Murgak Osakidetzako iruzurraren berri izatea ukatu du

Nekane Murga osasun sailburuak Osakidetzako lan eskaintza publikoetako azterketetan filtrazioak izan direnik jakitea ukatu du 2019ko ekainaren 14an.
Sindikatuek Osakidetzako Lehen Arretan astelehenerako deitutako greba, bere horretan

Sindikatuek 2019ko ekainaren 17rako Osakidetzako Lehen Arretan deituta dagoen grebari eutsi egin diote gaur, Mahai Sektorialeko bilera akordiorik gabe bukatu ostean.
Informazio trukeak 95.000 milioi azaleratu ditu
OCDEk azaldu du 90 jurisdikziotako erakundeek bat egin dutela azken hamarkadan herritarren diru kontuen informazioa elkarren artean automatikoki gurutzatzeko. Denera 47 milioi konturen datuak trukatu dituzte, 4,9 bilioi eurori dagozkienak. OCDEk bultzatutako informazio trukaketa automatikoaren sarea gauzatu ahal izateko bi aldeko 4.500 akordio sinatu behar izan dituzte.
Txostenaren arabera, urtez urteko kontrolaren eraginez, egoitza atzerrian daukaten kontuen jabeen zerga ihesa aurreko urtean baino 2.000 milioi euro txikiagoa izan zen iaz.
Erakundeak azaldu duenez, informazio trukaketa automatikoaren helburua ez da herritarrek atzerrian dauzkaten diru kontuak identifikatzea, baizik eta bermatzea diru kontuen jabeek bizilekua daukaten herrialdeko ogasunari zergak pagatzen dizkiotela.
Dirua, herrialde opakuetara
Banku gordailuen joerak aldatu egin dira 2008ko krisiaz geroztik, OCDEren azterketaren arabera. Mende hasierako zortzi urteetan munduko 40 bankutan bildutako gordailuek 1,4 bilioi euro pilatu zituzten. 2008aren ondorengo hamarkadan, ordea, finantza erakundeotako gordailuen kopurua %34 txikitu da; hau da, 488.000 milioi euro gutxiago gorde dituzte banku horietan.
Zer gertatu da diru horrekin? Nora joan da dirua? Informazio hori ez du eman OCDEk. Finantza erakunde gotor horietako herrialdeak gardentasun fiskalaren akordioak sinatu ahala uxatu da dirua banku horietatik. Txostenaren arabera, nazioarteko informazio truke automatikoak eragin du gordailu horien jaitsieraren %20 eta %25 inguru.
Halaber, txostenean bertan aitortzen dute diruaren zati bat jatorrizko herrialdean dagozkion zergak pagatzeko erabili bada ere beste zati handi bat lekuz aldatu baino ez dela egin, fiskalitate eta banku sekretu ilunagoak dauzkaten herrialdeetara.
Informazio truke automatikoak azaleratutako zerga ihesa izozmendiaren punta baino ez dela iradokitzen du OCDEren txostenak. Hala ere, Angel Gurriak, erakundeko presidenteak, txalotu egin ditu lotutako emaitzak, eta adierazi du erakundeak espero duela datozen urteetan informazio truke automatikoari esker zerga iruzurraren zati handiagoa berreskuratuko dutela ogasunek.
Nafarroan, eraikuntza enpresek 125 milioi zor dizkiote ogasunari
Tartean, krisiak astindutako enpresen izen handiak daude. Adibidez, Juan Bautista Flores SAk zazpi milioi euroko zorra utzi du. Bere garaian eraikuntzaren goraldiaren ikur nagusia izan zen, baina epaitegietan amaitu du enpresak, hartzekodunen konkurtsoa deklaratu, eta gerora kiebra hartan ustez delituak egon zirelakoan. Construcciones Aldabea enpresak, berriz, 4,1 milioi euroko zorra utzi zuen. Aurreko hamarkadan, Los Arcoseko zirkuitua bultzatu zuen Construcciones Samaniegok laguntza publiko ugari jaso zituen azpiegitura handi hura bere kabuz bukatzerik ez zuelako, eta, hala ere, 3,5 milioi euro utzi zituen zorretan. Argoaz Inversionesek 80 milioi euroko zuloa utzita hondoratu zen, eta horietatik bi milioi euro ez zizkion ogasunari pagatu. Azysa 2013an desagertu zen, eta hark ere milioi bat euro utzi zituen ordaintzeke; Urpasa Construccionesek bost milioi zor ditu…
Aurreko urteetan bezala, Ana Beltran Nafarroako PPko presidentearen familiaren upeltegia ageri da zordunen artean: Bodegas Camilo Castillak 976.860 euro zor ditu. Dena den, duela gutxi akordio bat egin du Nafarroako Ogasunarekin: zor horren erdia ordaindu du, eta beste erdiaren ordainketa atzeratu du. Ogasunarekin tratua erdiesten duten gainerako zordunen moduan, datorren urteko zerrendatik kanpo geratuko da. Azken finean, zerrenda hori argitaratuta, zorra ordainaraztea edo bestela zordunekin hitzarmena lortzea du helburu ogasunak.
Urralburu eta Galipienzo
Izen ezagunen artean, beste behin, Gabriel Urralburu Nafarroako lehendakari ohia nabarmentzen da. 1984tik 1991ra presidente sozialista izan zenak 426.744 euroko zorra du, eta urteotan ez du zentimo bakar bat ordaindu.
Beste politikari ohi bat Ignacio Galipienzo Eguesibarko alkate ohia da —142.273 euro zor ditu—. Bere garaian, distira handiko UPNko politikaria zen, eta etorkizun handia aurreikusten zitzaion, baina Galipienzo auziak eztanda egin zuenean, alderdia utzi eta epaitegietan amaitu zuen, ustelkeriaz akusatuta —epaileak 2009an urtebeteko espetxe zigorra ezarri zion—.
Kirolari ezagunak ere ageri dira zerrendan. Adibidez, Denis Mentxov eta Vladimir Karpets txirrindulari ohiek 373.859 eta 678.651 euro zor dituzte, hurrenez hurren —gainera, bien kasuan, abizen bereko bi emakumek, Nadezna Menshovak eta Tatiana Karpetsek, kopuru bereko zorra dute, zerrendaren arabera—. Pizo Gomez Osasunako jokalari ohi eibartarrak, berriz, 235.000 euro zor ditu. Osasunako beste jokalari ohi batek, Krisztian Vadoczek, 153.000 euro zor ditu.
Zordun gehienak 2017ko zerrendan ere azaldu ziren. Euren artean 149k zor hori handitu dute (22,6 milioi) eta beste gutxi batzuk murriztu (3,9 milioi).
Ikatza oparo Australiarentzat
Iazko urrian, Australiako Gobernuak berretsi egin behar izan zuen Parisko Ituna bete egingo zuela. Isurketak txikitzeko neurri zehatzak ez hartzeagatik kritika andana jaso zuen Scott Morrisonen gobernuak, eta auzitan zegoen zein izango zen Australiaren jarrera.
Zalantzak izugarri ugaritu dira, ordea, jakin ondoren Carmichaelgo ikatz meategia zabaltzeko baimena eman duela Queenslandeko Gobernuak. Australiako ikatz meategirik handiena litzateke jardueran hasiko balitz. Aurreikusi dute 90 urtean emango lukeela ikatza, eta ez nolanahiko kantitatea: 60 milioi tona urtero. Australiak, beraz, munduko ikatz esportatzaile handienen podiumean jarraituko luke urte askoan. Deskarbonizazioan aurrera egitea ez da batere erraza izango mundu zabalean, bistan da.
Lur azpiko uren inguruko kudeaketa izan da Adani Indiako multinazionalak gainditu duen azken oztopoa, eta haren ametsa gertuago dago, beltza izan ala ez. Ingurumen inpaktuari dagokion txostena onartu egin du administrazioak, eta, modu horretan, zortzi urte iraun duen tramiteen prozesua amaitu da.
Ikatz aurkikuntza egin zenetik, talde ekologistek eta zientzialari gehienek balizko meategia ustiatzearen arrisku handiak azpimarratu dituzte. Hasteko, Doongmabullako hezegune preziatua suntsituko luke ikatz meategiak, haien ustez. Abbot Point portuan ontziratuko lukete energia kutsakorraren iturria mundu zabalera esportatzeko, eta horrek Koral Hesi Handia ere larriki kaltetu dezake, Australiaren altxorrik handienetako bat.
Bi edo hiru gradutik gora
Urte erdi baino pixka bat gehiago joan da Melissa Price Ingurumen ministroak Parisko Itunaren inguruko agerraldia egin zuenetik. «Gobernuak 2005eko isuriak %26-28 inguru murriztuko ditu 2030erako, helburu globala lor dadin», esan zuen. Artean, asko ziren zalantza egiten zutenak Canberraren jarreraren inguruan, baita Australiako Klimaren Kontseiluko zuzendari Martin Rice ere: «Gainontzeko herrialdeak Australiaren ikuspuntuarekin ariko balira klima aldaketa geratzeko, bi gradutik gorako beroketa globalera joango ginateke, agian hiru gradukora; maila hori ezingo lukete kudeatu munduko komunitate gehienetan».
Ikatz meategi erraldoia kudeatuko lukeen konpainiak, ordea, enpleguen inguruko promesa handia egin du. Adanik dio 1.500 enplegu zuzen baino gehiago sortuko dituela, eta meategiaren eraikuntzaren epean beste 6.750 sortuko direla. Carmichael negoziorako iturri dela badaki Canberrak, baina zuhur jokatu behar duela ere bai, oposizio sutsua duelako aurrez aurre.
Meategiak baimena duela jakin ondoren, Klimaren Kontseiluak gogor kritikatu du Scott Morrisonen gobernua. «Hondamendi klimatikoa da; hain zuzen, ikatza erretzeak eragiten du klima aldaketa. Ezin dugu ikatz jardueran aritu eta klima segurua eduki; hori da pasatzen dena». Kontseiluko kide Amanda McKenzieren hitzak argiak izan ziren atzo.
Gobernuak 2015ean eman zion baimena Adani enpresari Carmichael ustiatzeko, baina 36 baldintza ezarrita. Epaitegiek proiektua gerarazi zuten, besteak beste, faunarentzat arriskuak daudelako.
Baldintzetako bat da Adanik onartu behar duela 31.000 hektareako eremuan «aditu independenteen» aholkuak gauzatzea. Doongmabulla Springseko hezeguneko animaliak babesteko eta ikertzeko derrigortasuna luke Indiako enpresak.
Gipuzkoako MasMovil enpresa IBEX 35ean sartuko da ekainaren 24an

MasMovil Donostiako telefonia enpresa IBEX 35 Espainiako burtsaren adierazle nagusian sartuko da 2019ko ekainaren 24an, Tecnicas Reunidas ordezkatuz.
La Navaleko lehen 36 langile ohiren lantoki aldaketa, uztailaren…

La Navaleko lehen 36 langile ohiren lantoki aldaketa 2019ko uztailaren 1ean. Besteek abenduaren 31era arte dute Navantiako zein lantokira joan nahi duten esateko.
Cordovillak eta Uhartek IAT zentro berriak zabalduko dituzte 2020ko…

Cordovillak eta Uhartek IAT (ibilgailuen azterketa teknikoa) zentro berriak zabalduko dituzte 2020ko urtarrilean, Iruñean. Bi azterketa lerro izango ditu bakoitzak.
Aurten ere hazkundeari eutsiko diote Gaia klusterreko enpresek
Enpresa horien jardueraren balio erantsi handiak ahalbidetzen du fakturazioaren %42 nazioarteko merkatuetatik etortzea. Hain zuzen, % 5,8 igo da atzerritik iristen den ekarpena, eta aurten beste %6 igoko dela uste dute; datu hori ontzat jo zuen klusterrak merkatuen «ziurgabetasuna» dela eta. Gaiako enpresek 20.030 langile enplegatzen dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurreko ekitaldian baino % 3,9 gehiago. Enpleguaren hazkundeko ondoz ondoko laugarren urtea izan da, era berean; 754 pertsona gehiago kontratatu dituzte. Hala ere, «soslai profesionalen eskasia kezkagarria» dela uste du klusterrak; aurreko urteetako oharra errepikatu du. «Enpresek ezin dituzte bete beren behar guztiak profesionalen kontratazioei dagokienez».
Gaur, Batzar Nagusia
Atzo 2018ko emaitzak eta 2019ko aurreikuspenak jakinarazi ondoren, gaur Batzar Nagusia egingo du Gaiak Orona Ideon, Hernanin (Gipuzkoa). Sektorekoak berretsi du sasoiko dagoela, eta olatu horrekin batera lehiakortasuna sendotzeko deia egin zuten Gaiako arduradunek. Jose Etxezarraga presidenteak esan zuen klusterreko industriak «funtsezkoak» direla «Euskadiko lehiakortasun ekosisteman».
Etxezarragak azaldu zuen Gaiako enpresak izan direla lehenak teknologia esponentzialak ezartzen. Adimen artifiziala, zibersegurtasuna, Big Data, interoperatibotasuna eta abar «oinarrizkoak dira ekonomia berrirako». Eraldaketa digitalak mundu osoan hazkunde ardatz berriak sortzeko aukera eman duela erantsi zuen; «Euskadi horien artean kokatzeko apustua egin dezake eragile pribatuek eta publikoek elkarrekin egindako lanari esker». Etxezarragak uste du «geroa eraikitzeko ezagutza eta teknologiak» lantzen dituela sektoreak, eta aparteko lehiakortasuna ekar dezaketela; «balio hori eskaintzen diegu enpresa eta instituzioei. Sektorea prest dago, baita herrialdea ere».