Euskal motorrak, Bombardierrek Trenitaliari egingo dizkion trenetan
Trenitaliaren kontratua 575 milioi eurokoa da: 233 milioi Bombardierrentzat eta 342 milioi Hitachirentzat. Frecciarossa 1000 modeloko hamalau tren egin beharko dituzte bi trengileen artean, eta haien mantentze lanak ere euren gain egongo dira hamar urtez. Hain zuzen, martxoan CAFek 120 milioi euroko kontratua lortu zuen 59 Frecciarossaren mantentze lanak egiteko.
Tren bakoitza 200 metro luze izango da, 460 bidaiarirentzako lekua izango du, eta orduko 360 kilometroko abiadura hartu ahal izango du. Lehen trenak 2020 amaierarako bukatuko dituzte, eta denak prest egon beharko dira 2021a amaitzerako.
Trenon propultsio eta kontrol ekipamenduak Trapagaranen egingo dituzte. Trenen motorrek lau tentsiorekin aritzeko gaitasuna izango dute: 25 kV eta 15 kV korronte alternoan, eta 3 kV eta 1,5 kV korronte zuzenekoan.
2023rako, lehen trenak
Trapagarandik Erromara begira bezala, Beasainen Londresera beha zeuden atzo. Izan ere, CAFi adjudikatu diote kontratua Transport for London (TfL) enpresak kudeatutako Docklands Light Railway (DLR) linearako 43 treneko flota diseinatzeko, fabrikatzeko eta hornitzeko. Gidaririk gabeko trenak izango dira.
Ez dute jakinarazi kontratuaren zenbatekoa, baina CAFek azaldu du euskarri teknikoko eta flotarako ordezkoak hornitzeko zerbitzuak ere biltzen dituela.
Aurreikuspenen arabera, 2023an hasiko dira CAFen trenak bidaiarientzako zerbitzua ematen Londresko sarean. Tren bakoitzak bost bagoi izango ditu, eta CAFen metro ibilgailuen «diseinu arrakastatsuan» oinarrituta egongo dira.
Tren berriak gaur egun DLR linean zerbitzua ematen duten hiru kotxeko trenen antzeko luzera izango dute, baina bidaiarientzako beste hobekuntza batzuk izango dituzte.
HS2rako eskaria eginda
Eskarien zorroa ondo beteta dauka CAFek: 2018a 2.500 milioi eurotik gorako kontratu berriekin itxi zuen, eta eskaera zorroak marka hautsi zuen, 7.300 milioi euroren inguruan. Richard Garner CAFen Erresuma Batuko zuzendariak gogora ekarri zituen atzo azken kontratuak: Wales & Borders frankiziarentzako DMUen hornikuntza eta mantentze lana, Parisko metro sareko 43 PER MI2N unitateen birgaitze lana eta Australiako Hegoaldeko Gales Berrirako eskualdeko 29 unitate diesel-elektrikoaren hornikuntza eta mantentzea.
CAFen azken kontratuak Londresko alkateak aurkeztutako plan estrategikoa betetzen lagunduko du. Plan horren bidez, udalak inbertsioak egingo ditu DLR modernizatzeko; helburua da 2041. urterako autoekiko mendekotasuna gutxitzea hirian, eta joan-etorrien %80 garraio publikoan, bizikletaz edo oinez egitea.
Bestalde, CAFek iragarri du Erresuma Batuko HS2 abiadura handiko trenaren proiekturako Oaris trenak hornitzeko eskaintza aurkeztu duela. Ez da lehia erraza izango, beste lau lehiakide ere aurkeztu direlako 3.100 milioi eurotik gorako kontratua lortzeko: Alstom frantziarra, Bombardier-Hitachi, Siemens alemaniarra eta Talgo espainiarra.
Kontratuak proiektuaren lehen faserako gutxienez 54 trenen diseinua, fabrikazioa eta mantentzea jasotzen du, eta HS2 Ltd enpresak 2020an jakinaraziko du nori egingo dion adjudikazioa. HS2 trenbideak Ingalaterrako hiri nagusiak lotuko ditu (Londres, Birmingham, Manchester, Leeds, York, Newcastle eta Liverpool), eta baita, aurrerago, Eskoziak o Glasgown eta Edinburgo ere.
CAFentzat garrantzitsua da esleipena lortzea, tren arloan gaur egun garatzen ari diren guztien artean «esanguratsuenetako bat» delako. Kontratua lortuz gero, Galesko fabrikan eraikiko lituzke 54 trenak.
Bilboko Zezen Plazak 277.000 euro galdu ditu 2018an

Vista Alegreko 2018ko emaitza ekonomikoak: Bilboko Zezen Plazak 277.000 euro galdu ditu 2018an, aurreko urteko datuekin alderatuta, Tomas del Hierrok azaldu duenez.
EAEko funtzionarioek 18 asteko gurasotasun baimena izango dute

Bikoteko bi kideentzako gurasotasun baimena 18 astekoa izatea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Neurria 2019ko irailaren 1etik aurrera aplikatuko da.
Eusko Jaurlaritzak 250 jarduera egingo ditu ikastetxeetako instalazioak hobetzeko

Hezkuntza Azpiegituren plan berriak ia 250 jarduera eta 318 milioi euroko inbertsioa jasotzen du 2019-2023 aldirako, instalazioak eta azpiegiturak hobetzeko.
Eusko Jaurlaritzak defizit gabeko aurrekontua egingo du 2020rako
2020rako aurrekontu proiektua egiteko lehen urratsa bete zuen atzo Jaurlaritzak, gidalerro ekonomikoak onartuta. Azpiazuk iragarri zuen hazkunde ekonomikoa jaitsi egingo dela: iaz %2,8 hazi ondoren, aurten %2,2an geratzea espero du, eta %2an datorren urtean. Iragarpena alda zitekeela iradoki zuen joan den astean sailburuak berak, Eustatek esan ondoren urteko lehen hiruhilekoan %2,3ko erritmoan hazi zela BPGa. Moteltzea jada gertatu dela uste du gobernuak, eta hurrengo hiruhilekoetan berdintsu mantenduko dela.
Hazkunde apalago horrek enpleguaren sorrera ere motelduko du: azken urteetan %2 handitzen aritu da, baina aurten %1,5era iritsiko da, eta %1,3ra 2020an. Horrek dakar aurten 14.800 enplegu sortuko direla eta 12.000 2020an. Aurreikuspen hori beteko balitz, Jaurlaritzak bete egingo luke legealdiaren hasieran bere buruari jarritako erronka, langabezia %10etik behera jaistea. 2020ko batez besteko langabezia %9,7 izango litzateke.
Gidalerro berritzaileak
2020ko aurrekontu proiektuaren berritasunik handiena izango da Jaurlaritzak genero ikuspegia kontuan hartuko duela atal guztietan. Azken urteetan, kontuak egin ondoren aztertzen zuen genero aldetik zuen eragina, baina Islandian ikusitako sistema bat probatuko du gobernuak: gastuak zehaztu aurretik egingo dute. Sistema horrekin gutxitu nahi du Jaurlaritzak gaur egun gizonen eta emakumeen artean dagoen soldata arrakala, indarkeria matxista gutxitu nahi du, eta kontziliazioa hobetu.
Aurrekontu proiektua «talde guztiekin» negoziatuko du Azpiazuk. 2019an ez zuen babesik lortu, eta 2018koak luzatu behar izan zituen.
Inoizko garabirik handiena egingo du Jasok, Galeserako
Jasok hemezortzi langile gehiago kontratatu ditu eskaerei aurre egiteko, eta ekoizpen eremua handitu behar izan du. Gainera, azpikontratazioa %30 handitu du. Lehen garabia dagoeneko jartzen ari dira Galesen, eta bestea 2020 hasieran da lanean hastekoa.
Tubos Reunidosek arnasa hartu du, 350 milioiren zorra ordaintzeko…
Euskal konpainiarik handienen artean larrien dagoenetako bat da Amurrioko konpainia. 2015az geroztik 146 milioi euro galdu ditu, horietako 13,3 aurtengo lehen hiru hilabeteetan. Galerak zorren eta aktiboen balio galeren ondorio izan dira batik bat, ustiakuntza datu positiboak izan baititu 2016an izan ezik. TR zorpetze handiarekin iritsi zen petrolioak 2014an eta 2015ean izan zuen merkatze handira, eta eskariaren jaitsierak enpresa ito du. Horri erantsi behar zaio iaz Donald Trumpek EBko altzairuzko produktuen inportazioari jarritako muga zergen kaltea, han baitu merkatu nagusietako bat.
Sindikatuek nabarmendu dute zuzendaritzaren erabaki okerrek ere eragina izan dutela enpresaren egoera kaskarrean. 2007-2016 epean 77 milioi euroren irabaziak banatu zituzten akziodunen artean, eta 2008an 170 milioi euro handitu zuten enpresaren zorra, enpresaren akzioak amortizatzeko operazio batean.
Zorra oraintxe bertan 351 milioi eurorena da, TRk zabaldu duenez. CNMVra bidalitako agirian, enpresak jakinarazi du hiru zatitan banatu dutela zorra. Lehenik, 92 milioi euro daude, pasibo zirkulatzailea edo enpresaren eguneroko beharrei erantzuteko hartutako zorra. Bigarrenik, 90 milioi euroko zorra, hurrengo bost urteetan ordaindu beharrekoa baina epea luzatzeko aukerarekin; azkenik, 168 milioi, sei urte barru ordainketa bakarrean pagatu beharrekoak, baina akzio bihurtzeko aukerarekin. Azken hori da zalantzazkoena eta bankuak Amurrioko taldearen kapitalean sartzea eragin dezakeena.
Berez, BBVA da gaur egun Tubos Reunidosen akziodun nagusia (%14,8 du) eta, El Confidencial-en arabera, zorraren berregituraketari oztopo gehien jarri diona. Azkenean, ordea, operazioan parte hartu du, egunkari digital horrek dioenez, Eusko Jaurlaritzaren presioen ondorioz. Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak esan du zorraren berregituraketa «berri ona» izan dela, eta enpresa laguntzen aritu dela. Baztertu egin du, edonola ere, Jaurlaritzak uztailean sortuko duen 200-250 milioi euroren funtsaren zati bat erabiltzea TRko akziodun bihurtzeko: «Ez da larri dabiltzan enpresak laguntzeko. Enpresa horiek beste zerbait eskatzen dute».
Tubos Reunidosen beste hartzekodunak honako hauek dira: Kutxabank, Santander, Caixabank, Nafarroako Rural Kutxa, Bankoa, Bankinter eta ICO.
Erregulazioak
Bankuekin akordioa ixteak aukera emango dio enpresari lan harreman gatazkatsuak baretzeko, Tubos Reunidos saiatu baita krisiari kostuak txikitzeko neurriekin aurre egiten. Iazko apirilean, Trapagarango Productos Tubulares filialean 157 behargin kaleratzeko plan bat aurkeztu zuen, baina langileek aurre egin zieten kanporatzeei, eta enpresak atzera egin zuen aste batzuen epean. Alternatiba gisa, 2018 amaieran langile gehienei lanaldia laburtzeko erregulazio espediente bat aurkeztu zuen, eta horrekin aritu dira azken hilabeteetan.
Taldeak 700 langile inguru ditu Amurrioko fabrika nagusian, eta 400, berriz, Productos Tubularesen. Hortaz gain, Acecsa lantegia du Iruñean, eta 2016an Rotary Drilling Tools (RDT) erosi zuen, 19,6 milioiren truke.
Auzitegiaren erabakia ‘onartu’ du Aldundiak, baina helegitea aurkeztea ‘aztertuko’…

Zubietako erraustegia: Kontu Auzitegiaren erabakia “onartzen” du Gipuzkoako Aldundiak, baina helegite berri bat aurkeztu ala ez “aztertuko” du. 2019ko ekainak 11.
CNMVk bertan behera utzi du Tubos Reunidosen kotizazioa eteteko…

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak bertan behera utzi du Tubos Reunidosen kotizazioa, enpresari eragiten dion informazio garrantzitsu bat dela-eta.