzat.
LABek azaldu duenez, gaur ordubeteko geldialdia egingo dute, eta lantegiaren atarian batuko dira. Sindikatu horren arabera, Vazquez Irungo CAFen amiantoaren ondorioz hildako hirugarren langilea da, baina beste 37 hil dira Beasainen eta 49 Zaragozan (Aragoi, Espainia). Asviamieren datuek diote aurten hamabi langile hil dituela amiantoak; 2.400etik gora 1993tik.