LABek mila ordezkari sindikalen langa gainditu du Nafarroan
Sindikatu abertzaleek Nafarroan gora egin dute azken urteetan, eta azken lauetan LAB hazi da gehien: %14,8tik %16,6raino. Eskualdeka, hiru zatitan banatzen du lurraldea: Iruñerrian, ia bi puntu handitu dute ordezkaritza, Erriberan ere antzera igo dira, eta Sakanan ordezkaritzaren %39 lortu dute.
Hori bai, lurraldeko sindikatu handienetan laugarrena izaten jarraitzen du LABek. UGT da lehen indarra, baina %27,3tik %25,4ra jaitsi du ordezkaritza; CCOOk, bigarren indarrak, bere horretan eutsi dio %23,7ko ordezkaritzari; ELA, berriz, ia puntu bat igo da, %21,8tik %22,7ra, eta hura da, alde handiz gainera, Hego Euskal Herriko sindikatu nagusia, %36tik gorako ordezkaritzarekin.
Oztopo batzuen gainetik hazi direla salatu zuen Aranburuk: «Hainbat enpresatan, patronalaren presioak eta mehatxuak jasaten ditugu, inolako eskrupulurik gabe. Ordezkaritzarako dugun eskubidea oztopatzen saiatzen da, eta, horretarako, sindikaturen baten laguntza izaten du».
Corte Ingles jarri dute adibide gisa. Imanol Karrerak gertutik ezagutu zuen hango hauteskunde prozesua. Beharrezkoa da horretarako langile batek izenpetzea hautagaitza: «Sinadura bilketa hori ondoko kaleetan egin behar genuen, Corte Ingles kanpoan eginez gero nagusiek kamerekin ikusten zutelako nork sinatzen zuen». Nafarroako Gobernuari eskatu zioten hauteskunde sindikalen prozesua bermatzeko, eta, enpresari ohartarazpena eginagatik, Corte Inglesek langile batzuk kaleratu ditu horregatik.
Dena den, Karreraren arabera, hauteskunde sindikalek agerian uzten dute gero eta langile gehiagok babesten dutela LABen eredu sindikala. «Urratsak egin ditugu, eta borroka eta greba eraginkorren aldeko apustuarekin jarraitzen dugu. Aurrerapausoak eman ditugu, eta pultsua berreskuratu. Gure ordezkariak eta afiliatuak borrokaren lehen lerroan dira».
Jazarpenaren aurka
Horren guztiaren adibide gisa jarri dute Huerta de Peraltako borroka. «Landa eremuan urteetan izandako borrokarik handiena izan da, eta urte politikoa markatu du, gizartearen elkartasuna piztu baitu, klase subjektuaren berrosaketan urratsak egin baititugu, eta klase harrotasun hori jarri baitugu agenda politikoan».
Horregatik, Karreraren arabera, «hautu politiko» bat izan dira Huerta de Peraltako gatazkaren aurka Foruzaingoak jarri dituen salaketak eta ireki diren hiru auzi judizialak. «Lan gatazkan akordioa lortu dugu enpresarekin, baina erabaki politikoa dago atzean, zigor arlora eramateko».
Sektore prekarioen egoera salatzeko, LABek Piztu Alarma dinamika sortu du. «Etengabeko birpentsatze ariketa bat egin behar dugu, geroz eta langile gehiago ohiko sindikatuetatik kanpo baitaude prekaritatearen ondorioz», azaldu zuen Aranburuk. Haren hitzetan, errealitate horri aurre egiteko ariketa moduko bat da Piztu Alarma. «Glovo eta horrelako enpresetan banatzaile gisa aritzen direnak autonomo faltsuak dira, eta sei langiletik beherako ostalaritza enpresetan ez dago sindikatuen ordezkaritza izateko aukerarik; sindikatuen babesa haien zerbitzura jartzeko modu bat da».
Egoera politikoaz
Egoera politikoari dagokionez, azken lau urteetan LABek «dialektika eraikitzailea» izan duela uste du. Lauko gobernuak egindako urrats batzuk «baliagarriak» iruditu zaizkio, eta beste erabaki batzuk, berriz, kritikagarriak.
Hasi berri den legealdiari begira, egiturazko bi arazo sumatu ditu sindikatuak: batetik, Madrilen hartzen direla erabaki politiko nagusiak, eta, bestetik, patronalak politika ekonomikoetan eragiteko ahalmena berreskuratuko duela.
Gobernua osatzeko negoziazio prozesuan PSN bultzatzen ari den «bazterketa politika» kritikatu du LABek, eta jokabide horri sostengua ematea leporatu die Geroa Bairi, Ahal Dugu-ri eta Ezkerrari.




