Bizkaiko metalean akordiorik lortu ez, eta grebara joko dute…
Aurreko hemezortzi bileretan ez bezala, sindikatuak bat eginda joan ziren atzoko bilerara, eta mobilizatzeko agenda partekatu batekin, gainera. Hilaren 23ko lanuzteaz gain, ekainaren 6, 7, 20 eta 21ean ere grebara deitu dute Bizkaiko metalean. Joan den ostiralean, lau sindikatu nagusiak biltzen dituen plataforma bat eratu zuten, bezperan Jose Luis Gil FVEMeko presidenteak adierazpen hauek egin ostean: «Guk ere akordioa nahi dugu, baina, gaur-gaurkoz, sindikatuak ez dira ados jartzen hurrengo bileraren eguna zehazteko ere».
LABek ohar bidez esan zuenez, patronalak hilabeteak zeramatzan sindikatuei plataforma eta aldarrikapen bateratuak eskatzen. Hori eratuta ere, ezer ez. «Ez dio plataforma bateratuari erantzunik eman, eta argipenak eskatu ditu, eskari batzuk onartezinak direla esatera mugatuz». Patronalak bidalitako oharrean, berriz, proposamenari erantzuna ekainaren 3ko bileran emango diela jakinarazi zuen.
Lau sindikatuek osatutako plataformaren eskaerak argiak dira: 2018ko urtarriletik pilatutako atzerapenak ordain diezazkietela; itun posiblearen kontura aurreratutako ordainketak itzuli beharrik ez izatea, ordainketa haiek itunak jasotzen dituenak baino handiagoak diren kasuetan; KPI+%2ko igoera tauletan, eta KPI+%1ekoa soldata errealetan, itunaren indarreko urte bakoitzeko. FVEMen arabera, eskaera horietan «enpresen lehiakortasunari eta enplegua sortzen jarraitzeko baldintzei zuzenean eragiten dieten eskaera batzuk daude». Beraz, zaila dirudi pentsatzea hurrengo bileran akordiorik lortuko denik.
Are gehiago, ELAren arabera, patronalak «inolako proposamenik» egin ez duenean. Sindikatuaren ustez, «presarik ez daukate akordio bat lortzeko, eroso baitaude egungo blokeo egoeran, non sektoreko enpresak, irabaziak pilatzen dituzten testuinguru batean dauden». Datorren asteko greba deialdiak zein eragin izango duen ikusi beharko da, beraz.